"Zer nahi dugu, oso argiak diren ikerlari gutxi batzuk edo denetariko ugari?"

  • Danel Solabarrietak (Ondarroa, 1976) psikodidaktikako eta psikopedagogiako ikasketak ditu, eta Lehen Hezkuntzako diplomaduna da. Hamar urtetik gora darama Elhuyarren lanean eta fundazio horrek Europako hainbat herrialdetara eraman duen STING programa koordinatzen aritu da azken urteetan. Zer egin hezkuntzaren alorrean neskek zientzialari izateko pausoa eman dezaten?

“Talde lanetan, zerra nork hartzen du? Mutilek. Nor arduratzen da dokumentazioaz? Neskak. Irakaslea horretaz ohartu bada eta ikasleei planteatzen badie, haiek segituan ulertzen dute. Aurretik kontzientzia hartu behar da, betaurreko moreak jarri”. (Arg.: D
“Talde lanetan, zerra nork hartzen du? Mutilek. Nor arduratzen da dokumentazioaz? Neskak. Irakaslea horretaz ohartu bada eta ikasleei planteatzen badie, haiek segituan ulertzen dute. Aurretik kontzientzia hartu behar da, betaurreko moreak jarri”. (Arg.: Dani Blanco)

Elhuyarren, zure sailaren helburua zientziarekiko interesa sortzea da.

Bai, hainbat alor dugu horretarako. Zientziaren komunikazioa alorrean, esaterako, publiko orokorrarentzako hainbat proiektu dugu: Teknopolis programa, Norteko Ferrokarrila irratsaioa, Elhuyar aldizkaria… Bestalde, zientzia-hezkuntza saila daukagu; horren helburua da gazteei, bai hezkuntza formalean bai ez-formalean, aukerak ematea zientziarekiko ikuspegi erreala izateko. Ez dugu denak zientzialariak izatea nahi, baina bai zientzia ez dezatela errefusatu. Esaten da egungo gazteek oraindik existitzen ez diren lanak edukiko dituztela, eta lan horiek zientzia-gaitasunak eskatuko dituzte.  Bestalde, herritar guztiok zenbait erabaki hartzeko erantzukizuna dugu, eta erabaki horiek hartzeko zientzia-gaitasunak behar dira. Non inbertitu erabakitzeko, osasunarekin lotutako erabakiak hartzeko…

Baina interesa ez omen da nahikoa norbaitek zientzialaria izango dela erabakitzeko. Estereotipoei ere aurre egin behar izaten zaie.

Denek esan ohi dute zientzia interesatzen zaiela, bai gazteek bai helduek. Baina kontua galdera egiteko modua da. Galdetzen badugu zenbat denbora ematen duten gaiari buruz hizketan, gaiari buruz irakurtzen, joaten ote diren erakusketak ikustera… ondorioa desberdina da. Gazteek zientziaz ikuspegi estereotipatua dute. Adibidez, informatika-ikasketak hasi eta sorpresak hartzen dituzte, ez dakitelako, berez, zer den informatika ikastea. Zientzien mundua zenbat eta gertuago eduki, estereotipo gutxiago izango dute hari buruz.

Zer estereotipo dira ohikoenak?

Bat da jende oso azkarraren kontua dela. Beraz, zientzia interesatu arren, batzuk ez dira zientzietan aritzeko gai sentitzen. Nerabezaroan hartzen da erabaki hori; nesken kasuan autoestimu baxuagoa izaten denez, gutxiago animatzen dira matematikan edo ingeniaritzan aritzera. Informazioa eman behar zaie erabaki horiek oinarri sendoko datuetan funtsatuta hartu ahal izateko. Aukeratu behar dugu: zer nahi dugu, oso argiak diren ikertzaile gutxi batzuk, edo denetariko ugari?

Autoestimua ez da izango faktore bakarra...

Ez, badira gehiago. Adibidez, eskolaz kanpo familiarekin egiten diren jarduerek eragina dute. Ez da dena eskolaren esku utzi behar. Orientazioa ere garrantzitsua da. Erakutsi behar zaie kimika ikasteak ez zaituela eramango zuzenean laborategi batera, zerbait ikasteak ez zaituela lanbide jakin batera mugatzen. Ikasteak ate asko irekitzen ditu, gradu bat ez dago lanpostu bati lotuta. Ibilbideak malguagoak direla transmititu behar zaie.

STING programaren helburua erabaki hori hartzeko unean nesken eta mutilen arteko aldea txikitzea izan da.

Proiektua zortzi herrialdetan landu dugu eta ohartu gara inon ez dagoela inportatzeko harribitxirik, metodologiarik, arazoa gutxi gorabehera berdina dela leku guztietan. Gainera, ez litzateke ona izango metodologia bat hartu eta inposatzea. STINGen helburua baliabideak ematea da, bi bloketan. Genero kontzientzia batetik, ikasgelako praktikak bestetik. Irakasleen kexa denbora gabezia izaten da gehienetan, beraz hori konpondu nahi izan dugu, gaia lantzeko topaketak antolatuta. Ez da erraza norberaren estereotipoak onartzea; guk natural egiteko ariketak proposatu ditugu, estereotipo horiek azaleratzeko balio dutenak. Gero horien eragina txikitzeko zer egin aztertzen da. Denbora gutxirekin ari garenean, senez, estereotipoek eragin handiagoa izaten dute; denbora hartu eta gauzak aurretik hausnartzen baditugu, aldiz, estereotipoen eraginak behera egiten du. Guk trikimailu txikiak ematen ditugu: talde lanetan, zerra nork hartzen du? Mutilek. Nor arduratzen da dokumentazioaz, datuak hartzeaz? Neskak. Irakaslea horretaz ohartu baldin bada eta ikasleei planteatzen badie, haiek segituan ulertzen dute. Aurretik kontzientzia hartu behar da, hau da, betaurreko moreak jarri behar dira.

2015ean hasi zineten STINGekin, dagoeneko emaitzaren bat izango duzue.

Bai, 2015ean hasi eta aurtengo irailean amaitu genuen. Herrialde bakoitzeko erakunde bakoitzak bere erara egokitu du programa. Guk gure askotariko proiektuetan integratu dugu. Adibidez, Elhuyar Zientzia Azokan. Ikasleek taldeka lan egiten dute ikertzaile batekin eta proiektuetako batzuk Bilbon aurkezten dituzte… Hor integratu dugu STING programa. Orain, besteak beste, zenbatu egiten dugu zenbat neska etortzen diren eta horrela esku hartu dezakegu. Ohartu gara, adibidez, eragin handia izaten duela mentorea neska izateak.

Emango diozue jarraipenen bat proiektuari?

Bai, hala nahi dugu. Hasi ginenean, duela hiru bat urte, ez genekien nola aterako zen, eta orain jarraitzeko asmoa dugu.

Generoarekin lotutako beste baliabide batzuk ere eskaintzen ditu Elhuyarrek.

Bai, adibidez, asko erabiltzen dugu Elhuyar aldizkariko Ekinean atala: emakume ikertzaileei egindako elkarrizketak izaten dira. Izan ere, zer eredu erakusten diegu neskei? Beharbada egokiagoa da Marie Curieri buruz hitz egin beharrean, gertuko ereduak erakustea, ikerketa bat egiten ari den hemengo gazte bat, hondartzara ere joaten dena.

Estereotipoen pisua

“Ikertzaile asko behar ditugu, beraz, ezin dugu jende bikaina bakarrik hartu zeregin horretarako. Zientzialariaz dagoen irudia da oso azkarra den norbait, lana baino egiten ez duena, gizona, zuria eta klase altukoa. Estereotipo horretatik urruntzen garen heinean, zailagoa da norbaitek zientzialaria izango dela aukeratzea. Ingalaterran egindako ikerketa batean ikusten da hori, Aspires izenekoan: 10 urtetik 14 urtera arteko gaztetxoekin egin dute, eta orain, 14 urtetik 18 urtera artekoekin egiten ari dira. Diru gutxiko neska beltz bati gehiago kostatzen zaio zientzialari izango dela aukeratzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zientzia
Pantailarik gabeko aisialdiari ekin diote 1.553 ikaslek Ipar Euskal Herrian

Hamar egunez, aisialdi orduetan telebista, bideo-joko eta smartphoneak alboratuko dituzte gutxienez 1.553 ikaslek, Ipar Euskal Herrian. Helburua lortzeko, pantailarik gabeko alternatibak diseinatu dituzte aisialdirako, denok bat eginik deskonexio digitala errazagoa dela... [+]


2024-05-12 | Diana Franco
Teknologia
Norbera izatea ahaztu

Oso gogoko dut zientzia fikzioa, genero honetan istorioak oso modu aldrebesean kontatuak izaten badira ere. Fikzioa erabiliz, dugun errealitate konplexua azaltzeko edota eraldatzeko modu berriak lantzen dira. Ocativa E. Butler zientzia fikziozko idazleak, elkarrizketa batean,... [+]


TxikiLinux Txokoa Herri Urratsen, sistema eragile libre eta euskalduna ezagutzera emateko

Igande honetan, maiatzak 12, urtero bezala Ipar Euskal Herriko ikastolen Herri Urrats festa ospatuko dute Senpereko lakuaren inguruan. Aurten, TxikiLinux Txokoa egongo da Xiberoa gunean. 9:00etatik 17:00etara haurrentzako tailerrak prestatu dituzte, sistema eragile libre eta... [+]


Eguneraketa berriak daude