Castillo Suarezen blogean irakurri dut: “Galdu egiten da haurtzaroa deserrian”. Eta burutik kendu ezinik nabil. Uste dut, nik neuk idatzi izan dudala haurtzaroa dela norberaren aberria. Orain ez dakit deserrian galtzen den haurtzaroa, edo haurtzaroa galtzean geratzen den bat deserrian trabatuta. Biak izan litezke. Deserrian bizi ziren nire pertsonaia batzuek umeekin oso tematuta ziruditen, hori bai. Esango nuke, umeak direla deserrian norberaren haurtzaroa topatzeko bidea. Haien haurtzaroaren eskutik berreskuratu daiteke norberarena, urruneko lurralde batean galdutakoa. (Hitz hauetan norbaitek umeak izateko apologia irakurri nahi balu, oharra: Umeek ez dute zertan norberarenak izan behar).
Nik karratu zuri-gorriak zituen poltsa batean galdu nuen lehen haurtzaroa etxe-aldaketa batean. Edo poltsa harekin. Poltsa hartan zer zegoen, intuizioak esaten dit: liburuak. Astiro-astiro egiten ditut loturak. Katarsia duela urte bat izan nuen, Bilbon euskarara itzulitako animaziozko film frantses bat semearekin ikusten nengoela: Ernest & Celestine. Pantailako irudi haiek –trazu arin batekin dantzan– eta pertsonaia haiek ezagutzen nituen. Nire memorian zeuden. Nire barruan. Etxean egoteko Ernesten bata eta Celestineren euritakoak aurkitu nituen, altxor handi baten lehen bitxiak aurkitu izan banitu bezala. Ernest hartzak eta Celestine saguak beste izen bat zuten nik –eta nire belaunaldiko haur askok– izandako Gabrielle Vincenten liburu euskaratuetan. Zesar eta Ernestinaren ipuinak poltsa zuri-gorrian galdu nituela jakin nuen Bilboko zinemako areto ilunean (akaso baten batek gordeta izango ditu).
Beste agerpen bat izan nuen geroago Berlinen, orduko hartan, Danimarkako animaziozko film bat ikusten. Filmak aurrera egin ahala, eta umeek horman marraztu zuten errinozerontea gorpuztuaz batera, borratuta zirudien liburu baten istorioak gorputza hartu zuen nire barruan. Nagusiago nintzeneko beste liburu bat agertu zitzaidan, Otto errinozerontea da, berriz ere ustekabean.
Galdutako altxorrak aurkituz noan heinean, umetan irentsitako istorioen kalitatearen kontzientzia ere hartu dut. Itzulpen haiekin Europako haur literatura jarri ziguten eskuetan. Eta orduan hainbat klasiko irakurri gabe geratu banintzen, orain, umeekin, galdutako haurtzaroa berreskuratzeaz gain, bigarren haurtzaro alternatibo bat sortzeko aukera ere badaukat. (Bide batez, deserrian aberri berri bat eraikitzeko aukera ere badena). Azkenik. Astrid Lindgrenen istorioak irakurtzeko okasioa! Laster etorriko da Mariasun Landaren liburuen txanda ere bai!
Noski, interes propioen arabera aukeratzen ditut umeei irakurtzen dizkiedan liburuak eta haiekin ikusten ditudan filmak. Baina proposamenak ere gustura onartzen ditut. (Seguruenez Star Wars ikusi beharko dut). Eta elkarrekin egiten dugu bidaia, abentura. Elkarrekin egiten dugu barre. Hitz egiten dugu gauza tristeez ere bai, gerraz adibidez. Izan direnez eta egun direnez. (Ezin utzi gaiari buruzko bi libururen gomendioa egin gabe: Leire Bilbaoren Gerrak ez du izenik eta Claude Duboisen Akim ihesi).
Gauetan, haur literaturako saioen ostean, denbora eta energia gutxi geratzen zait beste irakurketa mota batentzako. Edo irakurketarekin zerikusirik ez duten, baina gauerako utzitako beste egitekoetarako. Baina aberria (ber)eraikitzeko duenak nekeak hartu behar dituela edozein euskaldunek ulertuko duelakoan nago...
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Oporretan nago baina oraindik ez dut zutabea hasi. Oporretan nago baina nire gelak ez du igarri. Oporretan nago eta etxeko hautsa ez da mugitu. Oporretan nago eta topaguneko kanpin dendak lokatzez beteta jarraitzen du egongelan. Oporretan nago baina nire agenda ez da... [+]
2025eko Aberri Egunean, Imanol Pradales lehendakari jaunak “Euskadi Nazioa da” eta “hemen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, gure hizkuntzarekin eta gure nazio nortasunarekin, ez izan zalantzarik”, ozenki esan zituen.
Euskalduna naizen aldetik,... [+]
Aurten, berriz ere, Euskaraldia izan dugu. Bi astez, gure hizkuntza-ohiturei erreparatu diegu, geure buruari galdetuta zenbat eta nola egiten dugun euskaraz. Baina ariketa horretatik harago, galdera handiago bat ere pizten da: zeren araberakoa da hizkuntza baten biziraupena?... [+]
Ekainaren 12an munduko bazter guztietatik –Euskal Herritik ere– heldutako ehunka pertsona batuko dira Egiptoko El Arish hirian, hortik Rafah-raino abiatzeko, Gazaren aldeko martxa globalean. Israel palestinar herriaren aurka egiten ari den genozidioa salatuko dute,... [+]
Nahiz eta jakina izan inkestak ez direla errealitatearen isla zehatza, interesgarria da bistadizo bat ematea, beti eskaintzen baitigute gai zehatzekiko tenperatura sozialaren arrastoren bat. Are garrantzitsuagoak dira, gai zehatzetan sartuegiak edo katramilatuak egoteagatik,... [+]
Haurrak begiratzeko gure paradigma ez da erabat aldatu, baina aldaketak-edo egiten ari gara, egia da, beste kontzientzia maila batekin, aferak duen garrantziagatik-eta. Bazen garaia. Kontua da, baina, haurren bizitza gure esku dagoela, eta behar duten bizimoduan aldaketak... [+]
Stanfordeko Unibertsitateak dohainik eskaintzen duen Storm deituriko erreminta ezagutu berri dut. Adimen artifiziala erabilita, edozein gairen inguruan artikulu akademikoak sortzeko diseinatutako ikerketa tresna da. Fidagarriak eta baimenduak diren hamaika iturri erabiltzeko gai... [+]
Oraindik joan den astea asimilatzen nabil. Boterean daudenen eta botere ereduetan eragin nahi dutenen aldarriak ozen entzun ditugu nonahi. Sareetan zein kalean.
Izan diren manifestazio ezberdinetan, herrietako giza eskubideen garapen maila agerian geratu da. Amerikako Estatu... [+]
Erdaraz hitz egiten duzu, Francok nahi zuen bezala’ kamiseta dut gogoan egunotan, OlaXonMario Galiziako sortzaile digital kuir eta independentistaren diseinua.
Gogora ekarri dut, lehenengo, Isabel Díaz Ayusok alde egin duenean Imanol Pradales lehendakariak... [+]
Noizbehinka aipatu ohi da zientzia, edo hobe esanda akademia, gizartetik urrunegi dagoela. Gauzak honela, aditu eta arituen arteko distantzia ahalik eta txikien izatea da jasangarritasunaren zientziaren zioetako bat. Jasangarritasunaren arloan aritzen garen zientzialariok... [+]
Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]
Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?
Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]
“Hauxe titulu bitxia” erranen du aspaldian leitzen nauen ARGIAko irakurleak. Jakingo du halaber Stanley Kubrick zinegilearen azken filmaren zale amorratua naizela. Horrek hura esplika dezake. Funtsean, begiak zabal itxita begiratzen diogu munduari, bereziki Gazako... [+]
Badirudi Europar Batasuna eskalada beliko betean sartu dela. Munduaren ordena geopolitikoa kolokan dabil eta Europak bertan zuen pribilegiozko lekua galtzeko arriskua ikusi du. Autonomia estrategikoaren lemapean, beste neurri askoren artean, industria armamentistikoa... [+]