1965ean, guraso batzuen ausardiari esker, Uxue ikastola sortu zen Iruñean, hamabi ikaslerekin. Hiriburuko ekimenari jarraituz Nafarroako zenbait herritan ikastolak sortuz joan ziren: Etxarri Aranatz, Tafalla, Lizarra… Fermin Erbiti kazetari iruindarrak 50 urte hauetako testigantzak eta argazkiak batu ditu Ametsa egia liburuan. Mende erdiko ibilbidean ezinbestekoak izan diren euskaltzale guztiei omenaldi eta esker oparia.
Nondik sortu zen liburuaren ideia?
Nafar ikastolen 50. urteurreneko ekitaldiak antolatzerakoan atera zen. Nafarroako Ikastolen Elkartean (NIE) batzorde bat sortu zen hau guztiau antolatzeko, eta egokitzat jo zuten mende erdiko ibilbidea islatuko zuen liburua argitaratzea. Enkargua egin zidaten eta baiezkoa eman nuen, oso gustuko gaia dudalako. Askatasun osoa eman zidaten liburuaren nondik norakoak finkatzeko, eta hori ere eskertzekoa da. Alde horretatik, aipatzekoa da mende erdiko kontuak ez ezik aurreko zenbait historia ere bildu ditudala, bestela nekez ulertzen baita ikastolen mugimendua: Campion eta XIX. mendeko beste euskaltzaleen lana eta, bereziki, gerra aurreko euskal eskolak.
Liburuaren lehen kapitulua eskaini diezu aitzindari haiei.
Bai. Campionek-eta ahalegin handia egin zuten galbidean zegoen euskara indartzeko, Nafarroako Euskara Elkargoaren bitartez. Campionek esaldi batekin laburbildu ohi zuen bere arrangura: “Batzuk bagoaz eta inor ez dator“. Bada, 30eko hamarkadan Iruñeko Euskal Eskolaren sorrera ezagutu eta “Batzuk bagoaz, baina beste batzuk datoz” esan zuen. Gerra aurreko urteetan ere, beraz, euskaltzale batzuek argi ikusi zuten euskararen etorkizuna eskolan jokatzen zela. Horregatik sortu ziren Iruñea, Lizarra eta Elizondoko euskal eskolak. Tamalez, hura guztia 1936ko uztailaren 18an amaitu zen. Eta, zorionez, handik 30 urtera beste ameslari batzuek lanari ekin zioten, gaur egungo ikastolak sortzeko.
Lan mardula egin duzu. Zein pauso egin duzu eta zein bitarteko erabili duzu sortzaileekin harremanetan jartzeko?
Batetik, dokumentazioa aztertu dut. Ikastolena, gerra aurreko euskal eskolei buruzko kontuak… Ondoren, ikastola guztiak bisitatu ditut, bakoitzaren ibilbidea ongi ezagutzen dutenekin elkartzeko: sortzaileak, irakasleak, gaur egungo arduradunak… Testigantza horiek funtsezkoak izan dira. “Gogoko tokian aldaparik ez”, dio esaerak. Bada, horrela ibili naiz azken hilabeteotan: lanpeturik, ohiko lanaz gain liburua egin behar nuelako; baina pozik, oso interesgarria eta aberasgarria izan delako. Ikastolen historia eta, batez ere, ikastolen historiak ezagutarazteko nahia da hau.
Mugimenduaren sorrerako garaiak ez ziren errazak, eta pertsona haiek ere ez ziren makalak izango...
Ikastola gehienen sorrera benetan harrigarria izan zen: libururik gabe, irakasle tituludunik gabe, legeztatu gabe… Gabeziak alde guztietatik. Eta oso leku xelebreetan egin zituzten: behitegi batean, oilategi zahar batean, txanpiñoitegian, herriko komentu zaharreko txoko ilun batean… Epika handiko garaia zen. Gaurko talaiatik ikusita, barregarria ere izan liteke. Hura bizi zutenentzat, berriz, nahiko gogorra. Horrek ederki erakusten du zenbaterainoko ilusioa eta indarra zuten euskaltzale haiek.
Gogortasun horren adibideren bat?
Zenbait herritan agintariek, eskolako irakasleek eta herriko jende askok ikastolari egin zioten eraso gupidagabea eta, askotan, oso zikina. Batez ere Tutera, Viana eta Irunberrin.
Zure hitzaldietan sarritan aipatzen duzu Jesus Atxaren pasarte hura.
50 urteotan Nafarroako ikastolak bide malkartsuan ibili dira, haizea beti kontra, eta ez bakarrik frankismoaren garai ilunean, ondoren ere. Hemengo ikastolen bultzatzaile sutsu izan zen Jesus Atxak ederki laburbildu zuen Manuel Lekuona Saria jasotzean, Sanz lehendakari-ohia ondoan zuela: “Nafarroan autobide batzuk egin dira azken urteotan, autoa hartzean erosoago ibil gaitezen. Euskaldunok, ordea, betiko bide estu eta neketsuetan barna ibili behar dugu oraindik ere. Noizko guretzako autobideak?”.
Zein etapa bereiziko zenituzke 50 urteko historia honetan?
Ikastola gehienak 70eko hamarkadan sortu ziren. Hurrengoan legeztapenak etorri ziren eta 90ekoan ikastetxe duinak egiten hasi ziren. Hori izan daiteke laburpen argiena.
Ikastolek hasiera bateko izaera bera dutela esango zenuke?
Ikastolen ezaugarri nagusiak, nire ustez, hiru dira: euskara eta euskal kulturaren defentsa, pedagogia berritzaile batean aldeko apustua eta gurasoen parte hartzea. Egia da gizartea nabarmen aldatu dela azken bost hamarkadetan, baina ezaugarri horiek bizirik daude ikastoletan.
Etorkizunari dagokionez, zer hausnarketa egiten duzu?
Ikastolek kalitate handiko irakaskuntza eskaintzen dutela erakutsi dute. Aipaturiko ezaugarriei eutsi eta kalitatea iparrorratz nagusitzat hartzen segitu behar da. Horrek bermatuko du, nire ustez, ikastolen etorkizuna.
“Historiak jaso eta kontatzea, ahalik eta txukunen. Horixe da batxilergoa amaiturik aukeratu nuen profesioaren muina. Guk profesioa aukeratu, bai, baina mentura itsuak sekula pentsatu gabeko bideetan barna eramaten gaitu. Zenbakiak gorroto zituen gaztetxo hark auditoria-txostenekin lan eginen zuela jakin izan balu! Eskerrak goizeko zenbaki-saltsaz gain badela besterik, desorduetan bada ere: irakurgai gozoagoak, historia interesgarriagoak. Ikastolenak, esate baterako”.
'Ehun metro', Zergatik panpox', 'Hamaseigarrenean aidanez' eta 'Oraingoz izen gabe' dira zaharberritzen ari diren lanak. Zinemaldiko Klasikoak sailean ikusi ahalko dira.
Gasteizko Gaztetxean batzen den Azpimarra irakurle taldeak antolatu ditu topaketak. Ostegunean stand-up ikuskizun batekin hasita, Xabier Montoiaren eta Maddi Sarasuaren arteko mahai inguruarekin amaituko dituzte jardunaldiak, osteko Azpimarraren poesia ekitaldi musikatuarekin.
Astelehen goizean ezagutu da industriarentzat kolpe latza izango den notizia: datorren astean hasiko du enpresak EEEaren negoziazioa, eta kalean geratuko dira 655 langile.
Zazpi auzotarako eta Jabaliako errefuxiatu-kanpalekurako aginduak eman ditu estatu sionistak, eta ohartarazi dute "babesleku" izendatutako eremuak erasotzeko "patroi" bat jarraitzen duela.
Bidaide eta godaide XVII. mendeko Arnaud Oihenarteren Atsotitzak eta neurtitzak liburuan kausitu dezakezu, eta bidean kausitu eta gustura ondoan harturiko bidai-lagunari erraten zitzaion "godaide". Aurelia Arkotxak ekarri zuen gurera, Zubiburu solasaldian, hain justu... [+]
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragan da ekainaren 7an, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkarturik herriko plazan. Euskaraz bagara lelopean iragandako seigarren edizio horren balorapen baikorra egin dute Baltsan eta ARGIA antolatzaileek: euskara... [+]
Erasoa Loinatz jaietako azken egunean gertatu zen. Goierriko Itaiak elkarretaratze bat antolatu zuen gertakaria salatzeko.
Donald Trump Etxe Zurira heldu zenetik, nabarmen areagotu dira ICE AEBetako Inmigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarrak etorkinen aurka eginiko sarekadak. Horren aurrean, komunitate latino handiena hartzen duen estatuan, Kalifornian, protestak piztu dira azken egunetan... [+]
Poliziak kalea moztu du goizean, eta lagun ugari gerturatu dira Bilboko Zurbaranbarri auzora etxea defendatzera. Indarrez sartu da Ertzaintza, eta azkenean gauzatu dute etxegabetzea. Mobilizazioa deitu dute 19:00etarako.
EAEko Hezkuntza Sailak egindako “balorazio oso positiboa” ezbaian jarri du Arartekoak ebazpen batean. Bere esanetan, “neurri irmoagoak” hartu ezean, Ordiziako eskoletan dauden zaurgarritasun eta hizkuntza desoreka arazoak konpontzetik “urrun”... [+]
Hiru gizonetatik bi adin txikikoak dira eta epaitegian deklaratu dute. Hirugarrenaren bila ari dira.