"Nire bizitza arriskuan jarri zuen argazki berak fama eta arrakasta ekarri dizkit gero, eta madarikazio moduko bat da orain"

  • Siriako Yarmouk errefuxiatu gunean (Damasko) jaio zen 1988an, palestinar familia baten baitan. Pianoa zuen ogibide, baina gerrak dena kendu zion. Sarraskiaren erdian musika egiten jarraitu zuen ordea, eta irudi haiek gure hedabideetako orrialdeak bete zituzten. Oinez iritsi zen Alemaniara 2015ean, eta musikatik bizitzen jarraitzea lortu du, inoiz baino arrakastatsuago. Mixel Etxekoparrek Xiru jaialdira gonbidatuta, Euskal Herrian aritu da lehendabizikoz.

Igone Mariezkurrena

Musikagile profesionala izatea balentria galanta da, gurean ez ezik, kasik edonon. Baina, Siriako errefuxiatu gune batean jaio eta musikatik bizi nahi duenaren determinazioa bereziki miresgarria iruditzen zait..

Tira, determinazioa aitarena izan zen –barrez–. Biolinista zen, itsua, musika klasikoa maite zuen guztiaren gainetik, eta ni ere halakoa nahi ninduen. Berarekin entseatzen nuenean, auzoko lagunek barre egiten zidaten, instrumentuak jotzea ijitoen gauza zela-eta. Amaren familiak ere aita galtzaile gisa ikusten zuen, eta aitonak esaten zidan azokan tomateak piano gainean zabaldu eta saltzeko beste ezertarako ez zuela balio tramankulu hark, ez zigula inoiz dirurik emango. Niri ere ez zitzaidan gustatzen.

Zergatik eutsi zenion orduan?

Gu hazi ginen giro eta kulturan aitaren borondateari kontra egitea ez da gauza erraza. Berak plan hori zuen niretzat diseinatuta, eta onartu beste aukerarik ez nuen izan. Homs hiriko kontserbatorioan Beethoven, Chopin eta beste guztiak gorrotatuz hasi nintzen, baina laster ulertu nuen musika unibertso askoz zabalagoa zela, neure neurrira ere erabil nezakeela, eta orduantxe aldatu zen gure harremana. Amaren familia oker zebilen, aita oso argia baitzen: ikasketak burututa, ni neu eskolak ematen hasteko gai izan nintzen, eta Yarmoukeko gela hartan bertan pianoak afinatzeko tailertxo bat ere jarri genuen martxan, eta aitonak inoiz imajinatuko lukeena baino dirutza handiagoa egin genuen. Garaian, irakasle baten hileroko soldata 60-70 bat eurokoa zen Sirian. Gu hilean 10.000 irabaztera heldu ginen! Senideentzako zazpi etxe erosteko gai izan ginen, bakoitza 200.000 eurokoa Damaskon oso garestiak direlako, eta bigarren gela bat ere zabaldu genuen! Den-dena musikari esker.

Baina 2011n gerrak eztanda egin eta eraikia zenuen guztia eraitsi zuen…

Ordura arte lortutako guztia… Eta begi aurrean genituen planak ere bai; emaztea eta biok ezkonberriak baikinen, gure umeak sei hilabete eskas zituen bonbardaketak hasi zirenean. Yarmouk "Gosearen eremua" bilakatu zen, jendea gosez hiltzen ikusten genuen. Ni kaleetako plastikoak biltzen hasi nintzen, sua egiteko, eta falafel frijituak salduz bizirauteko. Baina falafelak ere amaitzen hasi ziren, anaia atxilotu zuten, dena zen beltza… Uste nuen heriotzak aurki gu ere irentsiko gintuela. Talde armatuek, batzuek eta besteek, dirua eskaintzen zieten familia etsituei, gizonak eta mutilak euren tropetara batzearen truke. Baina ni ez nintzen gai izan…

…zuk musikan aurkitu zenuen ihesbidea eta sarraskiaren erdian ingurukoak zaintzeko modua.

Lehenik eta behin niregatik eta niretzat egin nuen; burua ez galtzeko, nor nintzen gogoratzeko. Egia da pianoa kalera atera eta jotzen nuenean, tarte batez bazen ere, bildutako jendea txaloka eta kantuz aritzen zela, saminetik aldenduta bezala. Baina ez zait gustatzen inoren arimaren salbatzaile izan nintzenik esatea, ez baitzen hala gertatu. Milaka lagunek bizia galtzen jarraitu zuten.

