Hor dira geure paperak

  • Joana Etxartek idatzia, Jean Pierre Recaltek zuzendua eta Altzai eta Lakarriko herriek jokatua. Iruñeko Baluarten, irailaren 10ean eman zen Joanikot pastoralaren kronika.

Hiri Buruzagian behar zuen. Altzai eta Lakarriko herritarrek Iruñeko Baluarten eman zuten pasa den igandean Joana Etxartek idatzi Joanikot pastorala. Testuan nonahi ageri da geure imajinarioa. Bai, Iruñean behar zuen.

Euriak eragotzi zuen karrika-ingurua. Ezin izan genuen Arberoako Joan Frantziako ataritik Baluartera promenatzen ikusi. 1521ean Donibane Garazin atxilo hartu eta Iruñean laurdenkatu zuten Joanikot kapitaina, eta, patuaren kiribilak, konkistatzaileek XVI. mendean eraiki bastioian haragitu zen geure imajinarioa Arberoako Joan eta emazte Oztako Maiaren eskutik.

“Joanikot izan zen erruduna”. Aldamenekoa mintzo zait, nonbait pastoralaren sujeta gogoan semeari Joanes paratu zioten. Liburuxka lagun, nonahi atzeman ditugu Nafarroa Garaiari eta bereziki Iruñeari egindako erreferentziak, horietako batzuk geure iruditerian berriki txertatu direnak, Jerusalem galdua kasurako. Bestalde, pastorala honen geografia marrazten ahalegindu gara, eta esanguratsua oso begitandu zaigu Arberoa-Ozta-Tebas ardatzarena.

“Prozesu hori ikusia dut”. Artxiborako tirria du lagunak eta patua ageri da berriz ere, pastoral batean, Altzai-Lakarrin, Mañuetan edota Etxalarren, prozesua da gakoetako bat, prozesua da berritasun gutxien ametitzen duena, eta Nafarroako Konkista ikertzean prozesuak, epaiketak izan dira informazio iturririk behinena. Etxarteren balizko iturriak zerrendatzen ahalegindu gara, baina berehala uxatu dugu ariketa, afera ez baita Altzai-Lakarrikoek J. M. Lakarraren liburuak ezagutzen ote dituzten, Pedro Esarte edota Peio Monteanoren ikerketen berri ote duten... Joanikot pastorala historian murgiltzeko era gustagarria ere izan daiteke, eta pasa den igandean Iruñeko Baluarten, epaiketa guzien gainetik, imajinarioa garaile atera zen.

“Hori oparia egin digutena!”. Ez diot berehala ulertu, Iruñar jente fierrak estribilloaz ohartarazi dit lagunak, godaleta eskuan kantatzeko moduko ereserkia iruditu zaio Joanesen aitari, hurrengo Sanferminak izanen ditu gogoan, menturaz txikitoak.

“Horiek feriatu behar ditut”. Arizale baten galtzak ditu aipagai. Diseinu kontuetan iaioa da bera, arizaleen arropa merkaturatzea proposatzen ari ote den otu zait. Ez zen munta txikiko berritasuna izanen. Berrikuntza izan dugu hizpide, bera alde, osotoro alde, eta 2014ko maiatzaren 17an Etxekopar-Lougaroten Ederlezi pastoralaren kari gertatu pasadizoa ekarri du gogora.

Larunbata da, bazkalondoan ari gara Iruñeko Duguna taldearen egoitzan,  ipar-haizea lagun ezin izan ditugu eszenatokia edertzen duten oihalak ezarri. Ordubete falta da pastorala Iruñeko Burgoen plazan eman dezaten. J. Christophe mahaitik altxatu eta kanpora joan da, behin karrikan espaloiaren goiko aldea hobetsi du luzaketak egiteko tenorean, nire presentziaz ohartu eta Iruñeko Artxibategi Nagusiari begira baieztapenetik duen galdera egin dit: “Hor al dira geure paperak?”.

Bai, bertan dira geure paperak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pastorala
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Eguneraketa berriak daude