Greziako herritarrek gehiengo handiz ezezkoa eman ondoren herrialdearen zor erraldoia kudeatzeko Troikak agindutako planari, ur nahasietan murgildu da Europa osoa. Jokoan daude –garrantzi geopolitiko berezia daukan Greziak euroan eta Europar Batasunean jarraitzeaz gain– austeritate neoliberala eta Europaren barne egituraketa gardenagoa.
Lurrikara Grezian, tsunamia Europan. Europako Batzordeari, Europako Banku Zentralari, Nazioarteko Diru Funtsari eta Euro-taldeari Oxi esan diote gehiengo handiz greziarrek eta Europa gazterik zaharkituaren zureriaren habe nagusiak printzatu dira Grezian.
2008ko krisitzarraren ondoren austeritatea errezetatu zuen Europan agintzen duen Troikak. Espainiak obeditu du. Irlandak obeditu du. Italiak burua makurtu du. Greziak ezetz esan du, bost urtetan erremedioaren kalteak nozitu ondoren.
Enric Juliana kazetari katalanak aurretik abisatua zuen. “Grezian baiezkoak irabazten badu, benetako ordena bortizki berresten ikusiko dugu. (...) Europako Batzordearen egoitza den Bruselasko Berlaymont eraikinaren goi-goian iragarki argidun bat piztuko da dioena: ‘No se puede’. Ezezkoak irabaziz gero, sare sozialek oihukatuko dute ‘Sí se puede’, negoziaketak norabide zalantzatsuagoa hartuko du eta nabarmenagoak izango dira Barack Obamak, Atenas Moskura hurbiltzeko tentaldietatik urruntzearren, egindako presioak. Oxi agertokian, Syriza bihurtuko da inperio berriaren josturak nabarmenki aldatzeko ametsa duten ezker berrien erreferente garbia”.
Eta hona gu, europarrok, Oxi agertokian. Beldurraren kanpainak ez du funtzionatu. Ortodoxia neoliberalaren formula guztiak irentsirik herrialdea txirotasunera erortzen ikusita, miseriaren erdian bizilagunek elkarri lagunduz bizirauten bost urtez derrigor entrenatuta, azken asteko corralito-ak gehiago balio izan du greziarrak haserretzeko, beldurtzeko baino.
Ezer ez da izango berdin Europan Greziako erreferendumaren ondoren. 2008ko krisi handia eta Europaren egituraketa neoliberala europarren interesguneetan kokatu dira. “Murrizketa gehiago ez, erreforma errealak bai, hori bozkatu dute greziarrek” esan zuen igandean Europako ezkerraren izar nagusietakoa bihurtu den Yanis Varufakisek.
Denok ikasi dugu asko kanpaina honetan. Nagusiki, Stiglitz eta Krugman bezalako ekonomialari ortodoxoek ere argiki salatua: Europako banku pribatu handiak salbatu ditugula, horiek Greziako politikariak bultzatu ostean herrialdea zorretan leporaino sartzera, kobratzeko estutasunak iritsi zirenean arrapaladan lortu dutela beren sosak segurtatu eta kobratu ezineko mailegu itzelak zor publiko bihurtzea.
Oraindik pisu handia daukan arren establishmentak zabaldu duen “alemanak langile, greziarrak alfer” irudi sinpleak, gero eta europar gehiago jabetu dira greziarrez gain kontinente osoa bizi dela banku handien eta horiekin ate birakarien bidez lotutako politikarien erabaki okerren gatibu, diru bero errazeko urteetako astakerien pagatzaile.
Katarsis giroan bizitu ditu Greziak asteok. Panagiotis Grigoriou antropologoak Greziatik idatzi du bere blogean: “Gerra bat da hau, ziurrenik azkenekoa demokrazien hilketa behin betikoa eta atzera bueltarik gabea gertatu aurretik. Greziarron borrokaren mamia da Europako demokrazien eta gizarteen hiltzaileak neutralizatzekoa. (…) Etorkizuneko historiagileek aipatuko dute Alexis Tsipras politikari gazteak ongi asmatu zuela bere herriari benetako galdera aurkeztean, nahiz eta beranduegi eta ez osorik”.
Syrizak lortutako balentriak liluratu ditu ikuskatzaile epelenak ere. The Guardianeko John Hooperrek txiokatu zuen Atenastik, artean botoak kontatzen ari zirela, Termopiletako guduaren remake baten usaina zegoela: “300 espartarrak armada pertsiarrari aurre egiten, baina Xerxesen papera Angela Merkelek eginez”. David gailendu Goliathi, esango zuen besteak. Baina hori igande gaua baino lehen zen.
Orain mahai gainean dago Greziaren zorra, zati handi bat bederen, barkatu beharra. Atenasko agintariek benetan nahi eta espero baldin bazuten 300.000 milioi euroz goitiko zorraren zati bat kitatua izatea, eta horretarako deliberatu badute NDFrena ez ordaintzea –lehenago Ekuadorrek edo Argentinak egin moduan–, orduan ondorio guztiekin ekin beharko diote gurutze-bide gogorrari. Inork ez zion esan Alexis Tsiprasi Grezia zorpera eraman zuten oligarka eta politikariak –europarrak bezala greziarrak– bidera loreak eskainiz aterako zitzaizkionik.
Historiarako zizelkaturik utzi du Tsiprasek: “Denok dakigu soluzio errazik ez dagoela, baina soluzio justuak badaude”. Baina gudu epikoaren bizarrak eta eskuak kiskali behar izan ditu. Garaipenaren biharamunean Yanis Varufakis ministro-totemak bere lepoa eskaini die Europako aginte faktikoei.
Laster entzungo dira eroritako buru gehiagoren zaratak. Merkel beraren irudia oso ahulduta geratu da. Der Spiegelek uztailaren 3an analisi hau plazaratu du: “Angelaren errautsak: honela huts egin die Merkelek Greziari eta Europari”.
Geopolitika karta baliagarria izango zaio Atenasi Europako Troikaren zepotik ihes egin nahi horretan. Funtsean, Moskuko gobernuarengana hurbiltzea. Ez da Errusia kristau ortodoxoa berdin ikusten berlindar luteranoen begietatik… edo gehiengoz oraindik ortodoxoak diren greziarren begietatik.
Greziak garrantzia dauka OTANen eskema barruan. Noiz eta Errusiarekiko tentsioa handia denean oso nabarmen Ukrainako gatazkagatik, baina era lausoago batean OTANek biltzen duen eremuaren ekialde osoan. Turkia Siria eta Irakeko sute islamistan harrapaturik. Paradoxikoki, Barack Obamarengan solaskide adeitsuagoa aurkituko dute Syrizako agintariek Europako buruetan baino, François Hollande bezalako sozialdemokratak barne.
Syrizaren gobernuak sei hilabeteotan lortu du europarrei ahaztu araztea Greziak daukan barne mamu bortitz bat: ultraeskuin faxista. Sartu ote du Europak bere kalkuluetan? Orain Syrizak huts egiten badu Grezia putzu zulotik pixkanaka ateratzeko kudeaketan, mamurik beldurgarrienak daude ate gibelean agintea hartzeko prest. Italiaz kanpo, Europako beste inork baino latzago pairatzen duten etorkinen krisiak ere jokatuko du bere papera piztia beltza iratzartzen baldin bada.
Europar Batasunaren egituraketa eskasa agerian utzi du Greziako zorraren krisiak. Herritarren burujabetasunaren gainetik teknokraten agintea nagusitu dela. Berrikitan Manuel Castellsek “teknodiktadura” deitu zion. Yanis Varufakisek negoziaketaren zertzeladak kontatzean agerian utzi du kontinentearen buruzagitza ekonomikoa daraman Eurotaldea formalki existitzen ez den eta paperean finkatutako araurik gabeko erakunde bat dela. Oxi eta gero, agendan dago Europar Batasuna goitik behera berrantolatu beharra.
Euroa, herrialde europarren zor itzel handiak, ekonomiaren gaineko kontrola, Eurotaldearen funtzionamendu iluna, krisia gainditzeko austeritatea, OTANen egitura militarra eta bizilaguna dugun Errusiarekiko harremana.... Agian lan handiegiak elite alferregi batentzako?
Europako eliteek eduki baitezakete, biderik laburrena hartuz, Grezia eurogunetik kanporatzeko tentazioa. Batik bat Alemanian sortu duten giroarekin, establishmentak negoziaketa berriei ekin eta Europako zorren kitatze handiak mahairatzeko adorea beharko luke.
Greziarrak gerrako ekonomian bizi dira hilabeteotan. Bestelako gerra odoltsuagoak sortzeko beldurragatik irtenbide burutsuak saiatu beharko lituzkete gure eliteek.
