Multimediaren bidea hartu du Ixabelek

Euskara ikastera serrao hitz egiten duten Tolosako Aranguren baserrira hurbiltzen den euskaldun berriaren komeriak. Horixe da Kutsidazu bidea, Ixabel liburuaren muina. Argumentua ezaguna izango zaizu: ziur ikastolan liburua irakurri zenuela, herriko frontoian antzezlanarekin barre algarak egin zenituela edo azkenaldian karteleran filma iragarrita ikusi duzula. Kutsidazu gure Da Vinci Code da, pantailara eraman den best-sellerra. Baina ez hori soilik, taula gainera ere eraman da, DVDan ikusi ahal izan dugu eta ETBk bost ataleko telesaila eskainiko du urtarriletik aurrera. Gainera, Durangoko Azokarako liburuaren bigarren zatia argitaratu nahi duela eta datorren urterako gaztelerazko bertsioa idazten ari dela aurreratu du Joxean Sagastizabalek. Produktuari ahalik eta zuku gehien atera zaiola argi dago eta gu ez gara nor zilegi den erabakitzeko. Hori bai, formatu desberdinak erabiliz produktu bat errentagarri bihurtzeko formula asmatzetik hurbilago gaude.

Berez, gure mugetatik at horrelako esperimentuak ez dira batere arrotzak. Antzerkigileek liburuak taularatzen dituzte, zinemagileek komikietako pertsonaiak pantailaratzen, idazleek filmetako istorioak islatzen eta produktu bera hamaika modutan eskaintzen zaigu. Azken finean, arrakasta duen lanari etekina ateratzea merkatuaren legea da, marketinaz eta publizitate onaz baliatuta. Supermanek komikia du, liburuak, filmak, telesailak, kamisetak, gosaritarako katiluak, mozorroak... The Simpsons telesailak kontrako bidea egin du: telebistatik DVDra, liburuetara, komikietara, zinema pantailetara, bideojokoetara... Izan ere, estatubatuarrak oso iaioak dira halakoetarako. Baina mundu osoko adibideak ipini daitezke: Shin Chan japoniarra, Harry Potter britaniarra, Como agua para chocolateTuntunen afaria edo Espainiako El método Gronholm, kasu. Denak euskarri ugaritan ikusi ahal izan dira. Euskal Herrian, ordea, ez gaude hain ohituta, gutxi ekoizten delako agian. Baina ekoizten den gutxi horrek zerbait berria izan behar du? Merkatu guztietan bezala, bertakoa normalizatu nahi bada, denetik egotea ona dela izan da gehien jaso dugun erantzuna.

Xabier Portugal zinema kritikariari, adibidez, ondo iruditzen zaio euskal kulturak ematen dituen aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzea, berau gero eta gehiago zabaltzeko. «Liburu eta lan bakoitzak bere ibilbidea izango du eta horietako bat aipatzen ari garen hau izan daiteke; zergatik ez?». Anjel Alkain aktoreak antzerkiaren eta filmaren proiektuetan hartu du parte eta berari ere jazotakoa oso positiboa iruditu zaio. Alkainen hitzetan, hemen ere mundu osoan gertatzen dena gertatu behar da eta best-sellerra antzerki, pelikula eta nahi dena bilakatzea ona da. «Are gehiago, logikoa ere bada, ez dudalako uste istorio bikain pila dugunik eta halakoak aprobetxatu egin behar dira». Formatu bakoitzak bere pertsonalitatea mantentzea garrantzitsua dela dio, interesgarria iruditzen zaiolako lan on bat liburuan, antzerkian nahiz zineman era desberdinetan islatzea eta publikoari gauza desberdinak eskaintzea. «Horrelako fenomeno gehiago balego, hobe izango litzateke denentzat, eta Play-Station bideokontsolarako jokoa egingo balitz ere, hobe. Horrelako produktuei zukua atera behar diegu, derrigorrez, bestela...».

Fernando Bernuésekin batera filma zuzendu duen Mireia Gabilondoren ustez, berriz, pelikula errodatzearekin batera telesaila egitea dirua lortzeko modua ere izan da. Film bat egitea zaila da, dirua behar da eta telesaileko kapituluak grabatzeko ordu gehiago behar izan bazituzten ere, baliagarria izan zaie pelikula errentagarriagoa egiteko. Hala, pelikulak egin ahal izateko bideetako bat ireki dutela uste du Gabilondok, baliabide berdinak aprobetxatuz produktu bat baino gehiago sortzearena, alegia.


Komertziala izatea txarra al da?

Horren guztiaren emaitza ezaguna da jada, baita filma ikusi ez dutenentzat ere, hori baita pelikula komertzialen ezaugarrietako bat: denek irakurri, entzun edo ikusi dugu zer edo zer Kutsidazuren inguruan. Marketin operazioak, filmatzen hasi zirenetik egin den promozio handiak, komunikabide guztietan agertu izanak eta liburuaren eta antzezlanaren arrakastak zeresan handia dute komertzialtasun horretan. Ikusle kopuru urrietara ohituta gauzkan euskal zinemagintzak markak gainditu zituen iaz Aupa Etxebeste! lanarekin eta aurten, euskarazko zinema ere komertziala izan daitekeela berresteko asmoarekin dator Kutsidazu. Mireia Gabilondoren iritziz, komertzial hitzak ez du konnotazio txarrik. «Zerbait egiten duzunean, jendeak ikusteko egiten duzu eta zenbat eta jende gehiagok ikusi, hobe. Beste batzuetan gutxiengoentzako izango diren lanak egingo ditugu, gustu kontuengatik, eta hori ere ondo iruditzen zait, nik ere egin izan ditut. Hau pixka bat komertzialagoa dela? Ziurrenik bai, komedia errazago ikusten dela esan ohi da, nahiz eta ni horrekin konforme ez egon. Niri gauza oso ezberdinak ikustea gustatzen zait».

Alkainen arabera, duten konnotazio txarrarekin ere film komertzialak beharrezkoak dira, ahalik eta eskaintzarik zabalena lortu behar delako. Hots, film elitistagoak, publiko oso zabala dutenak eta edozein eratakoak; zenbat eta pelikula gehiago, hobe. Portugal kritikaria ere iritzi berekoa da eta halako proiektuak ondo iruditzen zaizkio, duinak diren bitartean. «Beste munduko gauza izan gabe, filma zinematografikoki duina da, ez da lotsatzeko modukoa eta oreka hori bilatzea da gakoa». Hala ere, zalantzak ditu hemendik kanpo ulertuko eta salduko ote den eta Kutsidazu euskal zinema industriarentzako handicapa izan daitekeela dio, ea hemen egindakoak atzerrian onarpenik duen ikusteko. Izan ere, merkatuaren ateak zabaltzeko, bertakoez gain kanpoko ateak zabaldu behar direla uste du Portugalek. «Euskal Herrikoa oso esparru mugatua da eta gauza handia da Aupa Etxebeste! 80.000 lagunek ikusi izana baina kopuru eskasa da film bat aurrera ateratzeko».

Pelikula soilik ez, Sagastizabalen liburua ere komertziala da. Hamabi urte dira lehenengo aldiz argitaratu zenetik eta gaur egun oraindik ere 3.000 ale inguru saltzen dira urtean. Antzerkiaren boomarekin salmentak bi bider gehitu ziren eta filmak agian efektu berdina izan dezake. Idazlea bera poz-pozik dago urrezko arrautzak ematen dizkion oiloarekin. Dena den, argi du ez dela ohiko best-sellerra: «Normalean, best-sellerrak liburu oso lodiak izan ohi dira eta egitura ezaguna izan ohi dute: historikoak dira, tenplarioen istorioren baten ingurukoak, edo sekulako epopeia kontatzen dutenak...». Horretan ere, desberdina da Kutsidazu.


Publikoa. Aspertuta dagoeneko ala irrikitan?

Horrelako proiektuak arriskurik badu, ikus-entzuleak aspertzearena izan daiteke. Hau da, liburuaren eta antzezlanaren arrakasta abantaila da barre egiteko aukera berri bat aprobetxatu nahi duen publikoa erakartzeko ala desabantaila da jendeak zineman lehenengo eta telebistan ondoren berriz ere gauza bera eskainiko zaiola uste duelako? Mireia Gabilondok ez daki liburuak eta antzezlanak fabore edo kontra egingo dieten, baina pelikulak trama eta ezaugarri berriak eskaintzen dituela ikustean, ahoz ahoko zabalkuntzak mesede egingo dienaren itxaropena du. Telesailarekin, berdina gertatuko dela uste du: «Batzuek esango dute, 'berriro hau, ikusita daukat' eta beste batzuek, aldiz, ezagunak dituzten pertsonaien istorio gehiago ikusteko gogoa izango dute».

Are gehiago, Sagastizabalek dio filma estreinatu zen egunean jendeak ezagunak zituen sketchekin egin zuela barre gehien. Bere ustez, Kutsidazuk ez du jendea nazkatu, juxtu kontrakoa. «Antzerki emanaldien garaian antzezlana ikustera behin baino gehiagotan joan zen pertsona ugari ezagutzen dut». Alkainek ere ez du zalantzarik, ziur dago arrakasta handia izango duela. «Azken finean, jendeak barre egin nahi du, liburu batekin, antzerkian, zineman nahiz telebista ikusiz».

Era guztietako erreakzioak izango dira, seguruenik: Joxe Martin eta Ixabelen arteko amodio istorioan beste behin murgildu nahi dutenak eta jasotako burrunbaren aurrean Kutsidazurekin gogaituta daudenak. Nolanahi ere, proiektuak urrats garrantzitsua eman du formatuz aldatzeko gai den merkatu normalizatuago baten bidean, ez dago dudarik.

Nomaden pare
Kutsidazu bidea, Ixabel ez da izan beste formatu batzuetatik hartutako lanak film bilakatu dituen proiektu bakarra. Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, hain zuzen ere, musikatik abiatutako bi egitasmo interesgarri aurkeztu dituzte aurten, euskaraz biak. Lehenengo disko izan ziren eta ondoren, pelikula. Zaharregia, txikiegia agian izeneko proiektuarekin, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal laukoteak poesia eta musika uztartzen dituzten sei ikuskizun eskaini zituzten New Yorken. Emaitzarekin CDa atera zuten eta orain, berriz, zuzeneko emanaldiekin eta artisten iritziekin osatutako film dokumentala, Agian izenburupean.

Martinez eta Otxoak osatzen duten Oreka TX txalapatari bikoteak ere, Indian, Laponian, Mongolian eta Saharan eskainitako kontzertuen eta bidai horien berri ematen duen lana aurkeztu dute Zinemaldian: Nomadak TX. Dokumentalak epaimahaiaren aipamen berezia jaso du gainera. Azken finean, egunetik egunera euskarri berriak agertzen diren garai hauetan, batzuen eta besteen arteko mugak gero eta lausoagoak dira eta ahalik eta publiko gehienarengana iristeko ahalik eta formatu gehien erabiltzea da aproposena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Film kritikak
2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Hauek izan dira Zinegoak jaialdiko film saridunak

Rita Baghdadiren Sirens dokumentalak irabazi du 2023ko Zinegoak Sari Nagusia, eta Dania Bdeir-en Warsha-k Publikoaren Saria eta Senior Epaimahaiaren Saria. Saridun gehienak emakumeak izan dira. Jarraian saritutako lanen zerrenda.


Iragana eskuetan

Eskuek askotariko sinbologia dute. Eskuekin gidatzen da mundua eta ukabil sendoekin bermatu agintea. Ukabilekin borrokatzen da boterea ere, atzamarrak bilduz eta eskuak gora altxatuz. Eskuak beharrezkoak dituzte bizitzan beti galtzaile izan direnek, hori baino ez baitute izan... [+]


2020-08-27 | Santi Leoné
Pyewacket

Gurasotasuna –amatasuna gehiagotan, aitatasuna baino– ohiko motiboa da beldurrezko zineman. Film anitzetan, gertatzen diren naturaz gaindiko fenomenoak –edo, naturaz gaindikoak izan gabe, fenomeno izigarriak– ama-umeen arteko harreman gatazkatsuen isla... [+]


Eguneraketa berriak daude