Matxinada

XVIII. mendeko suminduak

  • 1766an herritar xumeen erreboltak Urolako eta beste hainbat txokotako bazterrak sutu zituen. Gosearekin espekulatzen hasita zeuden jauntxoekin haserre, berdintasunaren bandera jaso zuten. Entziklopedia handietan hala ere, matxinada hura zapaldu zuten kapitalisten izenak baizik ez dira ageri, ilustrazioaren jantzia soinean dutela. Apenas dagoen literaturarik euskaldun pobreentzat. 

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2016ko apirilaren 10a

Azkoitiko Egurbide burdinola parean “Geldi! Geldi!” entzun zuten bi emakume zamazainek. Bidera ateratako olagizon eta zapatariak deliberaturik zeuden bihiz kargatutako asto haiek herrian geratuko zirela. Apirilaren 14a zen, ilunabarrerako Azkoitia eta Azpeitiko jabe ziren matxinoak eta hurrengo egunetan Urolaldera ez ezik, Gipuzkoa osora eta Bizkaia eta Arabara zabaldu ziren iskanbilak. Ogiaren prezioa jaistea zen eskari nagusia, baina ez hori bakarrik, herri gosetu batek handikien gehiegikeriei emandako erantzuna ere izan zen.

250 urte igaro dira matxinada hura gertatu zenetik. Gutxienez mende bat atzera zetorren erro sozial anitzeko kalapita eta zikulusaltsa kate luze baten beste begi bat izan zen. XVII. mendean Matalazen egiazko xiberutarrak lurraren pribatizazioaren aurka jaiki ziren antzera, ekin zien baserritarrek jauntxo librekanbistei XVIII. mendean.

Europan halakoak gero eta maizago gertatzen ari ziren. Ingalaterran herri-lurren itxiturak, Eskandinavian zerga-biltzaileak, Oporton likoreen monopolioa… Kalera ateratzeko arrazoirik ez zitzaien falta ogia besterik ahoratzerik ez zuten maizter eta soldatapekoei. Frantzian 1724tik 1789ra herritarren 100 altxaldi kontatu zituen Daniel Mornet literatur kritikoak, horien erdia azken 25 urteetan. Ez alferrik ebatzi zuen liberalismo ekonomikoak dena dela negozio, baita sufrimendua ere.

Matxin hitza Martinetik datorrela uste da, olagizonen santua, eta 1718an erabili ei zen lehen aldiz. “…‘Esku’ itzetikan bezain / zuzen eskukada / ‘matxin’ itzetik datoar / zuzen matxinada…”, idatzi zuen Orixek Euskaldunak poema nazionalean. Ordukoan aduanak kostara eta Pirinioetara aldatzea izan zen matxinada piztu zuen txingarra, lehengaiei zergak gehitzea alegia; 1766an, berriz, trafikanteei jakien salneurriekin jolas egiteko emandako errege-baimenarekin egin zuen gainezka eltzeak. Batean zein bestean, tripa-zorriak haztea beste aukerarik ez zuten nekazari eta langile txiroek ordaindu zuten lukurreriaren bide-saria.

Gariarentzako bi neurri

Kanpandorreko ezkilak dilin-dalan ari dira Azkoitian, badatoz auzoetakoak, matxinoen deiari erantzunez. Eta jauntxoek men egin dute ileordea kenduta, ez dutela kanpora alerik eramango hurrengo uzta etorri bitartean. Gari-kutxak eta trojak gainezka zituzten moila bidean, esportaziotik irabazia biderkatzeko asmoz.

Urteetako amorrua ez da promesa batekin baretzerik ordea. Aldameneko Azpeitian ere asaldura handia sortu da arratsean itzalak luzatu direnean. Herri batetik bestera dabiltza matxinoak, hemen Beizamakoak, han Urrestillakoak, Loiolako santutegia egiten ari diren harginak… Azpeitian handiki batzuen etxeetan sartu dira eta alearentzako neurriak pilatu dituzte plazaren erdian puskak egiteko: “Bi neurri baitaude, alea erostekoa eta saltzekoa, eta biak erabiltzen direnetik handiagoa besteek ogia ordaindu ahal izateko nekea”, dio Iñigo Aranbarrik Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna (Pamiela, 2016) liburu bikainean.

