Italiako Legaren esperientzia, Europako liga xenofoboa osatzeko

  • Maiatzeko europar hauteskundeak begi bistan, Italiako Barne ministro Matteo Salvinik Europako alderdi xenofoboen liga eraikitzeko proposamena luzatu du. Apirilaren 4an zenbait alderdi ultraeskuindarrekin batera Milanen konferentzia egin zuen. Ikusteko dago Marine Le Pen frantziarrak edo Viktor Orban hungariarrak, pisu handiko bi aipatzearren, proposamena babestuko duten.

Finlandia, Danimarka, Alemania eta Italiako eskuin muturreko alderdiak batu dira Europako hauteskundeetarako.
Finlandia, Danimarka, Alemania eta Italiako eskuin muturreko alderdiak batu dira Europako hauteskundeetarako.

Italian bi hamarkada dira eskuineko populismoa fenomeno politiko bilakatu zenetik. Iparraldeko zenbait mugimendu autonomista batu ostean eratu zuen Umberto Bossik Lega Nord alderdia 1992. urtean. Mani Pulite izenez ezagun egingo zen prozesu judizialaren giro-soinuaren erdian, Di Pietro epaile milandarrak Italiako alderdi politiko gehienen legez kanpoko finantzaketaren frogak aireratu eta eskandalua lehertu zenean. Tesi xenofoboak oinarri hartuta, Italiako iparralde aberatsaren subiranotasuna aldarrikatzen zuen mugimendu bezala egituratu zen.

Ustelkeriak alderdiak erabat zipriztindu zituen garaian egoeraren larritasunak inflexio puntua ekarri zuen Italiako politikan. Horri mafiaren indartzea gehitu zitzaion, urte berean hil baitzituen mafiak Giovani Falcone epailea eta Paolo Borselino magistratua. Ezegonkortasun hark sorturiko haserrea kanalizatuko zuen tresna bikaina sortu zuen Bossik: Lega Nord. Egoera politiko nahasi hura probestu zuen Silvio Berlsconi enpresariak ere. Denbora gutxiren buruan, Italiako politikaren lehen mailara jauzi egingo zuten biek.

Bossiren Lega Nord

PCI masen alderdia bere kontraesanetan itoitzen zen bitartean, Bossik berritasuna ekarri zuen agertoki politikora. Erromatik zetorren erretolikaren aurrean zuzen hitz egiten zuen lider gaztea zen bera. Hasierako ideal federalista, xenofobiaz hornitu eta subiranista bilakatuko zuen. Italia porrot egindako estatua zen eta hegoaldea iparralde langilearen kontura bizi zen, bere hitzetan. Mafiaren arazo kronikoaren errelatoari Napoli eta Siziliako “etorkinen arazoa” gehitu zien. Oinarri diskriminatzaile faltsu horien gainean hasi zen Padania bezala ezagutzen den lurraldearen burujabetza eskatzen Lega Nord.

Bossik inoiz lortu ez zuena lortu du Salvinik: Erromako Gobernutik xenofobia instituzionalizatzea.
Gauza berbera lortu
nahi du Europan

Globalizazioak eta Berlingo harresiaren erorketak sorturiko galderei erantzuteko legistek Italia hegoaldean bilatu zituzten errudunak: terroni-ak, hau da, Sizilia, Calabria edo Napolitik herrialdearen iparraldera lanera joandako herritarrak. 1992an Bossik hauekin egindakoa errepikatzen ari da Salvini errefuxiatu eta etorkinekin. Mediterraneoaren beste aldetik datozenak dira orain txar guztien erantzule.

1994ko Berlusconiren garaipena

Aipatutako koiunturak eta estrategia komunikatibo bikainak eragin zuten Berlusconik 1994ko hauteskunde presidentzialak irabaztea. Gobernabilitatea bermatu eta ezkerra alboratzeko Lega Nord-en beharra zuen. Neurri fiskal eta xenofobo batzuen truke babestu zuten legistek Berlusconi, Italiako presidente izendatuz. Federalista eta gerora independentista bezala aldarrikatzen zen mugimendua, nahita edo nahi gabe, herrialde transalpinoak bizi zuen status quo-a mantentzeko giltza bihurtu zen, Europako beste zenbait mugimendu subiranisten antzera.

