Kubako iraultza Habanako ortuetan aurkitzen da

  • Petroliorik gabe, traktorerik gabe, ongarri kimikorik gabe, botikarik gabe, kasik ezer gabe... elikatu ote litezke herritarrak? Baietz erakusten diete Kubako baratze “organoponico” deituek, energi krisiaren baitan nola biziraun daitekeen ikasi nahi dutenei.

Organoponico vivero Alamar Habanako ekialdean dago, 11 hektareako baratzea bost eta sei solairuko etxeen artean, 300.000 biztanle biltzen dituen Alamar auzoan, hiriburuko alde zaharretik hogei bat kilometrotara. 150 langile kooperatibistak eskuz jorratzen dituzte lur guztiak, ekoiztutakoa atarian daukaten denda txikian herritarrei zuzenean saltzeko, nahiz eta gero eta gehiago jatetxe eta hotelak ere barazki eske datozkien. Gainera, ekoturismotik ere ateratzen dituzte sosak, mundu osotik nekazaritza organikoa –ekologikoa, biologikoa...– hiri erdian nola egitera ikusi eta ikastera datozenei bisita gidatuak eskainiz.

Lau bazkidek ekin zioten 1997an orduan doi-doi hektarea zuen eremua lantzeari. Gero azalera zabalduz joan ziren, bazkideak ugarituz, noizbait kiroldegi izateko izendatua zegoen lursail zabortegi bihurtua berreskuratuz. Gaur Alamarreko ortuaren informazioak ugariak dira Interneten. Monthly Review aldizkarian Sinan Koont-ek erreportaje zabala eskaini dio The Urban Agriculture of Havana tituluarekin. Alamarreko organoponikoaren aitapontekoa eta liderra den Miguel Salcines Cuba Informacionek ipinitako hiru zatitako elkarrizketan ikus daiteke bideoz. Eta gehiago badira.

Europako nekazari aurrerazaleen eta ekologisten artean famatuak diren organoponikoak Habanako edozein tokitan aurki daitezke, berdin autopista bazterretan edo Miramar auzo pribilegiatuan enbaxaden artean kokatuta. Hiriburuko lurzoruaren %8 dago baratzez osatuta.

Sobiet Batasuna lehertu zen garaietan sortutako fenomenoa da organoponikoena. Kubako nekazaritza aspalditik zegoen industrializatuta, baina 1959ko iraultzaren ondoren herrialde komunistekiko harremanean azukre ekoizpenean zentratu zen. Merkatu librekoa baino prezio hobean erosten zion azukrea Kubari Sobiet Batasunak, trukean makineriak, petrolioa eta janariak salduz.

Comecon izeneko merkatu komunista 1991an desegin zenean, Kuba heriotzara kondenatuta aurkitu zen:  azukrea saldu ezinik eta trukean ez janari, ez makineria eta petroliorik eskuratu ezinik. 1991tik 1995erako “Periodo Especial” deitua bake garaiko gerra egoera bihurtu zen. Kanpo merkataritza %80an urrituta, petrolioa %90 murriztuta...

Habanako agintariek, irtenbide bila, alde batetik ordura arte sakrilegiotzat jotako hautua egin zuten: turismoa bultzatu eta dolarra onartu ekonomiaren barruan. Bestetik, nekazaritza osoa berrantolatu behar izan zuten. “Periodo Especial” hartan herritarrek gosea pasatu zuten, argaldu egin ziren. Azukre ekoizpenari lotutako egitura gehienak desegin ziren, lur asko abandonatu zen, traktoreak desagertu ziren, lurra goldatzeko idietara itzuli ziren –gaur hala segitzen dute– eta aldi berean elikaduren produkzioa hiri barrura hurbiltzea erabaki zuten.

Baratze organoponikoen sorrera batzuek Nestor Lopez Cuba jeneralari aitortzen diote, bera zegoen kasernetan soldaduen laguntzarekin betidanik nekazaritza oso intentsiboa lantzen zuelako eta esperientzia Raul Castrori kontatu omen ziolako. Beste iturriek garrantzia handiagoa ematen diote urte latz haietan Australiatik permakulturan aditutako militanteak laguntzera azaldu izanari. Edonola izanik ere, urte gutxitan arras aldatu da Kubako elikaduren ekoizpena organoponikoekin.

Lanerako eskuak eta buruaz gain beste ezer ez dagoen eremuan elikagaiak sortzeko sistema da organoponiko bat, energia urritasun erabatekoan bizirauteko modua... eta ahal bada enpresa egitura eraginkorra mantentzekoa. Baratzeotan ez da traktorerik, eta dagoenean abandonaturik geratu da konpontzeko piezarik topatu ezin delako. Ez da petroliorik. Ia motorrik ez da. Ez da ongarri kimikorik, merkatuan aurkitu ezin delako, eta gauza bera gertatzen da xomorroentzako botikekin. Zer geratzen da? Natura bera, gehienetan oso hondatua, eta gizakien besoak eta adimena.

Organoponikoetako baratzeak kaxa edo aska erraldoiez osatuta daude. Horietan, edozein zoruren gainean, tantaz tantako ureztatzeko xinplea ezartzen da eta landareak azkar hazteko prestatutako lurra. Landareak bertako mintegietan sortzen dira, bertako haziekin, ia ezer ezin da erosi kanpoan.

