ARGIA.eus

2021eko urtarrilaren 22a

Herriko tabernak itxi eta konfiskatzeko prozesua hasi du Espainiako Justiziak

  • Herritarren konfinamendu bete-betean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Herriko taberna eta elkarteen epaia exekutatzen hasi dela salatu du Sortuk. Zehazki, taberna eta elkarteen kontu korronteak enbargatzeko agindua eman du auzitegiak.

Axier Lopez @axierL
2020ko apirilaren 22a
Argazkia: Zumaiako Libre

2015ean Espainiako Auzitegi Gorenak 35/02 auziko epaia ezarri zuen, ezker abertzalearekin lotura duten 107 taberna eta kultur elkarte itxi eta konfiskatzeko Auzitegi Nazionalak emandako agindua berretsiz. Ordutik ez da mugimendu askorik izan, baina, Sortuk informatu duenez, azken egunotan taberna eta elkarte horietako batzuek jakinarazpenak jaso dituzte epaia betetzera doazela aditzera ematen dutenak.

Epaiaren exekuzioa, beraz, kontu korronteak enbargatzen hasi dute eta Sortuko kide batek adierazi digunez, "herri batzuetan epaiarekin zerikusirik ez zuten kontu korronteak ere ikutu dituzte, nahastuta edo".

Sortuk salatu duenez "1936ko gerraz geroztik, lapurreta ekonomiko eta politikorik handiena" izango da. Koronabirusa dela-eta Espainiako Gobernuak gerra hotsak erabiltzen ari dela dio alderdi independentistak, "Guardia Zibil eta militarrak osasun krisiaren aurkako propagandaren lehen lerroan jarrita, baina iraganekoa behar lukeen epai honek gogora dakarkigu Espainiako Erreinuaren autoritarismoa ez dela berria zoritxarrez".

"Dena da ETA"ri lotutako enegarren epaia

785 orriko epaian, Herriko tabernak eta elkarteak konfiskatzeko agintzearekin batera, epaileak aurrez eskatutako hiru urteko kartzela zigorra murriztu zieten epaiketa hamarkada bat baino gehiago luzatu zelako, eta urte bat eta 10 hilabetera zigortu dute ezker abertzaleko Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Karmelo Landa eta Juan Kruz Aldasororekin batera. Floren Aoiz, Antton Morcillo eta Jon Gorrotxategiri urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zieten. Azkenik, beste hamabi lagun urtebete eta hiru hilabetera zigortu zituzten Herriko tabernen zatiagatik. Ez zuen inork kartzelara joan beharrik izan.

ARGIAn gaiari buruzko erreportaje zabala argitaratu genuen 2015eko uztailean: Desobedientzia herriz herri

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Herriko tabernen auzia  |  Ezker abertzalea

Herriko tabernen auzia kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude