"Erabakitze gaitasuna izan nahi dugu, gure ordez kanpotik erabaki ez dezaten"

  • Lehen pertsonan idatzia dago artikulu hau. Ricardo Hernandez Jimenezi eman diogu hitza, Nafarroako ijito elkarteak biltzen dituen Gaz Kaló Federazioko koordinatzaileari. Erakundea 2000. urtean sortu zen eta ordutik buru-belarri dihardu ijitoen kultura ezagutarazten eta estereotipoak hausteko lanean. 

Gaz Kaló elkarteko ordezkariak (eskuinean ageri da Ricardo Hernández), Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin, 2017an. Aurten ere bilduko dira, hilaren 27an, Ijito Herriaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitasmoen barruan / Arga
Gaz Kaló elkarteko ordezkariak (eskuinean ageri da Ricardo Hernández), Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin, 2017an. Aurten ere bilduko dira, hilaren 27an, Ijito Herriaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitasmoen barruan / Argazkia: Nafarroako Parlamentua

Ijitook 500 urte baino gehiago daramatzagu lurralde honetan, baina jendartearen gehiengoarentzat ezezagunak gara. Nafarroako ijitoei buruz ezagutzen den lehen idatzia 1435. urtekoa da, Nafarroako Blanca erreginak ijitoei Erriberrin harrera egin zienekoa. Egun, 7.000 inguru bizi gara lurraldearen luze zabalean banatuta, eta pentsatzekoa den moduan, komunitate heterogeneoa gara. Hala ere, gure kultura eta errealitateak ez dira nahikoa ezagutzen; aurreiritzi, estereotipo eta uste txarrak gailendu dira.

Bazterkeriaz, diskriminazioz eta jazarpenez jositako historia da gurea; frankismoa amaitu arte ez dugu inolako babes juridikorik izan. Are, gure kontrako legeak urte luzez egon dira indarrean. 1549ko lege testu batek jasotzen du ijitoak aurkituz gero zigortu eta kanporatu eginen dituztela eta egoerak okerrera egin zuen XVII. mendean. Egun, eskubideak lortu ditugu eta legeek babesten gaituzte, baina sarritan, errealitatean gauzak ez dira hain errazak, eta egunerokoan gure aurkako jarrerak pairatzen ditugu.

Nafarroan, Europar Batasun osoan oro har, arrazakeria eta xenofobia ikaragarria dago, eta jatorri ezberdinetako beste komunitateekin batera, diskriminazio egoera handienetakoa jasaten dugu guk. Bizitzaren arlo guztietan eragiten digu bazterketa horrek, eta horren adibide dira gure gazteen artean dugun eskola porrot larria, etxebizitza edo lana lortzeko zailtasunak edota ijitoa izan edo iruditzeagatik zenbait lekutan sarrera ukatzea. 

Arrazakeria kasuen gorakada

Azkenaldian, Iruñean halako hainbat kasu ezagutu dugu. Alde Zaharreko taberna batzuetan atezainek ijito batzuei ez diete lokalean sartzen utzi, jabeek ijito etniako inori sartzen ez uzteko agindua emana dutelako. Gertaera horien berri izan bezain laster Sos Arrazakeriako kideekin eta Arartekoarekin batera epaitegietara jo genuen eta kasuak aztertzen ari dira. 

Gisa horretako gertaerak jazo ez daitezen legeen berrikusketa eskatzen dugu, leku publikoetan jatorri, etnia, erlijio, sexu, iritzi, identitate eta bestelako baldintza pertsonal edo sozialengatik inori sarrera ukatzea galarazteko. Aisialdirako lokalak leku irekiak dira, baina Nafarroako 2/1989 Foru Legearen barruan ezarritako 33/2011 Foru Dekretuak espazio hauetarako sarbidea eta bertako egonaldiak arautzen ditu eta horren berrikusketa da eskatzen duguna. 

Gertaera horien harira, otsailean Iruñeko Udalak aho batez onartu zuen establezimenduetan sartzeko debekuen kontrako adierazpen instituzionala. Legea berrikusiko duela hitz eman du eta horrekin batera, inpunitaterako biderik egon ez dadin, biktimei eragindako kalteei erantzuteko neurriak hartzeko eta halakoak errepika ez daitezen saihesteko kontrol mekanismoak jartzeko konpromisoa hartu du. 

Elkarlana giltzarri

Hori dela eta, gure kultura eta komunitatea hurbildu eta guri buruzko irudia hobetu asmoz, ijito eta ijito ez direnen arteko elkarlana eta elkar ezagutza sustatzen saiatzen gara hainbat egitasmoren bidez. Helburu horrekin sortu zen Gaz Kaló duela 18 urte, Nafarroako ijito elkarteen koordinazioa eraman, irizpideak bateratu eta gizarte eta administrazioaren arteko zubi lanak egiteko. Dagokigun lekua, protagonismoa eta erabakitze gaitasuna izan nahi dugu, guri dagozkigun kontuetan erdigunean egon eta subjektu aktibo izan, kanpotik gure ordez erabaki ez dezaten. Sarritan hitz egiten da gutaz, eta guretzako politika bereziak egiten dira, beraz, kalean egoteaz gain, erabakiak hartzen diren espazioetan ere egon nahi genuke.

Garbi dago gu garela guri buruzko irudia hobetzeko lehen urratsa eman behar dugunak, eta horretan dihardugu; zentzu horretan, ijito herriak ematen duen aurrerapauso bakoita eta lortzen duen onarpen zein eskubide bakoitza jendarte osoarentzat onuragarri izanen da. Eremu berean bizi diren kulturek bizikidetza eta errespetua behar dute eta horretarako guztion arteko lankidetza behar da, harremanak normalizatu aldera.

Ikuspegi globala eta gertukoa aldarrikatzen dugu, herriz herri lan egin, baina aldi berean ingurua ere kontuan izanik. Gaur gaurkoz, hamabi elkarte daude federatuta eta gure lan-ildo nagusiak gazteriarengan eta emakumeengan bideratu ditugu. Gazteak gure komunitatearen etorkizuna izanen direlako eta emakumeak ijito komunitatearen zutabe eta motor nagusiak direlako.

Komunitatearen motor

Emakume ijitoa kulturaren transmisioaren zutoina da, familia osoaren babeslea, eta aldi berean ekintzailea, betidanik atera izan baita kalera. Emakume ijitoen errealitatea islatzeko haien testigantzez osaturiko dokumental laburra ekoitzi zuen Helena Bayona Carlos kazetaritza ikasleak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren diru-laguntzarekin. Herriz herri proiektatzen ari gara Mordiendo el aire. Kalis/Romis: emakume ijitoak berdintasunerako bidean ikus-entzunezkoa eta oso kontent gaude izaten ari den harrerarekin; gainera, EHUko Francisca de Aculodi saria irabazi berri du. Dibulgazio eta aitortzarako lan oso ederra da.
Horrez gain, emakumeak oso ongi antolatzen ari dira, horren adibide da martxoaren 22, 23 eta 24an Bartzelonan egin zuten Emakume Ijitoen Nazioarteko II. Kongresua. Iruñetik 14 emakume joan ziren autobusez eta oso pozik itzuli ziren, ahalduntze prozesuan arnasgune baitira halako topaketak. 

Emakume ijitoak, arrazakeriaren aurkako manifestazio batean, Bartzelonan.

Martxoaren 8an ere kalera atera ziren herriz herri deituta zeuden mobilizazioetan parte hartzera; eta aurtengoak izan duen indarra ikusita garbi dago norabide horretan erronka handia dugula egiteko gizarte gisa eta baita guk komunitate gisa ere. Oso itxaropentsua da. Gaz Kalón presidente-ordea emakumea den arren, koordinatzailea eta federazioaren irudia ni izan ohi naiz; baina datozen urteetan presidentetza aldatzeko asmoa dugu.  

Eskola porrota

Federazioan asko kezkatzen gaituen gaia da hezkuntzarena. Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) kaleratutako azken datuen arabera, ijito gazteen %20k soilik amaitzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Gainera, 12 urtekoen artean, gazteen %60 soilik ari da ikasten bere adinari dagokion mailan. Eskola porrota eta absentismo-indizeak oso altuak dira eta horrek eragin handia du bizitzako arlo askotan, besteak beste, enplegu eremuan. Datuak oso kezkagarriak dira eta beharrezko ikusten dugu familia, haur eta gazteei hezkuntzaren garrantzia azpimarratzea.