Sorgin hasi-berrien gisan jokatzen duten europar kontserbadore hauei ez badie François Hollandek Frantziaren betoa ezartzen, kanporatzen badute Grezia era bortitz honetan, haren ekonomia itoaraziz, honek Grezian Europarekiko ekarriko duen gorrotoa ezin pentsatuzkoa izanen da. Tsipras agintetik kentzen baldin badute, eta Grezia Errusiara hurbiltzen baldin bada, ultra-eskuindarrek botoak eta jarlekuak irabazten dituztenean Grezian eta berdin Frantzian… Zeren eta herrialde bat eurotik kanporatuko dutenean, eurotik irteteko diskurtso guztiak indartuko dira. Sorgin izan nahi duten horiek uste dute herrialde oso bat bezatu daitekeela austeritatez, eurotik kanporatuz… Egoera izugarri larria da.
Europa krisitik ateratzeko bi gauza behar dira. Europako zorrari buruzko biltzar handi bat. Europa osoko zorra berregituratu beharra dago, ez bakarrik Greziarena, baita Portugalena ere, Italiarena… BPGaren %60 gainditzen duen zor guztia funts komun batean jarri eta berregituratu beharra dago. XX. mendean bertan bai Alemaniak eta bai Frantziak eduki dituzte BPGaren %200 baino gehiagoko zorpetzeak eta horiek berregituratzeko modua egon da. Ez dago alternatiba bakar bat, badira bide bat baino gehiago, motelak eta azkarrak. Zorra kitatuz galtzen dena baino askoz gehiago irabazten baita kitatzearen ondorioz eragiten den hazkundearekin. Sei hilabete galdu ditugu, zorraren berregituraketaz hitz egin ordez segituko dugu aurreko formula balio gabeekin itzuli-mitzuli?
Bigarrenik, eurogunearen legebiltzar handi bat osatu. Bertara joan daitezela herrialde bakoitzeko legebiltzar bakoitzean hautatuko parlamentariak, biztanleen proportzioen arabera. Parlamentarien biltzar horrek finkatu behar ditu, zorraren berregituratzearen eta gertatu denaren argitzearen ondoren, aurrerako irizpideak: defizit publikoen helburu eta mugak, inbertsio publikoei dagozkienak, berregituratu zorraren ordainketaren erritmoak…
Moneta komuna daukagunez, horren gobernu demokratikoa behar dugu. Erabakiak demokraziaz eta egun argitan hartu. Ez, Greziarekiko negoziaketetan ikusi dugun bezala, horrelako iluntasun itzelarekin.
[Thomas Piketty ekonomialariak ‘Le Monde’ren telebistarako Arnaud Leparmentier kazetariari uztailaren 2an emandako erantzunen zati hautatuak]
Ez egin negar Greziagatik, egin negar Europar Batasunagatik. Europak aspaldiko mendeetan eduki duen egitura ekonomiko handiena barrutik sitsak janda dagoela ikusi da Grezian. Ez da, ordea, ekonomia kontu soila. Diseinu instituzional eta politiko osoa dago une honetan auzitan.
Ziento bat adituk esan du asteotan euroaren sorrera huts egitea izan zela… ondoren gehitzeko kontua ez dela txanpon bakarrean atzera egitea. Beranduegi da horretarako. Grezia eurotik kanporatzeko mehatxu egiten duen Wolfgang Schaüble gorrotatuari Frantziatik Emmanuel Macron ministroak erantzun dio Twitterrez bozketaren bezperan: “Ezezkoak irabaziko balu igandean Grezian, ez genuke tratatu beharko Versaillesko itunean bezala”. Alegia, kontuz 2015ean Grezia tratatzearekin I. Mundu Gerraren ostean Alemania bezala: hala nagusitu zen nazismoa…
Manuel Castells soziologoak idatzia du Greziaren eta EBren arteko gatazkaren oinarrian dagoela herritarren burujabetza galtzea. Syrizari ez onartzean gaia Greziako legebiltzarrera eramatea, Europako indar faktikoek oinperatu nahi zuten ez bakarrik nazioen burujabetza, herritarren burujabetza ere zanpatu nahi zuten. “Hau da, teknikoek erabakitzen dute zer mespretxatu. (..) Legitimitatea galdu duten politikarien lekua teknodiktadura batek hartzeko joera ikusten da”.
Baina urrunegi iritsi dira Europar Batasuna kudeatzen duten burokratak. Diseinu eta jokabide aldaketa ez da minik gabe gertatuko. Jacques Sapir ekonomialari frantses ezagunak esan du inor ez dela Bruselasen ausartzen esatera Europak ez duela funtzionatzen. “Greziako krisia ez da garrantzitsua herrialde horren pisuagatik (eurogunearen BPGren %2) baizik eta Europa barrutik leherrarazten ari den krisi larria azaleratzen duelako”.