Horrela bilakatu zen Bossi Berlusconiren aliatu. Bere semearen unibertsitateko titulu faltsuen eskandaluak eta alderdiaren legez kanpoko finantzaketaren mamuak bere ibilbidea kolokan jarri zuten arte.  2012. urtean erretiratu zen. Roberto Maroni milandarrak 2013an Lonbardiako hauteskunde presidentzialak prestatzeko alderdiaren gidaritza utzi zuenetik, Italiako Barne ministro izatera iritsi den Matteo Salvini da mugimendu populistaren liderra.

Lega Nordetik, Salviniren Legara

Salviniren etorrerak Lega Norden zenbait oinarri ideologiko kolokan jarri ditu. Hainbeste zigortutako Italia hegoaldera elektoralki zabaltzeko pausoa eman du, diskurtso xenofoboa norabidez aldatuta. Aldaketa horren sinbolo gisa ulertu daiteke mugimenduaren izen berria. Bossiren Lega Nord zena Salviniren Lega bilakatu da.

Matteo Salvini Umberto Bossirekin, iraganeko argazkian. Salvini horrelako kamisetak jantzita ibiltzen zen. Hala ere, ez du sekula Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoarekin aliantzarik egitea lortu, bere aliatu naturala eskuin muturra izaki.

Alderdiaren europazaletasuna ordezkatu dute Europar Batasunaren aurkako jarrera zuzenagatik. Abenturaren hasieran beren burua ateo gisa aldarrikatzen zutenek, Europa kristauaren eta familia tradizionalaren defendatzaile gisa definitzen dute beren burua egun. Pasa den urteko hauteskundeek Italiako gobernura eraman dute Lega. Bossik amestutakoa lortu du Salvinik, babes taktikoetatik haratago, gobernutik etorkin eta gutxiengoen aurkako neurriak martxan jarri dituzte. Lan horretan berarekin agintean den 5 Izar Mugimendua  (M5S) oztopo izan beharrean laguntzaile du. Orain, gauza berbera lortu nahi du Europan eta horretarako bidelagun bila hasi da Salvini.

Etorkinen aurkako erasoak hirukoiztu egin dira Lega boterera iritsi zenetik, Intolerantzia, Xenofobia eta Arrazismoaren Aurkako Italiako Legebiltzarreko Batzordearen datuen arabera. Buruzagiak aldatu badira ere, xenofobia berdin sustatzen dute. Steve Bannon eta enparauek Salvini aukeratu dute Europar Batasunaren kontrola eskuratzen saiatzeko maiatzeko hauteskundeetan. Azken inkesten arabera legistak lehen indarra izan daitezke Italian. Bitartean, Potere al Popolo bezalako esperientzietatik  kanpo, desagertzear da kontinente zaharrean historikoki berebiziko pisua izan duen Italiako ezkerra, espazio okupatu eta borroka zehatzetatik at. Faxismoa Bruselarako martxan da eta zenbait herrialdetan ezkerra ez da inondik ageri. Instituzioetan ez egoteak esan nahi duenaren inguruan hausnartu dezatela batzuek, baita gure herrian ere. Ultraeskuinak oso argi baitu hori.


ASTEKARIA
2019ko maiatzaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europako Hauteskundeak 2019
Korapiloak askatzeko unea

Uztailaren 2an eratuko da Europako Parlamentuaren diputatuen ganbera. Zatikatze parlamentario handiko testuinguruan, lehenengo aldiz popularren eta sozialisten arteko koalizioak ez du gehiengorik izango. Halere, Europa Berritu (Liberal eta Demokraten Aliantzak hartu duen izen... [+]


2019-06-09 | Mikel Asurmendi
ANALISIA
Analisien analisia

"Zer uste zenuten, iratzartzen zinetenean ez nintzela hor izango?”, gaztigatu zigun Panoramako ilustrazioak. Panorama politikoari irudia jartzen dio astero Adur Larreak. Augusto Monterrosoren “Cuando despertó, el dinosaurio todavía estaba... [+]


2019-06-09 | Santi Leoné
GAIZKI ERRANKA
Mapak

Beharbada lehenago izanen ziren, baina hauteskundeak ailegatzearekin batera erreparatu diet nik sare sozialetan. Mapak.


2019-06-02 | Juan Mari Arregi
Ezkerreko baloreak

Terni hiri industriala da, Italiako gerriko gorria zenean kokaturik.


Europar Batasunak lasaiago arnasten du

Inkestek zentroko koalizioak gehiengoa galdu zezakeela aurresan bazuten ere, azkenean sozialdemokraten, liberal-demokraten eta popularren arteko koalizioak gehiengo osoari eutsi dio Europako parlamentuan.

Honetan izan du zeresanik partaidetzak, %51k botoa eman du, orain bost... [+]


Eguneraketa berriak daude