Fidelek iraungo ote duen Kubako agroekologiaren patuak erakutsiko du

  • Kuba trantsizio betean murgildurik utzi du Fidel Castrok. Hezkuntza orokortua, herrialde aberatsenekin alderatzeko bizi esperantza, osasun sistema eredugarria... eta, bestetik, jendeen kontsumitzeko irrika, sistema politikoa irekitzea eta ekonomia mundu globalizatuari egokitu beharra. Azken 25 urteotan kubatarrei elikadura bermatu dien nekazaritza ereduaren iraun edo ahultzeak adieraziko du Kuba norantz doan.

IPS agentziarentzako Jorge Luis Bañosek egindako argazkian Iraida Semino Habana ondoko La Lisa herrian daukan hiri-etxaldearen atarian. Ekonomian lizentziatua, bi gaztetxoren ama dibortziatua, 2013an ekin zion nekazaritzari, 2008an Raul Castrok herri lurr
IPS agentziarentzako Jorge Luis Bañosek egindako argazkian Iraida Semino Habana ondoko La Lisa herrian daukan hiri-etxaldearen atarian. Ekonomian lizentziatua, bi gaztetxoren ama dibortziatua, 2013an ekin zion nekazaritzari, 2008an Raul Castrok herri lurrak partikularrei errentan eskaintzeko egindako erreformaren babesean. Barazkiak ekoizteaz gain, baditu idiak, zerriak, ardiak, ahuntzak eta oiloak ere. Nekazaritzan 100 gizoneko 30 emakume ari dira Kuban.

Mende erdi batez hartu badio Kuba iraultzaileak gaina AEBek ezarri eta mundu aberatsak oro har zorrotz berretsitako blokeoari, kubatarrek antolatutako erantzunen artean –alde batera utzirik militarki ondo prestatzea– bi nabarmendu izan dira sarri: osasun sistema muturreko egoeretan funtzionatzeko eta herritar guztiak duintasunez elikatzeko antolatzea.

Nekazaritza kubatarrak, ordea, potentzia kapitalisten blokeoa adina laborantza eredu komunista zentralizatuaren kolapsoa behar izan ditu gainditu. Sobietar Batasunak bere inguruan antolatutako sareak 90eko hamarkadan porrot egitean blokeaturik geratu zen Kubako nekazaritza.

Ordura arte, uharteko soroen %75ean azukre kaina ekoizten ari zen laborantza industrialaren efizientzia bilatuz, ordainetan janarien %60 inportatzeko. Pestizida gehienak, ongarrien erdia eta aziendentzako pentsu asko bezala. Petrolioa ere kanpotik erosi behar zen, traktoreak, makineria gehiena, gero azukrea esportatzeko.

Berlingo harresia eroriz geroztik, janarien inportazioa erdira jaitsita, kubatarren dieta izugarri urritu zen: kaloriak %36an, proteinak %40an eta koipeak %65ean. Herritar gehienak argaldu ziren lehen urteetan. Goseari Habanako gobernuak erantzun zion batetik ahulenentzako –zaharrak, ama berriak, haurrak...– janari programekin eta bestetik herritarrentzako arrazionamendu txartelarekin. Alabaina, antzeko egoera larrian sistema mekanizatu zentralizatuarekin jarraitu eta bere populazioa gosetera kondenatzen ikusi zuen Ipar Korearen alderantziz, Kuban nekazaritza osoa birmoldatu zuten eta 2003rako berriro herritarren dieta 2.470 kaloriataraino iritsia zen, hori, gringoen blokeoaren gainetik, Munduko Bankuaren laguntzarik gabe.

Urteotan petrolioan oinarritutako nekazaritza utzi eta bestelako eredu batera aldatu behar izan dute. Lehengo teknika usadiozkoak berreskuratu dituzte laborariek, aldi berean teknologia berriak ezagutu eta pestizida naturalak eta ongarri ekologikoak egin eta erabiltzen ikasiz. Traktoreen ordez idi eta zamarietara jo dute berriro. Azukre-kainatan ari ziren granja asko ere etxalde txikiagoetan berrantolatu da.

Kuba “agroekologiaren paradisu” bilakatu duen transformazioa maila askotako erabakien fruitu izan da. Funtsean, Habanako gobernuak nekazaritza deszentralizatzeari ekin zion 90eko hamarkadan: guajiro [baserritar] txikiei autonomia zabaldu, kooperatiba berriak legeztatu, granja industrial eraginkortasunik gabeak desegin, herri lurrak laga nekazari berriei... Planifikatzeko eta komertzializatzeko eskumen asko udalei pasatu ere bai.

Miguel A. Altieri eta Fernando R. Funes-Monzotek "Laborantza kubatarraren paradoxak" ikerlanean azaltzen dutenez, urteotan 100.000 etxalde txiki baino gehiago sortu dira Estatuak banatutako milioi bat hektareatan. Gainera, badira 383.000 hiri-baratze, 1,5 milioi tona barazki ekoizten dutenak. Denen artean, “Período Especial” aurretik baino %73 kimiko gutxiago erabiliz Kubari baimendu diote bere elikadura burujabetasuna sendotzea, atzerriko jakien inportazioak mugatuz uhartean ekoizten ez direnetara: olio, eta beste.

