ARGIA.eus

2020ko ekainaren 01a

Ekaitz is in da house

  • Arratsaldeko 19:00ak besterik ez dira, baina iluntasuna kaleetan zehar sartu da. Urtarrileko gau hotzen berotasun aterpe bilakatu da Gasteizko Gaztetxea. Foku gorriak piztu eta oholtza ketu da, barra inguruak garagardo botilatxoz bete diren heinean. Hip-hop kulturan murgildu, eta rap-aren errimen artean dantzatzeko gogoekin gerturatzen hasi da jendea. Gaurkoa zita berezia da muinoko etxearentzat.

Marta Sendiu Zulaica @martasendiu
2020ko urtarrilaren 27a
Argazkia: Dospordos

Zortzi urte igaro dira gaztetxeko kide Ekaitz Samaniego atxilotu zutenetik. Haren omenez, urtero ospatu da Gasteizko Gaztetxean Ekaitz In Da House freestyle jaialdia. Aurtengoa V. Freestyle Txapelketa izan da.

Hasiera estraofizialaren lehenengo protagonista igo da eszenatoki gainera. DJ Eguren hasi da bere sesioarekin, eta giroa azkar berotu da.  Blues, Soul, Reggae, Funk eta Jazz doinuekin eman dio hasiera gau-emanaldiari. Egurenekin batera, Tito igo da, Indarrapeko kidea, urtero bezala aurkezle lanetan arituko dena.

Behin soinu jartzailea, aurkezlea eta epaimahaia prest daudela Jaio, Izar Mendiguren, Iñaki Viñaspre, Amaia, Odei Barroso eta Gatom freestylerrak igo dira agertokira. Parte hartzaile bakoitzaren aurkezpena egin eta gero, hasierako agurra egitea egokitu zaie inprobisatzaileei. Gatomek ekin dio eta Ekaitz Samaniegori ongi etorria eskaini dio. Gaztetxeak erritmoa jarraitzen du, besoak alde batetik bestera mugitzen dituen bitartean.

Agurra eta gero, bat-batean ibili dira freestylerrak. Binaka jarri eta proposatutako gaien inguruan ibili dira. Etengabe etorri dira gogora oraindik ere preso jarraitzen dutenak, zortzi urte hauetan aldatu diren kontuak, Poliziaren ingurukoak, politikarien ustelkeria eta Gasteizko herri mugimenduaren indarra. Lehian aritu dira bikoteak, oilar-borrokan, bata bestea zirikatu eta arabar umorea goraipatzen.

Baina freestylerrak ez dira gau honetan oholtza gainera igo diren bakarrak izan. Showen momentua heldu da. Solozabaltarrak igo dira eta Bidelapurrak-en Zure zain nago abestia jo dute anai-arrebek. Haiekin batera, Konpost-ek eta Fat Fish-ek haien abesti kuttunenak jo dituzte eta gauaren une nostalgikoena iritsi da Fat Fish-ek “España huele a culo” izeneko ereserkiaren lehenengo notekin. Ingurutik zeuden Jon Basaguren eta Joseba Baleztena ere animatu dira publikoak eskatuta, eta Jonny and Joseph-en bertsiorik onena eskaini dute.

Zortzi urte eta gero, Ekaitz etxean da. Haren omenez antolatutako ekimen hau urteroko zita bilakatu da dagoeneko Gasteizen eta hip-hop munduaren ezinbesteko bilgune. Hasierako asmoen arabera, azken freestyle txapelketa izan da aurtengoa. Baina nork daki, gaitza sendatu ostean ere elkartasun ahaleginek bizirik iraun dezakete.

Argazkia: Dospordos
Argazkia: Dospordos

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskal hip hopa  |  Euskal preso politikoak  |  Gasteiz

Euskal hip hopa kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude