Mizpira ezin sudurretik kendu

  • Mespilus germanica mizpirari tiraka segitzeko asmotan nauzu. Umetatik nire arreta erakarri izan duen fruitua da mizpira. Txakurraren atzetik eskopeta kanoi paralelo bikoa aurrera luzatuta zeraman aitonaren atzetik ibiltzen nintzenean, jeneralean oilagorretara joanda, erreka zulo sastrakatsu batetik ezin aurrera egin eta aurrerabidea moldatu nahian goraxeagotik abiatu eta koxkaren bizkarrean hara, danba, topo berarekin. Basoaren zilborrean hantxe, mizpirondo ikaragarri bat zabal-zabal hedatua.

Mizpira, 'Mespilus germanica'. (Arg.: Jakoba Errekondo)
Mizpira, 'Mespilus germanica'. (Arg.: Jakoba Errekondo)

Ehiztariak beti zorroa aldean, eta ordurako lurrean ziren mizpira gainumotuak bildu egin behar. Haiek zorrora biltzen eta arbolape hartan zegoen usaina ezaguna baina sailkaezina zitzaidan. Ehiza txakurraren sudur mintzak alferrik izango zuen mizpiraren usain hura, nireak oilagorrarena bezalaxe. Halako batean txirikordatu nituen, egoera, fruitua eta arbola eta nire usaimenaren memoriaren altzoan ostatu eman. Orduantxe, umetan, sagardoa zer zen ikasten hasi berria eta hartzitzen ari zen sagar muztio haren usain bertsua mizpirondoaren inguruan. Fruituaren azukrea alkohol bihurtzen ari den hartzidura. Sagarraren muztioak irakin egiten du barrikan; mizpiraren mami bigunak alean bertan, bere azalaren mugetan. Mazerazio edo beratze karbonikoa egiten duten mahatsen tankeratsu hartzitzen da mizpira, mamia usteldu ordez gainumotuz. Umotze horren perfumea lurrindu egiten da, azalaz beste. Eta ume mokoaren sudur mintzetan betiko txertatu.

Gaur baino sudur mintz guriagoak eta pituitario zorrotzagoa nituen orduan, baina usain hark memoriaren apalategitik ez du alde egiten. Nahita ere berehalakoan galduko ez ditudan oroigarri horietako bat dela iruditzen zait. Etxeko atari aurrean ditudan mizpirondoen udazken aldeko usain hau ez daukat saltzeko.

Bateren bati bururatu zitzaion ba, baso gorrian elorri zuri hura (Crataegus spp) txertatu behar zuela; eta pentsatu eta hurrengo txerto sasoian joan eta egin.

Mizpiraren hartzigarri usaintsu horiek sagardoari eranstea burutik pasatu ba niri. Eta baita egin ere. Sagardoari eta sagardo ozpinari mizpira ttantta. Ummm... Nahi duenak proba dezala edozein konfituratan, konpotatan, ezti-uretan...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: mizpira
2016-12-04 | Jakoba Errekondo
Mizpirak udazkena itulan

Galtzen beheko barrena belaunetik txorkatila-eraztuna estaltzera eraman duen eguraldia etorri denetik kanpotik etxerako etorria ugaritu da. Galtza motzen sasoian etxetik kanporako joana gustukoagoa zen. Orain ere nik kanporako norabidea nahiago, baina uztak behartzen du... [+]


2015-11-29 | Jakoba Errekondo
Zoritu gabe hirotu

Fruitu sasoi nagusia den udazken hasiera honetan, nahi gabe ere etengabe datorkit larruazalera trogloditatasuna. Milaka urtean mantendu gaituen makina bat fruitu seko ahaztua dugu. Eta ikusi, eskuan hartu eta ahoratu orduko gogoa bahitzen didate. Ahal dudanero egiten saiatzen... [+]


2015-01-04 | Jakoba Errekondo
Japonia eta Alemania

Japoniarrak alemaniazale al dira? Eta, alemanak japoniazale? Ez dut ez bateko ez besteko berri eta ez noa ezagutzen ez dudan basatzan hankarik sartzera. Lehengo mendeko guda handi batean elkar hartuta aritu zirela, hori bai, badakit. Helburuak bakoitzak bereak izango zituen,... [+]


2012-12-30 | Jakoba Errekondo
Mizpira gogorra

“Mizpira, ahora gabe uzkira” atsotitz ezaguna da. Sabelaldeko barrenak lasaitzeko ona izan... Esaera izaterainoko adina zahar bada mizpira (Mespilus germanica) gure kulturan. Ez dut, ordea, bere aldaerak bereizten dituen euskarazko izenik ezagutzen. Izan, izango... [+]


2012-12-23 | Jakoba Errekondo
Ardozaleen mizpira

Mizpirak, Mespilus germanica, sukaldari, gastronomo eta fruituzale ugariren jakin-gosea piztu du mendetan. Aurrekoan ere esana, ahosabaia ahozerutzen didan jaki bakanetakoa dut neuk ere. George Saintsbury (1885-1933) idazle, eta beraz ardozale, ingelesak “ardoak fruituen... [+]


Eguneraketa berriak daude