Eta zure aurrezkiek, zer sustatzen dute?

  • Sinplea dirudi: ohiko finantza erakundeek gure aurrezkiak baliatzen dituzte maileguak eman eta inbertsioak egiteko. Hori dute lehengai eta botere iturri. Gure ekarpena ezinbestekoa izanagatik ordea, inoiz gutxitan dakigu jarri ditugun sosek zein ibilbide egiten duten. Ez al dugu gure diruarekin zer sustatzen den erabakitzeko eskubiderik? Hori ahalbidetzen duten hainbat proiekturi begira jarri gara.

Nahikoa da albistegiei erreparatzea: han eta hemengo etxegabetzeak, diru publikoz ordaindutako erreskateak, ustelkeria kasuak, preferenteenaren gisako iruzurrak… Inoiz izan bazuten, denbora da banku, aurrezki-kutxa eta ohiko finantza erakundeek izen ona galdu zutela. Eta guztiaren atzean, galdera bat. Haien –edo bederen goi-karguen– ardura al dira krisiak areagotu dituen des-berdintasun ekonomiko eta sozialak?

Cristina de la Cruz
(Deustuko unibertsitateko irakaslea):
“Gure diruaren erabilpenak lagundu dezake sistema ekonomiko honekin jarraitzen, edo aldiz, lagundu dezake ezartzen justuagoak, bidezkoagoak eta solidarioagoak diren eredu alternatiboak”

Cristina de la Cruz Ayuso Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta finantza etikoetan aditua da. Dioenez, finantza erakundeek badute euren ardura krisi ekonomikoan eta bere ondorioetan, baina jatorrizko arazoa estrukturala da. “Finantza erakunde tradizionalak kapitalismoaren garapenerako era-kundeak dira eta zentzu horretan erantzule direla esan dezakegu, baina kapitalismo neoliberalarena berarena da krisiaren erantzukizuna”.

Bat dator Liher Gonzalez Bilbatua ere. Finantza zerbitzu etiko eta solidarioak eskaintzen dituen Koop57-ko kide da. “Kapitalismoaren beste eremu guztiak bezala, finantzak kontrol neurririk gabe hobeto funtzionatu behar zutela defenditu izan da orain arte”. Finantzek sektore guztiak ukitzen dituztela dio, eta hortaz bertako akatsen ondorioak gizarte osora zabaldu direla.

Alternatibak, tresna politiko gisa

“Ohiko” izenda ditzakegun finantza erakundeez harago, badira espekulazioaren logika alboan utzi eta bestelako gizarte eredu bat sustatzeko asmoarekin martxan jarritako alternatibak: finantza etikoak. Norberaren aurrezkiak zer sustatzeko erabiliko diren erabakitzeko aukera eskaintzen dute.

De la Cruzek argi du finantza etikoen alorrean dabiltzanak proiektu politikoak direla: “Praktika batzuetan oinarrituta, finantza harremanak demokratizatu nahi dituzte botere soziala sortzeko era berriak garatuz”. Zentzu horretan, azpimarratu du gisa horretako proiektuen tresna izaera, finantzazioa ezinbestekoa baita ekonomia sozial eraldatzailearen garapenean. Baina hori baino gehiago ere badirela dio: “Pertsonek eguneroko kontsumoan duten beste alderdi batzuetan bezala, finantza etikoek proposatzen dute gizartea eraldatzeko militantzia ekonomikoa, ezen gure diruaren erabilpenak lagundu ahal baitu sistema ekonomikoa jarraitzen, edo, aldiz, lagundu ahal baitu ezartzen justuagoak, bidezkoago eta solidarioagoak diren eredu alternatiboak”.

Parte-hartzea eta gardentasuna oinarri

Finantza etikoak izenaren atzean ez dago ikuspegi etiko bat soilik, badira ohiko finantza logikatik bereizten duten hainbat

Liher Gonzalez
(Koop57):
“Kapitalari nahieran aritzeko bidea egiten diogu, eta orain arteko ereduarekin apurtu nahi badugu, gure ohiturak aldatzen hasi beharko dugu”

ezaugarri zehatz. Bat, nabarmena: zer eta zergatik finantzatzen den. Liher Gonzalezek dioenez, negozioa egiteko beharrean, eraldaketa bultza-tzeko finantzatzen da, eta aurrezkiak bertara daramatzanak ere, ez du irabaziak izateko helburuarekin egiten. Maileguak eskuratzeko bete behar diren baldintzetan islatzen da hori. Proiektu bakoitzak bere irizpideak baditu ere, oro har gizarte eraldaketan diharduten GKEak, kooperatiba txikiak eta abar laguntzen dira. Etekin ekonomikoak izateko asmo hutsarekin sortutako ekimenei aldiz, ukatu egiten zaie mailegua. Gainera, finantza erakunde etiko horiek babesten dituzten bazkideek, mailegu guztien berri izateaz gain, erabakietan parte hartzeko aukera dute.

De la Cruzek, beste hitz batzuekin bada ere, antzeko ezaugarriak aipatu ditu: “Finantza etikoek esaten digute finantza-bitartekotza inbertitzeko errentagarritasun ekonomikoa bilatu gabe hurbiltzen diren pertsona eta erakunde-sarearen gainean eraikitzea beharrezkoa dela; zuzendaritza-karguen artean soldatak mugatu behar direla; bezeroek beren aurrezkiekin zer gertatzen den jakin dezaten diruaren ibilbide osoan gardentasuna bermatu behar dela; errentagarritasun ekonomiko hutsa helburu duten eragiketak baztertu eta arlo jakin batzuetan inbertitu behar dela…”.


Zerk oztopatzen du bidea?

Honez gero batek baino gehiagok pentsatuko zuen: abantailak horren nabarmenak badira, zergatik ditugu oraindik, gehien-gehienok, gure aurrezkiak ohiko erakundeetan? Edo StopBanque mugimendu frantziarrak eta Eric Cantona futbolari ohiak proposatu moduan, zergatik ez dugu kolpetik diru hori guztia ateratzen?

Zenbakiek erakusten dute halako erabakiak hartu dituztenak gutxi direla: Espainiako Estatuan esaterako gordailuen eta maileguen %90 sei banku handienen eskutan dago. 2015eko uztailan banku eta kutxen kontsumitzaileen elkarteak egindako elkarrizketan Joan Ramon Sanchis ekonomialari valentziarrak emandako datuak dira.

"Finantza etikoak izenaren atzean ez dago ikuspegi etiko bat soilik, badira ohiko finantzen logikatik kanpoko ezaugarriak. Bat nabarmena: zer eta zergatik finantzatzen den"

Liher Gonzalezen ustetan badu zerikusia gure erosotasunetik atera nahi ez izateak. “Kapitalari nahieran aritzeko bidea egiten diogu, eta orain arteko ereduarekin apurtu nahi badugu, gure ohiturak aldatzen hasi behar dugu”. Ezjakintasuna ere arrazoi bat dela dio, jende askok ez baitaki halako finantza tresnak badirenik.

Joan Ramon Sanchisek berak ere ezagutza faltari egozten dio: “Ezezagutzak konfiantza eza sortzen du, baina 50 urte dira Europan banku etikoak badirela, eta frogatu dute sozialki bezain bideragarriak direla ekonomikoki ere”. Horri guztiari beste arrazoi bat gehitzen dio ordea, bulego fisikoen falta. Edozein txokotan ohiko bankuen kutxazainak topatzera ohitu garen honetan, bankuen zerbitzuak eskaintzen dituzten finantza erakunde etikoek txartel edo sare bidez funtzionatzen dute batez ere.

Hori horrela izanda ere, urtez urte gero eta gehiago dira pausoa ematen dutenak. 2008tik 2014ra esaterako, seikoiztu egin zituzten euren aurrezkiak Espainiako Estatuko banku etikoek.

Euskal Herriko hiru aukera

KOOP57: Ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzen


Koop57 aurrezki etikoa bultzatzen duen finantzaketa zerbitzu kooperatiba da. Ekonomia sozial eraldatzailea oinarri duten proiektuak maileguz laguntzen ditu; horizontaltasunean oinarrituta, gardentasunez eta gizartea eraldatzeko asmoz jarduten dute proiektuok. Ez du Fiare banku etikoaren moduan banku-fitxarekin operatzen, ez dauka aukerarik kutxazainak eta bestelako finantza produktuak edukitzeko, baina aldi berean ez ditu Espainiako Bankuak ezarritako araudi eta interes-tipoak kontuan eduki behar.

Kooperatibako bazkideak bi motatan bereizten dira: proiektuak babesteko aurrezkiak uzten dituzten bazkide laguntzaileak daude batetik: eta bestetik, aurrezkiak uzteaz gain, maileguak ere jaso ditzaketen zerbitzu bazkideak: kooperatibak, GKEak…

Kolektiboki, asanbladan erabakitzen da zenbateko irabazia izango duen diru ekarpenak, balioa ez galtzea oinarri hartuta. Babestu dituzten proiektu guztien berri izateko aukera ere badute bazkideek. Haietako bat izateko, 300 euroko gutxieneko ekarpena egin beharra dago.

