Loraldiari neurria hartu nahian

  • Bat-batean frontoian eta telebistan emakumeak esku-pilotan jokatzen ikusten hasi gara. Emakume pilotariak oso pozik daude lehen lerrora jauzi egin dutelako, nahiz eta gogorarazi nahi duten itzalean makina bat urtez jokatu dutela, bai eskuz bai palaz. Munduko txapeldunak ere badira hainbat joko moldetan, inork gutxik badaki ere. Azken hiru-lau urteko aparraldia egituratu eta jokatzeko baldintza duinak kudeatzeko EPE Emakume Pilotarien Elkartea sortu berri dute. Oraingoz eskuzkoan eta palan jarriko dute arreta.

Argazkia: Marisol Ramirez / Foku.
Argazkia: Marisol Ramirez / Foku.

Hasiak dira izena ematen Emakume Master Cup txapelketarako. Urriaren erdialdean hasiko dira jokatzen eta finalak abenduaren 15ean izango dira Barakaldon. ETB1ek zuzenean emango ditu. Iaz 70 bat pilotarik hartu zuten parte. Hirugarren edizioa da. Arrakasta polita izan du esku pribatuek antolatutako txapelketak eta emakume pilotarien loraldiaren arrazoi nagusia izan da.

Galtzen utzi behar ez den aukeratzat dute pilotariek gaur egungo egoera, baina beti bezala, aurkiak ifrentzua du eta hemen ere itokinak zerrendatuta dauzkate. Ez da kasualitatea duela hiru-lau urte loraldia hasi eta ekainaren bukaeran Emakume Pilotarien Elkartea sortzea. Hego Euskal Herriko jokalariak bildu nahi ditu eta oraingoz 70 bat pilotarik eman dute izena. Gaur egungo argi-ilunez hitz egiteko elkarteko lau kiderekin elkartu gara: Patri Espinar Donostian bizi den usansoloarra, Alaitz Badiola azpeitiarra, Garbiñe Tijero hernaniarra eta Maider Mendizabal anoetarra. Laurak dira jokalariak, eta ez eskuz bakarrik, baita beste hainbat joko moldetan ere. Jokatzeaz gain kirol horretako ia alor guztietan aritu dira lanean: entrenatzaile umeekin eta federatuekin, teknifikazioan, federazioan emakumeen pilota bultzatzen, hitzaldiak ematen... Urte luzetako eskarmentua dute eta garbi ikusi dute azken urteotako olatua ezin dela utzi itsaso zabalean bere kabuz ibilian. Emakume pilotariak duin arituko badira, olatua emakumeen beharretara egokitu behar da.

Zergatik ari gara orain emakumeen pilotaz hizketan?

Azken urteotako arrakasta bi hitzetan laburbildu digute EPEko kideek: Amarika eta telebista. Iker Amarika larrabetzuarra pilotari profesionala izan da, Bizkaiko Pilota Federazioko teknikaria, eta orain enpresaria da. Federazioan zegoela egin zuen Emakume Cup txapelketa, eta ETB1ek emititzea lortu zuen. Hurrengo urtetik aurrera, federaziotik kanpo, enpresari moduan, ekimenari izena aldatu eta Emakume Master Cup antolatu du eta urtean-urtean ikusgarritasuna irabazi du. EPEko lau kideek ez dute zalantzarik, enpresari honek saltzen jakin du, erakunde publikoen diru-laguntzak lortu ditu, babesletza ekonomiko pribatuak, eta ezinbesteko pieza: telebista. Makina bat lan egin dute gure solaskideek eta beste emakume askok emakume pilotariak lehen lerrora ekartzeko saiakeran, baina ez dute sekula halakorik lortu. Amarikak asmatu du, metxa piztu zuen eta erakunde publikoek eta enpresek txanpari heldu diote.

Donostiako Aste Nagusian, Master Kirola Txartela Txapelketako finalean pala jokalariak. Azken urte askoan eskuz baino palaz gehiago jokatu dute emakumeek, itzalean aritu badira ere. Argazkia: I. Arizkorreta.

Txapelketa pribatuak eta herrietako jaialdiak ugaldu ahala emakumeak harri azpitik ere atera dira. Hiru multzotan bana daitezke harrobiko kideak. Batetik, neska askok ume zirenetik nerabezarora arte jokatu zuten esku-pilotan. Emakumeentzako aurrerabiderik ez eta mutilekin jokatu ezinda (indarrez ezin zieten aurre egin) pilota utzi zuten. Oraingo loraldiak eraginda, gazte-gazteak ez badira ere eta sasoirik onenean ez badaude ere, pilotan hasi dira. Batek baino gehiagok esan digu umetako arantza atera nahi dutela. Bigarrenik, pala jokalariak ditugu. Eskuz jarraitzerik izan ez zuten dezentek palari heldu zioten. Orain ere palaz aritzen dira, ikusgarri ez badira ere, eta esku-pilota haien joko molde kutuna ez dela aitortzen badute ere pilotaren aparraldian parte hartzea erabaki dute. Hirugarren multzoan daude gaztetxoak, haien ibilbidean etenik ezagutu ez dutenak. Txikitatik eskuz jokatu dute eta burrunbak nerabezaroan harrapatu ditu.  

71 euroko kontratu profesional ospetsu hura     

Erakusleihoan daude orain, eta txanpa pasatzen uzteko asmorik ez daukate. Alabaina, sentitzen hasiak dira ikuskizun huts direla, emakume izateagatik deitzen dietela sarri handik eta hemendik. Hala dio Patri Espinarrek: “Gure jarduna jokora mugatzen da. Guk ez dugu erabakirik hartzen, ez dugu dirurik ikusten, ez ditugu baldintzak ezartzen”. Batzuetan tratua hala moduzkoa da: ordain ekonomiko kaskarra, pilota desegokiak, antolaketa inprobisatuak... Kontu horiek txapelketa eta jaialdiei dagokienez. Fokua zabalduz gero berriz, pilota osorik egituratzen lan handia dagoela uste dute EPEko kideek. Erakunde publikoekin eta enpresa pribatuekin hitz egin eta emakume pilotarien jarduna duina izateko baldintzak ezarri behar direla uste dute. Egituratu eta profesionalizatu behar direla diotenean ondokoaz ari dira: teknifikazioa, entrenatzaileak, emakumeen beharretara egokitutako pilotak, umeen artean pilota joko moldeak sustatzea, ordain ekonomikoa... Gutxi-asko mutil eta gizonekin egiten den bezala.

Azken urte hauetan dirua mugitzen hasi da emakumeen pilotan eta urtea joan urtea etorri konturatu dira pilotariengana ez dela ia ezer iritsi, alegia, erakunde publikoen diru-laguntzak eta enpresen irabaziak ez direla baliatzen egitura sendo bat sortu eta jarduera duintzeko. EPEko gure solaskideen iritziz, elkartea aldarrikapenak egiten hasi denez geroztik hasi dira batzuk errezeloz begira: “Guk jarduera profesionalizatu nahi dugula esan eta hala aurpegiratzen digute: ‘Eskatzen ari zarete!’. Edo udan hainbat partida jokatu dugula ikusi eta: ‘Ederki ari zarete biltzen!’. Dirutzak jasotzen ariko bagina ere!”.

Ez daukate ahazteko lehenengo aldiz kontratu profesionalarekin jokatu zutela lau haizetara zabaldu zeneko hura. Hedabideek zalaparta handiz kontatu zuten. Bekozkoa zimurtu zaie gertaera kontatzerakoan: “Kontratu profesionala? Bai, hala zen, egun bateko kontratua eta 71 euro jaso genituen. Bizkaian ziren partidak eta batzuk Gipuzkoatik eta Nafarroatik joan ginen hara. Ez daukagu dietarik, garraioa guk ordaintzen dugu eta oso ohikoa da partida jokatzen duzun herrian bazkaltzea edo afaltzea, norberaren kontura, jakina. Guk askotan dirua poltsikotik jarri dugu eta jarraitzen dugu jartzen”.

Kontratuen harira beste adibide bat eman digute Tijerok eta Badiolak. Maider Mendizabal eta Patri Espinar sarri kadete edo jubenilen pare hartzen dituzte ordaintzeko orduan. Bi solaskideen iritziz, ez da batere bidezkoa, gaztetxoak hasi berriak direlako eta Mendizabal eta Espinar munduko txapeldunak. Direna baino ez gutxiago eta ez gehiago tratatzea nahi dute eta horretarako pilotariak beraiek ere kontzientzia hartu behar dutela uste dute, arriskua baitago aparraldiak txoratuta edozein baldintzatan pilotan aritzeko, ahaztuta baldintza horietan gizonek ez dutela jokatzen, edo beste era batera esanda, emakume direlako bigarren mailan ari direla.

