"Ijitoak gara gaur egun nagusi den gizarte ereduarekiko alternatiba apurretako bat"

  • Irakurri duzue, baina ba al dakizue zer esan nahi duten hitz horiek? Romani hizkuntzan, kamipnasqo mestipen esaten zaio maitatzeko askatasunari. Eta askatasun grina hori du gure gaurko protagonista Silvia Agüerok sare sozialetan ikur. Zer maitatu nahi du aske, ordea? Hasteko, bere herria, ijitoen herria. Garbi azaldu du, ijito nazionalista dela “egunero-egunero”. Etenik gabeko aldarrikapena.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Silvia Agüero Fernández (Vallecas, Madril, 1985)

Aktibista eta bere etxeko langilea. Hainbat komunikabidetan idazten du, besteak beste, Eldiario.es eta Pikara Magazinen. Badu blog bat, Pretendemos gitanizar el mundo, Nicolás Jiménezekin batera. Revolución de las Rosas Romaní mugimendua hauspotzen du, indarkeria etno-obstetrikoaren kontra.

Diozu ijitoa, mestizoa eta feminista zarela, eta galdetu nahi dizut nolatan iritsi zaren hiru identitate horiek aldarrikatzera.

Dena da bat. Askotan galdetu didate ea gehiago sufritzen dudan emakumea naizelako ala ijitoa naizelako, baina, hara, ezin dut nire burua hiru zatitan banatu. Ijito gisa aurkezten dut nire burua hala naizelako, eta mestizoa naizela diot, berriz, Hitlerren eta arraza-araztasunaren kontu hori gainetik kentzeko. Mestizoa naiz benetan, baina, bestela ere, ez dakit ziur nire odola zenbatean den ijitoa. Aurreko batean transfusio bat egin zidaten eta ez dakit odol hura ijitoek ala payoek emana zen, beraz…

Erakusten duzu zein absurdua izan daitekeen arraza “neurtzeko” grina hori.

Guztiz absurdua da, bai. Hitlerrek hala egiten zuen: hamaseiren batean ijitoa bazinen, alegia, zure birramona ijitoa bazen, aski zuen zu gas-ganberara bidaltzeko. Pentsa!

Eta feminista?

Nola ez bada! Gainera, feminista ijitoa eta mestizoa. Bizi garen gizarte honetan ez dago besterik, biei egin behar diegu aurre: patriarkatuari eta ijitoen aurkako arrazakeriari, anaiak dira-eta. Ez dezagun ahaztu. Ezin gara ibili nor bere aldetik borrokan, aliantzak behar ditugu, zeren bi piztia ar dira, anaiak, elkar elikatzen dute. Ez dugu patriarkatua deuseztatuko soilik patriarkatuari erasotzen badiogu.

Diozu ghettoan deskubritu zenuela ijito-izaera eta, handik kanpo, berriz, ijitoen aurkako jazarpena.

Halako klak batzuk izan ziren. Uste dut denoi gertatu zaigula, feminismoarekin ere bai: bat-batean zerbaitek klak egiten dizu eta konturatzen zara gertatu zaizun hori zugandik harago doala, eta sustrai sakon-sakonak dituela. Ni payoekin hazi eta bizi izan nintzen luzaroan, ondoren 5 urtez egon nintzen ghettoan eta han deskubritu nuen nire ijito-izaera, han deskubritu nuen ijitoen gizarte-egitura, nola antolatzen garen, nola hazten ditugun haurrak… Ijito-izaera on hori guztia topatu nuen. Ijito gisa identifikatzen ninduten, lehen ez bezala.

Eta gero?

Gero, ghettotik atera nintzen, pertsona batek lagundu zidalako, horregatik eta atera nahi izan nuelako, noski, baina laguntzarik gabe ez dago handik ateratzerik. Orduan, handik kanpo konturatu naiz benetan zer esan nahi zuen ghettoan egoteak eta zelako sufrimendua zekarkidan. Indarkeria matxistarekin ere halaxe gertatzen da, edozein izanik ere: hortik ateratzen zarenean ikusten duzu benetan zenbat jasan duzun.

“Ijito-izaera on hori guztia” topatu zenuela esan duzu. Zertan datza?

Egia esan, ez dago parte onik eta parte txarrik. Batetik dago payoen iruditegia eta bestetik ijitoen benetako errealitatea; horra hor alde bakarra. Payoen iruditegian, emakume ijitoak dira mendekoak eta gizonak matxistak; zikinak gara, haurrei ez diegu mukirik garbitzen… Halako ergelkeriak. Ijitoen errealitatea da, ordea, instituzioek ghettoak sortu dituztela eta han metatu gaituztela.

Argazkia: Dani Blanco.

Duela gutxi idatzi duzu ghettoaz. Hauxe diozu: “Ijito gehienok ghettotan bizi gara, eta ghettoak, finean, ijitoen aurkako hirigintza-politika baten emaitza dira: ijitoak isolatzen, urruntzen eta pilatzen dituzte, haiek hobeto kontrolatzeko, eta gainerako hiritarrak lasaitzeko”.

Jendeak uste du ijitoak ghettotan bizi direla hala nahi dutelako, laguntzak ematen dizkietelako, eta ura dohainik, baina ez da hala. Etxeak eraikitzen dituzte, nola-hala, eta han sartzen gaituzte, zeren penintsula honetan ezin zara karabana batean bizi; aukera bakarra duzu: pisu bat erosi edo alokatu, eta kito. Eta nik ez dut halakorik nahi, nik ez dut hipotekarik nahi, eta egunean 16 ordu egin lanean. Sarritan esaten didate ijitoek ez dugula lanik egiten, eta hauxe erantzuten diet: eskerrik asko. Izan ere, ez dugu eredu hori nahi; saldu egin digute.

Honezkero bizpahiru aldiz aipatu dugu ijitoen aurkako arrazakeria, beraz, hel diezaiogun. Zer da?

Arrazakeria era bat da, eta payoen arrazaren nagusitasunaren ideologia du oinarri. Payoen antolakuntza-ereduak inposatzen zaizkie beste herri guztiei, hala politikan nola kulturan, eta egiturazkoa da, gizarteko egitura guztietan dago. Aurreko batean esan nuen gizon ijito aberats batek eta emakume ijito pobre batek berdin pairatzen dutela ijitoen aurkako arrazakeria, eta sekulako egurra eman didate hori esateagatik, baina hala da. Jakina, bidegurutzeak daude, badira patriarkatua, aporofobia eta abarrak, baina ijitoen aurkako arrazakeria hori egiturazkoa da, instituzionala, sistema payo kapitalista patriarkalak bultzatzen du, eta gizon ijito aberatsari ere eragiten dio.

Erreparatu diezaiogun bidegurutze horietako bati: emakume eta ijito. Eraso espezifikorik jasotzen duzue?

Bai, ijitoen aurkako arrazakeria patriarkala deritzo. Batzuek genero-ijitofobia deitzen diote, baina niri ez zait gustatzen. Ijitofobia fobia bat da, hots, ijitoei nazka edo gorrotoa, baina ez du botererik legeak ezartzeko. Ijitoen aurkako arrazakeria, ordea, sistema bat da, patriarkatua bezalaxe. Orduan, ijitoen aurkako arrazakeria patriarkalak propio eragiten die emakumeei. Adibidez, Hezkuntza ministroaren arabera, ijito amon errua da gure haurren eskolako porrota. Baina ministroak agian pentsatu behar luke haren ardura dela, irakasle arrazisten eta ijitoen aurkako sistemaren ardura, oro har. Hezkuntza Ministerioaren datuen arabera, ijitoen %67k egin du porrot eskolan. Haur guztien %67a balitz, ministroak bilerak antolatuko lituzke, batarekin eta bestearekin hitz egin, eta hezkuntza-komunitateko kideek pentsatuko lukete zerbait gaizki egiten ari direla, eta saiatuko lirateke konpontzen. Baina haur horiek ijitoak direnez, guri botatzen digute errua, amoi.

Osasun-zentroetan ere jasaten duzue arrazakeriarik, ezta?