 "Ia-ia erail ninduten argazki harengatik. Egilea, Niraz Saied argazkilaria, hilda dago, eta ez zait gustatzen hildakoei buruz gaizki hitz egitea. Baina berari ere esan nion: argazki hura ni ohartu gabe atera zuen eta nire oniritzirik gabe saldu zion CNNri”

Baina badakizu Mendebaldean profesionalak garela ikonoak bilatzen edota eraikitzen. Hedabideek heroiak behar izaten dituzte istorioak kontatzeko. Eta, zentzu horretan, zure argazki sonatu hura, sarraskiaren erdian pianoa jotzen ageri zaren hori, gozoki bat izan zen.

Bai, baina ia-ia erail ninduten argazki harengatik. Begira, egilea, Niraz Saied argazkilaria, hilda dago, eta ez zait gustatzen hildakoei buruz gaizki hitz egitea. Baina berari ere esan nion: argazki hura ni ohartu gabe atera zuen, eta nire oniritzirik gabe saldu zion CNNri 560 euroren truke. Berehala birala izan zen, eta hain justu horregatik seinalatu ninduten Al Nusrak eta Daeshek. Zerrenda beltzean sartu ninduten, pianoa erre zidaten, eta nire hatzak mozten saiatu ziren. Saiedek bezala gure eguneroko bizitza dokumentatu zuten beste argazkilari asko ere modu oso arduragabean aritu ziren, euren irudien argitalpenek eragin zitzaketen ondorioez jabetu gabe.

Zergatik?

Daeshek ez duelako zerikusirik islamarekin! Edozein aitzakia nahikoa zaie jendeari lepoa mozteko, eta hedabide mendebaldarretan agertzeak susmagarri bilaka zaitzake. Badakizu zenbat jende identifikatu, salatu eta akabatu zuten horrela Daeshek ez ezik beste bandoek ere? Asko! Eta biktimek ez zekiten inork argazki bat egin zienik, ezta Europako edota AEBetako medioetara iritsi zirenik ere, guk ez baikenituen zeuen hedabideak kontsumitzen eta arabezko medioek ez baitzituzten halakoak erosten.

Besterena den gerra bat bizi eta nozitzeaz aparte, horren kontaketa elikatzeko erabili zaituztetela uste duzu, zeuen segurtasuna inori axola izan gabe.

Hori da! Siriako Gerra Zibilaz ari direla irakurtzen edo entzuten dudan bakoitzean sutan jartzen naiz. Hau mundu-gerra bat baita, Sirian egin dutena. AEB, Turkia, Errusia, Saudi Arabia, Irak, Iran… asko dabiltza honetan nahasita, baina hildakoak, mota guztietakoak, siriarrak dira.

Zure bizia arriskuan jarri zuen eta egiteko moduagatik nahiz ondorioengatik gaitzesten duzun irudi berberak, baina, fama eta arrakasta ekarri dizkizu Europan. Ez da anbibalentzia erraza, ala?

Ez, eta horregatik daukat amodio-gorrotozko harremana nire istorioarekin. 2015ean Alemaniara iritsi eta errefuxiatu pasaportea eskuratu bezain pronto hasi nintzen kontzertuak ematen; 20, 30… Hilabetero! Parisen, Londresen, Hiroshiman… Argazkiko pianista" nintzen, "kamiseta berdeduna", gero eta jende gehiagok errekonozitu ninduen, eta sekulako eskaintza uholdea jasotzen hasi nintzen. Gaur egun ere halako hamar bat email sartzen zaizkit postontzian egunero. Gainetik kendu ezin dudan erruduntasun sentipen sakona daukat, ordea. 350 orrialdeko liburua idatzi dut horren kontura!

Zergatik?

500.000 lagun baino gehiago hil dituen gerra baten erdian norbaitek egin zidan argazkiak jarri nauelako nagoen tokian!  Gainera, madarikazio moduko bat da, ezarri didaten etiketa bat: Europara iritsi nintzenetik makina bat proiektu borobildu dut, konposizio ezberdinak, diskoak, kolaborazioak… Baina soilik era batera edo bestera "argazkiko pianista"  bezala identifikatzen nauten horiek dute arrakasta. Eta horrek iragan mingarria behin eta berriz gogora ekartzera kondenatuta nauka. Aurkezpen bakoitzean, elkarrizketa bakoitzean…

Deseroso al zaude oraintxe?

Ez! Orain ez… Elkarrizketa hau hausnarketa bideratzen ari zaidalako. Baina sinets iezadazue, kazetari gehienen galderek detaile odoltsuak bilatzen dituzte, bonbardaketen testuinguruko morboa, nire hatzak moztera etorri zirenekoa, emazteak eta biok kartzelan pasatako egunak… Eta ezin dut gehiago. Gainera, badakizu zer gertatzen den? Kazetariekin eta ezezagunekin egiten ari naizela senitartekoekin etxean egin beharko nukeen ariketa; atzera begiratzea, barruko mamuak ateratzea, nola sentitzen garen elkarri galdetzea… barne-kaos honetan ordena apur bat jartzea. Baina erritmo frenetiko honek ez dit tarterik uzten.

Osasun mentala gerra errefuxiatuen eta bestelako errefuxiatuen auzian bazter batean ahaztuta utzi dugun arazo larria da, ondorioak epe ertain-luzera antzemango ditugulako beharbada. Ez al zaizu iruditzen?

Justu ni sartu ostean itxi zituzten Alemaniako ateak. Gogoan dut bidean inoiz baino indartsuago sentitu nuela nire burua, Europan barrena 2.500 kilometro oinez egitea gauza erraza izan zen, banuelako helburu bat, ipar bat. Gero pasaportea lortzea, gero emaztea eta semea ekartzea, gero aita eta ama… Eta bien bitartean musika. Baina ez pentsa Alemanian inork gure barne-prozesuak ulertu eta kudeatzeko laguntza eman zigunik. Hara heldu eta, yallah! Lanera! Gertatutako ezer liseritzeko astirik eta arreta profesionalik gabe. Ni gaztea nintzen, banuen helduleku bat, baina… familia osoa galdu zuten haiek? Zaharrek?

Nola sentitzen zara orain?

Ba, arrakasta betean ere, familia biltzea lortu dudan arren, edo agian horregatik, orain noraezean nabil. Tarteka ideia suizidak izaten ditut. Beharbada orain irauli zait trauma gainera. Eromen honekin amaitzeko gogoa dut. Ez dakit sei hilabete barru edo urtebeteren buruan izango den, baina kontzertuak emateari utziko diot. DHL enpresan paleak alde batetik bestera mugitzen lan egin dezaket, errefuxiatu gehien-gehienek bezala, burua blokeatuta, ezertan pentsatu gabe, eta dirua irabaziz.   

Baina pianoa maite duzu!

Jotzen jarraituko dut, etxean, etxekoentzat. Eta klaseak emango ditut, noski. Baina "argazkiko pianistak" ez du kontzertu gehiago eman nahi.

 
“Amodio-gorrotozko harremana daukat nire istorioarekin. 2015ean Alemaniara iritsi eta errefuxiatu pasaportea eskuratu bezain pronto hasi ahal izan nintzen kontzertuak ematen; 20, 30… Hilabetero!”

Wiesbadenen bizi zara orain. Yarmoukera itzuli nahi duzu?

Bai, baina pasaporte alemaniarrarekin. Bizitza ez zen erraza errefuxiatu hirigune hartan. Etxeek zazpi eta zortzi solairu zituzten, igogailurik gabe. 700.000 lagun bizi ginen pilatuta, maite nuen ordea. Bizitza bizia zen han. Baina errefuxiatu jaio nintzen, libreki mugitzeko eskubidea ukatuta bizi izan naiz, eta etiketa hori ere gainetik kentzeko garaia heldu da.

Ba al dago zuk zure buruarentzat nahiago duzun etiketarik?

Batez ere mestizajeak definitzen nau. Urte luzez musika klasikoan zaildu nintzen baina, oro har, Ekialde Hurbileko folka, bereziki siriarra, eta jazza nahastuz konposatzen dut.


ASTEKARIA
2019ko maiatzaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Errobi, beste bat!

Errobi musika taldea duela 50 urte igo zen lehen aldiz oholtzara. Hori dela eta, berriz itzuliko dira eszenatokira Mixel Ducau eta Anje Duhalde sortzaileak, euskarazko lehen rock musika taldearen abesti mitikoenak kantatzeko asmotan. Maiatzaren 4an izango da, Bilboko Euskalduna... [+]


Eguneraketa berriak daude