"Eskolak ez du ezer eskaintzen musika ikasteko"

  • Kantari, eta Kantua ikasten Maider Legarreta Musikenen. Estresatuta ere badabil aldi honetan, estu hartzen baitituzte irakasleek bertan ari diren ikasle bakanak. Hala ere, tartea egin digu, The Road albuma kaleratua duen Kantu ikasle kantariak.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Maider Legarreta Larrañaga (1997, Galdakao)

Kantaria. Herriko musika eskolan hasi zen musika ikasten gaur egun Musikenen bigarren ikasturtea egiten ari dena. Gaztea izanagatik ere, han eta hemen ikusi dugu, sareko grabazioetan ez ezik, baita bateko eta besteko hedabideetan ere, bullyingaz mintzo, eskola jazarpenaren lekukotza eskainiz, edota Hodei Egiluz zenari Stijn Vranken poetak flamenkeraz idatzi testua kantatuz. Oroz gain, kantaria baita, The Beginning maketak eta The Road albumak erakusten dutenez. Narbarten (Nafarroa) bizi da.

Kantaritzat definitzen zaituzte, “Maider Legarreta, abeslaria”, oraindik musika ikasketak egiten ari zaren arren.

Ikasketak egiten ari naiz, baina txikitatik egon naiz ni musika ikasten. Kantua ikasten, berriz, orain dela bost urte hasi nintzen. 4 urterekin sartu nintzen musika ikasten. Lehenengo, 6 urte nituela, trikitia jotzen hasi nintzen –eta jotzen segitzen dut–, baina gero, gitarra ikasten ere hasi nintzen, eta pianoa, eta kantua... Musikenen sartzeko, ordea, espezializatu egin behar nintzen: jazz modalitatea aukeratu nuen eta, horren barruan, kantua ikasten nabil.

Lau urterekin, musika ikasten sartu zinen, edo gurasoek sartu zintuzten?

Bietatik apur bat. Amak pentsatzen zuen musika hezkuntza oso inportantea dela ume txikientzat, burua garatzen laguntzen duela, beste perspektiba batzuez jabetzen. Musikak bizitzako beste arlo askotarako ere balio duela pentsatzen zuen. Aitari, berriz, beti gustatu zaio musika, eta ados zen ni musika ikasten hasteko, eta horrela hasi nintzen, lau urterekin musika eskola txiki batean. Gero, bost urterekin, Galdakaoko musika eskolan hasi nintzen.

Trikitia, lehenengo.

6 urterekin hasi nintzen. Soinua jotzen dut, eta panderoa ere bai; eta kantatu ere bai, jakina. 11 urterekin, trikiti piezak konposatzen hasi nintzen, letra eta guzti, eta maketa moduko bat ere grabatu nuen sasoi hartan lagun baten etxean. Musika eta hitzak nireak izan ziren maketa hartan. Ikusten, pentsatzen eta sentitzen nituenak ipini nituen pieza haietan: naturari buruz, Euskal Herriari buruz… ari nintzen kanta haietan. Eta instrumentalak ere baziren pieza batzuk. Korrika txikiaren musika bat ere egin nuen, eta zenbait eskolatara zabaldu zen.

Argazkia: Maider Legarreta.

Nori begiratzen zenion kanta horiek asmatzeko garaian?

Txikitan Pirritx eta Porrotx entzuten nuen, baina baita Benito Lertxundi ere. Gura dut esan, hemen entzuten direnak, tipikoak. Nagusiagoa egin nintzenean, 13 urterekin, telebistan Disney Channel ikusten hasi nintzen, eta han, Hanna Montana ikusi nuen. Filma ere egin zen hari buruz, eta osaba-izebek haren diskoa oparitu zidaten. Han zenbait country kantari azaltzen ziren, asko gustatu zitzaizkidan, eta horrek country gehiago entzutera eroan ninduen. Dena dela, etxean beti entzun izan dut The Coors, Irlandako musika, eta kantu tradizionala, eta horrekin lotu nuen country-a. Horren bidetik, countryan gehiago sakontzen hasi nintzen.

Nola egiten da trikititik gitarrara edo pianora, kantura baino lehen?

Gradu erdiko Bilboko musika eskolan sartu gura ote nuen galdetu zidaten orduko irakasleek, eta nik baietz, baina han ez zuten trikitirik erakusten. Orduan, zeharkako xirula ikasten hasi nintzen, eta urte bat iraun nuen. Gero, hori utzi eta kantu eta pianoari ekin nien. Kantu klasikoa ikasten hasi nintzen kontserbatorioan sartzeko asmotan, eta sartu nintzen, baina ondoren bi hilabete baino ez nuen horretan iraun, ez zitzaidalako gustatu. Ez dakit zer esango nukeen orain. Ez nekienez musika kontserbatorioan sartuko nintzen edo ez, pianoa ikasten hasi nintzen, eta pianoarekin batera, kantua. Kontserbatorioan sartu eta kantu lirikoan hasi nintzen, baina kantu klasikoa ere –opera eta beste–, ez zitzaidan gustatu: bi hilabete iraun nuen. Orduan, artean Bilbon, akademia batera jo nuen. Hango irakaslea Musikenen ikasia zen, eta hark aipatu zidan Musikeneko aukera.

Hark bideratu zintuen…

Baina nik ez nuen uste sartuko nintzenik: “Oraintxe hasi naiz gradu erdiko eskolan Bilbon, eta utzi egin dut. Zelan sartuko naiz, bada, Musikenen?”. “Urtebetean prestatu ahal zaitut, saiatu!”, esan zidan irakasleak. Eta urte hartan, batxilergoa amaitu, sarrera proba egin, eta barrura: Musikenera! Bigarren urtean ari naiz orain.

Ez zenuen dudarik egin: musika ikasi nahi zenuen.

Beti jakin dut musika ikasi nahi nuela, baina zail ikusten nuen. Musikenen sartzea bera, gauza handia iruditzen zitzaidan. Batxilergoa aukeratzeko garaian ere zalantza handiak eduki nituen, nahiz eta, azkenean, batxilergo artistikoa egin nuen, musika, dantza eta arte eszenikoak lantzen dituena. Orduan bai, pentsatu nuen: “Musikenen ezin banaiz sartu, ikasten ahal dut Antropologia, Soziologia, edo Filosofia”. Musikenen sartu nintzenez, aurrera!

Kantari, beraz, ez “abeslari ikasle”.

Eta zenbat kantari daude Musikenen ikasten ari ez direnak? Ingeniaritza ikasi nahi duenak zenbait gai ditu, Lehen Hezkuntzatik hasi eta unibertsitatera bitarte, Ingeniaritza ikasketak egiteko balioko diotenak. Baina zenbat gai daude derrigorrezko irakaskuntzan musika ikasten laguntzen dutenak? Eskolak ez du ezer eskaintzen musika ikasteko, eskolatik kanpo saiatu behar zara. Kontua da zenbat ikasi gura duzun. Unibertsitatera Musika ikasketak egiteko asmotan heldu bazara, esan gura du ordu arte musika landu duzula. Musika arte bat da, pintura artea den moduan, txikitatik hasten zara ikasten, derrigorrezko irakaskuntzatik kanpora.

Zer erakusten dio Musikenek kantari izan nahi duenari? Zer galtzen du Musikenera gabe jarduten duen kantariak?

Galdera ona. Musikene instituzio bat da, goi mailako gradua eskaintzen du, goragokorik ez dago, masterrak ez badira. Ni, adibidez, jazza ikasten ari naiz, eta hemengo ikasketek jazz munduko alderdi asko eta asko erakusten dizkidate, eta horietatik gura ditudanak, interesgarriak zaizkidanak, hartuko ditut gero neuretzat. Neure musikan erabili ahal ditudanak dira. Beste zenbait gauza, berriz, jakingo dut hor daudena, baina ez ditut, momentuz, niretzat hartuko. Niri, adibidez, Konponketa, Harmonia, Kantua gustatzen zaizkit, eta horien bidez, beste musika estilo bat egiten ikasten ari naiz, eta inprobisatzen. Bestela, akademia batean ere ikas lezake kantatzen abeslariak, ez du zertan Musikenera etorri kantatzen ikasteko.

Ez du unibertsitate mailako ikasketarik egin beharrik.

Ez. Esan gura dut hemen gauza asko ikasten ari naizela, gauza asko ikasiko ditut, baina amaitzen dudanean, titulua eskuratzen dudanean, gauza asko ikasten jarraituko dut, kalean, jendea ezagutuz, beste zenbait musikarirekin joz, beste zenbait irakaslerekin ikasiz… Hemen, egia da, ikasketetan sakondu eta titulua lortuko dudala.

Zer egin nahiko zenuke ikasketa hauek burututakoan?

Neure proiektua egiten segi, hemen ikasitakoak neure proiektuan barneratu, eta musikari moduan hazi, abesti hobeak eginez, musikaren barruan gauza gehiago deskubrituz.

The Beginning-en eta The Road-en hasitako bideari jarraipena eman?

Beste musika batzuk ere entzuten ditut, ordea, ez dut beti country-a egiten zertan ibili. Tira, The Road-en dena ez da country-a, gurako nuke hala izatea, baina beste musika askotako influentziak ere badauzkat.

Musika ikasketak egin, musika sortu, musika interpretatu… eta eskolak eman.

Ebidentea da musikariok gure bizitzan eskolak eman beharko ditugula. Jan gura badugu, eskolak eman beharko ditugu, orkestra batean sartu beharko gara, ezkontzetan jo… eta geure musika egiten jarraitu!

Zer behar da nork bere musika egin, interpretatu eta kantatzeko?

Gogoa. Eta inspirazioa, eta zerbait esateko gura. Nik neure kantetako hitzak idazten ditut, sentitzen dudana kanporatu beharra daukadalako. Bestalde, musikaren bidez heltzen zaizkidan sentimenduak neure musikaren bidez transmititu gura ditut. Kate bat da. Gero eta abesti landuagoak gura badituzu egin. Derrigorra da ikasteko nahia ez galtzea, monotonian sartuko zara bestela. Dena dela, ikasi guraz gero ez dago musika eskolara joan beharrik, musika entzun behar da horretarako, bide berriak saiatu.

Zergatik egiten dituzu kantak ingelesez?

Gura dudalako. Beti egiten didate galdera bera, baina ez dira konturatzen euskaraz ere egiten ditudala kantak. Kanta bat ingelesez egiten dudanean, gura dudalako egiten dut ingelesez, eta kito, ez dago besterik. Entzuten dudan musika gehiena, ingelesezkoa da, eta countrya egin gura badut, tradizioa ingelesez dagoenez, bada, ingelesez egiten dut. Euskal Herrian, musikaren industrian euskaraz egitea baloratzen da gehiena, edo gobernuaren kontra berba egitea, nahiz eta jotzen den musikak hutsa balio. Nik ingelesez kantatzen dut, baina nire hitzak ere errebindikatiboak dira, gobernua, matxismoa eta beste ere kantatzen dut, baina hitzak irakurri egin behar dira.

Zure kantetako hitzak irakurri, gura duzu esan.

Bai. Beti gabiltza horretan: “Hemen kantatu gura baduzu euskaraz egin behar duzu”, esaten dutenean, “Zergatik?” galdetzen dut nik. Beti gabiltza berdin. Nik musika egin gura dut, musika hitzekin batera dator, ez doaz hitzak alde batetik eta musika bestetik, biak baloratu behar dira. Eta bakoitzak kantatu ahal du gura duena, gura duen hizkuntzan.

Argazkia: Dani Blanco.

Bullied kanta irakurri dizugu The Road albumean, eskola-jazarpena sufritu zenuen. Esperientzia agertzeak hainbat forotan parte hartzera eraman zaitu.

Kanta egin nuenean ez nuen pentsatu horren ostean zer etorriko zen. Behar nuelako egin nuen, beste hainbat kanta bezala. Kanta batzuk gordeta dauzkat oraindik, ez zaizkidalako oso onak iruditzen, adibidez. Bullyingaren kanta egin nuen, youtubera igo nuen, eta laster etorri ziren galdezka, parte hartzeko eskeak eta deiak.

Bullyingaren kontra ikastetxeetan egiten den, egiten ez den lanari buruz baduzu esatekorik.

Institutuan gauden bitartean, eta eskola orduetan handik atera ezin bagara, irakasleen ardurapean gaude, eurek daukate ardura. Irakasleek ez dituzte ikasleak hezi behar, etxean egin behar den lana da hori, baina heziera hori etxetik ekartzen ez dutenei, momentua heltzen denean, baten batek esan beharko die zer edo zer. Eta momentua eskolan gertatzen bada, irakasleak esan beharko dio. Eskolan ikasten ez badute, kalean ikasiko dute, eta hori txarrago izango da.

Bullyingaren inguruan, institutuetan, eta ikastetxeetan oro har, ez dela ezer egiten esan izan duzu.

Oro har. Batzuek ukatu egiten didate, baina nire institutuan horrela izan zen, eta ez da ezagutzen dudan kasu bakarra. Ezagutzen ditudan kasu gehienetan ez da ezer egin. “Ez da egia”, esaten dute batzuek, eta nirea ez da egia absolutua, baina uste dut horiek baino egiaren zati handiagoa daukadala. Batean eta bestean berba egiteko deitzen didate, eta ni joan ahal naiz eta pentsatzen dudana esan, baina horrek ez du esan nahi, hala ere, egia absolutu hori daukadala. Nork bere modura bizi izan du bullyinga, nork bere esperientzia du: nik neurea. Kasu bakoitza ezberdina da, baina antzekotasun handiak dituzte.

Zerk du indar handiagoa, diskurtsoak, edo diskurtso hori kanta bihurtzen denekoak, Bullied alegia?

Biek dute indarra, non esaten duzun, zelan eta nori. Komunikazioa errazagoa da kanta entzuten dagoena, adibidez, benetan entzuten ari bada. Baina entzulea tabernan baldin badago, eta kanta han, urrun eta beste barik bezala entzuten badu, ez dago komunikaziorik. Dena dela, nik uste dut kanta bidez errazago helarazten dela mezua. Filmetan bezala, momentu berezienetan hor da beti musika, sentimendua transmititzea errazten duelako.

Galdakoztarra Narbarten

“Narbarten zer egiten dudan? Pobrea izan, gordin esanda. Donostian ez dago pisua ordaintzeko modurik, eta lagun batzuk, denak musikariak, baserri batean Narbarten bizi direnez oraintxe, eurekin joan nintzen bizitzen, han dena merkeago da eta”
 

Hobbya ogibide

“Gure ogibidea ez ezik, gure hobbya ere bada musika, eta momentu batzuetan frustrazioa sortzen ahal du horrek. ‘Etorri jotzera halako ekitaldira!’ esaten dizute. Baina iturginari ez diozu esaten, beste barik, ‘etorri eta konpondu itoginak, momentu bat baino ez da!’. Gauzak ez dira horrela, ezta?”
 

“Bullied” kanta

Malko pare bat nire aurpegian behera, / nire odola zure eskuetan, / nola izan gintezkeen lagun? / Ihes egin beharra neukan olatu erraldoi hartatik / ez zidan ardura moduak, ez zidan ardura nire zoriak. / Baina inoiz ez duzue ordainduko / uste duzue ez duzuela nire beldur eta minaren errurik / halakoak izango zarete beti. / Senti dezakezue? zuen bihotz barruan, esnatu zuen burua eta ireki begiak. / Beldurrez nengoen egunero, / lotsatuta, baina ezin nuen esan. / Eta orain da unea, / non onartu behar baitut, / ez dudala ulertzen zergatik segitzen dudan hau behin eta berriz sentitzen. / Beste barik, jo gura ninduzuen / beste barik, garaitu gura ninduzuen / beste barik, suntsitu gura ninduzuen / guztiz.
(Jatorrizkoa ingelesez da)

Azken hitza: Kantak indar

“Kantatzen dut, musika egiten dut, baina hitzetan ere zer edo zer esaten dut. Kanta batzuek mezu ahula dute, beste batzuk, aldiz, indartsuak dira. The Road-eko Bullied, Numbers, Freedom, Izaren barnean, adibidez. Horiei buruz ere gura nuke berba egin elkarrizketetan”.


ASTEKARIA
2017ko martxoaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Maider Legarreta
Eguneraketa berriak daude