Zabaltzea ez dela beti salbatzea

Pestizida eta ongarri kimikorik gabe produktibitate handiko laborantza egiten ikasi dute kubatarrek, baina horretarako erabakigarria izan da –behar gorriaz gain– gobernuak milaka teknikari jartzea campesinoekin elkarlanean agroekologia modu zientifikoan garatzen. Gaur munduan peak oil osterako trantsizioaz kezkatua den edonork daki kolapso garaietan herritarren elikatze beharrak ase beharko dizkien agroekologia nonbait ikusteko praktikan, Kuban ikusiko dutela.

Baina Kubako agintariek esku batez agroekologia sustatu duten bezala, bestearekin jarraitu dute  ongarri askoko eta teknologia konplexuzko laborantza ere indartzen. Azken urteotan, batzuetan Venezuela eta Brasilgo konpainiekin elkarlanean, ugaritu dira soia, arto, patata eta abarri eskainitako monolabore soroak.

Kubatarrek inbertsio handiak egin dituzte bioteknologian ere, beren transgeniko propioak sortuz. Arduradun kubatarrek diote hemen bioteknologia ez dagoela enpresa handien kontrolpean ez eta ere beste herrialdeetan nagusi den jabego intelektualaren baldintza beretan, eta Kuban lana egiten dutela ingurumena zaintzeko bio-segurtasun arau askoz zorrotzagoekin. 2009an 6.000 hektareatan ereina zegoen FR-Bt1 arto transgeniko kubatarra.

Transgenikoaren zabaltzeak berekin baitakar pestizida sofistikatuen ugaritzea, kimikoen produkzioa handitzea ere sustatzen du gobernuak. Aurten bertan Habana ondoko Artemisa herrian  kimikagintzan ari den Juan Luis Rodríguez Gómez enpresa publikoak ekin dio glisofato kubanoa ekoizteari, bere gain hartuz orain arte inportatzen zena –Monsantoren Roundup famatua horixe da, glisofatoa– ordezkatzea.

Nekazaritza ereduez eta tartean transgenikoez asko eztabaidatzen da Kuban azken aldi honetan. Gehiago jankin nahi duenak –gaztelania badaki– ondo egingo du entzunda “Agroecología y transgénesis: ¿Enemigos o posibles aliados?” eztabaida Cubadebate hedabide elektronikoan, alde batetik Luis Montero Cabrera Kubako Kimikaren Elkartearen lehendakaria, bestetik Giraldo Martín Matanzaseko Indio Matuey agroekologia zentro esperimentaleko burua.

Etxalde kubatarren etorkizuna, ordea, barneko eztabaida teoriko-praktikoetan baino gehiago jokatuko da uhartearen isolamenduaren amaierarekin. Ivet Gozalezek IPS agentziako kronika bati, martxoan, izenburu adierazgarri hau ipini zion: “Deshielo con Estados Unidos pone a prueba agroecología cubana“. Barack Obamak Habana bisitatu bezperan, Humberto Ríos agroekologiaren sustatzaile nagusietakoa izan den teknikariak –Goldman nobel alternatiboaren irabazlea bera– kazetariari azaldu zion bere kezka, Kubaren kanporako irekitzeak ondorio oso kaltegarriak ekar ditzakeelako: “Ez badira neurriak hartu eta arazo atzeratuak konpontzen, gerta liteke nekazaritza konbentzionalak eta bere produktuek irenstea agroekologiaren 25 urteak”.

Pinar del Rion nekazari den Elsa Davalosek kezka bera agertu du, nabaritu duelako hainbeste urtez ongarri eta erremedio naturalak sustatu ostean zein erraza den epe laburreko etekinak eskaintzen dituzten kimikoetara pasatzea: “AEBen negoziaketekin gureganaino ere zabalduko dira mundu osoko nekazaritzan gainezka dauden kimikoak. Urteotan egindako lanari eustea oso zaila gertatuko zaigu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kuba
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).


Kubak 17 urtez Pentagonoan infiltratu zuen espioia aske, 20 urte espetxean egin ostean

AEBetako Defentsarako Inteligentzia Agentzian analista lana egiten zuen, eta hainbat informazio sekretu helarazi zizkion Kubako Gobernuari 1984tik aurrera. 2001ean atzeman zuen FBIk, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Bere aurkako 2002ko epaiketan egin bezala, orain... [+]


Emilio Aranguren. Euskal DNA-dun gotzain kubatarra
"Iraultza ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean"

Habanan egindako elkarrizketa baten bigarren atala izan liteke hau. 2011ko ekainaren 19an ARGIAren orrialdeetan mintzatu ginen Holguineko (Kuba) gotzainarekin. Francok estatu-kolpea jo zuen garaian Legazpiko alkate Daniel Arangurenen eta Emilia Etxeberriaren semea dugu, gurasoen... [+]


2022-11-22 | ARGIA
Pablo Milanés abeslaria hil da

Pablo Milanés abeslari kubatarra zendu da, 79 urterekin. Madrilen eman ditu azken urteak, baina han eta hemen kontzertuak eskaini ditu, azken unera arte.


Eguneraketa berriak daude