Ez bilatu egiarik dakizun horretan

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Sophia de Mello Breyner Andresen idazle portugaldar zenduari irakurri diozu bertso-lerroa: “Não procures verdade no que sabes”. Hala ere, egiarik prokuratzeko tentazioan erori zara. Berriz ere. Zure ustezko instintuaren alde. Zure ekintza ugariren kontra.

Datuetan topatu nahi izan duzu egia aseptikoa. Irrati bidez ailegatu zaizu lehenbiziko entrega: Europar Batasuneko barne ministroek duela urte bat adostutako asilo eskaeren %3,1 baino ez dute bete bertako estatuek; hots, 2015eko udan Siriako gerratik ihes egindako errefuxiatu gehien-gehienek ez dute Europar Batasunean sartzerik izan.

Internetera jo duzu gero, zenbaki itxurako pusketa egiazkoen bila: Hungariak eta Poloniak ez dute gerratik ihes egindako pertsona bakar bat ere hartu, Eslovakiak hiru, Bulgariak sei, Txekiak hamabi eta Kroaziak hamalau. Ehunekoen hizkuntzara itzulita, zu bizi zareneko Espainiak esleitua zuen kopuruaren %1,4 besterik ez du hartu, zure jendaki zenbait bizi direneko Frantziak %5,3. Airean gelditu zaizu galdera: eskuzabalago jokatuko ote genuke euskaldunok Euskal Herri independente batean?

“Ez bilatu egiarik dakizun horretan”. Aurkikuntza, maiz aski, mingarria izaten da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude