Gudua itzali ahala, oihaneko legea ezarri diete Siriako jendeei

  • Zazpi urte eta erdiz luzatu den gerra basatiak Siriako gizartea zein neurritan aldatu duen ondo jabetzeko denbora beharko da. Potentzia handien kontrolpean, lekuko armada eta milizien arteko guduek herrialdea errotik eraldatu baitute. Interpretazio geopolitikoak eta arrazoi-erruen banaketak alde batera utzita, Synaps agentzia txikiko kazetariek herritarren kontakizunak entzun eta bildu dituzte, hondamendiaren osteko eguneroko bizimodua ezagutzeko.

CICR Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak joan den maiatzean argitaratu zuen “Alepo, Ramadana nola ospatu aurrien artean” argazki saila, Ali Youssef siriarrak hiriko kaleetan bildutako irudiekin. Honakoan barazki saltzaileak ageri dira herritarrei luz
CICR Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak joan den maiatzean argitaratu zuen “Alepo, Ramadana nola ospatu aurrien artean” argazki saila, Ali Youssef siriarrak hiriko kaleetan bildutako irudiekin. Honakoan barazki saltzaileak ageri dira herritarrei luzoker, piper eta alberginiak eskaintzen bonbaz eta artileriaz suntsitutako eraikinen aurrean, Eki Alepon.

Picking up the pieces. How Syrian society has changed” darama titulutzat Synaps agentziaren erreportaje mamitsuak; euskaraz emango luke “Ohiko bizitza berreskuratu nahian. Zenbat aldatu den Siriako gizartea”. Peter Harling britainiar frantsestuak sortu zuen Synaps, hogei urtean Ekialde Hurbilean –Irak, Libano, Siria, Egipto eta Saudi Arabian– kazetari jardun ostean. Berarekin ari diren kazetariek orain lan kolektiboan bildu dute Sirian beren begiz ikusi eta bertako herritarren ahoetatik entzundakoaz osatutako irudia: guda ondorengo paisaia.

“Gerrak –hasten da Synaps– eraldatu egin du gizarte siriarra eta denbora beharko da kanbiamenduen neurria hartzeko. Aldaketok ez dituzte ikusten Sirian sartzeko baimena lortzen duten atzerritar gero eta ugariagoek; hauek sarritan diote gauzak espero baino ‘normalago’ aurkitu dituztela: Damaskoko kafetegiak lepo beteta, Alepon komertzioak berriro irekitzen... Nazionalitate askotako funtzionarioak ere hasi dira etorkizunerako planak marrazten, baikorregiak direnak”. Hondamendiak, ordea, arrakala sakonagoak utzi ditu.

Siriako gizartearen aldaketa nagusietako bat gizonezkoen masakrea izan da. Belaunaldi oso bateko gizonak sarraskitu ditu gerrak, hil edo desagerrarazi ez dituenak zauritu edo erbestera bidaliz. Gelditu direnetako gehienak milizia armatuek sortutako sistema bortitz eta ustelkerian oinarrituaren mende bizitzera kondenatuta daude. Adibidetzat, familia alawi hau, kostaldean gobernuak kontrolatutako eremuko herri batekoa.

Amak esan die kazetariei: “Nekatuta gaude gerraz. Nire hiru semeetatik, bata martiria da, bigarrena erdi hilik dago [paraplegiko, gerrako zaurien ondorioz] eta gazteena noiz errekrutatuko duten beldurrez bizi da. Jainkoak amaituko al du gatazka hau: hilerriak gizon gaztez beteta daude”.

3.000 biztanleko herri honetako gizon gazteen herena hil edo zauritu ditu gerra luzeak, eta gainerako bi herenak Bashar al-Assaden armadan edo horren aldeko miliziaren batean joan dira, bizia segurtatzeaz gain bizimodua ere irabazi ahal izateko.

Antzekoa gertatu zaie gobernuaren kontrako miliziek indarra eduki duten eremuetan. Adibidez Alepo ekialdean. Armadaren setioa eta bonbardaketak jasan ostean, familiek biziraun behar dute zerbitzu oinarrizkoenik gabe, ekonomia suntsituta eta miliziek ezarritako ordena basatia nozituz: “Familia babestu nahi baduzu, milizia batean sartu beharra daukazu”.

Ugariak dira armadari atxikitako miliziek egiten dituzten desmasiak. Talde bakoitzak auzo bat kontrolatzen duelarik, sarritan elkarri tiroka aritzen dira,  harrapakinagatik borrokan. Komertzioen jabeek pagatu egin behar diete, babesaren truke.

Beste herritar baten lekukotza: “Eki-Alepon geratutako gazteak milizietan sartu dira, gure arazo larrienak konpondu nahian. Gudariek soldata txukuna jasotzen dute baina bestelako hobariak ere bai, esaterako, argindar generadoreetara sarbidea, merkatariek badakitelako prezio berezia egitea komeni zaiela milizianoei”.

Milizian sartu nahi ez baduzu eta ordainetan tiro bat ez hartu, mesedea erosi egin behar diozu –eta garesti– eskualdeko komandanteari: hasierako ordainketa gogorraz gain, zuri dagokizun miliziano soldata berari utzi eta askotan hileroko gehigarri bat ere bai. Ordainetan, berak gudarien nominan ezkutatuta zauzka. Horrela ito dute 2011n Bashar al-Assaden kontra protestan mobilizatu zen belaunaldia.

Arpilaketa orokorra, ekonomia kanibala

Siriako ekonomia produktiboa suntsituta dago eta bere ordez Synapsek ekonomia kanibal sistematikoa deitzen duena ezarri da. Horren barruan, gizartearen osagai txiroenek batak besteari erasoz bizirauten dute. Taafeesh hitz berria izan daiteke garaiotako ikurra: ostutako edozer da taafeesh, etxe batetik eramandako telebista bezala argindar sareetatik ebatsitako hariak.

Damaskoko Yarmouk kanpaleku palestinar famatuan badakite zer den taafeesh. Horko biztanleek beren begiz ikusi dituzte gobernuaren militarrak tankeekin tiraka erauzten lurpeko hari elektrikoak. Milizia bakoitzak besteen eremuetan egiten du taafeesh. Arpilaketaren altxorrak gero kaleko postu eta azoketan ikus daitezke. Etxean zerbait faltan bota dutenek, xantza apur batekin, aukera daukate berenak izandako trasteak bigarrenez erosteko.

“Gerrako harrapakari-ekonomia pixkanaka baina eten gabe ari da bihurtzen bakeko harrapakari-ekonomia”, diote Synapseko kazetariek. Atzerrira ihesi joan zirenek, berriz etxeratzeko bide neketsu eta garestiari egin behar diote aurre. Administrazioak eman beharreko edozein informazio sarritan ordainarazi egiten dute funtzionarioek. Zer esanik ez etxeratzeko beharrezkoa dena ordaindu behar bada. Eta etxera bidean armadak bezala miliziek check-point askotan eskatzen dute nork bere zerga.

Harrapakari-ekonomia hau hedatu ahala, ekonomiaren eta gizartearen atal guztiak ustelduz doa. Oso nekez berreraiki daiteke industria edo zerbitzurik egoera horretan. Funtzionario eta abokatu asko baita bulego sendoetan ari zirenak ere, ohiko lanpostuak utzita artekari lanetan hasi dira, herritarrek haien beharra baitute burokraziari paperik txikiena ateratzeko, beti ere ordainduta. Armadunek herritarrei estortsioa eta xantaia egitean artekariok ere kobratzen dute beren partea.

Gerrak eta miseriak itota, bizirauteko ahalegina da herritarren eguneroko ia bakarra. Homs hiriko ikerlari batek esan duenez, “2011n mundu guztia ari zen hemen politikaz eztabaidan. Gaur ez, ez dauka garrantziarik haientzako: bizi egin nahi dute”.

Baina Siriaren suntsiketa ikusita, are harrigarriagoa egiten da oinezko siriarrek zein irudimentsu ahalegintzen diren aurrera ateratzen, adorea, pazientzia eta solidaritatea uztartuz. Familia askok bizi da atzerritik senideren batek bidalitako diruz, baina baita Sirian bertan indartu diren elkar laguntza informalezko sareei esker. ere

Herritar batek dio: “Hemen jendeak beti egin du karitatea modu islamikoan. Esan nahi baita, zure ingurukoenak lagundu behar dituzula. Baldin bada norbait zure laguntzaren behar eta zuk lagundu ezin duzuna, bizilagun bat esaterako, orduan zuri dagokizu hura lagundu ahalko duen norbait aurkitzea. Sare horiek indartsu daude, eta gizarte guztia bizi da horri esker gaur egun”.

Zazpi urte eta erdiko gerra, milioi erdi hildako, bost milioi iheslari, ekonomia suntsituta... Estatu moderno batetik Erdi Arora jauzi egin balute bezala, Siriako herritarrak elkar babestu behar jauntxo feudalen erasoen pean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Siriako gerra
2022-11-08 | Aitor Aspuru Saez
Abdulkarim Omar
"Herri kurduaren aurka erabili ditu Turkiak, NATOra batzeko Suediak eta Finlandiak egindako eskaerak"

Abdulkarim Omar kurduak farmazia bat zuen Qamishlo-n, bere herriaren iraultza hasi zenean Sirian, 2012an. Orduan negozioa utzi eta lan politikoan sartu zen buru-belarri. Urriaren amaieran Euskal Herria bisitatu zuen, Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko ordezkari... [+]


AEBk Siriako base irandar batzuk bonbardatu ditu

Estatubatuar presidente Joe Bidenek eman du agindua Deir ez-Zor-eko bunker gunea bonbardatzeko. Munizioa biltegiratzeko eta laguntza logistikoa emateko erabiltzen diren bunkerrak direla adierazi du AEBtako armadak komunikatu batean.


2021-09-21 | Axier Lopez
Irailaren 11ko legatua: Yes we drone

2001eko urrian, irailaren 11n World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu eta hilabetera, Amerikako Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu batek historia egin zuen: drone moderno batekin (The Predator) eraso hilgarria egin zuen lehen pertsona izan zen. Ordutik, droneak XXI... [+]


2021-02-07 | Aitor Aspuru Saez
Siriako kurduen erronka zaila
Zer egin ISISeko milaka kide ohiekin?

Duela ia bi urte amaitu zen Daesheko Kalifatoa, baina erakunde horretan ibilitako milaka lagunek Siriako ekialde eta iparraldean jarraitzen dute. Kurduek gidatutako proiektu politikoak arazo larria du beste inork jaso nahi ez dituen pertsona hauek kudeatzen.


2020-07-22 | Mikel Eizagirre
Assaden Baaz alderdiak eta haren aliatuek irabazi dituzte Siriako parlamentuko hauteskundeak

255 eserlekutatik 177 eskuratu ditu al-Assaden “Batasun Nazionala” izeneko hautagaitzak.


Eguneraketa berriak daude