Grezia, Snowdenek argitara atera dituen informazioak, Ukraina… krisi larriak, EBren gobernatzeko eraren arazo sakonak salatzen dituztenak. “Politika txarrak burutu ostean, horien eragin txarrek ez diete ondoriorik ekartzen errudunei. Europar Batasunaren dimentsio bat hilda dago. Ez dakit EB osotasunetik zenbat salbatu ahalko den, baina hondoratzeko moduko prozesu kezkagarri eta arriskutsua ari gara ikusten sistemaren muinean bertan”.
Greziako Finantza ministro ohia susperraldi-funtsaren inguruko negoziazioez mintzatu da El Diario.es egunkariari eskainitako elkarrizketan. Asteburu hontan egingo da goi-bilera, eta Europar Batasuneko herrialdeek koronabirusaren efektuak leuntzeko funts komuna jasotzeko... [+]
Itakan antzeztu du uda honetan Tsiprasek finantza erreskatearen amaiera. Abuztuaren 21ean emandako liturgia hartan solemnitate handiz mintzatu zen Odisea modernoaren bukaeraz.
Greziako kontinentearen mendebaldeko kostaldean dago Itaka, itsaso jonikoan. Handik mendebaldera,... [+]
Iragan uztailaren 27an, Zabaldiko bi kide, brigada internazionalisten prestakuntza lanean ari ziren Tesalonikan. Hurriyako etxea hustua izan zen eta bi kideak atxilotuak. Urtarrilaren 26an, ostegunean, epaituak izanen dira.
Syrizaren bigarren kongresuan Alexis Tsiprasek ikusmin handia sortu duen hitzaldia egin du. Aurrera begirako politika marraztu du greziar presidenteak. Hibai Arbide kazetariak jarraitu du ekitaldia Twitter bidez.
Europako oligarkiak ezarritako politika ekonomikoak bere murrizketekin Greziaren osasun sistema publikoa Hirugarren Mundukoen mailaraino hondoratu duenean, milaka mediku, zaintzaile eta klase guztietako herritar ahalegintzen dira artatzen dirurik ezagatik bazterrean geratutako... [+]
Ezkerraren itxaropen zaharberrituekin ekin urte berriari eta alde guztietako kontserbadore eta inmobilistek aldarrikatutako Zibilizazioen Talkaren edizio odoltsuekin burutu, horra zein izan den 2015 honen patua. Disney World edo Port Aventurako txirrista erraldoietako batean... [+]
Robotak, terrorismoa, migrazioak edota desoreka sozialak izango dituzte hizpide Davoseko (Suitza) eski estazioan bildu diren agintari politikoek, enpresariek eta Leonardo DiCaprio bezalako hainbat pertsona famatuk. Urtarrilaren 23ra bitartean egingo den Munduko Ekonomia Foroak... [+]
Otsailaren 9an gertatuko da eta Berlinen: Yanis Varoufakis ezkerreko ekonomialari eta Greziako ministro ohiak aurkeztuko du DiEM25 Democracy in Europe Movement in 2025 mugimendu berria.
Greziarrek sinetsi zuten Europar Batasunean bazela bestelako politika baterako zirrikitua, botoetan garaipena ezkerrari emanik Syrizak eta Alexis Tsiprasek moztu ahal izango zutela hamarkada luzetako neoliberalismoak eta etxeko ustelkeriak ekarritako odolustea. Gero... [+]
2011n Tesalonikan dagoen Vio.Me lantegiak porrot egin ostean, Philkeram enpresako jabeek abandonatu egin zuten eta langileek hartu zuten honen kontrola.
Greziako Metropolitan Community Clinic in Ellinikok errefusatu egin du Europako Parlamentuak emandako Urteko Europako Herritarra saria. Ellinikon aurkitzen den osasun zentroak asistentzia sanitarioaren hedadura galdu duten pertsonak artatzen ditu.
Syriza ezkerreko koalizioak irabazi ditu berriro hauteskundeak Grezian. Demokrazia Berria alderdi kortserbadorea bigarren izan da. Abstentzio oso handia egon da, %45 ingurukoa.
Igandean hauteskundeak izango dira Grezian. Vaigelis Meimarakis Demokrazia Berriaren hautagaia, eta Alexis Tsipras Syrizako buruzagiaren arteko berdinketa aurreikusten dute. ANT1 telebista kate pribatuko estatistikek %31,6ko indarra ematen diete bi alderdiei. Abstentzio handia... [+]