Aranbarrik gertutik ikertu du 1766an jazotakoa, lehen eskuko iturrien eta literaturaren bidez, matxinadaren kronika osatzeaz gain, lehengo eta gaurko gizarte klasistari kritika zorrotza egiten dio idazle azkoitiarrak: “Gobernu-bide okerra: agintariak hagintari bihurtzen dituen jardunbide hori”.

Garai haietako Azpeitiko ekonomiari argazki zehatza egin zion Ildefonso Gurrutxagak 1933an Yakintza aldizkari euskaltzalean, matxinadaz idatzi artikulu aitzindarian. Historialariak zihoen burdinolak erabateko dekadentzian eta baserritarrak Erdi Aroaz geroztik egoera gorrienean zeudela. XVIII. mendean bost baserritatik lau maiztertzan emanak zeuden herri hartan; ugazabek nahiago zuten errenta garitan kobratu eta aletegiak lepo eduki, maizterrek eguzkia gosaltzen zuten bitartean. Ondare kontzentrazio izugarria zegoen: Azpeitiko bederatzi lurjabek –tartean, noski, Enparandarrak, Narrosko markesa, Basazabal alkatearen familia...– herriko errentaren ia erdia pilatzen zuten. Ez da harritzekoa Occupy antzeko mugimendu bat sortzea duela bi mende eta erdiko Izarraizpe hartan, “%99 gara!” oihuaren oihartzuna ere entzun liteke hemendik, imajinatzen hasita.

“Ez dago gu ez beste alkaterik!”

Historialariek 1766ko matxinada lotu izan dute Madrilen Esquilache markesaren aginduen kontra martxoan hasi eta Espainiako erreinu osora hedatutako herri-altxamenduarekin. Baina burdin-biderik ere ez zegoen garaian zentzuzkoagoa da pentsatzea gure herri eta auzoetako penak eta ezinak izan zirela suminduraren haztegia. Lehenago ere Azpeitian eta Azkoitian bilera sekretuak eginak zituzten Donostiako merkatarien biltegiak erasotzeko.

Apirilaren 9an paskin anonimo bat azaldu zen, Donostian sinatua: “Azpeitiko jaun guciac, adi zazute au ondo, bana eguin bizate onec diona, bestela galduac guera eta (...) chit contrarioa zan jendiaren il emen dituzte guizonac edo machino oriec”. Anonimoak dio errebolta jadanik hasita dagoela, matxinoek eraso egin dutela eta Azpeitira bidean doazela orain, merketzeko arren arto eta garia, “ez ditut esan nahi guciac”. Bistan da engainua dela, matxinada hasi baino egun batzuk lehenago idatzi baitzen, baina sumatzen zen atsekabearen froga ezin garbiagoa dugu.

Sedizio-gutuna idatzi izana leporatuta Urrestillako eskribau gazte bat atxilo hartu zuten Azpeitiko alkate Vicente Basazabalen aginduz. Askatzeko mutila, hori izango da apirilaren 14an Azpeitiko udaletxean arrapaladan sartu ziren olagizon eta beste abarkadunek eskatutako lehenengo gauza. Joseph Joaquin Enparan herriko boteretsu eta Gipuzkoako diputatu nagusiak errespetua exijitu dio aztoratuta dabilen haietako gizagaixo bati, kentzeko kapela Justiziaren eta alkatearen aurrean: “Zer alkate eta zer deabru! Ez dago gu ez beste alkaterik!”, bere erantzuna. Non entzun dugu hori? Alkaterik onena, lehendakaririk onena, herria.

Biharamunarekin, udalen kapitulazioak errenkadan datoz: Azkoitian lehenik, Azpeitian ondoren, gero Deban, Getarian… Herri bakoitzean sinatutako kapituluek tokiko problematika sozialei erantzuten diete. Getarian, esaterako, herriko semeak derrigorrez armadan itsasoratzeagatik kobratu beharreko konpentsazioa handitzea eskatu zuten, edota kaiko etxola berriz publiko izatea, Sardinzaleen Konpainiak erabili ahal izateko. Kostako herrien kasua ikertu duten Xabier Alberdi eta Carlos Rilovaren aburuz kapitulazio horiek “klase izaeraren lehen kontzientzia zantzu bezala har ditzakegu”.

Denek bozka dezatela

Giroa bero dago oraindik Azpeitian, ia astea igarota igandeak kuku egin duenean: “La tarde de dicho domingo la gente estuvo más insolente que nunca”, dio Narrosko markesak bere testigantzan –Aranbarrik libururako erreskataturiko dokumentuan leitu daitekeenez–. Azkoitiko primizieroa “hil eta erretzeko” zorian izan direla ere agertu du izuak jota. Zerga-biltzailea begitan dute, denen zergekin katanarrua gizentzen duen zalduntxoa bainoago.

