Demokrazia interruptus

  • Autogobernua likidatu eta politika sozialak blokeatzetik harago, Katalunian 155. artikulua aplikatzeak oinarrizko eskubideak murriztu eta mugimendu soberanistaren xedeak oztopatzea bilatzen du.

"Generalitatetik okupak kanpora" oihukatu zuten ehunka lagunek Bartzelonako Sant Jaume plazan. (ACN)

Itzulpenak, kopiak alde guztietatik eta pertsonala lekuz kanpo uzten duten aginduak. Horixe da Kataluniako Generalitateko departamentuetako egunerokoa 155. artikulua aplikatu ostean, orain hilabete eta erdi.

Teknikoki, aldaketek ez dute egunerokoa aldatu, automatismoek edozein disfuntzio zuzentzen baitute. Baina politikoki, ezer ez da berdin urriaren 28ko gauean Espainiako Estatuko Boletin Ofizialean artikulua argitaratu ostean. Ministro kontseiluaren ondoren, Mariano Rajoyk autogobernua bertan behera geratu zela iragarri eta Europa demokratikoan parekorik ez duten neurri saldoa inposatu zuen.

Jendetza Bartzelonako Sant Jaume plazan Errepublika ospatzen ari zen bitartean, Rajoyk kolpe batez Kataluniako exekutiba kargugabetu zuen, eta bide batez, baita beste 185 kargu ere. Prentsa arduradun, zuzendari, idazkari orokor eta konfiantzazko beste kargu horien inguruan pibotatzen zuen Junts pel Sí-ren politikak.

Berehala, Generaliateak atzerrian zituen bulegoak erori ziren, Diplocat, Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordea eta beste 25 organismo gehiago, Madril eta Bruselako delegatuak eta Jose Lluís Trapero buru zuen Esquadra Mossoen kupularekin batera. Eta zentzugabekeriak borobiltzeko, hauteskundeen iragarpena; Puigdemont erbestean eta Govern erdia kartzelan dauzkaten bitartean, egungo panorama politikoari are itxura negargarriagoa emanez.

Mehatxupeko blokeoa

Egiturari burua moztuta, Parlamenta disolbatuta eta Soraya Saénz de Santamariaren gidaritzapean, Katalunia gaur egun esku hartutako administrazioa da. Inertzia burokratikoagatik funtzionatzen badu ere, proiektu asko geldiarazita daude. Horixe bera salatu du aste honetan Bartzelonako Centre d’Art Santa Mònicako artista talde batek, programazioa murriztu behar izan dute hainbat ordainketa egitea falta delako, edo Lleidako Seu Vellako langileek zaharberritze lanak bertan behera utzi behar izan dituzte.

Tutorerik ez duten adin txikikoei Direcció General d’Atenció a la Infància-k (DGAIA) ematen dien babesa indartu behar zuten 230 teknikariren kontratazioa ere bertan behera geratu da, tramiteak mantsotu, diru poltsak atzeratu eta Eskualde Kontseiluetako eta hainbat Diputaziotako hornitzaileekin kontratuak izoztu egin dira.

Blokeo sentsazioa fiskalizazio itogarri batekin nahastu da, departamentuen arabera aldatzen bada ere, bereziki intentsoa da Ekonomian, Presidentzian, Barne Sailean eta Telekomunikazio eta Informazioen Teknologien Zentroan (CTTI). “Madrilek bidalitako beltzezko gizonek lupaz begiratzen dituzte dokumentu guztiak, Guardia Zibilak berak ere aurkitu ez dituen gauzak bilatuz”, dio langile batek.

Panorama honi gehitu zaio bertan behera geratu direla bigarren eskola-orduak indarrean jartzeko lehiaketa eta 2.700 plaza Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zentroetarako, baita Unibertsitateen Itun Nazionala lantzen ari zen finantzazio erreforma ere, ikasle kopuru handi baten bekak arriskuan jarriz. “Interlokutore politikorik gabe geratu garenez, gai hauek mahai gainean betikotzen ari dira”, diote USTE-STE-tik.

Osasun sare publikoan ere ez da arazorik falta, 2017ko plan estrategikoa luzatzera behartua egon liteke, stand by-an utziz inbertsioak eraikinetarako, arretarako planta berrietarako, kirofano eta ezinbesteko material kirugikorako. Bitartean, nekazaritzako elikagaien laborategiaren irekiera atzeratu egin dute Laborantza sailean, eta Herri Lanetan hatzak gurutzatuta daude Madrilek ez diezaien datozen hilabeteetarako egutegia aldatu.

2.0 Maccarthismoa

155ak dagoeneko eragin du lehen “kalteen balantzea”, eta aztertzea falta den arren, agerikoak dira hirugarren sektorean, hezkuntzan, osasunean, nekazaritzan eta Kataluniaren proiekzio publikoan. Madrilek dauka kutxa, eta edozein espediente, kontzesio eta dirulaguntzaren tramitazio, bere interesen arabera aplikatzen du.

Partiden kontrolaz gain, kargu publikoei egiten dieten jarraipena gehitu behar da. Komunikazio korporatiboa, prentsa oharrak edo Diari Oficial de la Generalitat de Catalunyak argitaratzen duen eduki guztiaz gain, idazkari teknikoen emailak eta Twitterreko mezuak  ere monitorizatzen dituzte, Servidors.cat eta Intersindicalaren arabera, “155. artikuluaren aplikazioaren aurkako iritziak edo atxilotuta dauzkaten kontseilari eta lider sozialei bidalitako elkartasun mezuak harrapatzeko”.

Gorroto mezuei dagokionez, jazarpena ere hazi egin da. Zigor Kodearen 578. artikulua aplikatuz, urriaren 1eko Poliziaren oldarraldia sare sozialetan salatu zuten pertsonen aurka, edo José Manuel Mazaren heriotzari buruzko iruzkinak bidali dituztenen kontra ari dira. Matxinada eta sedizioa egotzita Kataluniako exekutiboaren eta Parlamentuko mahaiaren aurkako kereila ikertzeko arduraduna zen Estatuko fiskal ohia.

155. artikuluaren edo PPren politikaren aurkako edozein kritika zigortzeko saiakera paroxismora heldu da, Espainiako Barne Ministroak webgunean ireki duenean ondorengo atala: “Kataluniako Egoera: biktimen babesa”. Hor kataluniarrei dei egiten diete prozesuak eragindako gorroto delituak salatzera.

Ez dira ahaztu behar deriba honetan Errepublikaren Autodefentsarako Komiteetako (CDR) eta bestelako kolektiboetako kideen aurka irekitako auziak, asanbladak antolatzeagatik Mozal Legea aplikatuz jarritako isunak, presoak babesteko hainbat udaletxetan jarritako pankarten aurkako autoak edo abenduaren 21eko hauteskunde mahaietan presoen etxeratzearen ikono den lazo horia janzteko debekua.

‘Kausa orokorra’ operazioa

“Normaltasun instituzionala berreskuratzeko” neurri gisa aurkeztu zuten hasieratik 155. artikulua, abenduko hauteskundeak heldu arte. Ez da garbi ikusten, ordea, bere bidea zein izango den, behin finantzak eta erakundeak kontrolpean izan ostean. Kataluniako nortasunaren oinarrizko zutabeak aldatzeko gogoa suma baitaiteke: Eskola inklusiboaren eredua eta Kataluniako irrati-telebista sistema publikoa daude  jo-puntuan.

Hezkuntzaren markoan, egunez egun indartzen ari dira ustez ikasgeletan egiten den “doktrinamentua” amaitzeko eskatzen duten ahotsak. Hori eskatzen dute Convivencia Civica Catalana eta Ciudadanosekin lotura duen sindikatu txiki eta ultra Acción para la Mejora de la Enseñanza Secundariak (AMES). Erakunde hauek diotenez, “Puigdemonten eta Junquerasen zorakeria ez partekatzeak dakarkien jazarpenari aurre egiten hasi dira hainbat ikasle”.

Kuriosoa da salaketa hauek epaitegietan amaitu dutela, Seu de Urgelleko zortzi irakasle auzipetaratu dituzte ikasgelan urriaren 1eko Poliziaren kargei buruz hitz egiteagatik, edo Hablemos Español elkarteak Ramon Fonti jarritako kereila, ustez sedizioa sustatzeagatik “ez diogu sekula geletan politikaz hitz egiteari utziko” esan zuelako. Hezkuntza komunitatearen ustez, katedra askatasuna eta murgiltze linguistikoaren eredua murrizteko asmoa dago erasoaldi honen atzean, iraskuntzaren eta Kataluniako kohesio sozialaren giltzarriak dira biak.

Aipatutakoaz gain, Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals-en aurka mehatxuak bata bestearen atzetik zabaltzen ari dira, 155. artikulutik kanpo egonagatik ere, ustezko “neutraltasun” falta egotziz kanpaina handi baten biktima dira. Oraingoz, PP, Ciudadanos eta PSOEk lortu dute hauteskunde-batzordeak debekatzea TV3 eta Catalunya Ràdiori “erbesteko gobernua”, “Puigdemont presidentea” edo “atxilotutako kontseilariak” terminoak erabiltzea, Madrilek kargugabetutako ordezkariei buruz hitz egitean. PPko zerrendaburu Xavier Garcia Albiolek, bitartean, proposatu du “TV3 ixtea, ondoren, jende normalaz osatuta, berriz irekitzeko”.

Modu horretara, itxura hartzen doa independentismoaren eta disidentzia politikoaren aurkako “kausa orokorra”. Usaindu zitekeen Lamela epailearen hitzak entzunez Espainiako Auzitegi Nazionalean. Helburu subertsiboak dituen “antolakunde konplexu eta heterogeneo” gisa identifikatu zituen ikertuak. Kontua da 155. artikuluaren lehen pausoak ikusita, protestak isilarazi eta mugimendu soberanista mapatik ezabatzeko ateak parez pare zabaldu dituztela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude