Hondarribia

Hiztegi herrikoia osatzeko Facebookideekin blagan

  • Kapen, blagan, billaba, txotxua hitz arruntak dira Hondarribian. Herriko hitz eta esamoldeak, ohikoak eta ez hain ezagunak, biltzen hasi zen Ketxus Ponce, jolas modura, eta 800 baino gehiago ditu dagoeneko. Facebookeko Honddarbiko hitzak orrialdean osatzen doa Hondarribiko euskararen artxiboa, jendeak sare sozialean bertan egiten dituen ekarpen, ñabardura eta eztabaidek aberastua.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2016ko abenduaren 04a
"Behin belarria horretara jarrita, bestela oharkabean pasako litzaizkidakeen hitz berezi asko entzuten hasi nintzen: bizilagunen bileran, kaleko poteoan, Txomin Artolaren kantetanů Pixkanaka, altxor handi bat biltzen ari nintzela konturatu nintzen", dio Ketxus Poncek.

Argurian (tertulian) izan gara Ketxus Poncerekin, egin poroiuan (ekinaren ekinez) lortu duen bilduma txol (oso) oparoaz mintzatzeko, erronkari urte luzez itxeki (eutsi) baitio hondarribiarrak. Bide batez, ikusi duzun moduan, herriko hitz ugari ikasi ditugu berarekin. Fernando Artola “Bordari” idazle hondarribiarrak herriko euskararen inguruan egindako hitzaldi batetik hartutako adibideekin, hitzak eta haien esanahiak argitaratzen hasi zen Hondarribia herri aldizkaria, 80ko hamarkada bukaeran. Ponceren eta lagun baten interesa piztu zuen ariketak, eta erabaki zuten ingurukoen mintzaira arretaz aditzea: “Behin belarria horretara jarrita, bestela oharkabean pasako litzaizkidakeen hitz berezi asko entzuten hasi nintzen, edozein esparrutan: bizilagunen bileran, kaleko poteoan, Txomin Artolaren kantetan, jende helduari honetaz eta hartaz galdetuta… Iturriak asko ziren eta nik dena koadernoan idazten nuen. Zertan ari nintzen zabaldu zenean, dozena bat herrikide hasi zitzaizkidan hitzak eta esaldiak proposatzen, posta bidez, ahoz… Jesus Mari Mendizabal ‘Bizargorri’ idazleak ere, nire Euskara irakasle izandakoak, ariketa bera egina zuen Hondarribira bizitzera etorri zenean; bere zerrenda pasa zidan eta nirera gehitu nuen. Pixkanaka, altxor handi bat biltzen ari nintzela konturatu nintzen”.

“Arrastola (eskuarea) jarri nuen Facebooken, eta arrastelua dela erantzun zidaten. Halakoetatik ikasi dut iturria apuntatzearen garrantzia, hitza nork, non, zein testuingurutan… erabili duen”

Eta altxorra partekatzeko, 2009 urte inguruan orria sortu zuen Facebooken. Pilatzen doan material guztia erregistratuta uzten joateko modua da; “800 hitz baino gehiago ditut, baina hau amaigabea da”. Eta aldi berean, 1.620 jarraitzailetik gora ditu Facebooken, hiztegi herrikoia osatzen eta fintzen laguntzen diotenak. Honddarbiko hitzak da orriaren izena, herria bera izendatzeko aldaera bat baino gehiago baitute bertan: “Hondarribi eta Honddarbi dira ohikoenak, nik neuk biak erabiltzen ditut, testuinguruaren arabera. Batzuek ez dute Honddarbi gustuko, garai batean irundarrek hondarribiarrak iraintzeko erabiltzen zutela argudiatuta, baina herritarrek izena bere egin badute, eztabaida antzua iruditzen zait. Guri bikingo deitzea ere iraina zen aspaldi, eta gaur egun hondarribiar ugarik dio bikingoa dela, harro asko”.

