Ofizio zaharrak berreskuratzen

  • Euskal Herriko beste hainbat lekutan gertatu den moduan, etxeek hartu dituzte Lazkaon lehenago soro eta baratze ziren lurrak. Asfaltoak, zementuak, kultura hiritarrak, Enpaundi baserria inguratu dute. Baina Garin sendiaren hormen artean, oraindik, baserriak ez du izana galdu. Herriari bizkar eman gabe, baserriaren kultura taupaka ari da Enpaundin. Lazkaon Basherri Eguna egiten denetik, urtero langintza bat berreskuratzen dute, eta baserriko eguneroko lanetarako erabili. Esku trebeen eta sormen handiaren emaitza dira.


2018ko maiatzaren 27an
María Elena Garin, eurek egindako dezterarekin aizkora zorrozten. Ezkerretara Juan Joxe Garin, beraiek sorturiko eserlekuan sega pikatzen.
María Elena Garin, eurek egindako dezterarekin aizkora zorrozten. Ezkerretara Juan Joxe Garin, beraiek sorturiko eserlekuan sega pikatzen.

Iraila amaieran, urtero-urtero, baserriari loturiko ofizio zahar bat erakusten dute garindarrek Lazkaoko Basherri Egunean. Baserriarekiko duten maitasunak bultzatuta eta arbasoengandik jaso duten ondarea erakutsi nahian, Lazkaoko plaza bihurtu dute euren erakustoki, eta Enpaundi, dagoeneko galdu diren ofizioak berreskuratzeko “laborategi” txikia.

Julio Caro Barojak berak, baita historian zehar aritutako hainbat euskal etnografo ezagunek ere jaso izan dituzte ofizio hauei buruzkoak; eta idatzi dituzte liburuak eta txostenak. Enpaundin, ordea, prozesua zerotik hasten da: baserrian ikusitakoa, aiton-amonei entzundakoa oinarri hartuta, informazioa eta lehengaiak bilatzen dituzte, eta euren afizioa ikusgarri egiten dute. Ez da paperik; ez da boligraforik; sortu egiten dute. Egurra, harria, metala landuz, ofizio bati zegozkion pausu eta erreminta guztiak sortzen edo berregiten dituzte. Isilpean gordetako artisauak dira.

María Elena, Juan Joxe eta Mari Carmen Garin, 2017ko Basherri egunean Lazkaoko frontoian egin zitzaien omenaldian.
Arian-arian xehetzen da burdina

Eta halaxe, Enpaundi baserriko Juan Joxe Garin, bere emazte María Elena eta arreba Mari Carmenen laguntzarekin, arian-arian, urtez urte, eguneroko lanarekin joan da hainbat ofizio, erreminta zahar eta ohitura berreskuratzen. Hauek egiteko denbora nondik ateratzen duten galdetuta, eurek garbi dute erantzuna: “Denbora denean aritu behar”.

2012an lehendabiziko Basherri Eguna ospatu zenean egin zuten aurreneko erakusketa. Orduan, artoa aletu eta txikitzeko makinak erakutsi zituzten. “Txikitan artoa ereiten genuen baserrian, eta aitak bazituen horiek aletu eta txikitzeko makinak”, esan digu Juan Joxek. “Guk bagenekien nolakoak ziren makina horiek, eta 2012rako berreskuratu eta hobetu egin genituen. Egurra ere gure lursaileko arbola batetik atera eta hori erabili genuen zaharberritzeko. Erabiltzen dugun egur guztia baserri ingurutik hartutakoa da; geurea”. Enpaundiko erriberan oraindik ere ikus daitezke arto-sailak. Artaburua hartu, eta gure aurrean egin du froga. Artaburua osorik sartu du artoa aletzeko makinan, eta eskuzko bidera bati eman ostean, aleak alde batetik eta artaburu zuritua bestetik atera dira. “Arto ale hauek artoa txikitzeko makinan sartzen ditugu, eta txiki-txiki eginda ateratzen dira. Ondoren oiloei jaten emateko erabiltzen ditugu. Berreskuratu ez ezik, erabili ere egiten dugu makina zaharra!”.

2013an haria egiteko prozesua hasieratik bukaeraraino egin zuten. “Aitonari ikusitakoarekin, eta inguruko jendeari eta artzain helduenei galdezka, urte osoa aritu ginen ikasten. Haria egiteko kardak berreskuratu genituen eta egurrezko kabilak egin genituen”. Artiletik galtzerdiak sortzerainoko prozesua egin zuten plazan. “Galtzerdiak egiten ere ikasi behar izan genuen…”. Hori gutxi balitz, prozesu horren guztiaren erakusketarako enbor bakarretik ateratako mahaia eta aulkiak egin zituzten; eta baita plazara eraman ere!

2014an garia hartu zuten gai. “Guk ezagutu genuen garia Enpaundin. Oso garrantzitsua zen ogia egiteko”. Garindarrek garia baserriko erriberan landatu ostean, jaso, eta garai batean egiten zen moduan, “balatan” jarri zuten 2014an. Ondoren, etxean ikasi bezala, gari-sortak jo egin behar ziren, eta horretarako, arbelezko harri bati forma eman zioten. Hortik aleak askatzen ziren. Baina urte hartan lan gehien eman ziena haizatzailea egitea izan zen. “Gari-aleak bertan sartu, nahi duzun neurriko sarea jarri, eta haizea eman behar zaio alea dagoen sareari. Honela, gari-aleen azalak haizearekin alde egiten du, eta aleak saretik behera pasatzen dira, bertan biltzeko”.

2015ean ere ez zen nolanahikoa hartu zuten erronka, eta garai batean lixiba egiteko erabiltzen zen modua berreskuratu zuten. “Etxean bagenuen lixiba-harri bat, baina lapurtu egin ziguten. Guk ezagutzen genuen lixiba egiteko prozesua, nahiz eta gurean sekula ikusi ez”.  Horretarako harri blokea erosi, eta lixiba-harria egin zuen Juan Joxek. Horrek gainean tina izaten zuen, eta “hau ere guk egin genuen”. Lihoz eginiko arpila izeneko zapia eta harraska ere eurek sortu zituzten, prozesua goitik behera nola egiten zen erakusteko.

2016an erreminta zaharrak zorrozteko “deztera” egin zuten: “Harri egokia lortzea zen garrantzitsua. Dezterak hareharrizkoa behar zuen eta garai batean onenak Igeldon egiten zirela ere bagenekien. Azkenean lortu genuen harri egokia deztera egiteko, baita oinarria egiteko ere. Deztera hareharrizkoa bazen ere, oinarria kareharriz egina zen. Hareharrian hankarekin mugitzeko pedala ere jarri genion, etxeko akazia baten egurrarekin egina”.

Baserriko erreminta ezberdinen miniaturak, Juan Joxek eginak.
Eskuak orainean, burua etorkizunean

Baserriko ofizio zaharrekiko maitasun eta artisaugintzarako berezko trebetasunari esker, Enpaundi baserria urte gutxian nahigabeko museo txikia bihurtu da. Lazkaoko plazan euren lanak erakusten jarri aurretik, dagoeneko, Juan Joxek baserriko erreminta zaharren egurrezko eta burdinazko miniaturak eginak zituen, eta guztiak koadro baten barruan dituzte gordeak, txukun-txukun, izen eta guzti jarriak. Egurrezko idi-parea, uztarriarekin eta gurdiarekin ere eginak dituzte tamaina txikian, eta ikusgai etxeko gune preziatuenean, berreskuratu dituzten makinen miniaturekin batera.

Ideia batek bestea dakar atzetik, eta garindarren burua orainari bezala dago etorkizunari begira. Duela bi urte Juan Joxek errota txiki bat sortu behar zuela pentsatu zuen. Lazkaoko plazan erakusteko ez ezik, etxeko artoa irin bihurtzeko ere lagunduko zion errota sortu nahi zuen. Erronka handi horri eutsi eta espezialistei galdezka hasi zen, eta hara eta hona, beharrezko lehengaiak bilatzen. Egurra bazuen, euren basotik ateratakoa, baina errotarriak egiteko harria zen garrantzitsuena. Bila hasi zen, eta azkenean Nafarroan lortu zuen harri bloke egokia. Urte hauetan jo eta su ibili da lanean; eta orain bai, harro esan dezake errota ere amaitu duela.

Ezkerretara ikusten da Enpaundi. Gertu, baina aparte zegoen herria. Egun, Enpaundik leku berean jarraitzen du; baserria ez da mugitu; baina herria bai; herria hazi egin da; zabaldu. Enpaundi herri barruan dago jada; herriak irentsi du.
Baserriak zutik iraun dezan

Enpaundi baserritik ateratzean, parez pare topatu dugu saihesbidea. Eta berriro ere errealitatera bueltatu gara. Patxadaz izandako solasaldia utzi, eta ero moduan presaka bizi den gizartera itzuli gara. Kotxeak kotxeen atzetik aurrera doazen bitartean, Enpaundiko sarreran dauden garoz eta lastoz eginiko bi meta perfektuak atzean utzi ditugu; kanpotik datorrenari nora datorren abisatu nahi baliote bezala. Herriari itsatsita, baina baserriak zutik darrai.

Juan Joxe Garinen oroimenean

Gaixotasun luze baten ostean, erreportaje hau argitaratu baino lehenago joan zaigu betirako Juan Joxe Garin. 2018ko hasiera euritsua bezain tristea izan da Lazkaoko Enpaundi baserrian. Ostarteak zabaltzen diren momentuan jabetuko gara guztiok Juan Joxek utzi digun ondare zoragarriaz. Eta urteak bere zikloa jarraituko du, eta itzuliko da berriro ere iraileko Basherri Eguna, 2018koa. Udak argituko omen du Enpaundikoak plazara itzuliko diren ala ez; hori esan digu Mari Carmenek. Berak, baina, gogoa baduela dio. Anaiari eginiko omenaldirik ederrena litzateke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2024-05-14 | Garazi Zabaleta
Ja(ki)tea
Betiko eta bertako sukaldaritza sustatzeko elkartea

2009an sortu zen Ja(ki)tea elkartea zenbait jatetxe, sukaldari eta gastronomia kritikariren arteko elkarlanetik. “Hasiera hartan, Gipuzkoako 14 bat jatetxe elkartu ginen, baina pixkanaka hazten joan da proiektua, eta gaur egun 37 gara”, azaldu du Xabier Zabaletak,... [+]


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


Eguneraketa berriak daude