Desobedientzia herriz herri

  • Ezker abertzalearekin lotura duten 107 Herriko Taberna eta kultur elkarte ixteko agindua berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Inork ez daki noiz eta nola egingo duten halako polizia-operazioa, baina bitartean, erresistentzia estrategiak lantzen ari dira herriz herri. Herrikoak itxi ostean, irekiko dituzten gune berriek nolakoak izan behar duten birplanteatzen ere ari dira.

107 Herriko Taberna eta elkarte ixteko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak.
107 Herriko Taberna eta elkarte ixteko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Gorka Rubio / Argazki Press

Presoen argazkiak barraren gainetik tabernaren zaindari. Herri mugimenduen ekintza eta kartelak komunaren ondoko tabloian: EHZ festibaleko egitaraua, Elektrotxarangen II. Topaketa, Mozal legearen aurkako mahai-ingurua... Auzoko bikote heldu bat plater konbinatua jaten ari da, gazte batzuk leihoan kafea hartzen berriketan. Albistegi mututua telebistan, Benito Lertxundiren diskoak girotzen du ostegun eguerdia Donostiako Herria tabernan. Espainiako Auzitegi Nazionalak konfiskatzeko agindu duen 107 tabernetako bat da.

Tuterako Abardena Elkartea, Usurbilgo Aitzaga, Gasteizko Aitzgorri, Urretxuko Aldiri, Durangoko Intxaurre, Markina-Xemeingo Amaiur, Lazkaoko Ansoategi, Artziniegako Otsati, Larrabetzuko Aretxabalaga, Alonsotegiko Aritzmendi, Tafallako Azoka... Hego Euskal Herrian barrena ixtera behartutako taberna eta elkarteen zerrenda beltza osatu dute Espainiako epaileek. 

“Ikusten dugu, 14 urteko epaiketaren ostean, Espainiako Estatuak ez duela inondik ere borroka legal hau galdu nahi. Dena ETA da tesia mantentzeagatik astakeria handiak egin dituzte eta orain ez dute atzera egingo. Guk ordainduko dugu, hurrengoek ordainduko dute, eta horrela jarraituko dugu Espainiako Gobernua aldatu arte edo Estatuaren posizioa aldaraztea lortzen dugun arte”.

Joseba Alvarezen hitzak dira, 35/02 sumarioan auziperatua, 14 urtez iraun duen epaiketan parte hartu du. 785 orriko epaian, Herriko tabernak eta elkarteak konfiskatzeko agintzearekin batera, aurrez eskatzen zitzaien hiru urteko kartzela zigorra murriztu diete epaiketa hamarkada bat baino gehiago luzatu delako, eta urte bat eta 10 hilabetera zigortu dute ezker abertzaleko Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Karmelo Landa eta Juan Kruz Aldasororekin batera. Floren Aoiz, Antton Morcillo eta Jon Gorrotxategiri urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diete. Azkenik, beste hamabi lagun urtebete eta hiru hilabetera zigortu dituzte Herriko tabernen zatiagatik. Ez du inork kartzelara joan beharrik izango.

“57 urterekin laugarren aldiz kartzelara joatea eta lanpostua galtzea ez da broma, eta horrenbestez, salbatzea berri pozgarria da. Hala ere, epaia politikoki txarra da, akusazioa mantendu egiten dutelako, eta tesi berarekin jarraitzen dutelako”. Alvarezek uste du atzetik doazenentzat erabaki makurra dela.Udazkenean egokituko zaie Askapenako kideei, Segurako operazioan atxilotutako Batasunako zuzendaritza politikoari, eta ondoren presoen abokatuei, Herrirako kideei... 100 pertsonatik gora daude epai zain.

Herriko Taberna eta elkarte batzuk epaiketak iraun duen 14 urteetan itxi dira. Honenbestez, 90 bati eragingo die aginduak. Guztira, 150 inguru dira lokal hauen itxieragatik lanpostua galduko duten pertsonak.

Herriko Tabernen defentsa

Kamiseta laranja soinean, eskubide zibil eta politikoen alde batetik bestera dabilen Eleak mugimenduko Txerra Bolinagak hartu du hitza. Epaia jakin berritan, Herriko taberna guztietako ordezkariak atzean, Herrikoak defendatuko dituztela iragarri dute Zarautzen. “This is neither Spain nor France, you are in the Basque Country” oharra turistentzat leihoan, Libre zuria pertsiana laranjan.

“Auziperatuak defendatzen ditugun moduan, Herrikoak defendatuko ditugu. Erasoen aurrean konpromisoak batuz jarraituko dugu, eta guztion eskubide zibil eta politikoak defendatuko ditugu. Herri honek argi adierazi du: guztiok bat eginda ez dago geldiaraziko gaituen gobernu, polizia, epaile edo nekerik”.

Herri harresien dinamika abiatu zenetik, mugimendu desobedientea tokian toki egonkortzeko lanean ari dira azken hilabeteetan. Herriko Tabernen auzian erantzunarekin laguntzea erronka handia dela diote Eleak mugimendutik. “Orain artekoekin alderatuta ezaugarri ezberdinak ditu honek. 107 Herriko Taberna eta elkarte dira, oso kopuru handia, eta hori ez da erronka makala”, dio Bolinagak.

Elkarte hauek ezker abertzalearenak izateaz gain, zigortutako pertsonak ere hala direnez, talde eragile mistoa osatu dute. “Ezker abertzaleak badauka zeresana auzi honetan, zuzenean inplikatua da, eta pozik gaude bilera mistoekin, Libre dinamikaren baitan, gako desobedientean erantzun behar dugula ados baikaude denok”.

Herriko Tabernak eta elkarteak dauden herri bakoitzean taldeak osatzen doaz. Abokatuek gainera, errekurtso bidez herriz herri borrokatuko dutela adierazi du.

Operazio konplexua

Noiz joango dira lokalak ixtera? Uztailean? Abuztuan? Irailean? Udazkenean? Alvarez konbentzituta dago uztailaren 30a dela muga, epaileek oporrak hartzen dituztelako eta abuztuan sartuko den ordezko epaileak ez duela patata beroa ukituko. Hala balitz, “Herrikoak libre eta zabalik” kanpainarekin, uda osoan kausa honen alde lan egiteko asmoa dute, jaietan babesa bilatzeko baliatuz.

Hala ere, gogoratu behar da Espainiako Auzitegi Nazionalak 2002/35 sumarioaren epaia 2014ko uztailaren 30ean eman zuela, oporren aurretik azken egunean.

Abuztuaren aurretik edo ondoren, itxiera ez da erraza izango, eta luze jo dezakeela aurreikus daiteke. Legalki konplexua da itxiera, jabeak ezberdinak baitira herriz herri, eta hortaz, gune bakoitzak bere prozedura legal propioa behar du. Horrez gain, nahiz eta polizia-operazio erraldoia antolatu, denak batera ezustean ixteak ezinezkoa dirudi. 

Lehen itxieren albistearekin batera, lurrikara politikoa espero da, eta Euskal Herri osoan, herri bakoitzean formula adostuta, ehunka herritar mobilizatuko dira beren auzo edo herriko guneen itxierak zailtzeko. Hala gertatuz gero, herriz herri lokalak hustu beharko ditu poliziak, eta ondoren, prezintatu. Oraingoan ez da inbentariorik egin behar. Prezintatu ostean, baliteke hainbat lekutan zigilua apurtu eta berriz ere sartzeko hautua egitea, polizia operazioa nabarmen luzatuz, nahiz eta jakin horrek zigor gogorragoa dakarrela barruan harrapatzen dituztenentzat. Behin aginduak beteta, lokalak enkantean jartzea da asmoa eta jasotako dirua Espainiako Estatuarentzat izango da. Sare sozialetan irakurritako mezu ironiko batek dioen gisan, azkenean Estatua izango da  Herriko Tabernen bitartez finantzatuko dena.

“Herri batzuetan erresistentzia fasea gogo handiz ari dira prestatzen”. Alvarezen iritziz erresistentzia formatu anitza pentsatu behar da, ahalik eta jende gehienak har dezan parte. Lokalaren kanpoaldean planteatutako desobedientziatik, gaztetxe eta bestelako desalojoetan erabili ohi diren erresistentzia tekniketaraino, erresistentzia ariketa anitzak prestatzen ari dira. “Desobedientziaren aniztasunean asmatu behar dugu”. Bolinagak “malgutasuna” hitza behin eta berriz aipatu du, argi utziz kasuan kasu erantzun ezberdina emango zaiola.

Espainiako Estatua krisi larrian

Bertso eskolaren bidez iritsi zen Azpeitiko Orkatz tabernara Jokin Uranga. Bertso saioak antolatzen hasi ziren, eta ondoren bestelako kultur dinamiketan ere lanean amaitu dute. Gunearen defentsan buru-belarri dabiltzan taldeetako bat da.

Pozik daudela adierazi du, jende askok adierazi baitie gertatzen ari dena injustua dela –“eta ez soilik ezker abertzaleko jendeak”–, eta babes handia jasotzen ari direla dio. Ezker independentistaren aurkako beste eraso bat dela pentsatzen du Urangak, Baltasar Garzónek hasitako bidetik. “Kaleko dinamikatik atera nahi gaituzte”.

Koldobike Muniain zarauztarra da, eta Herriko Tabernen izenean hartu zuen hitza epaia salatzeko ekitaldian. “Ezker abertzalearen oinarriari lokal eta espazioak lapurtzen dizkion eta bataila politikoa galdu duen Estatu baten ezintasunaren ikur bilakatuko da Herrikoen lapurreta”.

1936an Hego Euskal Herrian faxistek errepublikar eta abertzaleei eginiko lokal eta ondasun lapurreta errepikatuko du Auzitegi Gorenak, Muniainen ustez. Europan azken hamarkadetan mugimendu politiko bati ez zaiola horrenbesteko ondasun lapurretarik egin azpimarratu du hainbatek.

“Estatua krisian dago, nola edo hala eutsi nahi diote egoerari, eta egiten dakiten gauza bakarra errepresioa areagotzea da”. Alvarezen ustez, nabarmena da estatu mailan gertatzen ari den aktibazio soziala. Milioika pertsona langabezian, Kataluniako independentzia prozesua, Podemos gisako fenomeno berriak, monarkiaren eraberritze “prezipitatua”, ustelkeria kasuak... “PPk badaki fase hau amaitzear dela”.

Euskal Herrian sortu den giro politikoak gehiago ahultzen du Estatua Alvarezen iritziz, eta horren erantzuna dira makroepaiketa gehiago, Mozal legea, Kode Penal berria, presoen gaia ez mugitzea... Oso kezkatuta ikusten ditu eta ahalik eta lotuen utzi nahi dute gauza, bere ustez.

Nahiz eta abokatuek esan dieten uda aurretik ez direla ixtera joango, ez dira fidatzen. “Gu geure buruari begira gaude, egin behar ditugun gauzak pixkana egiten ari gara, talde indartsua osatu dugulako. Batetik, klabe desobedientean itxiera nola zaildu prestatzen; eta bestetik, aurrera begira, Orkatz berriak nola izan behar duen pentsatzen”.

Herritar talde zehatz bati eraso egitean, gizarte osoari egiten zaiola eraso aldarrikatzen du Joseba Alvarezek, eta ez du uste ezker abertzalea denik erantzun behar duen eragile bakarra.

“Hedabideak itxi dizkigute, alderdiak ilegalizatu, mugimenduak debekatu... eta beti sortu ditugu berriak. Hemen gauza bera egin behar dugu, eta aukera baliatzen badugu Herriko Tabernen kontzeptuari buelta bat emateko, bikain”. Alvarezen ustez koiunturala da lokal hauek babesteko egingo den erresistentzia, eta garrantzitsuagoa da hurrengo pausoa: “Zer nolako guneak behar ditugu antolaketa eta mugimendu sozio politikoei dagokien espazio irekiagoak emateko?”.

Taberna hauek 1980ko hamarkadan sortu ziren. “Beste egoera bat zen, beste fase bat, Euskal Herriko gatazkaren enfrentamendua beste bat zen, eta ezker abertzaleak beste era batera jokatzen zuen. Hori aldatu egin da eta gauza hauek ere aldatu behar ditugu”. Eztabaida mahai gainean dago.

Zentro sozial autogestionatuetan, adibidez, esperientzia aberasgarriak daudela dio. Espazioak alderdi baten inguruan sortu beharrean, beste balore batzuetan oinarrituz, militantziarako eta koordinaziorako diren gune hauek izaera zabalagoa har dezaten. “Ezkerrak, era zabal batean planteatuta, zer nolako guneak behar ditu?”, galdetu du Alvarezek. 

“Jendea ari da gogoetan, kolpe handia emango digute eta ekonomikoki ziur gaizki ibiliko garela, baina aurrekoetan bezala, ziur naiz hemendik ere indartuta aterako garela”, dio Urangak.

