Cameron erretiratuta, Corbyn etxekoek asesinaturik... nork gidatuko du britainiarren trantsizioa?

Britainia Handiko politikarien eremuan eskuinetik bultzatu bazen Europar Batasunetik irteteko erreferenduma, emaitzak lehenbiziko matxura larriak ezkerrean eragin ditu. Alderdi Laboristaren kide neoliberalenek, Tony Blair eta Gordon Brownen ildoan hautatutako parlamentariak buru, estatu kolpea antolatu zioten biharamunean bertan Jeremy Corbyni, azken kongresuan botoen %60rekin irabazi zuen lider zahar bezain berriari.

Aurrez ondo prestatutako partitura joaz bezala, Corbynen itzaleko gobernuko –oposizioak horrela funtzionatzen du Londresen– kideen erdiak baino gehiagok banan bana eman zioten dimisioa, errenuntziazko gutun gordinak Interneten eskegiz, eta ondoren parlamentari laboristek konfiantzazko bozkaketa ezarri liderrari. Ordainetan, zientoka militante laborista mobilizatu ziren 2015eko kongresuan lidergoa alderdiko aparatuaren kontra irabazi zuen Corbynen alde.

Michael Chessumek idatzi du The New Statesmanen: “Corbynek petto bakarra egin du: estuago lotu behar zuen Alderdi Laborista. (…) Brexita geldiarazteko argudio bakarra zen austeritatea eta neoliberalismoa direla benetan ekarri dituztenak etxerik eza, soldaten jaitsiera eta zerbitzu publikoen hondatzea, ez dela etorkin errumaniarren eta bulgariarren kontua. Corbynen akats nagusia izan da hasieratik zorrotzago ez hartu izana Alderdi Laboristaren kanpainaren kontrola eskuetan, nahiz eta hori egin izan balu ere berdin aurpegiratuko zioten”.

Horiek, ordea, lurrikararen bezperako kontuak dira. Jeremy Corbyn ezin da honetatik bizirik irten, Alderdi Laboristaren zati handi bat mobilizatuta ere. Notable gehienek alde egin diote –Thomas Pikketyk berak ere bai– edo tiroka ari zaizkio kargu publikoetatik. Alderdi Laboristari haize berria ekarri dion Corbynek adierazi du ez dela etxera joango lanak erdi bidean utzita. Baina ziurrenik orain oso bestelakoa da bukatu beharko duen lana: Alderdi Laborismoa egoera berrira egokitzeko trantsizioa –ez bada zatiketa historiko bat- kudeatzea.

Alderdi Kontserbadoreak berea kudeatu behar duen moduan: nork negoziatuko du eskuinetik EBrekiko estatus berria? Boris Johnsonek, boto emaile kontserbadore asko Leave bozkatzera gehien berotu zituenak, uko egin dio. Batzuek diotenez, badakielako inondik ezin dituela bete kanpainan esandako promesak, ezinezkoak edo besterik gabe gezur hutsak zirelako. Besteen ustean, operazioan kide zuen Michael Govek akabatu du hotzean, lehen ministrotarako aurrea harturik.

Eta erreferendumaren eguna urrundu ahala, gero eta nabarmenagoa da Britainia Handiko egitura politikoetan sentitzen den hutsunea, kontrolik eza. Gero eta kezka handiagoa herritarren artean, bi alderdi nagusietako buruak botere zatien inguruko borroka taktikoetan nahastuak eta lider garbi baten usainik ez. Trantsizioa gogorra izango da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brexit
2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


2020-12-24 | ARGIA
Brexit-ari buruz akordioa sinatu dute Erresuma Batuak eta Europar Batasunak

Negoziaketa prozesu luzearen ondotik, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak Brexit-aren gaineko akordioa lortu dute azken minutuan.


Brexita eta ardatz anglosaxoia

Europako Batasuna 1993an sortu zenetik kide berriak gehitu dira bata bestearen atzetik. Joan den ostiralera arte 28 estatuk osatu dute makro-egitura politiko eta ekonomiko hori. Izan ere, urtarrilaren 31 historiara pasako da, EBk izan duen lehen zatiketaren eguna izan delako... [+]


2020-02-04 | Euskal Irratiak
Brexita Ipar Irlandan

Otsailaren lehenean bereizi dira Erresuma Batua eta Europar Batasuna.


Erresuma Batuko hauteskundeak 2019
"Brexit" zaleak eta Eskoziako independentistak garaile Erresuma Batuko hauteskundeetan

Brexita gauzatzeko aukera eskura du Lehen Ministro eskuindar Boris Johnsonek, Alderdi Kontserbadoreak gehiengo absolutua lortu ostean. Alderdi Laboristak 85 urtean izan duen emaitzarik eskasena eskuratu du. Eskoziako Alderdi Nazionala da hirugarren indarra Erresuma Batuko... [+]


Eguneraketa berriak daude