Batzuetan aktiboago dago Facebookeko orria, bestetan lo, Ketxus Poncek berak eskaini diezaiokeen denboraren arabera. Orain, gogotsu ari da eta hitz gehiago jarri berri ditu sare sozialean, Ahotsak.eus webguneko elkarrizketetan entzundakoak. Hitza idazten du, alboan argazki bat eta definizioa gaineratzen ditu lagungarri, eta baita hitza bere testuinguruan kokatzeko esaldiren bat edo beste ere. Jendeak iruzkinak uzten ditu, haien etxean hitzak beste ahoskera bat duela, halako esamoldetan erabiltzen dutela, inguruan beste adieraren batekin entzun dutela… “Lehengoan adibidez arrastola (eskuarea) jarri nuen, eta Facebookide batek erantzun zidan ezetz, arrastelua dela. Halakoetatik ikasi dut iturria apuntatzearen garrantzia, jakiteko entzundako edo irakurritako hitza nork, non, zein testuingurutan… erabili duen. Orain hitzaren ondoan iturria idazten dut, eta horrek sinesgarritasuna ematen dio jasotakoari, bestela nik asmatua dela eman dezake”.

“Ilargiari, goizeko koloreari, haizeari… adi zeuden arrantzaleak eta hori guztia izendatzeko modua zuten; gaur egun eguraldi-iragarpena kontsultatzen dute. Garai bakoitzeko bizimoduak baldintzatzen du hizkera”

Jakina, proposamenak ere luzatzen dituzte Facebookeko jarraitzaileek. Berriki  egindakoak esaterako, zarrazoia (etengabeko euria adierazteko, euri zarrazoia) eta itxurantea (ahoberoa). Poncek kontatu digu internetera hitz berriak igotzeaz gain aspaldi jarritakoak ere berreskuratzen dituela, eta interesgarria dela emaitza, hitz beraren bueltan beste jende batekin sortzen delako hartu-emana.

Ligatu ere, arrantzaleen erara

Hondarribikoa hiztegi aberatsa dela dio Poncek. Herri barruan bertan, baserritarren artean edo arrantzaleen artean hitz eta esamolde ezberdinak baliatzen zituzten (portuarrak, baserritarrak eta kaletarrak dira herriko hiru komunitate historikoak). Ziurrenik, dena den, itsasoari eta arrantzari lotutako hiztegia izango da emankorrena kostako herri honetan. Olatu motak izendatzeko hitz ugari dituzte (baga olatu luzerako, amuitza itsaso erdian puskatzen den olaturako, aroia gotti, aroia betti marearen gorabeherak adierazteko, atrapaza…). Lokuzioak ere horren lekuko dira. Ligatzeko adibidez, apasta bota; betta bota; pelajikua erabili (denekin saiatzen ari bada); sonarra markatu (neskatan/mutiletan egiteko asmoz dagoela sumatzen bazaio); ezpalarta eman (orka da ezpalarta, eta ingurukoak uxatzen dituela adierazteko erabiltzen da esamoldea)… Itxuraz ari bagara, alfako arraina (itsusia); berberiña (polita); txopa, ipurdiaz hitz egiteko; kroka eta ttapikua (sudur okerra eta sudur luzea)… Parrandaren inguruan, bakailaoa jan dik/n (erraz edan); perloi egosi begiak (parranda ondorengo begiak)…

Arrantza mekanizatu eta aldatu egin da, lanabes ugari desagertu, eta ondorioz horiek izendatzeko hitz asko galdu egin dira urteekin. Berdin eguraldiaren kasuan: bospasei haize mota eta beste bospasei euri barietate atzeman ditu Poncek, arrantzaleek eguraldiarekiko duten menpekotasuna handia baita. “Ilargiari, goizeko eta gaueko koloreari, haizeari… adi egoten ziren eta hori guztia izendatzeko modua zuten; gaur egun patroiak eguraldi-iragarpena kontsultatzen du eta badaki itsasora atera daitekeen edo ez. Garai bakoitzeko bizimodu eta ohiturek baldintzatzen dute gure hizkera”.

Zein da, bada, bizi dugun garaiko hizkera? “Lehen arrantzatik, itsasotik hartutako hiztegiarekin moldatzen bazituzten esamolde asko, orain bestelakoak dira iturri eta erreferentziak. Globalizazioaren ondorioz, esaterako, ‘berba’ entzungo dugu Hondarribiko kaleetan, edo erdararen eragina ere handia da egungo jergan (ze guai)”. Dena den, herri hizkera galbidean nabari du: “Nire pertzepzioa da beste hainbat herritan umeek bertako euskararen berezitasun dezente mantentzen dituztela, baina Hondarribian orokorrean euskara batua gailendu dela, beste leku batzuetan baino gehiago”.

“Nire pertzepzioa da beste hainbat herritan umeek bertako euskararen berezitasun dezente mantendu dituztela, baina Hondarribian oro har euskara batua gailendu dela”

“Euskara apaizatua”, edo hizkuntza kaletarra vs akademikoa

Modu amateurrean ari da Ketxus Ponce, baina Hondarribiko hizkeraren inguruan ikerketa linguistiko sakonagoa egin nahi duenarentzat abiapuntu aproposa izan daiteke bere bilduma. Daukan materiala liburu batean argitaratzekotan, modu herrikoian egin nahiko lukeela dio, Facebooken daraman dinamikaren antzera. “Iruditzen zait, batzuetan janzkera akademikoak urrundu egiten duela hizkuntzalaritza herriarengandik. Kaleko hizkuntzak talka egiten du sarri akademikoek ‘agintzen’ duten hizkuntzarekin. Herrikide bati entzun nion moduan, euskara apaizatua da hori. Pelikuletan ere ikusten da oraindik, erdaraz kaleko erregistrora jotzen duten bitartean, euskaraz oso hizkuntza teknikoa darabilte maiz”.

Otu zaigu, ez ote litzatekeen interesgarria izango Euskal Herri osoa aintzat hartuko lukeen Honddarbiko hitzak gisako ekimena sortzea, herri bakoitzean gauza bera izendatzeko darabiltzaten  hitz eta esaldiak konparatu eta partekatzeko. Ezagutza handitzeko baliagarria den heinean, ongi etorria litzateke, erantzun digu Poncek. Beste hainbat herritan antzeko egitasmoak badirela gehitu du, eta soilik Hondarribian erabilitako hitzak zirela pentsatu arren, gero ohartu izan dela beste zenbait tokitan hitz bera darabiltela, geografikoki urrun egonda ere. Kostako herrietan esaterako, arrantzale ofizioari lotuta hainbat hitz komun dituzte.

“Batzuetan janzkera akademikoak hizkuntzalaritza herriarengandik urruntzen du. Kaleko hizkuntzak talka egiten du sarri akademikoek ‘agintzen’ duten hizkuntzarekin”

“Kristala txetu zuen eta ponpoiuanak arittu zituen”

Solasaldia amaitu aurretik, Hondarribiko euskararen adibide gehiago eskatu dizkiogu Ponceri. Hona batzuk: iraintzeko, zurkittua (zekena, zikoitza), akettua (gizon argala, ahula, eskasa), motzotia (gizon txiki potokoa), lanbasa (emakume alferra). Erabilienen artean, txetu (apurtu edo nekatu, testuinguruaren arabera), kapen egin (uretara buruz bota), maxina (edozein tresna izendatzeko hitz komodina, hanka tarteko maxina bizikleta litzateke), -kaka (asko: diru-kaka, bero-kaka, diru asko, bero handia), txafo (libre), andare (alde egin), billaba (bihurria), zakurra baino (gehiegi adierazteko: “Patata hau zakurra baino gatzatuagoa dago”), txotxua (marinel hasiberria), susara joa (berotuta)… Baserri munduarekin zerikusia dutenak, goiz oilanda (emakume parrandazalea), behiak eragotzea (askara eramatea), eia (ukuilua), txarrantxa (txerriak garbitzeko alanbrezko zepiloa)… Frantses jatorridunak, ataulia (oturuntza), arribada (itsasotik, parrandatik… buelta), serra (saihestu, norabidea aldatu). Aditzei lotuta, -ketu (eginketu, fanketu, egin izan dut, joan izan naiz) edota nugun (genuen). Atxamarta (trastea), xarpota (torlojua), lohia (giro astuna eta nahasia adierazteko; “jende lohia, atzo tabernan”), pitxindorra (begitxindorra), kanttala (izkina, kantoia), ponpoiuanak arittu (sekulako errieta), axexatu (xaxatu), bolari (pikutara bidali), sos frantsesik ez (dirurik ez). Eta zure herrian, nola esaten da…?

