Estereo bat bero

  • Metro kubo egur gordin, horixe da estereoa. Guk zuhaitzek, arbolek eta zuhaixkek duten parte gogor guztiei deitzen diegu egurra. Zenbaitek parte gogor hori bitan banatzen dute: zura eta egurra. Gaurkorako berdin dit, sutan erretzekoaz ariko naizenez, era batera edo bestera egurra.

Metro kubo egur gordin, horixe da estereoa. (Arg.: Jakoba Errekondo)
Metro kubo egur gordin, horixe da estereoa. (Arg.: Jakoba Errekondo)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Egur batetik bestera ere badago bada aldea. Trinkoak, astunak, arinak, biguinak, gozoak... Egurretan ere denetik. Eta sutan jarritakoan? Eltzea sutan jarrita probatzen omen da, baina su hori egin behar duen egurra ere ederki probatuko du garrak.

Lagun amerikar batek bidali dit han erabiltzen duten su egurraren berotze indarraren neurria. Hiru mailatan banatzen dute egur jendea, gasolinarekin alderatuta ematen duten beroaren arabera.

Lehen multzoko egurren estereo batek 210 eta 260 litro arteko gasolinak adina bero ematen du. Hauek dira: amerikar pagoa (Fagus grandiflora), sagarrondoa (Malus x domestica), ipar haritza edo haritz gorria (Quercus rubra), intxaurrondo zuria (Carya ovata), astigar azukreduna (Acer saccharum), amerikar lizarra (Fraxinus americana), haritz zuria (Quercus alba) eta urki horia (Betula alleghaniensis).

Bigarren multzokoen estereo batek 160 eta 210 litro arteko gasolinak adina berotzen dute: amerikar zumarra (Ulmus americana), gereziondo beltza (Prunus serotina), Douglas izeia (Pseudotsuga menziesii), astigar gorria (Acer rubrum), zilar-astigarra (Acer saccharinum), amerikar alertzea (Larix laricina) eta paper urkia (Betula papyryfera).

Hirugarren multzoko egurrek sortzen duten energia 105 eta 155 litro arteko gasolinaren parekoa da, hauena: amerikar lertxuna (Populus tremuloides), amerikar makala (Populus deltoides), kanadar tsuga (Tsuga canadensis), pinu okerra (Pinus contorta), haltz gorria (Alnus rubra), sekuoiak (Sequoia sempervirens eta Sequoiadendron giganteum), Sitka abetoa (Picea sitchensis), tuia erraldoia (Thuja plicata) eta estrobo pinua (Pinus strobus).

Negua amaitu aurretik, gure inguruko egurren energia balioa ea aurkitzen dudan...


Irakurri gehiago: Landareak Ingurumena
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.