Etekin ekonomikoei muga

  • Festa handiagoa egin, jende gehiago bildu, diru etekin handiagoa atera. “Orain arte gurpilak eraman gaitu” aitortu dute Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinadorako lehendakari Nagore Iñurrategik, eta Eskola Txikietako irakasleen koordinatzailea den Mikel Goñik. Gurpil zoroa haustea erabaki dute: etekinik gabeko festa izango da aurrerantzean. Nola ase, orduan, Eskola Txikiek dituzten premiak?

Eskola txikiko ikaslea, Nagore Iñurrategi Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinadorako zuzendaria eta Mikel Goñi Eskola Txikietako irakasleen koordinatzailea, Gabiriako festan. Ez du alferrik “Txikitasunean handi” hartu lelotzat.
Eskola txikiko ikaslea, Nagore Iñurrategi Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinadorako zuzendaria eta Mikel Goñi Eskola Txikietako irakasleen koordinatzailea, Gabiriako festan. Ez du alferrik “Txikitasunean handi” hartu lelotzat.

Ekainaren 14an Gabirian ospatu zen festa hartuko da oinarri aurrerantzean. Gogoeta fase baten emaitza izan da berau. Nagore Iñurrategik kontatu digunez, “duela hiru urte zailtasunak ikusi genituen festari aurre egiteko, hartzen zituen dimentsioengatik alde egiten zigun. Herriek ez zuten ilusiorik festa antolatzeko, zama gisa ikusten zuten eta horrek jada alarma denak piztu zituen. Duela bi urte, batzarrean planteatzera iritsi ginen festa egiten jarraituko genuen ala ez! Jarraitzearen alde agertu zen batzarra, baina aldaketari eutsiz”. Mikel Goñik azaldu du irakasleek ere aldaketaren beharra sentitzen zutela. Komunikabideek, ikastolen festen logikari jarraituz, irabazitako dirua zertan inbertituko zuten galdetzen zieten, “eta hori ez zen bultza nahi genuen festa eredua”. Iaz hasi ziren irakasle eta gurasoen artean adostutako puntuak dokumentu batera ekartzen. Pixkanaka arautegi bat zehazten ari dira, festa guztietarako oinarri izango dena. Hurrengo ikasturte hasieran bozkatuko dute berau.

Etorkizuneko festaren oinarriak

Goñik aurreratu bezala, izaera publikoa izango da ezaugarri nagusietakoa: “Guk ez dugu beste irtenbiderik, dugun neurrirako publikoak izan beharra daukagu, eta festak horren baitakoa izan behar du. Diru etekinak ateratzen direla? Bada datorren urteko festarako erabili daitezke, baina helburuak ez du hori izan behar”. Iñurrategik sare guztiaren izaera nabarmendu beharra sumatu du: “Antolatzen duen herriak bere herriko festa balitz bezala bizi izan du. Noski herriak berak garrantzi handia hartzen duela eta protagonista dela, baina Eskola Txikien Festa da, eskola txiki guztiak ordezkatzen dituena”.

Nola eramaten da filosofia festara?

Iñurrategik azaldu du teoria eta praktikaren arteko arrakala: “Ideia-tegian denok egon gaitezke ados: elkartzea dela nahi duguna, hemen gaudela aldarrikatzeko... baina festa antolatzerakoan ateratzen dira beldur ekonomikoak, eta gainerakoak”. Gabiriako festak izan duen aurrekontua oinarri hartzeko egokia dela diote, Gabiriakoa bailitzateke “festa garestiena”: Gabiriak ez dauka aterperik, iristeko garraioa jarri behar da... Iñurrategiren hitzetan, “gure asmoa da azpiegituren oinarrizko diru kopurua markatzea, baina urtero aztertuko dira lekuan lekuko beharrak. Ekitaldian, aurten goizeko ekintzak jolasak izan dira eta arratsaldean ikuskizun bat (zirkua)”.

Kamiseten salmenta ere mugatzearen alde egin dutela azaldu du Goñik: “Kamisetena azken urteetan tentsio karga bihurtu zen. Helburua ez bada diru etekina, zertarako hartu hainbesteko lana, hara eta hona joanaz saltzera? Kamisetak diru sarrera modu bat izan daitezke, baina beste bide batzuk ere badaude”. Iñurrategi kamisetek betetzen duten funtzioaz mintzo da: “Ikusarazteko balio dute, publizitate mugikorra dira. Bada identitate kontu bat, oporretara joan eta ‘aiba! Eskola Txikitakoa!’ pozik topo egiten dugu. Salmentak badu zentzua Gipuzkoan, bailara batzuetan; ez gara geratuko gure herrian bakarrik! Baina hortik aurrera mugatu egin dugu”. Etekinak hizpide, Iñurrategik faktore garrantzitsu bat aipatu du: “Aurrekontuetan baita ere kontabilizatu nahi ditugu kobratu gabe egiten diren lanak, zeren gure festak borondatezko lanean oinarritzen dira, eta irabaziak hortik datoz”.

Nola daude eskola txikiak?

Eskola Txikiak publikoak izanik ere, batzuetan beharrak izaten dira –eraikinak egoera kaxkarretan daudelako, udalek oso aurrekontu txikia dutelako...–; eta duten neurriagatik etengabe ari dira irauteko lanean: kasu gehienetan, eskola berriak ireki edo mantendu dira herritarren ekinaren ondorioz, ez zuzenean administrazioak jarri dituelako. Festako diruak ez du erresistentzia kaxa funtzioa ere betetzen? Goñik hala erantzun du: “Eskola Txikietan beharrak baditugu, baina beste bide batzuetatik jorratu behar dira, ez da festa baliatu behar horiek asetzeko dirua lortzeko. Administrazioarekin harremanak mantentzea oinarrizkoa da. Administrazioaren inplikazioa bilatu behar dugu. Ni irakasleen koordinatzaile nagoen denboran sentitu dut administrazioa prest dagoela bide horiek jorratzeko, hitz egiteko... nahiz eta momentu batzuetan bere mugak jarri dituen”. Adibideak jarri ditu: “Ezkio-Itsason eskola jarri dute eta beste leku batzuetan, adibidez Gatzagan ez dute zabaltzen utzi Lehen Hezkuntzako gela”. Administrazioaren inplikazioa lortzen ez denean, bestelako bideak jorratu izan direla kontatu du: “Lizartzan euren burua oso estu ikusi zutenean, bertako gurasoak protestan hasi ziren eta eragina izan zuen. Arroakoak eta Oikiakoak ere bai, Alkizakoak ere ari dira... Ea horrela egoera onera ekartzen ditugun guztiak”.

Ikuspegi orokorretik, eskola txikien egoera oso ona dela ziurtatu du: “Batzuk badaude, ordea, oso gaizki. Beste eskoletan dabiltzan irakasleekin alderatuta, eskola txikietako irakasleek abantaila handiak ditugu haurren heziketaz arduratzeko. Zenbait kasutan zailtasunak ere baditugu, dauden irakasleak mantentzeko, eta horretarako esfortzuak egin behar ditugu. Aurten, adibidez, zenbait ate itxita topatu ditugu, beraz, badugu bide bat egin beharra berriz ere administrazioarekin eta baita irakasleon artean ere: metodologia lantzeko, gurasoekiko harremana lantzeko... Gai horiei heldu behar diegu”.

Adierazi dute festako arautegia osatzeko beste arrazoietako bat horixe izan dela, eskola txikien sarean irakasle eta gurasoen arteko harremana asko zentratu izan dela festaren antolaketan, “festako tentsioan”. Tokian tokiko gaiei heldu nahi diete aurrerantzean, zeren Iñurrategiren hitzetan, “eskola txikien arazo nagusia ezin da festa izan. Aipatu diren arazoak koordinadorari dagozkio”. Aurreratu duenez, “festaren gogoeta egin ondoren, koordinadoraz gogoeta egitea tokatzen da. Harro egotekoa da Gipuzkoan hainbeste eskola txiki izatea, bakarretarikoak gara bizitasun hori mantentzen dugunak. Eskola txikitako gurasoen aldetik, Euskal Herrian bakarretarikoak gara hain ongi antolatuta gaudenak. Koordinadorak potentzial handia du, hileroko dinamika sendoa. Eta koordinadoraren balioaz jabetu eta bere indarra gehiago baliatu behar dugu. Duen funtzioa berreskuratu behar dugu. Hori dugu etorkizuneko erronka”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola Txikien Festa
2022-06-07 | Estitxu Eizagirre
Errezilen egingo den Eskola Txikien Jaiak Maria Dolores Agirreren ibilbidea taularatuko du

Ekainaren 12an egingo da Eskola Txikien 34. jaia, Errezilen. Bertako herritarrak hilabetetan aritu dira prestaketa lanetan eta egun osoko egitarau ederra prest dute. Arratsaldean 5. eta 6. mailako ikasleek antzerkia eskainiko dute: Errezilen jaio zen Maria Dolores Agirre idazle,... [+]


2019-05-30 | Usurbilgo Noaua
Aginagak "ateak zabalik", ekainaren 9an Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatzeko

Gipuzkoako eskola txikien arteko hartuemanak sendotu, elkar ezagutza bultzatu eta haien guztien topagunean bilakatuko da Aginaga ekainaren 9an. Aginagako Eskolaren bueltan ospatuko da, Gipuzkoako Eskola Txikien festa. Asteazken eguerdi honetan aurkeztu dute.


Badator eskola txikien egun handia

Herri-bizitzaren motor eta bihotz, haurrak aniztasunean eta herriarekin eta naturarekin harreman estuan hezteko eredu aproposa dira eskola txikiak. Bai pedagogikoki, bai auzo eta herrietako komunitatean duten garrantzia aldarrikatzeko, aurten ere Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia... [+]


2017-06-13 | Estitxu Eizagirre
Parte-hartzea nagusi Arroan, Eskola Txikien Festan

Sakulupe guraso elkarteko kideek, "emozioz eta nekez" beteta eskerrak eman dizkiete ekainaren 11n Eskola Txikien Festa egiten lagundu zuten guztiei. Eguraldi ederra lagun, festa ederra eta parte-hartzailea antolatu zuten. Hurrengo urtean Oikiaren txanda izango da.


2017-06-08 | Estitxu Eizagirre
Igandean Eskola Txikien Festak zeharkatuko du Arroa

Eskola txikiak herri eta auzoak bizirik izateko funtsezkoak direla adierazten du festak. Aukera polita izango da Arroa auzoko (Zestoa) eskolaren errealitatea ezagutzeko, tartean, gurasoek larritasunez eskatu arren atzerapenez doazen eraikuntza berriaren orubea.


Eguneraketa berriak daude