Desobedientzia indartzea da asmoa

Txerra Bolinagak aitortu du oraindik mugimendu desobedientea ez dela gai Estatuaren posizioak mugitzeko, baina bide berean sakontzea beste aukerarik ez du ikusten. Mugimendura lan egiteko prest dagoen gero eta jende gehiago hurbiltzen ari dela dio, eta atxikimendua gero eta handiagoa dela sentitzen dutela. Gauzak horrela, Herriko Taberna eta elkarteak defendatzeko osatuko diren talde ugari, gerora, eskubide zibil eta politikoak lantzen ari diren taldeetara gehitzeko aukerak ikusten ditu. “Hau hazten ari da, borroka honek motibatu egiten duelako jendea, eta erronka handiak ditugulako aurrean”.

Disidentzia politikoaren kontzeptua garrantzitsua dela uste du Alvarezek. Troika, etxe kaleratzeak, eredu sozial antidemokratikoa, migrazioarekiko jokamoldea, kaleratze merkeak... Neoliberalismoaren jokaera inoiz baino ageriago ikusten dute herritarrek, dio. “Ezkerretik alternatiba indartsua egituratzeko aukera dago hor, eta Herrikoen aurkako erasoa gako horietan kokatu behar dugu”. 

“Euskal Herriko disidentzia politiko horren parte baten ikurren aurkako erasoa da hau, baina funtsean honen guztiaren motorretako bat kolpatu nahi dute, eraldaketarako sentsazioa”. 

Espainiako Estatuak Mozal Legea eta Kode Penal berria onartu ditu uztailean. “Argi dugu ezin garela beldurtu, bestela gureak egin du”. Borrokatzeko desobedientzia jendetsuak egin behar direla pentsatzen du Bolinagak. “Futbol zelaietan Espainiako ereserkiari egindako txistuekin bezala da; batek bakarrik egiten badu txistu, bereak egin du; 100.000k egiten badute, ezin dute ezer egin. Hemen berdin”.

Pixkana elur bola handitzen sentitzen dute Eleakeko kideek. “Denok batera goaz, Askapenakoekin oso pozik ari gara lanean, orain Sortu ere gako beretan ikusten dut, beste ekimen batzuk ere hasi dira... Bidea argi dugu, eta egia esan, beste biderik ez dugula sinetsita gaude: desobedientziaren elur bola hau handitu behar dugu estatua baldintzatzera iritsiko bagara”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herriko tabernen auzia
2020-05-17 | Txintxarri
Ertzaintzak bost pertsona identifikatu ditu Lasarteko Xirimiri elkartearen aldeko ekintza batean

Zenbait herritar paseoan atera ziren ostiralean arratsaldeko zortzietan, Xirimiriren aldeko aldarriekin. Hogei lagun baino gehiago elkartu zirenez, manifestaziotzat hartu zuen ekimen hori Ertzaintzak, eta bost lagun identifikatu zituen: hiru, "antolatzaileak"... [+]


2020-04-22 | Axier Lopez
Herriko tabernak itxi eta konfiskatzeko prozesua hasi du Espainiako Justiziak

Herritarren konfinamendu bete-betean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Herriko taberna eta elkarteen epaia exekutatzen hasi dela salatu du Sortuk. Zehazki, taberna eta elkarteen kontu korronteak enbargatzeko agindua eman du auzitegiak.


Tortura salaketak ez ikertzeagatik ezaguna den Grande Marlaska epailea, Espainiako Barne ministro

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (GEEA) bederatzi aldiz kondenatu du Espainia torturak ez ikertzeagatik eta horietako seitan Grande Marlaska zen epaile instruktorea.


Agus Rodriguez, barrako barrikadatik
"Metroa, AHTren geltokia... Donostia zer izango da, Montecarlo bat?"

Inoiz joan bazara Donostiako Alde Zaharreko Rekalde tabernara, seguru barraren atzean ikusiko zenuela Agus Rodriguez, irribarrez, batekin edo bestearekin hizketan. Nor da, ordea? Bere hitzetan: “45 urteko gazte bat, euskaldun berri zaharra, donostiarra, semea, aita, anaia,... [+]


2016-04-21 | ARGIA
Los Chicos del Maiz eta ARGIA jazarpenari buruzko mahai-inguruan Andoainen

Errepresioaren ikuspegi ezberdinei buruzko mahai-ingurua antolatu du Andoaingo Irunberri kultur elkarteak larunbatean 18:30ean hasita. Andoaingo herriko tabernaren abokatu Oscar Padurak hitz egingo du, Axier lopez kazetaria eta Valentziako rap taldearekin batera.


Eguneraketa berriak daude