Nori axola zaizkio antzerki liburuak?

  • Iazko uzta literarioak utzitako berezitasunetako bat izan da euskarazko antzerki liburuen argitalpena. Kopuruz igoera apala izan bada ere, zer esana eman dute argitaratutako lanek. Nork irakurtzen ditu, baina, irakurtzeko idatziak ez diren testu hauek? Zergatik eraman liburura oholtzarako sortzen dena?

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte
2017ko martxoaren 26a
Oier Guillan, Urko Redondo eta Ainara Gurrutxaga iazko Durangoko Azokan, EHAZEk argitaratutako bi liburuen aurkezpenean (argazkia: Monika del Valle / Argazki Press).
Oier Guillan, Urko Redondo eta Ainara Gurrutxaga iazko Durangoko Azokan, EHAZEk argitaratutako bi liburuen aurkezpenean (argazkia: Monika del Valle / Argazki Press).

“Noizbait gertatu behar zen, antzerki liburuen urritasuna gehiegizkoa izan da”. EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko kide Jaime Valverdek esana da. Emankorra izan da antzerki liburuen uzta 2016an, ez hainbeste kopuruz, ezpada mamiz. Lau izan dira argitaratutako lanak: Mr. Señora (Oier Guillan, Txalaparta), Erleak, satorrak, beleak (Gaizka Sarasola, Edo), Habiak. Arrastoak (Dejabu, EHAZE) eta Arestiren nazioa, antzerkia (Karlos del Olmo, EHAZE). Erlea aldizkariaren 10. alea ere euskal antzerkiari eskainia izan da osorik.

Antzerkia ikusteko modu berezi bat agertzeagatik izan dira ohikoan baino aipatuagoak liburu horiek, Ainara Gurrutxaga aktoreak eta Dejabu panpin laborategiko kidearen esanetan: “Azken antzerki liburuen atzean dauden pertsonek urte asko daramate antzerkia egiten. Liburuak lan prozesu sakonen ondorio dira, eta esango nuke nabarmendu direla antzerkia ikusteko modu berria erakusten dutelako. Kolektiboki sortutako antzerki mugimenduen isla dira, hori da berrikuntza, energia dakarte eta tratatzen diren gaiak oso aktualak dira, gaurko irakurleari oihartzun bat sortzen diotenak”. Nolanahi den, antzerkia genero literario gisa guztiz baztertuta nabari du Gurrutxagak: “Liburutegietara joan besterik ez dago”.

Argitaletxe estandarrek antzerkiari leku murritza eginagatik ere, irakurleak badaudela dio Valverdek. “Antzerkia kontuz argitaratu behar da, aintzat hartuta testua ez duela berezko euskarri. Aitzitik, modu estrategikoan eta luzera begira, garrantzitsua da antzerkia formatu idatzian ere zabaltzea. Besteak beste sarbidea errazten duelako testuaren bideetan, liburutegietan edo hezkuntza sisteman. Hedabideek iaz antzerkiari emandako tokia ere liburuei esker izan da, hein batean”.

Transmisioa betiko aje

Antzerki liburuen urritasunak transmisio-etena elikatzen duelako, ezinbestekotzat du hauen argitaratzea EHAZEko kideak. Dioenez, “transmisio etena gure antzerkiaren ajea da sortu zenetik. Argitalpenek soilik ezin dute antzerkiaren transmisioa bermatu, baina hutsunea betetzeko bide bat da”. Halere, bestelako beharrei begiratzeko deia egin du, dokumentazio zentro baten faltari kasu: “Dokumentazioa lantzen duen egitura berezko bat behar da, antzerkia jo puntuan izango duena, bere berezitasunekin. Izan ere, esaterako, hogei urte barru antzerkia ikasten dutenentzat, ez da gauza bera Arrastoak bideoz ikustea eta antzezpenaren gaineko informazio mamitsua eskura izatea, edo testua irakurtzea, honek ere asko esan arren”.

Ainara Gurrutxaga:
“Iaz publikatutako liburuak kolektiboki sortutako antzerki mugimenduen isla dira, hori da berrikuntza”

Euskal antzerkiaren iragana eta oraina jaso gabe geratzen ari denaren oharpen horretatik, bilduma berria abiarazi du EHAZEk urtero bi argitalpen kaleratzeko. Argitalpen proiektuaren ildoa bikoitza izango da: gogoeta eta saiakerak batetik, eta antzezlanak bestetik. Egitasmoaren estreinako lanak Durangoko Azokan aurkeztu zituzten, aurrez aipatu Arestiren nazioa, antzerkia saiakera eta Arrastoak antzezlana.

Aktore gisa ere transmisio falta “ikaragarria” sentitu duela dio Gurrutxagak. “Halako batean norbaitek kontatzen dizu 60-70 hamarkadan Euskal Herrian sekulako mugimendu alternatiboa egon zela antzerkian, mundu mailako mugimendu berritzaileenak aintzat hartzen zituena, idazle onenetakoak oholtzaratzen zituena. Ezezagutza handia dago, berdin materiala lortzeko”. Hein horretan, EHAZEren egitasmoa giltzarritzat jo baina “desertuaren erdian putzu bakan” izan ez dadin, azpiegitura sendoago baten eta babes sakonagoa beharra dagoela dio.

Nola bizi antzezlana liburutik

Antzerki liburuak badira antzezlana taula gainean ikusterik izan ez zutenek bestela obraz gozatu ahal izateko ere. Baina, benetan posible al da antzerkia paperera eramatea? Gurrutxagak, “zorionez” ezin dela uste du, beti dagoelako “testukeriaren” edo antzerkiaren berezko hainbat elementu ezin jasotzearen arriskua. Bere hitzetan, “bertso saio bat paperera osorik eraman ezin den bezala da, bertsoak bai baina plazan jendeak sentitutako komunikazio ariketa ezin da ia transmititu paperean. Ariketa oso interesgarria da, hala ere”.

Jaime Valverde (EHAZE):
“Dokumentazioa lantzen duen egitura berezko bat behar litzateke, antzerkia jo puntuan izango duena, bere berezitasunekin”

Antzerkia ekintza kolektibotzat ulertuta, Arrastoak liburura eramateko idazte prozesua ere kolektiboa izan da Dejaburentzat. Kolektiboa dela dio Gurrutxagak guztien argazkiak, bizipenak, memoriak bildu dituztelako haietako bat edo bi idazten jarri aurretik. Gero, idazketaren “testukeria” gainditzeko dramaturgia oharrak erabili dituzte: “Keinuetan, mugimenduetan eta irudietan oinarritutako antzerkia egiten dugu eta saiatu gara azaltzen nondik jaio diren irudi horiek, argazkiak eta planoak jarrita, ze collage egiten ditugun azalduta, irakurri ditugun liburuak aitortuta. Antzezlan bat sortzea unibertso txiki bat sortzea da, zinetik edaten duena, margogintzatik, musikatik, argazkigintzatik. Unibertso hori nola hornitzen den idatziz adieraztea erronka oso ederra izan da”.

Oier Guillanen Mr. Señora izan da antzerki liburutan nabarmendu den aipatu obretako bat, zazpi antzezlanez osatua eta estetikoki berritzailetzat jo dena. Honen hitzaurrea idatzi du Gurrutxagak. Aurkako norabidean lotzen dira liburua eta oholtza kasu honetan. Gurrutxagaren arabera, “Oierrek proposamenak idatziz egiten ditu eta gero aktore talde bati eskaini oholtzara eraman dezan. Aldatzen da prozesua, baina ez dut uste hain diferentea denik, garrantzitsuena testu hori oholtzara eramatean beste material bat gehiago izatea delako, argia, musika, emozioak edo aktoreen inprobisazioak diren bezala, hau da, oso malgua izan dadila. Askotan autoritate bat ematen zaio testuari, nire ustez, ez duena zertan izan antzerkian”.

Valverderen esanetan, argitaratutakoa zenbat eta gehiago antzeztu, orduan eta gusturago denak, idazleak, aktoreak, antzerkizaleak. Argi dio: “Irakurtzeko gozagarria da, baina izan antzerkia gorputzera eramateko da”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Antzerkia  |  Euskal literatura

Antzerkia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude