Hesi berri

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bestela nahikoa arazo ez, eta euskararen hedapenari beste traba bat jartzera datoz. Oraingoan erruduna ez da Madril izango, Gasteiz baino: Heziberri dekretua onartuta, atzera egingo du euskararen irakaskuntzak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE): etorkizun hurbilean, euskara gutxiegiko ikasleak orain baino gehiago izango dira.

Nafarroako iazko lege-aldaketa "txikiarekin" ez bezala, Kontseilurik ez dago. Eta legebiltzarkide ustez euskaltzaleak, jeltzale zein bilduak, mutu

Ereduak gainditu behar direlako aitzakiarekin, ereduok lausotzera doaz: urte batzuk barru ez da A, B edo D ereduko ikastetxerik egongo, guztiak izango baitira 3L: ingurumaria horretan, gurasoek ezingo dute jakin zein ikastetxetan ikasiko den nahikoa euskara, guztiek aginduko baitigute eurenean euskara, gaztelania eta ingelesa, hirurak ederto ikasiko dituztela gure umeek.

Horrela, aurrerantzean euskara ingelesarekin lehiatuko da, eta lehia horretan galtzaile aterako. Jaurlaritzak ez du diseinatu 2-16rako (ume gehienek adin-tarte horretan eskolaraturik daude) eredu eleanitza, hizkuntza ofizial biak segurtatuta gero ingelesa indartuko duena. Ez: tranpa egingo du. Ikastetxeen autonomiaren izenean, eskola bakoitzak nahasiko ditu, ikasturtez ikasturte, hiru hizkuntzak nahieran, euskarari B ereduan baino ordu gutxiago eskainiz. Horren ondorio zuzena izango da Euskadiko ikasle gutxiagok jakingo duela euskaraz “nahikotasunez”; alegia, legeak agintzen duena. Eta Jaurlaritzak, A ereduarekin egiten duen legez, ezikusiarena egingo du. Urteek erakusten digutenean  3L ereduak ez duela balio euskaraz jakiteko, belaunaldi bat galdua izango dugu eta, eskarmentuak hala diosku behintzat, Jaurlaritzak ez du ezer egingo. Esandakoa: euskara gutxiegiko ikasle gehiago.

Izan ere, Jaurlaritzaren koldarkeria hain da handia, ezen ez baitu zehaztu ikasleek zenbat euskara eta zenbat ingeles jakin behar duten derrigorrezko eskola-aldia amaitzean: A2? B1? B2? Hori bai: Heziberrik zonifikazioa ezarriko du, ikasleen “irteera-perfila” ingurune soziolinguistikoaren arabera aldatuz. Euskararentzat, noski, ez baitut uste ingelesaren ezagutza ingurune soziolinguistikoarekin lotuko dutenik.

Hizkuntzen trileroak, 3zurtiak, euskara normal ez izatea behar duten alderdi eta hedabideak, zerbaiten premian zeuden euskararen irakaskuntzaren gorakada gerarazteko: A eredua ia guztiz desagertuta (hori bai, eskola publikoan ghetto bihurtuta, administrazioak hori saihesteko ezer egiten ez duela), hirugarren kubilotea behar zuten EAEko gazteak, etorkizuneko helduak, elebidunak izan ez daitezen. Esku-eskura ipini die Jaurlaritzak. 

Bien bitartean, Nafarroako iazko lege-aldaketa “txikiarekin” ez bezala, Kontseilurik ez dago. Eta legebiltzarkide ustez euskaltzaleak, jeltzale zein bilduak, mutu. Kontzertatuak daudelako Heziberriren alde.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude