Bi urte hitzarmenik gabe

  • 62 greba egun egin dituzte 2018ko irailean hasi zirenez geroztik. Gipuzkoako egoitzetan eta eguneko zentroetan lan egiten duten gerokultoreak, erizainak eta garbitzaileak dira. 5.000 langile dira sektorean, ia denak emakumeak. Soldata arrakala gainditzea eskatzen dute. Kale garbitzaileen soldatarekin alderatu dute beraiena eta %30 gutxiago jasotzen dute urtean, 6.000 euro, alegia.

Argazkia: Gorka Rubio / Foku
Argazkia: Gorka Rubio / Foku

Bizkaian 2016ko martxoan hasi eta 2017ko hondarrean bukatu zen greba luzearen antza du Gipuzkoako egoitzetako langileenak. Sektore bereko langileak atera ziren kalera Bizkaian eta gatazka sakon aztertzen hasiz gero ezaugarri berberak agertuko zaizkigu.

Ia langile guztiak emakumeak dira eta emakume izateagatik baldintza prekarioetan ari dira lanean, hasi soldatatik eta neke fisiko eta psikologikoraino. Egoitzetan eta eguneko zentroetan adinekoak zaintzen dituzte, menpekotasun handia duten pertsonak. Gaur arte (eta oraindik ere bai) emakumeen arduratzat jo dira zaintza lanak, eta doan egin dituzte. Poliki-poliki zaintza lanak ordaintzen hasi dira, baina emakumeek jarraitu dute lan horiek egiten. Prestigiorik gabeko lanak dira, ikusezinak, eta gaizki ordainduak.

Gipuzkoako gatazkan %60ko ordezkaritza duen ELA sindikatuak alderaketa-ariketa egin du ondoko helburuarekin: gizarteari ikusaraztea, era praktikoan, gizon eta emakumeen lanpostuen arteko aldeak nolakoak diren. Sindikatuak soldata arrakala erakutsi du, kale garbitzaileen eta egoitzetako langileen sektoreko soldatak alderatuta. Ikasketa maila antzekoa izanda eta lan-ordu kopuru bera eginda, kale garbitzaileek, ia denak gizonak, emakumeak baino 6.000 euro gehiago kobratzen dituzte urtean. Idoia Elustondo ELA sindikatuan Gipuzkoako egoitzetako arduraduna da eta soldata arrakala erakusteko eman digu adibide hau, eta galdera bat proposatu du gogoetarako: “Nire galdera da ea zer den garrantzitsuagoa, kaleak garbitzea ala menpeko diren pertsonak zaintzea”.

 2029an Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren ia herenak (596.000 pertsona) 65 urte baino gehiago izango ditu. Mugimendu feministak batez ere azken bi urteotan aldarrikatu du zaintzak gure bizitzen erdigunean egon beharko lukeela eta horretarako gizarte eredua aldatu behar dela. Mugimendu feministari kasu egin ala ez, zaintzak bai ala bai hartuko du garrantzia, besterik ez bada ere populazioa zahartzen ari delako.

Beste gauza bat da zaintza nola kudeatzen den. Gipuzkoako egoitzen sektorea Bizkaikoaren tankeran kudeatzen da. Foru Aldundiaren ardura da adinekoen zaintza. Erakunde publikoak azpikontratatuta dauka zerbitzuaren %90. Adegi, Matia 2020, Lares eta Garen dira egoitzak kudeatzen ari direnak. Pribatizazioak zer dakarren oso ondo dakite langileek. Aitziber Aranberri usurbildarra Donostiako Villa Sacramento egoitzako langilea eta ELAko ordezkari sindikala da. Ondokoa esan zuen duela gutxi egoitzetako gatazkaz Argiak antolatu zuen hitzaldian: “Hamabi urtetan hiru enpresa ezagutu ditut, saldu egiten gaituzte, eta aldaketa bakoitzean murrizketak datoz. Zerbitzu publikoa eskaintzen dugu, baina enpresa pribatuak ari dira kudeatzen, eta enpresak diru etekina bilatzen du. Gure sentsazioa da Diputazioak ez duela kudeaketaren inongo jarraipenik egiten. Greba egunetan bai, orduan axola zaiena egoiliarren ongizatea da, baina greban ez gaudenean zer? Ez gara iristen, jende gutxi gaude denak ongi artatzeko, eta orduan Foru Aldundiari ez zaio batere axola?”.