Oikocredit: Hego hemisferioari begira

Hego hemisferioko herrialdeetan pobreziari aurre egiteko bokazioa duten proiektuak maileguz laguntzen dituen sozietate kooperatiboa da Oikocredit. Nazioarteko organismo zentralean erabakitzen dira maileguen eta inbertsioen gorabeherak, baina mundu osoan ditu jardun hori ahalbidetzen duten 30 elkarte, 13 herrialdetan. Tartean, Euskal Herrian ere bai.

Kooperatibako bazkide izateko, gutxienez 200 euroko inbertsioa egin beharra dago, kapitalaren erosketaren bidez; horrek Oikocredit Euskadiren erabaki guztietan parte hartzeko aukera ematen dio ekarpena egiten duenari. Sozialki sortzen duen onuraz gain, ekonomikoki ere errentagarria da gainera: urteko asanbladan erabakitako ehunekoa –%2 izan ohi da– gehitzen baitzaio urtero nor-beraren inbertsioari.

Gardentasunari dagokionez, bazkideek modu asko dituzte beren diruarekin laguntzen diren proiek-tuen berri izateko. Webgunean duten datu-basea kontsultatzea da modu errazena, baina horrez gain, laguntzen dituzten proiektuak bertatik bertara ezagutzeko bidaiak antolatu ohi dituzte. Baita bertan lanean ari direnak Euskal Herrira ekarri ere.

FIARE Banca ética: Erroei eutsiz, apustua handira

Euskal Herrian finantza etikoen barruan dagoen ekimenik handiena da, eta oinarri soziala duten proiektuak laguntzeko bokazioa du. Denera 4 milioi eta erdi euroko ekarpena egin duten 450 entitate eta 3.000 pertsona laguntzaile ditu. 2003an eratu zen Euskal Herriko hainbat gizarte erakundek bultzatuta, eta gaur egun, Espainiako Estatuan eta Italian jarduten du, 2013an Banca Popolare Etica italiarrarekin elkartu baitzen.

Koop57 edo Oikocreditek ez bezala, aurrezkiak gizarte ikuspegiko maileguei bideratzeko aukeraz gain, kontu-korronteak eta orotariko txartelak eskaintzen ditu Fiarek. Internet bidez ordainketak eta kontsultak egiteko aukera ere ematen du. Hori guztia egiteko ez dago bazkidea izan beharrik. Bazkideek ordea, baldintza mesedegarriagoak dituzte zerbitzu horietan, eta horrez gain, erabaki garrantzitsuenetan parte hartzeko aukera.

Pantaila handietara heldu den kezka

Tarteka egiten dute, izarrez jositako Hollywood horretan, kapitalismo neoliberalari maskara erantzi eta den bezain ilun irudikatzen duen film bat edo beste. Zalantza pizten digute: ez da izango egia erdia esanda, beste erdia ezkutatzeko saiakera? Ez al zuten egingo txalo eta salmenta onez haragoko erreakziorik piztuko ez dela badakitelako?

Akaso ez dira urrun ibiliko filma ekoizteko sosak jarri dituztenen burutazioak, baina berriki moldatutako gidoi onenari Oscar saria jaso duen The Big Short-ek inor gutxik egin duena lortu du: 2008an lehertutako krisiaren oinarrian dagoen espekulazio jokoa edonork ulertzeko moduan azaltzea. Finantza erakundeen diru gose basatia, erakundeen axolagabekeria… Funtsean, milioika herritarron aurrezki eta zorrak pokerrerako fitxa bihurtzeak dakarren guztia.

Baina finantza eredu orokorraren azpikeriak erakusteko ez da super-ekoizpenetara jo beharrik. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek osatzen duten Setem federazioak Zure diruarekin dokumentala egin zuen 2012an. Hainbat adituren iritziak bilduz, ohiko finantza erakundeek gure diruarekin armagintza eta antzeko sektoreak laguntzen dituztela salatzeaz gain, Espainiako Estatuan martxan dauden hainbat alternatiba azaltzen ditu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia soziala
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-09 | Enbata
Euskal Monetak mugaz gaindiko tresna amankomuna gogoetatzen

Euskal Monetak garapen handia ezagutu du azken urteotan Ipar Euskal Herrian. Europako tokiko moneta indartsuena bilakatu da. Sortu zenetik, Hego Euskal Herrira hedatzeko asmoa integratu zen proiektuan. Mugaz gaindiko tokiko moneta osagarri baten sortzea lantzen hasia da Euskal... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude