EAJ eta PSOE-ren erreforma saioak "legea berdin uzteko"

  • EAJk eta PSOEk Herritarren Segurtasunerako Legea –Mozal Legea– erreformatzeko egin dituzten proposamenak aztertzen dira ondorengo lerroetan. Eta Eleak-Libre erakundeak lege honen aurka egiteko bideratuko duen ekimena.

Xabier Letona @xletona
2017ko martxoaren 19a
ARGIAko isuna salatzeko Eleak/Libre mugimenduak Donostian egin zuen elkarretaratzea
ARGIAko isuna salatzeko Eleak/Libre mugimenduak Donostian egin zuen elkarretaratzea

No Somos Delito Espainiako Estatuko elkarteak egin du EAJren eta PSOEren proposamenen azterketa: “Legea aldatu nahi da, baina funtsean ezer aldatu gabe eta, gainera, herritarren segurtasunari buruzko eztabaida sakona saihestuz”.

Haien ustez, PSOEren proposamenak Mozal Legearen eta Corcuera Legearen (1992) txarrena biltzen du, kontzeptu juridiko zehaztugabeak eta orokorregiak erabiliz, eta herritarra defentsa barik utziz. EAJri dagokionez, plataformaren esanetan, greba eskubidea eta atzerritarren eskubideak zabaltzeaz mintzo da azalpenetan, baina ondoren ez ditu kontzeptuok garatzen artikuluetan.

Herritarren segurtasunaz EAJk duen ikuspegia oso kezkagarria da: maila berean jartzen ditu oinarrizko eskubideen babesa eta ondasunena. Haien idatzian, eremu publikoa ‘erabilera eta gozamen publikorako’ esparrua da, eta ez eskubideak bizitzeko espazioa. PSOEk eta PPk ikuskera bera dute, eta herritarren segurtasuna ordena publikoaren mantenuarekin nahasten dute”. Bien proposamenetan Mozal Legearen oinarrietako bati eusten zaio: polizien esanak froga gisa balioa duela. Horrekin, praktikan, defentsarako eskubidea galtzen da.

Manifestazioa eta bilkura eskubideari dagokienez, PSOEren proposamenek oso murriztaileak jarraitzen dute izaten. EAJren testuan ateak irekitzen zaizkie baimen gabeko bilkura bapatekoei, baina beti ere larrialdiko kasuei erantzuten badiete. Horrez gain, “EAJk migranteen kanporatze ‘beroak’ –berehalakoak– mantentzen ditu, eta hori txirotasunaren kriminalizazioa da”.

Hobekuntzak ere badira proposamenetan, “baina gutxi”: Hainbat kasutan PSOEk isunak txikitzen ditu. Hoberako aldaketa esanguratsuena EAJrena da, hainbat kasutarako isunak ezabatzea proposatzen baitu, esaterako, segurtasun indarren argazki ez baimenduak argitaratzeagatik, Kongresu eta Senatu aurreko bilkurak egiteagatik edota kalea oztopatzeagatik.

Eleak-Libre Mozal Legearen aurka
Eusko Legebiltzarrak 2016ko ekainaren 22an Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu bazuen ere, Mozal Legea 8.087 aldiz erabili du Ertzaintzak 2015an eta 2016an (uztailetik urte amaierara 2.857 aldiz). Estefania Beltran de Heredia, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak legea aplikatzen jarraituko duela esan du.

Nafarroako Legebiltzarrean legearen aplikazio datuak eskatuko dira eta bere aplikazioa bertan behera uztea. EAEko Legebiltzarrari hiru neurri eskatuko zaizkio: bat, Mozal Legearen aurkako jarrera berrestea; bi, lege honek berriz norbait zigortzen badu, salaketa publikoa egitea eta zigortuari babesa adieraztea; hiru, legea ez aplikatzeko konpromisoa berrestea.

Zer egin Mozal Legean oinarrituta zigortzen bazaituzte? Eleak-Libreren telefonoa eskainiko da, lurralde bakoitzean elkartearekin elkarlanean ari diren abokatuen telefono zenbakiak eta e-posta bat ere bai: mozalikez@riseup.net. Zigorra errekurritu edo desobeditzea erabakiz gero, elkarteak aholkularitza emango dio zigortuari. Herritarraren eskubideak zein diren azalduz, mugimenduak errepresioaren aurkako Gida Liburua kaleratuko du. “Polizia Grabatu” ekimena ere abian jarri du –lehen hiru bideoak sarean dira jada–, Ahotsa, Topatu, Hala Bideo, Ekinklik eta ARGIArekin batera. Azkenik, eskubide zibil eta politikoak bortxatu dituzten polizia ekintza guztien datu base bat ere osatu nahi du elkarteak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Mozal legearen mehatxua  |  EAJ  |  PP  |  PSOE  |  Espainiako Gobernua

Mozal legearen mehatxua kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude