Rosa LLuch: "Belaunaldi bat edo bi beharko dira zubiak berreraikitzeko"

  • Katalunian ETAk egin zituen atentatuen artean bi izan ziren bereziki mingarriak: 1987ko Hipercorrekoa eta, hamahiru urte beranduago, Bartzelonan hil zuten Ernest Lluch Espainiako Osasun ministro ohi sozialistarena. ETAren amaierako erronkak hizpide, Bakea eraikitzen jardunaldiak antolatu zituzten Kataluniako hiriburuan Foro Sozialak, Bartzelonako Udalak eta Fundipauk. Biharamunean elkarrizketatu genuen haietan aritutako Rosa Lluch historialaria, Ernest Lluchen alaba.

“Terrorismoaren biktimon memoria iraintzen ari dira Kataluniako CDRak terrorismoarekin alderatuta”. (Arg.:Jordi Borrás)
“Terrorismoaren biktimon memoria iraintzen ari dira Kataluniako CDRak terrorismoarekin alderatuta”. (Arg.:Jordi Borrás)

ETAren biktima eta Ernest Lluchen alaba baino gehiago ere bazara…
Ane Muguruzak defendatzen duen ikuspuntu poliedrikoari helduta, aitaren alaba izateagatik ezagutzen nauena, nire bizitza angelu bakarretik begiratzen ari da. Aitaren alaba naizela begien bistakoa da, antzekotasun ikaragarria dudalako, batez ere, baina hori baino gehiago ere banaiz. Geure nortasuna eta pentsaera hainbat aldagaik osatzen du, eta ETAren biktima izatea da horietako bat, baina, esango nuke hobeki definitzen nauela, adibidez, historialaria izateak.

Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat biktimaren ahotsa entzun zen ekainaren 13an Bakea eraikitzen jardunaldietan. Nola bizi izan zenuen?
Oso aberasgarria eta erabilgarria izan zen esperientzia eta, bereziki, Ane Muguruzaren ekarpena. Katalunian, edo nire inguruan behintzat, aukera gutxi izan dugu berea bezalako bizipenak entzuteko. Txundigarria izan zen. Garai batetan sentitu genuen mina, seguruenik, berdina izan zen, baina, aldiz, orain arte ez dugu elkar ezagutzeko aukerarik izan.

Isilean gorde al da biktimen mina urte hauetan guztietan?
Badirudi ETAren biktimon bizipena gehiago entzun dela, guztion izenean solasten diren elkarte gutxi batzuek zarata egin dutelako. Edonola ere, biktimen sufrimendua isilean gordetzea baino, komunikazio falta izan dela esango nuke: guk ez dugu aditu Estatuaren biktimen mina eta, era berean, uste dut, euskaldun batzuek ere ez diotela ETAren biktimen testigantzari arretarik jarri. Horregatik, Bartzelonako jardunaldiak oso garrantzitsuak izan ziren, elkar ulertzeko plaza aurkitu genuelako. Argi dago bakardade, zabarkeria eta babesgabetasun sentsazioa berdina izan dela biktima ororen artean.

Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaile Agus Hernanek aipatu zuen euskal gizartearen eta Kataluniaren arteko adiskidetzerako balio behar zuela ekimenak. Konpartitzen duzu?
Nik ez dut euskal gizartearekin adiskidetzeko beharrik, Euskal Herriak ez baita nire minaren erantzule. Euskaldun jakin batzuek mindu naute, besterik gabe. Egia da, etaparen batean gizartearen zati bat isildu zela terrorismoaren aurrean, baina horrek ez ditu euskaldun denak erantzule bilakatzen, besterik ez genuen behar!

Argazkia: Jordi Borrás

ETAren biktimen artean salbuespena zarela erraten duzu. Zergatik?
Babestuta sentitu izan naizelako betidanik. Aitaren erailketak inflexio-une bat markatu zuen Katalunian, Hipercorreko atentatuak ere egin zuen bezala. Ernest Lluch izenarekin liburutegiak, ospitaleak, eskolak  eta kaleak daude han eta hemen. Sekula ez naiz bakarrik sentitu eta, beraz, salbuespena naiz. ETAren biktima gehienen izenak ez ditu ezagutzen jendeak, seguru nago oraintxe kalera atera eta ETAren hamar biktimen izenak eskatuz gero, jendeak nekez aipatuko lituzkeela.  

Inoiz sentitu zara ordezkatuta biktimen elkarteekin?
Sekula ere ez. Ez Espainiako AVTrekin ezta Kataluniako ACVOTekin ere, are gehiago, euren arrazoibidea nirearen erabat kontrakoa izaten da normalean. Baina kezkagarriena da, nire ustez, guztion izenean iritzia emateko askatasuna beren gain hartu dutela, inolako zentzurik gabe. Biktimen elkarteek ez dute zertan iritzia eman behar abortatzeaz edo Kataluniaren independentziaz, adibidez.

Badago, era berean, biktimak alderdi interesen alde erabili direla uste duenik. Ados al zaude?
Alderdi guztiek, salbuespenik gabe, biktimon mina erabili dute alderdi interesez. Tira, gizakiak gara. Baina, terrorismoa banalizatzetik harago, ezinbestekoa litzateke eragindako mina kudeatzeko proiektu sakon bat.

Bizikidetzaren alde, ETAren hainbat biktimak presoak ezagutu dituzte kartzeletan. Zer deritzozu?
Pasatu dena gainditzeko erabili diren estrategia denak dira baliagarriak, noski. Eta esango nuke, ez garela inor gainontzeko biktimek euren mina baretzeko erabiltzen dituzten bideak epaitzeko. Itzela iruditzen zait Gorka Landaburu edo Robert Manriquek beren atentatuen erantzuleak ezagutzea, eta itzela iruditzen zait, baita ere, Ane Muguruzak horren beharrik ez izatea. Estrategia pertsonalak dira, baina, zalantzarik gabe, denak dira erabilgarriak etorkizun baketsua eraikitzeko.

Zuk eginen zenuke?
Ez dakit, inoiz aukerarik izango banu, pentsatuko nuke. Baina argi dut horrek ez duela nire mina baretzen. Are gehiago, duela gutxi jakin nuen non zeuden nire aita hil zuten komandoko kideak eta informazio horrek zuzenean ez dit eragin. Gorrotoak eta amorruak ez dute pentsatzen uzten. Nire kezkarik handiena da, frankismoarekin gertatu zen bezala, ETAren gatazka era faltsuan itxi eta hemendik 20 edo 30 urte barru horren ondorioak ordaintzea.

Argazkia: Jordi Borrás

ETA, azkenean, amaitu da. Nola jaso zenuen albistea?
Duela zazpi urte Aieteko Adierazpenaren ondotik izan nuen sentsazioa berreskuratu nuen nolabait. Baina niretzat 2011koa izan zen albisterik garrantzitsuena. Horregatik seguruenik, orain ez dut orduan bizi izan nuen talka positibo hori sentitu, ETAren amaiera sinetsita nuelako. Gehiago harritu ninduen, eta onerako, eragindako kalteari buruz ETAk egin zuen adierazpenaren edukiak.

Biktimetako anitzek gardentasun falta salatu zuten, aldiz.
Bai, baina ni ez nator bat, uste baino urrutiago iritsi delako ETA. Egia da, adierazpenak badu arazo larri bat: gaizki ulerturako tartea uzten duela. Eta halaxe gertatu zen, argiagoa izan balitz saihestu zitekeen, baina agian hori zen helburua. Edonola ere, positiboa da.

Hemendik aurrera zein dira erronka nagusiak?    
Zaila izango da baina denok asebeteko gaituen ikuspuntu batera heldu behar gara. Badago gogoa, baina guztiok haserretzen gaituzten arrazoibideak daude oraindik. Tira, historialaria naiz eta uste dut denbora izango dela gakoa. ETAk urrats garrantzitsuak emateko urte asko behar izan dituen bezala, ulertu behar dute orain, bestaldetik urratsak emateko ere, urteak beharko direla. Erritmoak ezin dira bizkortu eta ETA amaituta, belaunaldi bat edo bi beharko dira, gutxienez, zubiak berreraikitzeko.

Gorka Landaburuk erraten du espetxeko barra lodiak indar berdina duela Sevillan zein Gasteizen. Zer deritzozu sakabanaketaz?
Hasteko, terrorismoaren biktima izanik alferrikakoa da, erabat, erantzule ez diren familia askorengan sakabanaketak eragiten duen sufrikarioa. Bestalde, legeak gehiago edo gutxiago gustatuko zaizkigu, baina bete behar dira. Argi dago, jardunaldietan parte hartu zuten abokatuek berretsi zuten moduan, sakabanaketa mendeku gisa erabiltzen ari direla Espainian. Beraz, joko arauak ezin direnez partidaren erdian aldatu, ezinbestekoa da presoak etxetik gertu egotea.

