argia.eus
INPRIMATU
Zarata ona
  • Hiru hamarkada eta ehunka kontzerturen ondoren, Su Ta Gar taldeak betiko indarrari eusten diola ikusi ahal izan dugu 30. urteurreneko biran. Bilboko Aste Nagusian jo zuen Eibarko laukoteak bira horretako azken kontzertua, Abandoibarrako agertokian. Musika eta oroitzapenak uztartu zituen emanaldiak, izan ere, pantaila handi batean, argazki zaharrak eta Su Ta Garren bideoklip ezagunenak proiektatu zituzten.

Dabi Piedra 2019ko irailaren 10
Argazkia: Pedro Alonso (Metal Journal)
Argazkia: Pedro Alonso (Metal Journal)

Ordu-orduan agertu ziren Su Ta Garreko kideak oholtza gainera, eta denborarik galdu gabe ekin zioten kontzertuari, publikoa saltoka jarri zuten doinuekin. Batez ere hasieran, euren ibilbideko pieza mitikoak jo zituzten, etenik gabe, su eta gar, izenari men eginez. Une batez, doinu lasaiagoetara jo zuten, argazki zaharrak proiektatzen hasi zirenean, baina laster segitu zuten kaña ematen.

Garai bateko jai eta gaztetxeetako beterano asko zegoen publikoan, euren gaztaroko soinu banda izan zitekeenaz gozatzen. Baina Su Ta Gar sortu zenean jaio gabe zeuden gaztetxoak ere agertu ziren Abandoibarran. Kontzertuak goia jo zuen Jo ta ke eta Libre kantuak elkarren atzetik jo zituztenean. Aitor Gorosabelek mikrofonoa jendeari zuzendu zion, eta lehenengo ilaretakoek gustura kantatu zuten. Egundoko zarata zen hura, zarata ona.

Laukoteak atseden labur bat egin zuen, pantailan Arbasoen mendekua bideoklipa jarri zuten bitartean. Kontzertuaren bigarren zatia hetereogeneoa izan zen: pieza instrumentalak, baladaren bat (adibidez, Itxaropena)... baina dezibelioak topera, noski. Bertsio batzuk jotzeko tartea ere hartu zuten Su Ta Garrekoek, heavy-metalera “bultzatu” zituen abestienak, Gorosabelek azaldu zuenez.
Askorako ematen du Su Ta Garren 30 urteko ibilbide oparoak, eta zukua atera zioten, hasieratik amaierara, lau musikariek. Abesti mitikoak jo zituzten, jendearen gozamenerako, baina kontzertua ez zen omenaldi edo nostalgia soilean gelditu. Oroitzapenetatik harago, bertaratutako publikoa aseta uzteko moduko errezitaldia izan zen eibartarrena, bi orduko emanaldian. Bazirudien nekerik ere ez zutela sentitzen Su Ta Garrekoek. Gainera, amaieran Jo ta ke bideoklipa jarri zuten pantailan.

Betiko indarra erakutsi zuten oholtza gainekoek, eta oholtza azpiko zaleek izerditan eta ahotsa urratuta bukatu zuten. Heavy-metalaren oihartzunak Bilbo hartu zuen gau hartan.