Mespilus germanica mizpirari tiraka segitzeko asmotan nauzu. Umetatik nire arreta erakarri izan duen fruitua da mizpira. Txakurraren atzetik eskopeta kanoi paralelo bikoa aurrera luzatuta zeraman aitonaren atzetik ibiltzen nintzenean, jeneralean oilagorretara joanda, erreka zulo sastrakatsu batetik ezin aurrera egin eta aurrerabidea moldatu nahian goraxeagotik abiatu eta koxkaren bizkarrean hara, danba, topo berarekin. Basoaren zilborrean hantxe, mizpirondo ikaragarri bat zabal-zabal hedatua.
Ehiztariak beti zorroa aldean, eta ordurako lurrean ziren mizpira gainumotuak bildu egin behar. Haiek zorrora biltzen eta arbolape hartan zegoen usaina ezaguna baina sailkaezina zitzaidan. Ehiza txakurraren sudur mintzak alferrik izango zuen mizpiraren usain hura, nireak oilagorrarena bezalaxe. Halako batean txirikordatu nituen, egoera, fruitua eta arbola eta nire usaimenaren memoriaren altzoan ostatu eman. Orduantxe, umetan, sagardoa zer zen ikasten hasi berria eta hartzitzen ari zen sagar muztio haren usain bertsua mizpirondoaren inguruan. Fruituaren azukrea alkohol bihurtzen ari den hartzidura. Sagarraren muztioak irakin egiten du barrikan; mizpiraren mami bigunak alean bertan, bere azalaren mugetan. Mazerazio edo beratze karbonikoa egiten duten mahatsen tankeratsu hartzitzen da mizpira, mamia usteldu ordez gainumotuz. Umotze horren perfumea lurrindu egiten da, azalaz beste. Eta ume mokoaren sudur mintzetan betiko txertatu.
Gaur baino sudur mintz guriagoak eta pituitario zorrotzagoa nituen orduan, baina usain hark memoriaren apalategitik ez du alde egiten. Nahita ere berehalakoan galduko ez ditudan oroigarri horietako bat dela iruditzen zait. Etxeko atari aurrean ditudan mizpirondoen udazken aldeko usain hau ez daukat saltzeko.
Bateren bati bururatu zitzaion ba, baso gorrian elorri zuri hura (Crataegus spp) txertatu behar zuela; eta pentsatu eta hurrengo txerto sasoian joan eta egin.
Mizpiraren hartzigarri usaintsu horiek sagardoari eranstea burutik pasatu ba niri. Eta baita egin ere. Sagardoari eta sagardo ozpinari mizpira ttantta. Ummm... Nahi duenak proba dezala edozein konfituratan, konpotatan, ezti-uretan...