 Telebista finalak emititzen eta pilotalekuak beteta. Emakumeak eskuz jokatzen ikusteko grina adierazi du jendeak. Argazkia: Marisol Ramirez / Foku.

EPEko kideek behin eta berriz azpimarratu dute gaurko helburu nagusia ez dela pilotatik bizitzea. 35 urtetik gora dituzte laurek eta ez dute buruan profesionala izatea. Patri Espinar munduko txapelduna da eta ondoko gogoeta egin du: “Nire adineko gizonak pilotatik bizi dira. Egin ditudan kirol guztietan afizionatua izan naiz eta mutila izango banintz profesionala izango nintzateke. Gaur egun ezin dut ezer espero, ez bada munduko txapelketa jokatzea musutruk”. Izatekotan ere hurrengo belaunaldiek egingo dute amets Olaizola edo Irujo bezala profesional aritzeko, ez behintzat ilea zuritzen hasi zaien beteranoek.
Diru kontuez ari direla, Ipar Euskal Herriko pilotariez gogoratu dira. Beste mundu bat dela adierazi digute, askoz baldintza hobeagoetan ari direla.

Profesionalak XX. mende hasieran

Garai batean, ez hain aspaldi, Hego Euskal Herriko emakume pilotariak profesionalak izan ziren. Ildefonso Anabitarte puntista profesional ohi eta pilota enpresari donostiarrak egin zuen lehenengo aldiz profesionalizatzeko saiakera. Erraketa eta teniseko pilotarekin hasi ziren, baina joko biziago baten bila, larruzko pilota azkarrak erabiltzen hasi ziren eta horretarako erraketa gogorragoak egin behar izan zituzten. XX. mende hasieratik 80ko hamarkadara arte jokatu zuten Espainiako Estatuan eta Ameriketan.

Garbiñe Tijero hernaniarrak 1990eko hamarkadara eraman gaitu jauzi batez: “1990etik ari dira emakumeak mundu mailan jokatzen palaz. Orain arte ordea, ikusezinak izan dira, eta azken hiru urtetan esku-pilotarekin lehertu da dena. Badirudi orain hasi garela pilotan, eta gainera eskuz. Gipuzkoako Federazioak adibidez 1990etik antolatu du herrialde mailako txapelketa, etenik gabe, eta ez du gizartean oihartzunik izan. Pilota egituratuta egon da, herrialde, Euskadi, Espainia, Europa eta mundu mailan; baina palaz. Beti ere afizionatu mailan, ez profesional. Munduko onenak izan dira batzuk, baina musutruk aritu izan dira”.

Elitekoak alde batera utzita, aisialdian emakumeak palan aritzeko egitasmoak fruituak eman ditu hainbat urtetan. 2005-2006 denboraldian Gipuzkoako Federazioak Emakumea Pilotari egitasmoa abiatu zuen. Orduko hartan bederatzi emakumek eman zuten izena. Gaur egun udalerriek eta federazioak, azken horrek hasieran baino askoz baliabide gutxiagorekin, kudeatzen dute egitasmoa. 2017-2018 denboraldian, federazioak bideratuta, adin guztietako 101 emakumek hartu zuten parte. Udalerriek kudeatutakoak gehituta kopuruak erraz egiten du gora.

Pilotan egin nahi duten emakumeak badaude. Oraingo puztualdia haize boladak ez eramateko neurriak hartzeko ordua da, neurri duinak, gizonen eta emakumeen jarduna berdinduko duten neurriak.

 

 

Maider Mendizabal, EPEko kidea eta eliteko pilotaria

"3 urteko nire alabak pilotaria izan nahi badu, ez dadila ama bezala ibili”

 

Lehen lerroan Maider Mendizabal eta atzean Leire Etxaniz. Argazkia: Marisol Ramirez / Foku.

Pozik emakume pilotariek lortu duten oihartzunarekin?

Baietz esango dut. Motzak ginateke aukera hau baliatuko ez bagenu. Hala ere, baditut hainbat arantza azken urteotako hau dela-eta.

Zeintzuk?

Palan txapelketa irabazi eta kazetariaren azken galdera beti zen: “Noizko emakumeak eskuz profesionaletan?”. Galderak amorrua ematen zidan. Zergatik eskuz? Zergatik ez palaz, zesta puntan edo xarez? Hedabideetan esku-pilota dago eta beraz jendea eskuzkoari begira dago. Emakume Cup antolatu zenean [Emakume Master Cupen aurrekaria] ez zidan grazia handirik egin. Ez ziren aritu pilotaririk onenak, eta gainera, hedabideek zioten lehen aldiz emakume federatuak eskuz ari zirela jokatzen, eta ez zen hala.

Ez zen hala.

Nire adinekook [41 urte] orain dela 30 urte eskuz jokatzen genuen! Nik etsita utzi nuen esku-pilota. Ondoko mutilei bigotetxoa atera zitzaien eta haien indarraren aurka ezin nuen, nahiz eta teknikoki hobea izan. Orain dela 60-70 urtez geroztik eskuzkoa bultzatu da eta esku-pilota ikusten dugu, baina lehenago palistak eta puntistak zeuden lehen lerroan.

Esku-pilota utzi eta palan aritu zara. Elitean eta oraingo oihartzunaren laurdenik gabe.

Orain kalean ezagutzen naute eta “hara! pilotaria da hori!”, esaten dute. 30 urte daramatzat pilotan! Emakume Master Cupen finalera iritsi naizelako eta telebistan bi aldiz azaldu naizelako ezagun egin naiz. Eta beste kontu bat. Eskuz baino hobea naiz eta gara palaz.

Zer esan nahi duzu?

Esan dizut, emakumeen pilotaz sortu den interesa ezin dugu galtzen utzi eta eskuz bada eskuz da. Hala ere, eskuz baino maila hobea dugu emakumeok palaz eta hori ere esan beharko dugu.

Zer esan nahi duzue profesionalizatu nahi duzuela diozuenean?

Prozesu baten hasiera da. 3 urteko nire alabak pilotaria izan nahi badu izan dezala egitura bat, bide bat egina dagoena. Emakumeen beste kirol batzuetan egongo den antzekoa. Ez dadila ama bezala ibili: jokalari, entrenatzaile, selekzionatzaile eta hedabideetara oharrak bidaltzen ere bai. Ari gara entzuten orain profesional izan nahi dugula. Bizitza guztia daramagu-eta kobratu gabe jokatzen!  Ez dut aberastea eskatzen, baina bai dagokidana jasotzea. Behin ordu eta erdiko bidaia kotxez egin, eta nire familia eta pilotari baten gurasoak izan genituen ikusle. Gazta erdia eta ardo botila eman zizkidaten. Nik ez dut horrela itzuli nahi etxera. Ez, mesedez, gazta eta ardoa ez zaizkit gustatzen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakumeen pilota
Naroa Iturain, pilota epailea
"Emakume epaile gutxi dago, gutxietsiak izateko beldurra dugulako"

Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu... [+]


Helena Barrenetxea. Ahal eta ezinak
"Jendea frontoira sartu eta zesta puntan neska giroa ere ikustea nahi nuke, ez bakarrik mutil giroa"

Artean neska koxkorra zela, zesta punta unibertsitatera eraman zuen aitaitak Markinan. Joko ikusgarria ikusi orduko argitu zitzaizkion begiak, egin zioten ñir-ñir. Aukera sortu zitzaiolarik hasi zen frontoian, bizi erdia darama Durangoko Ezkurdin, esku batean... [+]


Emakumezko esku pilotari profesionalen lehen kluba sortu dute

“Ados Pilota” emakumezko eskuzko pilotari profesionalen lehen kluba aurkeztu dute Leitzan. Lan baldintzak hobetzea eta txapelketa gehiago jokatzea dituzte helburu. Lehen txapelketa antolatu dute Ekainaren 4rako. 


2019-07-15 | Ttipi Ttapa
Iera Agirrek eta Oihana Orbegozok irabazi dute sanferminetako emakumeen Master Cup pilota txapelketa

22-21 irabazi zieten Jaka eta Ruiz de Larramendiri eta hemezortzi urtez beheitikoan, Agorreta eta Bergara nagusitu ziren. Sekulako ikuskizuna eta giroa bizitu zuten larunbatean Labriten, Laboral Kutxa Emakume Master Cupen San Ferminetako finalekin.


Emakume Pilotarien Elkartea sortu dute, emakumeen pilota-mundua erregulatu eta bultzatzeko

Hainbat modalitatetako 80 pilotari baino gehiago barnebiltzen ditu elkarteak, eta haien helburu nagusia emakumeen pilota bultzatzea, egituratzea eta arautzea da. Azkoitiko Oteiza pilotalekuan egin dute aurkezpena larunbatean.


Eguneraketa berriak daude