Goiko argazkiarekin batera, hala dio ‘Honddarbiko hitzak’ orrian: “TTIRRITTA. Kilkerra. “Kri kri kri kri... laster ttugu ttirrittak kantan".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Hizkuntzalaritza  |  Euskalgintza  |  Hondarribia

Hizkuntzalaritza kanaletik interesatuko zaizu...
Txillardegiren Klika
MULTIMEDIA - dokumentala

21. Korrikarako egindako dokumentala da. 14. Korrikak Txillardegiri grabatutako elkarrizketan oinarritu da Kote Camacho Txillardegiren Klika filma osatzeko. Hori oinarri hartuta josi ditu ondoren irudietan Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Xabier Mendiguren zein Joxe Azurmendiren hitzak, besteak beste. Baita bestelako dokumentuak ere: «ETBko zintetatik Euskadiko Filmategiko apaletara, artxibo pribatuetan barrena ere ibili gara Txillardegiren bila», dio egileak... [+]


2019-01-28 | ARGIA
2019ko Argia Sariak ekitaldi osoa
MULTIMEDIA - ekitaldia

Urtarrilaren 25ean banatu dira Argia Sariak, Usurbilgo Atxega Jatetxean. Aurtengoa ekitaldi berezia izan da, batetik 30 urte egin dituztelako Argia Sariek, eta bestetik mendeurrena ospatzen ari garelako ARGIAn, eta ezinbestean, mendeurrenak zipriztindu du ekitaldi guztia.

Bazkaldu ostean, Hiru Damatxo kooperatibak ARGIA aldizkariaren urteurrenaz egindako bideoaren aurrerapen bat izan da ikusgai, eta jarraian ARGIAko lantaldearen izenean diskurtsoa irakurri du Onintza Irureta lankideak... [+]


2019-01-16 | ARGIA
"Wifi", "jonki" eta "transexual", Euskaltzaindiak urtea hastearekin batera arautu dituen hitzen artean

Euskaltzaindiaren Hiztegiak 466 hitz berri ditu. Urtarrilaren 11n jakinarazi du euskararen akademiak hiztegian sartu diren berbak zeintzuk diren, baita horiekin batera arautu diren 392 azpisarrerak ere.


2018-11-14 | ARGIA
Xalbador Garmendia idazle eta euskaltzaina hil da

Idazlea, hizkuntzalaria eta itzultzailea zen Xalbador Garmendia, eta arlo horietan lorratz luzea utzitakoa. Zaldibian jaioa 1932an, 86 urterekin hil da Anoetan. Besteak beste, hainbat aldizkaritako hizkuntza arduradun izan zen eta euskara batuaren sorreran ekarpen garrantzitsuak egin zituen.


2018-10-04 | ARGIA
Euskaltzaindia: Euskara batuaren urteurreneko kongresua zuzenean

Urriaren 4tik 6ra bitartean egingo da Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarra, Arantzazun. Streaming bidez jarrai daiteke zuzenean.


2018-08-30 | Jakin aldizkaria
Nola erabili euskara modu ez-sexista batean?
MULTIMEDIA - solasaldia

Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakasleak hitzaldia eskaini zuen UEUk, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak eta Jakinek elkarlanean antolatutako ‘Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu’ ikastaroaren barruan. Euskara ez-sexista nola erabili izan zuen solasgai.


Batasun gatazkatsua, baina be(h)arrezkoa

Duela 50 urte, 1968ko urriaren 3, 4 eta 5ean, Euskaltzaindiak euskara eredu batua proposatu zuen Arantzazuko Batzarrean. Zeruko ARGIA hasieratik agertu zen euskara batzearen alde, astekarian idazten zuten guztiak iritzi berekoak izan ez arren, eta prozesuaren berri xehe-xehe eman zuen.


2018-06-13 | Goiena
Sabin Salaberri: "Errepertorioaren erdia zentsuratuta genuen"

Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatutako hamasei lagunetako bat da aramaioarra, nahiz eta dioen "ohore handiegia" dela berak egindako lanerako.


"Etorkizuneko euskara batua izango da, edo ez da izango"

Hogei urte bete orduko euskaltzain urgazlea zen Xabier Kintana (Bilbo, 1946), baina batuaren oinarriak finkatu ziren Arantzazuko batzar ospetsua egin zenean, urrun zegoen bera. Soldadutzan. 1996tik euskaltzain osoa da, eta 2002tik erakundeko idazkaria. Erandion bizi da.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude