Hautsitakoa puskaka erakusteaz

  • Tabakaleran programatzen dituzten pelikulei beti jarri behar zaie arreta, areto komertzialetan nekez ikusi ahal izaten ditugun lanak eskaintzeaz gain, arriskatzeko joera izaten baitute, aukera emanaz lengoaia zinematografiko ezohikoak pantaila handian ikusteko. Joan den larunbatekoa ez zen salbuespena izan: Angela Schanelec zuzendari alemaniarraren Der traumhafte Weg (Bide onirikoa) proiektatu zuten, egilearen azken lana, zeinean bi bikoteren hausturak kontatzen diren elkarren arteko 30 urteko tartearekin eta, itxuraz behintzat, bien arteko loturarik gabe.

'Der traumhafte weg'. Zuzendaria: Angela Schanelec. Iraupena: 87 minutu. Lekua: Tabakalera, Donostia. Hurrengo emanaldia: ekainaren 9a.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zentzumenak esna edukitzea eskatzen duen filma da, agerikoa baita plano bakoitza modu oso neurtuan hartuta dagoela, perfekzionismoz; eta zuzendariak asmoa eduki duela irudietatik haragoko zerbait ebokatzeko.

Alde horretatik, Schanelec-en hautuak gogora ekarri dit maiz Anton Txekhov idazleari egozten zaion esaldi, izatez, apokrifoa: “Ez esan ilargiak distira egiten duenik; erakutsidazu argiaren dirdaia kristal apurtuan”.

Bestela esateko, galdetzen badiote istorioak “kontatu” ala “erakutsi” behar ote diren, Schanelec-ek bigarrena aukeratuko du segur aski: lan honetako pertsonaiak ikusi egiten ditugu eta ikusten dugun horretatik atera behar dira ondorioak, beraien egoera emozionalaz askorik esaten ez duten dialogo eta antzezpen hieratiko samarren laguntza hutsarekin.

Gehitu horri denborarekin egiten duen jolasa: 1980ko hamarkadan hasi eta gaur egun arte, lau aldi diferentetan banatuta dago filma, baina horretaz jabetzeko pista handirik ez zaigu ematen –Berlingo harresia erori aurreko telebistako albistegi bat, telefono mugikorrak edo liburuz hustu duten apalategi bat, besterik ez–.

Pelikula fragmentatu baten aurrean gaude, non eszena bakoitzak daukan berezko entitate bat eta kontatzeko dagoen istorioak bezainbeste inporta duen film osoa biltzen duen tonuak.

Egia da bi bikoteen arteko uztartzea ez zitzaidala aski ondo justifikatua iruditu filma bukatu osteko momentuan. Gero lagunekin komentatu, pentsatzen hasi, ikusitakoaren bigarren eta hirugarren irakurketa posibleak egin, hasieran protagonistak Grezia gatazkatsu batean egotearen zentzua ulertzen saiatu, amaiera gaur egungo Berlinen kokatuta dagoela jabetu, eta nire buruari galdetu nion denak dimentsio politiko bat ote daukan.

Zuzendariak ezetz erantzuten dit Google lagun aurkitu dudan elkarrizketa batean. Baina bikote-hausturei buruzko pelikula honek funtziona dezake, prezio berean, proiektu europarraren alegoria gisa, kalean kantu alaiak abestuz bidaiatzeko dirua eskuratu nahi zuten gazteetatik, gaur egun kalean bizi den eskaleraino. Galdera ikurra erakutsi eta erantzuna ikuslearen esku uzten duen lana izanda, irakurketa posible bat besterik ez da, noski.

Bestelakoak egiteko aukera duzue, nahi izanez gero, ekainaren 9an euskarazko azpitituluekin Tabakaleran bertan prestatu duten emanaldian.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!