Lurra ere organoponikoan bertan sortzea beste biderik ez dago. Alamarreko baratzea bisitatzen dutenek konposta, zizare bidezko humusa eta lur berria nola sortzen diren ikasten dute hitzaldi laburrean. Simaurra eskuratzea bera buruhaustea zaio inguruko ukuilu handiren batetik kamioiz ekarri behar duenari... matxuratutako kamioia konpontzeko modurik ez baldin badauka. Horregatik ahal dela simaurra ere bertan sortu behar da, horretarako abelburu batzuk edukita... pentsurik gabe bazkatuak, prefosta.

Bitartekoak eta tresneria izan litekeen xumeenak baldin badira, aldiz, ortuetako zati eta aska bakoitza antolatuta dago milimetrorainoko prezisioz. Landare bakoitzak lur mutur juxtua eduki behar du, ez soberan lurra ez alferrik galtzeko, ez faltak aski indartzeko. Aska bakoitzean, gainera, klase ezberdinetako landareak konbinatzen dira,  elkarri laguntzeko bai elikaduran eta bai xomorro eta izurrien kontrako lehian.

Hemen ez da botikarik, bioaniztasunarekin jokatzen da xomorroei gaina hartzeko. Organoponikoetan deigarri egiten dira barazkiekin nahastutako loreen koloreak. Xomorroekiko borrokan kolore aniztasuna garrantzitsua omen da, xomorro ezberdinek maite dituzten landareen banaketa txukuna bezala. Horregatik ikusten dira asken muturretan kalendula eta tagete laranja kolorekoak, edo barazki eremuen bazterretan arto ilarak, zorriak berenganatzen omen dituztenak.

Izurria urrunago iritsi baldin bada, orduan sendabelarretara jo beste biderik ez da. Organoponikoetan beti dago sendabelarren atala. Herritarrek ere horiek eskatzen baitituzte, patente amerikarreko botikarik sartzen ez den Kuban dena aprobetxatzen denez gero, antigoaleko belarren jakinduria bezala erleek ekoiztutako propolia.

Kuba osoan baina batez ere Habanan nabarmena da trantsizio neketsu batean sartuta daudela. Venezuelan Hugo Chavezek agintzeak arnasaldia eman die, hori bai, agintariei. Trantsizio garaietan agertzen dira nabarmenen herrialde baten aurpegi ezberdinak. Karibeko errepublika sozialistan turismoaren bueltan indartu den ekonomia berria da bat. Baina Habanako ortu organoponiko kooperatibo bat ikusi ez duenak beste erdia faltako du.

Argazki oina: Photoshelter zerbitzuan Felix izeneko batek lagatako irudian Miguel Salcines ageri da Organopónico Vivero Alamar kooperatibako baratzean. Salcines Nekazaritza Ministerioko goi karguduna zen 1997an beste hiru bazkiderekin ortugintzan hasi zen arte. Nabarmen ikusten denez, Alamarreko etxebizitzen tartean dago organoponikoa, Habanako eta Kubako gehienak bezala. Ortua askatan dago antolatuta, bazterrolen lana teilaturen batetik berreskuratutako fibrozementuzko –uralitazko– puskek egiten dutela. Erdiko askan ikus daiteke ura tantaz tanta banatzen duen hoditxoa. Salcines makurturik dago bazterreko loreen aurrean, loreok xomorroak eta izurriak kontrolatzeko ipinita daudelarik. Bixitez gain ikastaroak ere eskaintzen dituzte Alamarren.

Informazio gehiago:

- Hiri nekazaritza Habanan, Sinan Koont-en artikulua Monthly Review aldizkarian
- Organoponikoen historia eta izakera, Lara Boglione eta Lucy Loveday-k egindako bideoan Youtuben
- Miguel Salcines ingeniariak azaltzen du Alamar organoponikoa Cubainformacion zerbitzuaren bideo interesgarrian
- Organoponikoak ingelesezko Wikipedian
- Humberto Rios Labrada irakaslearen hitzaldi interesgarria Kubako nekazaritza berria esplikatzen, zazpi bideo puskatan.
- Organoponiko bat nola egin dokumentazio oso argia gaztelaniaz

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kuba
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).


Kubak 17 urtez Pentagonoan infiltratu zuen espioia aske, 20 urte espetxean egin ostean

AEBetako Defentsarako Inteligentzia Agentzian analista lana egiten zuen, eta hainbat informazio sekretu helarazi zizkion Kubako Gobernuari 1984tik aurrera. 2001ean atzeman zuen FBIk, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Bere aurkako 2002ko epaiketan egin bezala, orain... [+]


Emilio Aranguren. Euskal DNA-dun gotzain kubatarra
"Iraultza ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean"

Habanan egindako elkarrizketa baten bigarren atala izan liteke hau. 2011ko ekainaren 19an ARGIAren orrialdeetan mintzatu ginen Holguineko (Kuba) gotzainarekin. Francok estatu-kolpea jo zuen garaian Legazpiko alkate Daniel Arangurenen eta Emilia Etxeberriaren semea dugu, gurasoen... [+]


2022-11-22 | ARGIA
Pablo Milanés abeslaria hil da

Pablo Milanés abeslari kubatarra zendu da, 79 urterekin. Madrilen eman ditu azken urteak, baina han eta hemen kontzertuak eskaini ditu, azken unera arte.


Eguneraketa berriak daude