Bai, instituzio medikua arrazista da eta saiatzen dira gu antzutzen, gu konbentzituz. Hormonak eskaintzen dizkigute, ez gaitezen haurdun geratu, zeren, jakina, zer egingo dugu hiru haurrekin? Hara, bada hiru haur eduki nahi baditut, nire ardura da, ez ditu hark heziko ezta? Neuk heziko ditut, guk. Eta ez da soilik osasun-sistema, arrazakeria horren eragile dira, orobat, gizarte-zerbitzuak, polizia eta justizia-sistema. Gizarte-zerbitzura bazoaz eta han eskatzen baduzu dena delako hiritan bizitzeagatik dagokizun diru-laguntza, galdezka hasten zaizkizu ea zenbat haur dauzkazun, eta zergatik dauzkazun hainbeste, eta hainbeste haur edukita ea nola hazten dituzun, eta abar. Aitzitik, emakume payo batek hamar haur baldin baditu, Opus Deikoa da, eta ez dago inongo arazorik. Edo, beste muturrera joanda, emakume payo batek lau haur baditu, eta metodo alternatibo baten bitartez hazten baditu, eta ez baditu eskolara bidaltzen home schooling egiten duelako, eta ez dakit zer, itzela iruditzen zaigu.

Argazkia: Dani Blanco.

Ijitoen aurkako arrazakeriari buruzko artikulua idatzi duzue Nicolas Jimenezek eta biek, eta adibide-zerrenda luzea osatu duzue, azalduz nola gauzatzen den hori Espainiako Estatuan. Adibideetako askok legeekin dute zerikusia: esate baterako, ijitoen herriaren aitortzarik eza.

Bai, edo beste adibide bat ematearren, gure bandera ere ez dute aitortzen. Zer gertatzen da Espainiako bandera bat errez gero? Kartzelara zoaz, etarra zara. Ijitoen bandera errez gero, ordea, ez da ezer gertatzen: erre dezakezu, eta sareetan zabaldu, eta ez da ezertxo ere gertatuko. Sekulako aitortza falta da hori, eta ez da soilik Espainian gertatzen, hemen ere ez da aitortzen gure bandera. Eta, nire ustez, hemen… Tira, ez dizuet nik esango nola egin behar dituzuen gauzak, baina, bestelakoak izan nahi badugu, bestela egin behar dira gauzak.

Hemen sentsibilitate handiagoa izan behar genuke?

Jakina, hizkuntza dela-eta, identitatea dela-eta… Hemen biziko banintz EH Bildun militatuko nuke, herrien aitortzaren alde. Uste dut hemen aliatu handiak izan ditzakegula.

Ijitoen aurkako arrazakeria sistemikoa ez da atzoko kontua Espainiako Estatuan. Zuen artikulutik hartu dut datu hau: “1749an, gaur egun genozidio-saiakera deituko genukeen zerbait gertatu zen: preso hartu zituzten ijito guzti-guztiak; gizonak, emakumeak eta haurrak. Gizonak marinako armategietara bidali zituzten, behar egitera, eta emakumeak, berriz, miserikordia-etxeetara, haiek ere lanera”. Bizirik iraun duzue, baina. Zer erresistentzia-estrategia baliatu duzue?

Galderari heldu baino lehen beste kontu bat aipatu nahi dizut. 1749an sarekada handi-handi bat egin zuten ijitoen aurka Espainian. Euskal Herrira apur bat beranduago iritsi zen, baina agintariek sarekada egiteko gutuna jaso zutenean, hauxe erantzun zuten: baina zertarako egingo dugu sarekada, hemen jada ez da-eta ijitorik geratzen! Euskal Herrian sekulako garbiketa etnikoa egin zuten, beste toki batzuetan baino askoz latzagoa.

Hori esanda, sarekadaren garaian erresistentzia handia egin zuten ijitoek; eta emakumeek berebizikoa egin zuten. Jakina, dokumentatu dena baino ez dugu jaso. Manuel Martínez payoa ibili da hori ikertzen, eta aliatu handia denez, datuak pasa ohi dizkit. Estatu osoan atxilotutako emakume ijitoak hiru miserikordia-etxetan bildu zituzten: Zaragozan, Katalunian eta Denian. Eta Zaragozako emakumeek sekulako erresistentzia egin zuten. Mezetara eta gaixoak garbitu eta zaintzera behartu nahi zituzten, eta haiek, orduan, arropa txiki-txiki egin eta biluzik ipini ziren. Denetatik egin zuten. Erresistentzia-estrategia ugari dauzkagu, eta oso ondo etorriko litzaizkioke feminismoari, beraz, badakizue!

Hainbat mediotan ari zara idazten, eta ijitoen aurkako arrazakeria salatzen. Nola hartu zaituzte irakurleek?

