Emakumeak Azkena Rocken

Berdintasuna anplifikatu nahi, gizonen justifikazioekin topo

  • Musikaz eta matxismoaz aritzean beste estilo batzuek jasotzen dituzte kritika txarrenak, baina hain “gurea” dugun rockaren mundura ere iritsi da eztabaida, aurtengo Azkena Rock jaialdiaren kartelean ia emakumerik ez dagoela-eta. Zeresana eman du gaiak baina, zoritxarrez, jarrera guztiak ez dira positiboak izan.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2017ko otsailaren 26a
Rob Zombie 2011ko Azkena Rock jaialdian. Festibalari berdintasunean aurrera egiteko klausulak jarri dizkio aurten Gasteizko Udalak (argazkia: Alberto Cabello).
Rob Zombie 2011ko Azkena Rock jaialdian. Festibalari berdintasunean aurrera egiteko klausulak jarri dizkio aurten Gasteizko Udalak (argazkia: Alberto Cabello).

“Mesedez, andre eta gizon, zabal dezagun!”, dio mezu batek Facebooken. “Hau AR Festibala da! Barkatu, Azkena Rock Festibala. Bi egun, hiru agertoki, 24 talde baino gehiago, eta emakume bat bera ere ez taula gainean. Last Tourrek, antolatzaileak, 200.000 euro baino gehiago jasoko ditu, diru publikotik, gure dirutik. Gasteizko Udalak ez die ezer exijitzen, ezta berdintasun gutxieneko bat ere. Lotsagarria da!”. Txinpartak aurkituko du bolborarik inguruan, otsailaren 7tik aurrera ziztuan zabalduko da Dorleta Rata Jones erabiltzaileak sare sozialetan egindako salaketa.

Azkena Rocken berdintasuna bermatzeko Gasteizko Udalak jarriko dituen klausulek ez dute emakume-kuotarik aurreikusten. Hala ere, antolatzaileek ez dute betetzeko bermerik eman

Eta gaia Gasteizko Udaleko Kultura batzordera iritsiko da otsailaren 14an, Ane Aristi EH Bilduko zinegotziak eramanda. Estibaliz Canto Kultura zinegotziak (PSE-EE) esango du ikusi duela auziarekin kezka daukan jenderik, baina “baita deskalifikazioak ere”, zeinak erakusten duen, bere ustez, Azkena Rock jaialdiari buruzko salaketa “ondo egina dagoela”. Festibaleko kartela itxita egon arren garaiz daude neurriak hartzeko, aprobetxatu egingo dute Udalak oraindik ez duela sinatu 2017ko edizioari dagokion patrozinio-kontratua eta, akordio horrek jartzen dizkiela baldintzak antolatzaileei: klausulak sartuko dituzte emakumeei leku duinagoa emateko, hori izango da festibalak 270.000 euro jasotzeko irizpideetako bat.

Klausula horiek ez dute aurreikusten emakume-kuotarik. Ane Aristik azaldu du ez dutela eskatzen festibaleko kartelburuak emakumeak izatea ere; bai ordea haien lana zerbitzari izatera ez mugatzea. “Adibidez, hiru eszenatoki ditu jaialdiak eta bakoitzak hildako musikari baten izena dauka: denak dira gizonak”, azaldu du EH Bilduko kideak, gogora ekarriz eszenatokietan jokatzen dela nagusiki nor den ikusgarri eta nor ez mota honetako ebentoetan.

Antolatzaile desafinatua

Horraino dena zuzen. Are gehiago, Kultura batzordean Cantok esplikatutakoaren arabera, otsailaren 14 horretarako Udalak hitz egin du baldintza horiei buruz jaialdia antolatzen duen Last Tour enpresarekin eta honek “erabat ulertu du” Udalaren postura. “Festibalaren partetik ez da problemarik jarri, guztiz kontrakoa”. Balada ezti eta erromantikoa biharamuneko El Correo egunkarian hasi da desafinatzen: Azkena Rock festibaleko zuzendari Alfonso Santiagoren adierazpenak jaso dituzte eta, zera esan du Udalak jarri nahi dituen klausulen harira: “Inork ezin du bermatu beteko direnik”.

Azkeneko momentura arte Heart taldea, Joan Jett, Neko Case, Tori Amos eta Patti Smith ekartzen saiatu direla esan ondoren, Santiagok erabateko “sentsibilitatea, interesa eta jarrera positiboa” izango dutela adierazi du, baina baita kontuan hartzeko rockaren industriaren %95 gizonek osatzen dutela: “Hau pop musikako jaialdia balitz, askoz errazagoa litzateke. Baina, zer egin dezakegu guk? Negoziazio askotan ibiltzen gara, gero egiten ez diren kontzertuak lortzeko, nahiz eta ados gauden emakumeek alor horretan paper garrantzitsuagoa izatearekin”. Blondie eta Juliette Lewis festibaletik pasa izana jarri du jaialdiaren politikaren adibide gisa, edo iazko edizioan izan ziren Imelda May eta Lucinda Williamsen kontzertuak.

Esplikazio horiekin bukatuta, kexak: “Mundu guztiak asunto hau hutsaldu eta epaitzen du jatorria ezagutu gabe”. Deitoratu du eztabaida publiko egin aurretik salaketa egin dutenek beraiekin ez kontsultatu izana. Eta azken nota gisa gaineratu du “debate honen fundamentu faltarekin harrituta” dagoela.

Sexua, mansplaininga eta rock’n’rolla

Ez da antolatzailearen jarrera bakarrik, edonor jabetuko da prentsan eta sare sozialetan gaiaz iritzia eman dutenei irakurrita. Modu nabarmenean parekidetasunaren kontra agertzen diren iruzkinak alde batera utzita ere, asko dira emakumeek agerikoago behar luketela uste dutenei bainak atera dizkietenen komentarioak. “Eztabaida honek ez du zerikusirik musikarekin” esaldia izan da, segur aski, azken asteetan Azkena Rocken kartela defendatzeko gehien erabili den argudioa. Baina ez bakarra: “Festibalak kontratatuko duen hurrengo emakumea entxufatuta dagoela susmatuko dute”, esan du, adibidez, Oscar Cubillo musika-kritikariak. Gasteizko Helldorado aretoko arduradunak berriz, zera esan du kontzertuak antolatzean erabiltzen duen irizpideaz: “Ez diot begiratzen emakumeak ala gizonak diren, euskaldunak ala norvegiarrak: kalitatea bilatzen dut” –ondoren, hori bai, onartu du diru publikoa jasotzen duen festibal baten kasua desberdina izan daitekeela–.

Emakumeek egindako salaketa bati garrantzia kendu nahi izan zaio, musikarekin zerikusirik ez duen zerbait dela adieraziz besteak beste

Denak gizonak dira. Mansplaining kasuen aurrean al gaude, doktore? Jokabide matxista hori honela definitu zuen Lily Rothmanek The Atlantic aldizkarian: “Zerbait esplikatzea, kontuan izan gabe entzuten duenak gehiago dakiela gaiari buruz azalpena ematen duen pertsonak baino. Gizonek emakumeekin erabili ohi duten portaera da”. Kontzeptuan sakontzeko asmoz idatzi zuen Rebeca Solnit-ek Men Explain Things To Me liburua, nabarmenduz, besteak beste, zein zabalduta dagoen emakumeen iritziei sinesgarritasun gutxiago ematea gizonen iritzien aldean.

Hemen aipatu ditugun arrazoitzeko moduak errepasatuta –eta gisa bereko beste hainbat–, mansplaining testak positibo ematen du Azkena Rocken inguruko polemika mediatikoan: musikaz “bakarrik” hitz egin nahi dute gizon batzuek, sinetsita instrumentuak jotzen dituztela izaki abstraktuek, eta ez generoa, klase soziala eta abar dauzkaten pertsonek; kritikariak ez die entxufismoaren mamurik erantsiko gizonezko musikariei, emakumezkoei bakarrik; eta “kalitatea” irizpide nagusi duen programatzaileak uste du hori neurtu daitekeela, ez dela sozialki eraikitako zerbait, zeinaren ondorioz, gizon askoz gehiago ikusiko dituzun eszenatoki gainean. Analisi pixka baten aurrean amiltzen diren argudio horiekin garrantzia kendu nahi izan zaio emakumeek egindako salaketa bati. Eta aukera paregabea galdu da, alor honetan hobetzeko asko dagoela onartuz, jarrera eraikitzaileagoak hartzeko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Azkena Rock festibala  |  Gasteiz  |  Matxismoa

Azkena Rock festibala kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude