Gizarte zibilaren borroka zaborretik dator Libanon

  • Libano Ekialde Hurbileko paradigma txikia da. Eskualdeko herrialde txikiena eta pluralena izanda, inguruko gatazka eta krisialdi guztiek eragiten diote. Gauzak horrela, libanoarrak desegonkortasunean bizitzera ohitu dira. Gatazka ugari bizi izan dituzte azken hamarkadetan, atzerriko armaden esku hartzeak, liskar etniko eta erlijiosoak... 2015ean gobernua erorarazteko zorian izan ziren milaka lagun, kaleak hartuta. Arrazoia gutxik aurreikusi zuen: hondakinen kudeaketa eredua.

Argazkia: Diego Ibarra Sanchez / New York Times
Argazkia: Diego Ibarra Sanchez / New York Times

2015 arte Libanoko hondakin gehienak Naamehko zabortegira bidaltzen zituzten, hau da, hiru milioi eta erdi biztanle dituen herrialde bateko ia zabor guztia leku bakar batean biltzen zen. Espazioa eta denbora mugagabeak izango balira bezala, agintariek ez zuten konponbiderik bilatu zabortegia bete arte. Politikariak ez ziren gai izan zabortegi berriaren kokalekua adosteko eta bilketa zein birziklatze azpiegituren eskasia zela eta, hondakinak azkar pilatu ziren Beiruten eta haren inguruko Libano mendilerroaren inguruetan. 150.000 manifestari inguruk hartu zuten parte urte hartako abuztuko mobilizazioetan, azken hamarkadako protestarik handienak.

Hondakinen kudeaketa sistema politiko ustel oso baten kontra egiteko aitzakia izan da Libanon

Ezusteko handia hartu zuten askok, izan ere, afera ekologiko batek eragin zuen jendearen haserrea, eta ez liskar etniko edo erlijiosoek. Hala ere, hondakinen kudeaketa sistema politiko ustel oso baten kontra egiteko aitzakia baino ez zen izan. Eta Beiruteko mapa politikoa aldatzeko balio izan zuen. Politika sektarioaz nazkatuta zeudenek Beirut Madinati (Beirut nire hiria) sortu zuten: agenda politiko ekologistaren bitartez, herrialde osoko politika aldatu nahi du alderdiak. Hiriburuan agintea du egun.

Betiko alderdien erantzuna axolagabekeria hutsa izan zen; arazoa kostaldean bi zabortegi zabalduz konpontzea espero zuten. Lehena Burj Hammuden zabaldu zuten, Beirut iparraldean dagoen auzo armeniarrean. Bestea hegoaldean, aireportuaren ondoan, eta txiste txarra badirudi ere, Costa Brava izeneko hondartza batean. Hainbat hilabeteko biziraupena ezarri zitzaien bi hondakindegiei, baina bi urteren ostean zabalik diraute. Zaharrak berri Libanon.

Duela bi urteko mobilizazioak hainbat hamarkadatako arduragabekerien ondorio izan ziren eta bi eredu kontrajarri zituen: gaikako bilketaren vs erraustegiaren aldekoak, Euskal Herrian aski ezaguna den eztabaida.

Zaborraren kostaldea
Burj Hammudeko zabortegia, Beirut iparraldean. (Arg.: Constanze Flamme / Zenith)

Burj Hammud eta Costa Brava ezohiko neurriak izan ziren, Cedar Environmental taldeko buru eta Zero Zabor Libano plataformaren eragile Ziad Abi Chakerrek dioenez. Libanoarrek argi dute zabortegien politikak ez duela etorkizunik eta eredu berrien bila dabiltza.

Proposamen ugari egin dira, baina politika egiteko eredua aldatu arte norabide berean jarraituko dutela uste du Abi Chakerrek: “Alderdi gehienek erraustegiaren proiektua babesten dute, espekulatzen jarraitzeko modua delako. Hondakinen kudeaketa monopolioa den bitartean, etekin ekonomikoak lehenesten jarraituko dute”.

Bi zabortegiak betetzen jarraituko dute gainezka egin arte. Burj Hammud Beiruteko auzorik populatuenetarikoa da, eta baldintza higienikoak nabarmen okertu ahala geroz eta ohikoagoak dira bizilagunek eragindako suteak. Costa Bravako zabortegiak, berriz, kolokan jarri du aireportuaren bideragarritasuna, zaborrak ehunka kalatxori biltzen baitu. Hegazkinen motorrekin talka egiteko arriskua dela eta, behin baino gehiagotan neurriak hartu behar izan dituzte. Alarma akustikoek eraginkor izateari utzi diotenez, Costa Bravako hondakinak lurperatzen hasi dira, kostaldea are eta gehiago desitxuratuz.

Kudeaketa krisi baten ikur

Bi zabortegiak krisiaren ikurrak baino ez dira, Libano bera zabortegi erraldoi bihurtu baita. 10.000 kilometro koadro ditu –Euskal Herriaren erdia–, hiru milioi eta erdi biztanle eta geografia askotarikoa. Kostalde mediterraneoa, zedrozko basoak, 3.000 metroko altuerako mendiak eta basamortua. Tripolitik Tirora (163 kilometro) doan errepidean, itsasoa bezain urdinak diren milaka plastiko botila pilatzen dira bide bazterretan. Hirietan ez ezik, barnealdeko edozein herrixkatan ikus daitezke hondakinak botatzeko erabiltzen diren lursailak.

Herritarren jarrera asko hobeto behar da Ziad Abi Chakerren ustez. Hezkuntza faltaren ondorioz, “kexu diren gehienek ez dute birziklatzen”, haren ustez. “Sentsibilizazio lan handia egin behar da oraindik; bestalde, birziklatu nahi dutenek baliabide gutxi dute”. Birziklatzea borondate kontua da Libanon. Norberak bildu, sailkatu eta birziklatze gunera eraman behar du. Koloretako edukiontziak gutxi dira, eta nekez aurkitu daitezke auzo umiletan.

Gainpopulazioak ere ez du mesederik egiten eta bereziki larria da milioika errefuxiatuen egoera. 2011z geroztik Libanok milioi eta erdi siriar errefuxiatu hartu ditu, Nazio Batuetako Iheslarientzako Goi Mandatariak (ACNUR) emandako datuen arabera. Hala ere, 2014. urtetik ez da zenbaketarik egin, herrialdeko oreka politikoa ez harrotzeko asmoz.

Manifestazioa Beiruten, zabortegien kudeaketa txarragatik protestan. (Arg.: Nabil Mounzer / EPA)

Ezin dira ahaztu, bestalde, 1948tik Libanon dauden errefuxiatu palestinarrak. Bi kasuetan, hondakinen kudeaketa ezak arazo higieniko latzak eragin eta gaixotasunak areagotu ditu. Shatila errefuxiatu gunean, adibidez, 40.000 lagun inguru bizi dira kilometro koadro erdian –datuak tentuz hartu behar dira, asko aldatzen baitira–, Ekialde Hurbilean palestinar errefuxiatuez arduratzen den UNWRA erakundearen arabera.

 
Deszentralizazioa konponbide

Arazoari tokian tokiko erantzuna ematea proposatzen du Abi Chakerren Cedar Environmental elkarteak: “Eskualde bakoitzak bere hondakinak kudeatuko balitu sistema askoz ere eraginkorragoa izango litzateke, eta ustelkeria murriztuko litzateke”.

Herrialde osoko hondakinak monopolio baten menpekoak izatea sistema astuna eta motela da. Libanoko politikariek ez dute interes orokorra aintzat hartzen, bakoitzaren komunitatearenak baino. Sistema politiko sektario hori aldatu ezean, hondakinen afera okertuko dela uste dute eragile ekologistek.

Hala ere, deszentralizazioaz haratago doa Ziad Abi Chaker, gaikako bilketaren aldeko apustu sendoa egin baitu azken urteotan. Mr Zero Waste goitizenez ezagutzen dute ekintzailea, hondakinek eskain ditzaketen aukeretan sinisten duelako: “Nire arrakasta zaborretik dator”.

Oso kritikoa da Abi Chaker estatu eta erakunde publikoekiko. Estatuaren papera populazioaren ongizatea babestea eta giza eskubideak bermatzea da, baina Libanon politikariek aukera horri muzin egiten diotela uste du. Aldaketa behetik etorri behar dela dio, “alderdiek jendearen eskariei jaramonik egiten ez dienean, gizarte zibilak inprobisatu behar du”.

Ekimen pribatuak arindu du gaitza
Eremu pribatutik etorri dira oraingoz irtenbide saiakerak: herrialde osoan gaikako bilketa sustatzen duten kooperatiba eta enpresak agertu dira

Bitxia badirudi ere, gizartearen ongizatea helburu duen sistema ekimen pribatuaren ondorio da. Cedar Environmentalek udalekin batera egiten du lan. Sistemaren eraginkortasuna agerikoa da bere esanetan; Beit ed-Dine hirian adibidez, Chouf eskualdean, kalean pilatzen diren hondakinak nabarmen murriztu dira, zabor tasek behera egin dute eta gainera lanpostu ugari sortu dira.

Cedar Environmental ez da aldaketaren alde egin duen bakarra; Libano osoan gaikako bilketa sustatzen duten kooperatiba eta enpresak agertu dira, tartean oinarri sozial nabarmena duen Recycle Beirut. Siriako eta beste herrialde batzuetako errefuxiatuekin egiten du lan.

Libanoko hondakinen krisialdiak txanponaren bi aldeak erakutsi ditu. Batetik, kudeaketa arduragabearen ondorio ekologiko eta sozialak agerikoak dira, eta ez dirudi agintariek gauza asko aldatzekotan direnik. Bestetik, gizarte zibilaren boterea ezagutu dute libanoarrek; estatuaren babesa jaso ezean, euren gain hartzeko prest daudela erakutsi dute askok. Erraustegiaren proiektua aurrera doa Libanon, baita gizartearen parte handi baten oposizioa ere. Duela bi urte hiritarrek gobernua bertan behera utz zezaketela erakutsi zuten. Ikusteko dago zein erantzun emango dioten erraustegiari, eta hortik zer ikas daitekeen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Libano
2024-03-24 | Marta Maroto
Inork nahi ez duen gerra saihetsezina

Hezbollah, Ekialde Hurbileko miliziarik boteretsuena, Libanoko lurretatik Israeli eraso egiten hasi zen, Gazako sarraskia hasi eta biharamunean. Palestinari elkartasuna adierazteko bigarren fronte honen etorkizuna Zerrendan gertatzen denarekin lotuta dago. 91.000 lagun inguru... [+]


Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


PODCAST 2x31 | Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


Eguneraketa berriak daude