Aditu eta profesionalekin lanean ari gara arazo honi aurre egiteko eta hainbat proiektu abiatu ditugu. San Adriango Alfonso X El Sabio eskolan adibidez, eskola eragilearen figura txertatu da eskola barruan nahiz kanpoan, ikasle, irakasle, familia eta inguruaren arteko bitartekotza egiteko. Pozik gaude emaitza onak izaten ari delako, hiru urtean dezente jaitsi da eskola-absentismoa eta familien eta eskolaren arteko harremana ere asko hobetu da. 

Bestalde, eskertuko genuke hezkuntza komunitatetik guri buruzko uste txarrak uxatzen lagunduko balitzaigu. Lurralde honetan bost mende baino gehiago eramanagatik, ikusezinak gara, eskoletako liburuetan ez gaituzte aipatzen; eta gutaz hitz egiten denean txarrerako izan ohi da. Haur eta gazte guztiekin estereotipo horiek hausten saiatu beharko genuke. 

Ekimen ugari

Erakunde askorekin elkarlana eta indar metaketa bultzatzen saiatzen gara. Horregatik harreman handia dugu SOS Arrazakeria edota Pobrezia eta Giza Bazterkeriaren Aurkako eta Zurrumurruen Aurkako sareekin. Ez dugu soilik ijitooi eragiten diguten aferetan parte hartu nahi, pertsona guztion ongizatearen alde baizik.

Ekimen asko dugu martxan, eta beste hainbeste babesten dugu. Berdintasunera bidean emakumeekin lan egiteaz gain, Acción Contra la Trata elkarteak iazko otsailean abiatutako “Metachodemacho / Gizonkeriatik Gizontasunera” kanpainan ere gure aletxoa jarri genuen, gizonen rol eta pribilegioak iraunarazten dituen egungo maskulinitate eredua zalantzan jartzeko beharra ikusten dugulako. Uste dut ijitook ere hor egon behar dugula, asko baitugu ikasteko eta lantzeko.

Halaber, azken hilabete hauetan, Gaz Kaló, Sabicas Etxea eta Hezitzaile Eskolako Animazio Soziokulturaleko hainbat ikasleren elkarlanari esker Iruñea Calía ezagutarazteko iniziatiba turistikoa diseinatzen ari gara. Bestelako ibilbide turistiko bat sortu nahi dugu, kultura calíaren eta hiriko ijitoen begiradatik abiatuta. Iragan martxoaren 16an ibilbidearen lehen entsegua egin genuen hainbat erakundetako eledunek lagunduta eta oso ongi atera zen; gustukoa izan zuten eta epe motzean martxan jarri nahiko genuke.

Ijito herriaren nazioarteko eguna

Apirila hilabete berezia da ijitoentzat, hilaren 8a Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna baita. Nafarroan ekimen ugari antolatu dute euren kultura ezagutarazi eta harremanak sortzeko, ez soilik hilaren 8an, hilabete osoan baizik. Pasa den ostiralean, esaterako, Chavorrós y Chavorrís elkarteak ijito gazteen topaketa antolatu zuen Burlatan, eta 27an Nafarroako Parlamentuak harrera eginen die Nafarroako ijitoen erakundeko kideei. Ekitaldi instituzional horretan, Javier Echeverria omenduko dute, San Ferminetan kiliki eta erraldoiak dantzarazten zituen “Txuntxuneroa” (1911n hil zen), eta ospakizunei amaiera emateko 13:00ean mokadutxoa eskainiko dute Iruñeko bihotzean ijitoen elkargune den Sabicas Etxean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ijito herria
2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


"Larrialdi humanitarioa da, eta katastrofea ez da naturala, administrazioak eragin du"

Madrilgo Cañada Real auzoan bizi da Houda Akrikez (Tanger, 1982) Tabadol elkarteko presidentea, Puerta del Sol plazatik hamasei kilometrora. Hiru urte daramatzate auzoan argindarrik gabe 4.000 lagunek, tartean 2.000 haurrek, Naturgy enpresak hornidura elektrikoa eten... [+]


Ipar Euskal Herriko ijitoen elkarteak salaketa jarri du LCI telebistaren kontra, arrazakeriagatik

LCI telebista kateko Parc Brunet, Hammett & Cie saioan jitoak lapurrei konparatzeagatik jarri du salaketa du Euskal Herriko Ijito Komunitatearen Zentro Sozio-kulturalak. Audiobisualaren eta numerikoaren sektoreaz arduratzen den ARCOM autoritatearengana ere jo du gertatutakoa... [+]


Eguneraketa berriak daude