Eta behin kapitulatzen hasita, hordago handira: maiorazko handiak mugatu eta denen artean banatu behar direla ere eskatu dute matxinoek, eta udaletxe irekiak egin behar direla “…y que todo el mundo debia tener su voto”, markesak konta, harri eginda. “Mexiko iraultzaileko Ayala Plan bat 1766an? –dio Aranbarrik– Nekazaritza erreforma bat? Zer gaude, Espainiako II. Errepublikan ala? Sovieta Urolaldean?”. Ez. Laborariek lehen kendutakoa eskatu besterik ez dute egin.

Elite ekonomikoak monopolizaturik zuen erakunde publikoen kontrola azken aldian, ez denen onerako, euren interesetarako baizik –haren bidez egindako harreman-sareak zituzten zeharkako diru iturri–. Akabo herri batzarrak edo udaletxe irekiak, kito demokrazia zuzena. XVII eta XVIII. mendeetan baldintza ekonomiko ezinezkoak ezarri zituzten herritar xumeek kargu publikoak ez izateko, “gutxieneko” ondarea edukitzea nagusiki. Adibidez, Gordexolan 400 dukat behar ziren alkate izateko, Oñatin 500 eta Azkoitian 200.

Marra gorria igarotzea ez diete barkatuko matxinatuei beti herriaren buru gainetik ibili diren horiek, deitu handiki, ilustratu edo kasta

Kontrol soziala ezartzen zen ziskuari soinua atereaz, baita hizkuntza menderatzailea inposatuz ere. Gaztelania edo erromantzea jakin behar zen jauregi kontuetarako. Horrela, Joxe Azurmendik Espainolak eta euskaldunak maisulanean dioen moduan, “oposizioa eliminatzeko beste tranpa bat asmatu zuten jauntxoek”.

Baina baldintza hori betetzea ezinezkoa zen, gehien gehienek –baita herrietako jauntxoek ere– lengua vulgar vascongada deitzen zitzaion zera hori baino ez zutelako hitz egiten; ez herri gutxitan agintariak euskal elebakarrak ziren, erdaraz zekien inor ez baitzegoen. Horietako asko inhabilitatu egin zituen administrazio zentralak –Zaldibiako alkatea, adibidez, kargutik kendu zuten 1742an, espainolez ez zekielako–, eta gatazka sozialak izaten zirenean arazo larria sortzen zen. Bitxia da ikustea matxinada garaietan euskarazko dokumentuak nola ugaltzen diren batzar nagusietan eta udaletan. 1766an Azpeitiko kapitulazioak ere euskarara itzuli zituen bertako abadeak, denek ulertzeko moduan.

Eskarmentua

Autoritatearen aurrean kapela kendu? Denbora askoan agoantatutako umiliazio bera pasarazi zieten apiril zaratatsuotan pobreek aberatsei: honi ileordea kenarazi zioten, beste hari eskuak musukatzera behartu, hark abarkak eraman behar izan zituen soinean eta “baserritarren” eran dantza egin. Biolentzia eta mehatxua bai, baina batez ere maila sinbolikoan oligarkiaren esplotaziotik liberatzeko keinuak ziren haiek. Prozesioak egin ziren eta garaipena ospatzen aritu ziren ordu txikiak arte.

Azpeitian, erretoreak aurresku eta atzeskuetan direla, soka-dantza osatu dute “genero guztietako jendeek, inolako desberdintasunik gabe”, berrehun edo gehiago dira, euskal igualitarismoa praktikatzen.

Marra gorria igarotzea ez diete barkatuko beti herriaren buru gainetik ibili diren horiek, deitu handiki, ilustratu edo kasta. Aranbarrik ederki identifikatu du klasismo hori Peñaflorida kondearen El borracho burlado operan, matxinada baino bi urte lehenago estreinatua. Ez da diru kontua soilik, auzi morala ere bada: txepetxak karrastarro bihurtu nahi izan du, opera horretako Txanton Garrote mozkortiak amestu bezala, eta hark eskarmentua jaso zuenez jasoko dute hauek ere. Eskarmentua 1766ko Urolaldean, eskarmentua 1936ko Nafarroan, eskarmentua 2015eko Grezian.

Frantzisko Xabier Munibe, Peñafloridako konde eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko fundatzailea Iturriozko bentan da apirilaren 24an, Donostialdetik joandako tropei ongi etorri beroa egiteko. Irlandako erregimentuko 300 soldadu dira, gehi Errenterian, Oiartzunen, Urnietan eta Hernanin erreklutaturiko 1.500 lagun, Donostiako alkate Manuel Maria Arriolaren agindupean. Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarreko merkatariek finantzatutako ikuskizuna hastera doa.

Loiolara jo dute lehenik, hango beharginak nabarmendu dira sesioan, eta lanean ari direla harrapatu dituzte guztiak ezustean. Santutegiko erretorearekin eztabaida piztuko da orduan, matxinoen alde daudela leporatuko baitie korrejidoreak jesuitei, aitzakia polita ordena deserosoa behingoagatik Espainiako erreinutik kanporatzeko.

Urola eta Deba arroetan iraultza txikia itzalita dago jada, baina zerrenda beltzak ere aspaldi osatuta. Denera 70 lagun atzemango dituzte eta ilaran lotuta eraman, oinez, Donostia eta Errenteriako kartzeletara –bat bidean hilko da eta beste bat ihesari ekitean baionetekin larri zaurituko dute–. Errenterian giltzapetutako asko emakumeak dira: Maria Antonia de Alberdi, 51 urte; Michaela de Larrañaga, 33 urte; Mari Josepha de Urquina, 38 urte; Ana Maria de Elorza, 50 urte; Maria Brigida de Arteaga, 26 urte –haurdun zegoelako etxera bidalia–…

Matxinadetan emakumeen papera ez da nolanahikoa izan, berdin 1718ko erreboltan, nola Lapurdin 1773an eta 1784an tabakoaren monopolioaren kontra izandako altxamenduetan. Jatorri sozialeko gatazkak ziren eta etxeko ekonomiaren zama beregain zuten ertzeko horiek nozitu zuten gehien oligarka berrien erasoa. 1766an zurrumurruak zabaltzea leporatu zieten batez ere: matxinada izan eta urtebete geroago hainbat emakume prozesatu zituzten, denda eta ogi-labe inguruetan bilduta esan omen zutelako jesuitak Loiolara itzuliko zirela.

Aranbarrik 439 kondenatu aipatzen ditu bere liburuan. Askorentzat kartzeladia, beste askorentzat erbestea, derrigorrezko lanak eta zerbitzuak, isunak… Ez ziren epelkeriatan ibili sasi-epaileak, apirilaren 14an Azkoitian matxinada hasi zuten hainbat lagun kalean ibilarazi zituzten ahoa eta eskuak lotuta eta zigor kolpeka. Gero, hamar urteko desterrua Afrikako kartzela ilun batean, bizirauteko esperantza askorik gabe. Akordatu al da inor, orain arte, haien omenez kareharrizko eskulturarik egitea? Sikiera plakatxo bat merezi dute kaleren batean.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: 1766ko matxinada

1766ko matxinada kanaletik interesatuko zaizu...
2016-05-05 | Uztarria
'1766ko matxinada' izena jarri diote Azpeitiko kale bati

Azpeitiko Kultur Mahaiak egindako proposamena aho batez onartu zuten ohiko udalbatzarrean eta "galtzaileen borroka" gogora ekarriko duen kalea izango du herriak.


‘Gariaren matxinada’, 250. urteurrena gogora Azpeitian

1766ko herritarren altxamendua gogoratzeko egitarauaren berri emango dute ostegun honetan Azpeitian. Matxinada sozial haren oinarriak inoiz baino biziago daude kapitalismoaren krisiarekin.


Euskaldun pobreak barregarri utzi zituen komedia

Ez da Madrilgo plaza nagusiraino joan behar behartsuenganako jarrera umilianteak ikusteko. Nahikoa da Euskal Herrian 250 urte atzera egitea: El borracho burlado-k ederki laburbiltzen du orduko eta gaurko eliteen umore zanpatzailea.


IƱigo Aranbarri
"Kronika hutsa egin zezakeen beste batek, baina nik literaturaren jolasa nahi nuen"

Nobela berria aurkeztu zuen apirilean. Izenburua ere hilabetearena: Apirila (Susa). 1766an Iñigo Aranbarriren (Azkoitia, 1963) sorlekuan izan zen matxinadaren gaineko eleberria, egilearen estilo zorrotz, gartsu eta zirti-zartakoan eder idatzia.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude