Emakumeak Azkena Rocken: Udalak baldintzak jarriko ditu, antolatzaileak deseroso

  • Azkena Rock jaialdiko kartelean ia emakumerik ez agertzeak polemika eragin du eta gaia Gasteizko Udaleko kultura batzordera iritsi da. Horren ondorioz, Arabako hiriburuak jaialdiaren antolatzaileekin sinatzen duen patrozinio-kontratuan zenbait baldintza jarriko dizkie antolatzaileei.


2017ko otsailaren 15an - 14:01
Lucinda Williams iazko Azkena Rock jaialdian (argazkia: Dena Flows / CC-by-nc-nd).

Emakumeen ikusgarritasunaz gain, batzordean hitz egin da jaialdiak euskarari ematen dion leku urriaz ere, nahiz eta lehenbiziko gaiak hartu duen protagonismo handiena. Ane Aristi EH Bilduko zinegotziak eraman zuen afera astearteko bilkurara eta Estibaliz Canto kultura zinegotziak (PSE-EE) “ondo egindako” salaketatzat jo zuen.

Ane Aristi (EH Bildu): "Hiru eszenatoki daude hildako musikarien izenekin: denak dira gizonak"

Azkena Rockeko kartela itxita egon arren, Udalak oraindik ez du sinatu aurtengo patrozinio-kontratua –270.000 euro jasotzen ditu jaialdiak erakunde publikotik–. Dokumentu horretan klausulak jarriko dira orain, musika munduan emakumeei leku duinagoa ematea helburu.

Udalak kontratuan jarriko dituen klausuletan ez da kuotarik jarriko. Aristik dioenez, ez dute eskatzen festibaleko kartelburuak emakumeak izatea; bai ordea haien lana zerbitzari izatera ez mugatzea. “Adibidez, hiru eszenatoki ditu jaialdiak eta bakoitzak hildako musikari baten izena dauka: denak dira gizonak”, azaldu du EH Bilduko kideak, mota honetako ebentoetan ikusgarritasuna eszenatokietan dagoela gogora ekartzearekin batera.

Antolatzaileak laguntzeko prest… ala ez?

Canto kultura zinegotziaren arabera, dagoeneko harremanetan jarri dira jaialdia antolatzen duen Last Tour enpresarekin eta “erabat ulertu du” Udalaren postura. “Festibalaren partetik ez da problemarik jarri, guztiz kontrakoa”, azaldu zuen.

Alfonso Santiago (Azkena Rock): "Inork ezin du bermatu Udalak jarriko dituen klausulak beteko direnik"

Asteazken goizean El Correo egunkaria zabaldu duenak bestelako zerbait sumatuko zuen ordea: Azkena Rock festibaleko zuzendari Alfonso Santiagoren adierazpenak jaso dituzte eta, Udalak jarri nahi dituen klausulen harira, zera esan du: “Inork ezin du bermatu beteko direnik”.

Azkeneko momentura arte Heart taldea, Joan Jett, Neko Case, Tori Amos eta Patti Smith ekarri nahian aritu direla esan ondoren, Santiagok erabateko “sentsibilitatea, interesa eta jarrera positiboa” izango dutela adierazi du. Baina rockaren industriaren %95 gizonek osatzen dutela kontuan hartzeko eskatu du: “Hau pop musikako jaialdia balitz, askoz errazagoa litzateke. Baina, zer egin dezakegu guk? Negoziazio askotan ibiltzen gara gero egiten ez diren kontzertuak lortzeko, nahiz eta alde gauden emakumeek alor horretan paper garrantzitsuagoa izatearekin”.

Blondie eta Juliette Lewis festibaletik pasa izana jarri du jaialdiaren politikaren adibide gisa, baita iazko edizioan izan ziren Imelda May eta Lucinda Williamsen kontzertuak ere. “Mundu guztiak asunto hau hutsaldu eta epaitzen du jatorria ezagutu gabe”, bere ustez. Eztabaida publiko egin aurretik beraiekin ez kontsultatu izana deitoratu du, “debate honen fundamentu faltarekin harrituta” dagoela gaineratuz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azkena Rock festibala
2018-06-07 | Hala Bedi
Eredu baztertzailea bultzatzen duela leporatu dio Mugimendu Feministak Udalari, Azkena Rock-eko datuak gogoratuz

Gasteizko Mugimendu Feministak Arabako instituzioek “jai-eredu baztertzaile bat bultzatzen dutela” salatu du, aurtengo Azkena Rocken arituko diren 34 taldeetatik soilik hirutan emakumeen presentzia egongo dela gogoratuz. Bost puntu exijitu dizkiete arduradun... [+]


2018-05-23 | Hala Bedi
Hainbat eragile feministak bestelako Azkena Rock baten aldeko apustua egin dute

Kolektibo feminista ezberdinek  hiru konpromiso eskatu dizkiote Gasteizko Udalari eta jaialdia antolatzen duen Last Tour International enpresari. Aurten, soilik gizonezkoak dituzten taldeak karteletik ezabatuz gero, lau taldek joko lukete jaialdian.


2018-03-27 | Hala Bedi
Haserrea eragin du sarean Azkena Rockeko emakumeen presentzia eskasak

Eragile feministek eta norbanakoek haserre hartu dute Azkena Rock 2018 jaialdian egongo den emakumeen presentzia eskasa. Berrogei taldeetatik, soilik lautan egongo dira emakumeak oholtzaren gainean.


Ia emakumerik gabeko edizio baten ondoren, ARFek Joan Jett baieztatu du 2018rako

Joan Jett & The Blackhearts taldea iragarri du Azkena Rock festibalak 2018ko ediziorako, aurtengo polemikaren ondoren.


Emakumeak Azkena Rocken
Berdintasuna anplifikatu nahi, gizonen justifikazioekin topo

Musikaz eta matxismoaz aritzean beste estilo batzuek jasotzen dituzte kritika txarrenak, baina hain “gurea” dugun rockaren mundura ere iritsi da eztabaida, aurtengo Azkena Rock jaialdiaren kartelean ia emakumerik ez dagoela-eta. Zeresana eman du gaiak baina,... [+]


Eguneraketa berriak daude