Zarata ona

  • Hiru hamarkada eta ehunka kontzerturen ondoren, Su Ta Gar taldeak betiko indarrari eusten diola ikusi ahal izan dugu 30. urteurreneko biran. Bilboko Aste Nagusian jo zuen Eibarko laukoteak bira horretako azken kontzertua, Abandoibarrako agertokian. Musika eta oroitzapenak uztartu zituen emanaldiak, izan ere, pantaila handi batean, argazki zaharrak eta Su Ta Garren bideoklip ezagunenak proiektatu zituzten.

Argazkia: Pedro Alonso (Metal Journal)
Argazkia: Pedro Alonso (Metal Journal)

Ordu-orduan agertu ziren Su Ta Garreko kideak oholtza gainera, eta denborarik galdu gabe ekin zioten kontzertuari, publikoa saltoka jarri zuten doinuekin. Batez ere hasieran, euren ibilbideko pieza mitikoak jo zituzten, etenik gabe, su eta gar, izenari men eginez. Une batez, doinu lasaiagoetara jo zuten, argazki zaharrak proiektatzen hasi zirenean, baina laster segitu zuten kaña ematen.

Garai bateko jai eta gaztetxeetako beterano asko zegoen publikoan, euren gaztaroko soinu banda izan zitekeenaz gozatzen. Baina Su Ta Gar sortu zenean jaio gabe zeuden gaztetxoak ere agertu ziren Abandoibarran. Kontzertuak goia jo zuen Jo ta ke eta Libre kantuak elkarren atzetik jo zituztenean. Aitor Gorosabelek mikrofonoa jendeari zuzendu zion, eta lehenengo ilaretakoek gustura kantatu zuten. Egundoko zarata zen hura, zarata ona.

Laukoteak atseden labur bat egin zuen, pantailan Arbasoen mendekua bideoklipa jarri zuten bitartean. Kontzertuaren bigarren zatia hetereogeneoa izan zen: pieza instrumentalak, baladaren bat (adibidez, Itxaropena)... baina dezibelioak topera, noski. Bertsio batzuk jotzeko tartea ere hartu zuten Su Ta Garrekoek, heavy-metalera “bultzatu” zituen abestienak, Gorosabelek azaldu zuenez.
Askorako ematen du Su Ta Garren 30 urteko ibilbide oparoak, eta zukua atera zioten, hasieratik amaierara, lau musikariek. Abesti mitikoak jo zituzten, jendearen gozamenerako, baina kontzertua ez zen omenaldi edo nostalgia soilean gelditu. Oroitzapenetatik harago, bertaratutako publikoa aseta uzteko moduko errezitaldia izan zen eibartarrena, bi orduko emanaldian. Bazirudien nekerik ere ez zutela sentitzen Su Ta Garrekoek. Gainera, amaieran Jo ta ke bideoklipa jarri zuten pantailan.

Betiko indarra erakutsi zuten oholtza gainekoek, eta oholtza azpiko zaleek izerditan eta ahotsa urratuta bukatu zuten. Heavy-metalaren oihartzunak Bilbo hartu zuen gau hartan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Su Ta Gar
2014-02-09 | Sustrai Colina
Aitor Gorosabel
"Zilegi iruditzen zait debalde jotzea, baina dirua eskatzea ere bai"

“Libreeeeeee izateko haiz jaioa...”.


2012-10-21 | Iker Barandiaran
SU TA GAR
"Arimadun kantak sortzea izan da gure nahia beti"

Eibarko taldeak baditu hainbat ezaugarri ezohikoak eta berezkoak. Haiei esker daramatza bi hamarkada luze agertokietan, duintasunez eta proposamen irmoetan eroso. Euskal jendartearen –bereziki gazteen– bozeramaile natural izan dira askotan. Metal melodiko... [+]


2012-06-07
Eztabaidarako gunea izango da EHZ jaialdian gai ezberdinak jorratzeko

Ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitartean egingo da Heletan (Nafarroa Beherea) Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdia. Ohi bezala, musika kontzertuek osatuko dute jaialdiaren bizkarrezurra, baina eztabaida eta gogoetarako tartea ere izango da. Beste gai batzuren artean, krisi... [+]


2012-05-14
Senpereko aintzira gainezka

Herri Urratsek, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festak sostengu garrantzitsua lortu zuen atzo, joan den urtetik aurreikusita duen hazkundeari erantzuteko hain premiazkoa duena. Iazko Herri Urratsen emaitza oso ona izan zen, Seaskako zuzendari Hur Gorostiagaren hitzetan,... [+]


Eguneraketa berriak daude