Katalunia ere bero dago eta CDRak terrorismo delituagatik salatu ditu Espainiako justiziak. Zer deritzozu?
Terrorismoaren biktimon memoria iraintzen ari dira Kataluniako CDRak terrorismoarekin alderatuta. Kanpora joan eta ordainpeko autobidea mozteagatik terrorismoz salatzen ari direla azalduz gero, ez dute sinetsiko. Astakeria da.  

Nola bizi duzu Kataluniako testuinguru politikoa?
Oso gaizki. Hasteko, konplexuegia da eta nahiago nuke gehiegi ez sakondu honetan, baina, kezkatuta nago. Erreferenduma egiten ez uztea sekulako hutsegitea iruditzen zait, 155. artikuluaren aplikazioa hutsegitea den bezala. Baina, era berean uste dut botoen %50a izan gabe alde bakarreko bidea inposatzea gaizki dagoela. Arazo gehiegi pilatzen ari gara.

Zer deritzozu PSCk 155a babestu izanaz?
Kataluniako alderdi politiko guztiek hanka sartu dute sakoneraino azken hilabeteetan. Elkar ulertzeko ezinbestekoa da autokritika egitea eta, zoritxarrez, orain arte alderdi politikoek bestearengan ikusten dute arazoaren ardura.

Mariano Rajoy bota dute eta Pedro Sanchez da orain presidente. Itxaropenik baduzu?
Itxaropena izan nahi dut. Elkar ulertzeko gogoa falta da bakarrik.

Amaitu aurretik, Kataluniak joan den abuztuan sufritu zuen azken hiru hamarkadetako atentaturik odoltsuena.
Bai, eta oraindik ere badira lokalizatu gabeko biktimak. Hipercorreko atentatuko biktima den Robert Manriquek aurrea hartuta, herritar talde batek plataforma bat antolatu behar izan du behar horiek asetzeko. Erakunde publikoen arduragabekeria sekulakoa da eta, kasu, oraingoan ardura ez da bakarrik Espainiako Gobernuarena, Generalitatearena ere bada.  

Zenbateraino eragin du Kataluniako testuinguru politikoak honetan?
Lehentasun kontua da. Generalitateak irailetik martxan izan beharko luke biktimen arretarako bulegoa eta, ondorioz, ez dago Bartzelonan eta Cambrilsen gertatu zenari erantzunik ez emateko aitzakiarik. Baina Artur Masek presidentzia hartu eta terrorismoen biktimei zuzendutako informazio eta aholkularitza zerbitzua itxi zuela kontutan hartuta, edozer gauza espero dut.


ASTEKARIA
2018ko uztailaren 01a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETAren biktimak
Yoyes-en egunerokoetan oinarritutako Lur Olaizolaren film berria, Parisko Cinéma du réel jaialdian

Lur Olaizola zuzendari donostiarraren azken filmak Cinéma du réel jaialdiko lehiaketan parte hartuko du. Parisen egoitza duen festibalak martxoaren 11tik 20ra bitartean egingo du aurtengo edizioa.


2021-10-18 | ARGIA
Ezker independentista, ETAren biktimei: “Gure egiten dugu mina, ez zen inoiz gertatu behar”

Adierazpena egin du euskal ezker independentistak, Aieteko Adierazpenaren eta ETAren indarkeriaren amaieraren 10. urteurrena dela-eta. Arkaitz Rodriguezek eta Arnaldo Otegik irakurri dituzte hausnarketak. ETAren indarkeriak eragindako biktimei aipamen berezia egin diete, eta... [+]


Ongietorriak deslegitimatu ditu Jaurlaritzak Udaberri bizikidetza planean

Maiatzean aurkeztu zuten zirriborroari hainbat puntu gehitu dizkiote, eta ongietorriak “de facto indarkeriaren kultura politikoaren gorespena” direla adierazi dute. ETAren biolentzia erabili eta justifikatu dutenei “gogoeta kritikoa” eskatu diete.


2021-05-31 | ARGIA
Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa "diskriminatzailea" dela salatu du Memoria Osoa sareak

Herritarrak mobilizatzera deitu dituzte bihar Gasteizen, zentroaren inaugurazioarekin bat eginez. Bizikidetzaren aurkako "erasoa" dela salatu dute.


2019-04-17
ETAren 41 biktimak polizia indarkeriaren biktimen aitortza eskatu dute

Polizia gehiegikerien eta eskuin muturreko taldeen biktimak aitortzeko eskatu dute ETAren 41 biktimak, Vocento Taldearen komunikabideetan zabaldutako iritzi artikulu baten bidez.


Eguneraketa berriak daude