Langileek abandonu sentsazioa dute orokorrean, eta salatu dute gatazka garaian erakunde publikoek betiko leloa errepikatu dutela: enpresak eta langileek konpondu behar dituztela arazoak, Foru Aldundiak ez daukala zerikusirik horretan. Honela labur daitezke gaur egungo zaintza ereduaren itogin nagusiak: etekinak azpikontratatutako enpresentzat dira, Foru Aldundiak bere ardurei ihes egiten die, eta galtzaileak zaintzaileak eta zainduak dira.

Aitziber Aranberri grebalaria: "Greba egunetan bai, Foru Aldundiari egoiliarren ongizatea axola zaio, baina greban ez gaudenean zer? Ez gara iristen, jende gutxi gaude denak ongi artatzeko, eta orduan Foru Aldundiari ez zaio batere axola?”
Bi urteren ondoren korapiloa askatu ezinik

ELA sindikatuak %60ko ordezkaritza du  gatazkan eta LABek %20koa. Bakoitza bere aldetik ari da protestak bideratzen. Une honetan, negoziazio mahaian, LAB, UGT eta CCOO daude. ELAk utzia du mahaia, inolako aurrerapausorik ez dagoela argudiatuta. Negoziazio mahaia biltzeko hurrengo data uztailaren 12a da.

Gehiengoa duen sindikatuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko harremana azken bi urteetan egon den egoerarik okerrenean dago. Sindikatuak aurrekaririk gabeko erasotzat jo du 2018ko hondarrean gertatutakoa. ELAk 2018ko martxoan iragarri zuen irailean greba hasiko zutela langileek. Ordurako negoziazio mahaitik alde eginda zegoen sindikatua eta dioenez, Foru Aldundiaren oniritzia zeukan mahaiz kanpo patronalekin aurre-akordioa lortzen saiatzeko. ELAk dio Adegirekin eta Matia 2020rekin (patronala bi horiek eta Garen eta Laresek osatzen dute) lortu zuela aurre-akordioa 2018ko abenduan eta horren berri eman ziola Foru Aldundiari. Sindikatuaren esanetan, Diputazioak aurre-akordioan adostutakoa finantzatzeari uko egin zion. Salatu du Diputazioak aurre-akordioa dagoenik ukatu duela, ELAren alde bakarreko proposamena izan dela, alegia. Aurrekaririk gabeko erasoa dela dio Idoia Elustondok: “Gauza bat da esatea ez duzula akordioa finantzatuko, baina guretzat larriena da gezurretan aritzea, esatea ez dugula aurre-akordiorik sinatu. Dokumentua faltsifikatu zuten. ELA gizartearen aurrean gezurtitzat aurkeztu dute. EAJk hordagoa jo digu. Bizkaiko gatazkan sentsazio gazi-gozoa izan zuten eta ez dute nahi Gipuzkoan halako garaipenik izaterik. Maite Peñak [Gizarte Politikako diputatuak] esan zigun hau ez dela Bizkaia II izango”.

2017an hitzarmena berritzea egokitzen zen eta bi urte igarota ez dago ezer. LAB, CCOO eta UGT negoziazio mahaian daude %40ko ordezkaritzarekin. Hiru sindikatuetan mobilizatzen ari den bakarra LAB da. %60 duen sindikatua, ELA, negoziazio mahaitik kanpo dago. ELAko grebalariek 62 greba egun egin dituzte irailetik hona, azkenekoak apirilaren 26tik maiatzaren 10era. Torlojuak estutze aldera eta gizarteari egoeraren berri emateko asmoz maiatzaren 2tik 10era Gipuzkoa osoan kanpaina egin dute. Eskualdez eskualde, herri garrantzitsuenetan, esku-orriak banatzen ibili dira, emakumeen prekarizazioa eta Foru Aldundiaren jarrera salatzen. 280.000 esku-orri banatu dituzte. Maiatzaren 6an ELAko Hego Euskal Herriko 700 militante elkartu ziren Donostian esku-orriak postontzietan sartzeko eta autoen kristaletan jartzeko.

Greba garaian langileek %70eko (lan zama gutxiena dagoen uneetan) eta %80ko (lan gehien dagoen orduetan) zerbitzu minimoak pairatu dituzte. Grebaldia hasi zenean %60 eta %70ekoak ziren, baina Foru Aldundiak minimoak igotzea lortu du. Grebarik ez den egunetan larri ibiltzen direla salatu dute langileek, bada greba egunetan egoiliarrak artatzeko arazo are larriagoak bistaratzen dira. Aitziber Aranberri grebalariak ondokoa dio grebarik egiten ez duten egunetako erritmoari buruz: “Lan fisikoa eta psikologikoa oso gogorra da. Obrako langileak bezain nekatuta ateratzen gara. Psikologikoki ere bai, pertsonekin ari gara lanean, bakoitzak bere beharrak ditu eta langile falta badago. Gure esaldi erabiliena da ‘itxaron pixka bat, orain ezin dut’. Ez gara iristen denera. Denbora markatuta dugu zeharo. Orain dena estutzen dute”.  

Egoitzetako langileak Donostiako Bulebarrean protestan. Nagusiaren esklabo direla salatzen ari dira eta ezkerrean dagoen langilea Adegi eta Lares azpikontratak irudikatzen ari da, diruak gainezka egiten diola. Argazkia: ELA.
Egoiliarren senideak langileak babesten ari dira

Egoiliarren senideek ondo dakite zeinen larri ibiltzen diren langileak, erabiltzaile denak ondo artatu ezinik. Senide talde batek agerraldia egin zuen maiatzaren 4an Gipuzkoako Gizarte Politikako Sailaren aurrean, haien kezka eta haserrea erakusteko. Senideek salatu dutenez, langileak egoiliarrak egoki artatzeko iritsi ezinda ibiltzen dira eta lan karga gehiegizkoak dituzte. Grebak egoera larriagotu duela adierazi dute. Foru Aldundiari esan diote langileen eta patronalen arteko gatazkaren giltza berak duela, eta salatu dute aurre-akordioak ez duela aurrera egin Diputazioak hala nahi izan ez duelako. Maite Peña diputatuari galdetu diote ea zergatik ez duen finantzatu nahi ELA sindikatuak eta bi patronalek egindako hastapen akordioa. Bestalde, egoiliarrak artatzeko jartzen duten dirua berreskuratzeko bideak aztertzen ari direla iragarri dute. Greban zerbitzuak okerragoak izan badira ere, Foru Aldundiak enpresei betiko kopurua ordaindu izana salatu dute. Senideek, bestalde, greba egunak izanda ere, berdin ordaintzen segitu dute. Langileek greba egin dutelako jasotzen ez duten dirua enpresek poltsikoratzen dute.

Grebalariek ez dute beti erabiltzaileen babesa izaten, inondik ere, eta EAEko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeen gatazka da horren adibide. Gurasoek ez dituzte irakasleak babestu, seme-alaben egoera salatzea izan da gurasoen helburua. Bizkaiko zaharren egoitzetako greba luzean, aldiz, Babestu egoiliarren senideen taldea sortu zuten. Langileen aldarrikapenekin bat egin eta protestetan elkarrekin hartu zuten parte. Zaintza gatazkaren erdigunera ekarri zuten, eta zainduak ondo egoteko zaintzaileak zaindu behar direla aldarrikatu.

 

Grebalarien eskaerak

 

Hastapen-akordioa ELAren (ordezkaritzaren %60) eta patronalaren gehiengoaren (Adegi eta Matia 2020) artean adostu zen 2018 bukaeran, negoziazio mahaitik kanpo. Aurre-akordioaren arabera ondokoak dira Gipuzkoako sektore osoari eragingo lioketen hobekuntzak:

1. Bi esparruetako hitzarmenen sinadura: Gipuzkoako sektore hitzarmena sinatzea batetik eta ELA sindikatuak hainbat egoitzatan lortuak dituen enpresa hitzarmenak mantentzea bestetik.
2. Hitzarmenak 2017 eta 2020 arteko balioa izatea.
3. Soldata igoera kontsumoko prezioen indizea gehi %8 izatea, lau urtetan ezartzeko.
4. Antzinatasunagatik 42 euroko igoera, 2021erako lortzeko.
5. Igande eta jaiegunetan 45 euroko igoera, 2021erako lortzeko.
6. Norberaren eginbeharretarako, jardunaldi barruan, hiru egun izatea. 2021erako lortzeko.
7. 20 minutuko atseden ordaindua, 2020rako.
8. Sei urteko eszedentzia umeak 10 urte egin arte, eta bost urtekoa langileak menpekoren bat badu bere kargu.
9. Lanaldi murrizketa umeak 15 urte bete arte.
10. Lanaldi osoko lanpostuak eta kontratu mugagabeak.

ELAren ustez, aurre-akordioak Gipuzkoako Foru Aldundiaren oniritzia nahikoa zuen gero negoziazio mahaian hitzarmena sinatzeko patronalekin. Foru Aldundiak ez du onartu aurre-akordiorik dagoenik eta patronalak (Adegi eta Matia 2020) adierazi du ez duela hitzarmenik sinatu. ELAk erantzun du esanez izenpetutako agiririk ez, baina patronalaren adostasuna adierazten duen testua badagoela eta horren frogak badituela sindikatuak.

SINDIKATUEN ORDEZKARITZAK. ELAk %60ko ordezkaritza dauka, LABek %20koa eta CCOO eta UGTk gainerako %20koa. Argazkia: Gorka Rubio / Foku

Negoziazio mahaian sindikatuen ordezkaritzaren %40

Ordezkaritzaren %20 LABek dauka eta CCOO eta UGTrekin batera negoziazio mahaian jarraitzeko apustua egin dute, ELAk ez bezala. Ane Sarriegik, LABeko Gipuzkoako egoitzetako arduradunak, dio ez dutela ulertzen eta onartzen ELAren jarrera. Patronalak mahaian eskainitakoa onartzeko prest ez daude (soldatak izoztea proposatu du), baina mahaitik altxatzeak zentzurik ez duela dio Sarriegik. ELAk eta patronalaren zati batek (Adegi eta Matia 2020) mahaitik kanpo negoziatzen jarraitu izana salatu du sindikatuak.  Gertaera hori da egoitzetako borroka ELArekin batera ez egitearen arrazoietako bat, eta bestea, edukizkoa da. LABek Gipuzkoako sektore hitzarmena lehenesten du, eta ELAk egoitzetan lortuak dituen hitzarmen zehatzak ez ditu jokoan jarri nahi. Aldarrikapen zehatzetara joz, LABek ratioak igotzea lehenesten du; langile gehiagorekin haien osasuna zainduko litzatekeela eta egoiliarrak hobeto artatuak liratekeela azpimarratu du Ane Sarriegik.  Gatazkaren ardura nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiak duela dio Sarriegik , “zerbitzua publikoa delako, finantzazioa publikoa delako, eta sektorea esku pribatuetan dute utzia. Gatazka konpondu behar du Foru Aldundiak”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako zahar egoitzetako gatazka
"Haiek milionario, gu prekario"

Zahar etxeeetako langileak Zinemaldiaren alfonbra gorrian sartzen saiatu dira (irailak 25), baina Poliziak geldiarazi egin ditu.


2021-06-14 | ARGIA
Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek 250. greba eguna dute

Gipuzkoako egoitzetako langileek hiru urte daramatzate greba egunak egiten. Ekainaren 14koa 250garrena izango da. Langileen lan baldintzak eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetuko lituzkeen hitzarmen kolektiboa lortzea dute helburu.


2020-10-06 | ARGIA
Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu zahar etxeetan, gaurko greba egiteko eskubidea galeraziz

Otsailaren 6an greba deitua dute LAB eta ELA sindikatuek, bakoitzak bere aldetik, Gipuzkoako zahar etxeetan. Bi sindikatu hauek salatu dute Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak %100ekoak ezarri dituela eta beraz, greba eskubidea ukatu diela 5.000tik gora langileri. Greba egunean... [+]


2020-09-28 | ARGIA
Araba eta Gipuzkoako zahar etxeetako langileak grebara

Urriaren 6an, ELAk pandemiaren ondorioz gelditutako greba luzea berriz hasiko du Gipuzkoan. Egun berean LABek grebara deitu du. Araban, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek hiru eguneko greba deialdia egin dute adinekoen egoitza pribatuetan.


2020-09-24 | ARGIA
Urriaren 6an grebari ekingo diote Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileek

Pandemiak erantzukizunez jokatzea eskatzen ziela ondorioztaturik, martxoaren 13an bertan behera utzi zuten greba Gipuzkoako zahar-egoitzetako langileek. Ordutik beren egoerak okerrera egin duenez, berriz ere grebari ekitea erabaki dute, urriaren 6an.


Eguneraketa berriak daude