Alderdi politikoak iparrik eta sinesgarritasunik gabe dauden honetan, interesen arabera eguna joan eguna etorri elkartu edo banatu egiten direnean, Nafarroako forua ikur eta poltrona bakar izan duten eskumako alderdiak ere horixe bera –zer den ere ez dakigu, galdetu Aizpuni ea hark badakien!– birritan merke saltzeko prest daudenean, eskerrak badaukagula zer eta Araba Perejil irla bailitzan isolatuta eta euskaroez libre izateko borroka egiteko prest dagoenik: Unidad Alavesa, alegia, ultraeskuineko eta bat handia eta bakarraren alternatiba sasimoderno berri guztien aurrean “bat, txikia eta laua” aldarrikatuz burua altxatzeko ausardia izan duena. Bejondeiela!
Lurraldetasun zabalagoa eta onespen handiagoa eman zien punk-rocketik alde egin zuten aspaldi Enrique eta Benito zein Rafa Mosquera edo Rota Diez-en parera, hobe delako lehoi ipurdi baino arratoi edo patata buru izan; eta ordutik atzera begiratu gabe baina bizi izandakoa gogoan inork aurreikusten ez zituen bidezidorrak ezagutzeari ekin zioten.
Hala, mixeria horien biziraule eta integritatea nonbait galduta, ez da batere harritzekoa disko honetako kantak malenkoniaz blai egotea, egiazko galtzaileen sentimenduz barra-barra eta, gainera, hitzak demasekoak izanda, kantak entzuleari barruraino heltzea: Gure Jerusalem galdua kanta samurra da, egiazkoa. Sotamano Tequilari gorazarrea. PSOE triki eta hammondarekin jantzitako pieza tristea, alderdiaren tamainakoa. Fede berri baten bila sinesdun izandakoen balada-drama. Zahartzearen onurak Leño eta Status Quo-ren gisako bizilegea, itzela. Materia eta ezpata saxo eta teklatu intriganteak sarrera ematen dien Doctor Deseo eta Feelgood-en tenoreko sekuentzia. El bastardo alumbravidas country, rock-and-roll eta Aranjuezeko Motorhead. Mathematikoon biltzarra Joseba Arregik eta Mc Gowanek elkar ezagutu gabe idatzitako habanera. Azkenik, Los ex-sindicalistas convertidos en jefes izan litekeen Xabi Garre eta Eskoziako Political Asylum-eko gizonen arteko paktua.