Oso ondo. Badakit azkenaldian gogor samar aritu naizela, baina erraietatik eta bulkadei jarraika idazten dut. Zerbaitek min egiten didanean idazten dut, eta ezin dut idatzi, idatzitako hori sentitu gabe. Ez naiz kazetaria; iritzi-artikuluak idazten ditut, eta batzuetan pentsatzen dut agian patxada handiagoarekin idatzi behar nukeela, iruditzen baitzait aliatuak izan gaitezkeela eta izan beharko genukeela. Baina, beti leporatzen didate gauza bera, eta aspertuta nago. Beti esaten didate: ez zarete integratzen. Eta nik erantzun nahi dizuet: eskerrik asko, laudorioa iruditzen zait. Izan ere, alternatiba bat gara, gaur egun indarrean den gizarte-ereduarekiko alternatiba apurretako bat, eta nahi dut ezkerrak eta feminismoak aliatutzat har gaitzatela, bai eta independentismoak ere, oso borroka garrantzitsua iruditzen baitzait, ni neu nazionalista ijitoa naiz. Asko dago ikasteko, eta aliatu izan gaitezke, eta zapaltzen gaituen sistema honen aurka elkarrekin borrokatu.

Amaitzeko, galderei buruzko galdera bat. Egin dituzu elkarrizketa batzuk: ba al dago inoiz galdetu ez dizuten eta gustura erantzungo zenukeen ezer?

Hara, gustatuko litzaidake neuk egitea elkarrizketa bat payo bati eta halakoak galdetzea: zergatik zapaltzen nau sistema payoak? Zergatik da halakoa sistema payoa? Ez al duzu uste alternatiba bat eraiki beharko genukeela?

Gogoeta pertsonal bat: Begirada garbitu

AGIFUGI elkarteak gonbidatuta etorri zen Silvia Agüero Donostiara pasa den azaroan. Elkarteak, gainera, eskuzabal laga zion bulegoa erabiltzen kazetariari, eta goxo egin genuen elkarrizketa, hamaiketako eta guzti. Arratsaldean, hitzaldia eman zuen Agüerok Koldo Mitxelena Kulturunean, sistema payo patriarkalaz, eta elkarrizketan bezalaxe salatu zuen ijitoen aurkako arrazakeria solasaldi publikoan ere: adibideak eta datuak emanez, egonarriz eta umorez. Galderen txandan, ordea, bi gizon payok hitza hartu, eta hitzaldian bertan salaturiko estereotipoak nagusitu ziren. Eskerrik ere eman gabe, eta zakar, Agüerori galdetu zioten: 1) ea, gaur egun, XX. mendean, 2018an, ijitoen ezkontzetan birjintasunaren proba egiten ote dieten oraindik ere emaztegaiei eta 2) ea ijito neskek tradizioren batengatik-edo izaten ote dituzten haurrak beren mutil-lagunekin hasi eta urtebetera. Esan beharra dago txukun erantzun ziela biei Agüerok: zorrotz eta errespetuz. Hortik harago joanda, ordea, hizlariak hitzaldiaren amaiera aldera esan zuen zerbait azpimarratu nahi luke kazetariak hemen: ijitoen aurkako arrazakeria sendatu daitekeela esan zigun, bai horixe, matxismoa senda daitekeen moduan. Horretarako, begirada garbitu behar da, nork bere baitara so egin eta behar adinakoak aldatu, parekoa aurreiritzien lanbrorik gabe ikusteko. Badugu zer egina.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ijito herria
2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


"Larrialdi humanitarioa da, eta katastrofea ez da naturala, administrazioak eragin du"

Madrilgo Cañada Real auzoan bizi da Houda Akrikez (Tanger, 1982) Tabadol elkarteko presidentea, Puerta del Sol plazatik hamasei kilometrora. Hiru urte daramatzate auzoan argindarrik gabe 4.000 lagunek, tartean 2.000 haurrek, Naturgy enpresak hornidura elektrikoa eten... [+]


Ipar Euskal Herriko ijitoen elkarteak salaketa jarri du LCI telebistaren kontra, arrazakeriagatik

LCI telebista kateko Parc Brunet, Hammett & Cie saioan jitoak lapurrei konparatzeagatik jarri du salaketa du Euskal Herriko Ijito Komunitatearen Zentro Sozio-kulturalak. Audiobisualaren eta numerikoaren sektoreaz arduratzen den ARCOM autoritatearengana ere jo du gertatutakoa... [+]


Eguneraketa berriak daude