Betiko istorioak haurrentzat

Txitxarra eta inurria. Jean de La Fontaine. Ilustratzailea: Ximena Maier. Itzultzailea: Iraia Yetano. Moldaketa: Eva Aubarell Ibaizabal, 2017. 18 orrialde. Haurrentzat.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ibaizabal etxeak Ipuin klasikoak bilduma argitaratzeari ekin berri dio (oraintsu Ereinek Miniklasikoak egin duen bezala) eta gure inguruko tradizioan ezagunak diren hainbat istorio haurrei eskaini. Sei dira orain arte plazaratu diren lanak (Bremengo musikariak, Ahatetxo itsusia, Landako sagua eta hiriko sagua, Hiru txerrikumeak, Aladin eta kriseilu miragarria, eta azkenik, hona ekarri dugun Txitxarra eta inurria). Ikus daitekeen bezala istorio ezagunak dira, herrikoiak eta gure inguruko egile eta tradizio ugaritatik (Grimm, Andersen, kultura arabiarra…) iritsi zaizkigunak.

Txitxarra eta inurria La Fontaineren alegia ezagunetariko bat dugu. Udan “alferkeriatan” ibiltzen den txitxarrak eta lanean dabilen inurriak nola egiten dioten aurre negu gordinari. Kontakizunaren hasieratik adierazten zaizkigu pertsonaia bien ezaugarriak: “Inurriak uda osoa eman du garia, haziak eta apurrak inurritegira eramaten. Badakizue zergatik dagoen hain lanpetuta? Negurako jana biltzen du. Hotza etortzen denean, janaritegia beteta izango du. Buruargia da gero inurria!”; “Inurriaren alboan txitxarra bizi da. Uda kantu kantari pasatzen du: txir-txir, txir-txir, txir-txiiiiir… Siesta orduan, txitxarra kantari aritzen da, eta haren kantuarekin denek goxo-goxo egiten du lo itzalpean. Txitxarrak ez du neguan pentsatzen”.

Irakurleak ezagutuko duen moduan negua iristean txitxarrak janaria eskatu beharko dio inurriari, eta eskarmentua hartu duela kontuan izanik, hurrengo udan berak ere lan egingo duela adierazi. Baina horrekin batera, bere musikari esker, kantuari esker, gainerakoek ederki deskantsatu ahal izan dutela adierazten dio txitxarrak inurriari. Alegia, lan fisikoaz gain arte lanak ere baduela garrantzia eta bere tokia mundu honetan. Elikatzeko modu asko daudela, batzuk elikagai fisikoak dira, beste batzuk, aldiz, gogoa elikatzen dutenak.

Istorioa nahiko sinplea da, erraz irakurtzen dena (letra larriz idatzita dago irudi ugariz lagunduta dagoen testua) eta liburuaren amaieran, gainera, bada ipuin, istorio edo alegiaren bertsio osoago bat helduak irakurtzeko. Beraz, istorioaren bi bertsio ditugu, laburtua (letra larriz eta ezkerreko orrietan ageri dena, eskuineko irudiak lagunduta) eta osoa, liburuaren amaieran. Gainera, liburuek duten formatuak lagundu egiten du haurrak, aurrerago, irakurketa autonomoa egiteko; hau da, istorioa behin ezagututa berak bakarrik “irakurtzeko moduan” irudien bidez. Eta, jakina, irakurtzen hasi direnek, beraiek bakarrik testua irakurtzeko ere bai.

Abiada bizian doan gizarte honetan gure sustraiak, gure ingurukoenak eta hauekin guztiekin egiten dugun oinarria sendotzeko bilduma egokia, eta gomendagarria. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude