Laborategi (bio)politikoa dokumentatzen

  • Kortxoeneako kideek (Gros, Donostia), dokumental batean kontatu nahi dute gaztetxeak aurki beteko dituen bost urteotan bizi izan duena. Horretarako, crowdfunding kanpaina abiarazi dute www.karena.eu webgunean. Eraikinaren historia, gaztetxean sortu eta garatu diren proiektuak eta gune autogestionatu batean bizitzeak esan nahi duena azaldu nahi dute lanean.

Kortxoenearen urteotako historiak dokumentu grafiko ugari utzi du. Horiez gain, gaztetxean parte hartzen duten pertsonekin elkarrizketak egiten ari dira dokumentala osatzeko.Elearazi

“Gutxi dira barruan ezer gordetzen ez duten eraikinak; hutsune hori betetzeak ematen dio izatea”, esanez ematen dio hasiera emakume baten ahotsak dokumentala aurkezteko egin duten spotari. Eta ez dira hitz hutsalak: hain zuzen, orain ia bost urte okupatu zutenetik gaztetxeak barruan zer gordetzen duen, hutsune hori nola bete duten kontatzeko asmoa dute lan honekin. Kontxita Beitia da off-eko ahotsa egiten duena; emakumezko, adineko, ikastolen aitzindari, ez zegoen bera baino aproposagorik espazio horren izenean hitz egiteko.

Ibilbidea dokumentatzeko gogoa

Eraikina 2010eko ekainean okupatu zuten. “Gaztetxea sortzeko ideia izan genuenok, 2005ean argitaratu ziren okupazioari buruzko bi argitalpenetan parte hartutakoak ginen: Donostia bi urtez okupatuz DVDa eta Donostia 28 urtez okupatuz liburua”, dio Beñat Apalategi gaztetxeko kideak eta, Markel Ormazabal eta Joseba Parronekin batera, dokumentalaren arduradunak. “Beraz, kasu honetan ere hasieratik izan genuen Kortxoenean jazotzen zen oro filmatzeko eta dokumentatzeko joera, noizbait hori formaturen batean bilduko genuelakoan”.

Iaz ohartu ziren ikus-entzunezko material dezente pilatua zutela, eta horrekin zerbait egin beharra zegoela pentsatu zuten. “Hainbat eztabaidaren ostean, dokumental bat egitea erabaki genuen. Asanbladan planteatu eta baiezkoa jaso ostean, gu hiruok hasi ginen buru-belarri horretan”. Parron Gogo Ekoizpenak ekoiztetxeko  kide denez, grabaketa eta produkzio lana jada esleitua zuten. “Genuen materiala aztertzeaz gain, gaztetxeko kide batzuei elkarrizketak egiten hasi ginen”.

Egun, gidoiaren bizkarrezurra zehaztua izateaz landa, lana mamituko duten gainerako zertzeladak eztabaidatzen ari dira. “Dokumentalaren hari narratiboa, eraikinaren izenean hitz egiten duen off-eko ahotsa da. Eraikinak izan dituen hiru aldi historiko nagusiak azalduko ditu: kortxo-fabrika izan zenekoa, ikastola izan zenekoa eta egun gaztetxea denekoa”, dio Apalategik. “Interesgarria iruditzen zaigu espazioaren historiaz hitz egitea; izan ere, uste dugu eraikina izan zena gaur egun ere badela: fabrika zenean, batez ere emakumezkoen langile borrokaren lekuko, eta ikastolaren antzerki areto zenean, kultur sorkuntza parte-hartzailearen lekuko”.

Halakoxea baita gaur egun Kortxoenea gaztetxea. Batetik, gizarte-borroka ugarik lekua dute bertan, hala nola AHTaren aurkako plataformak edota Donostia 2016 Desokupatu kolektiboak. Bestetik, kultur sorkuntzan apustu handia egin du, musika-taldeentzako entsegu lokala ipinita, ikuskizun asko eskainita, edota adierazpen kultural ezberdinak jorratzen dituzten taldeei bertan biltzeko aukera emanda. “Hala ere, gure helburua ez da denbora honetan lortu duguna harrotasunez erakustea; ez diogu autokritikari uko egin, eta lan honek bost urte horien balorazioa izatea du asmo, hortik hobekuntzak atera ditzagun”.

Finantzazioa ere auzolanean

“Dokumentala planteatzen hasi ginen unetik ikusi genuen horrek gastu batzuk edukiko zituela, guk geuk berdindu ezingo genituenak”, dio Apalategik. “Batetik, grabaketetan aritutako kideen lana ordaindu beharra dago, bestetik, DVDa sortzeak dakartzan gainerako gastuak. Horregatik jo genuen crowdfundingera. Gainera, gaztetxearen filosofiarekin bat datorren praktika da, azken finean, beste konpromiso eredu bat eskatzen duen auzolana”. Horrez gain, irabazirik lortuko balute, gaztetxean diru-poltsa sortzera bideratuko lukete, DVDa aurkezteko bidaiak egiteko, edota gaztetxean hobekuntzak egiteko.

Behar duten dirua lortuz gero, eta proiektuak aurrera jarraitzen badu, 2015eko ekainean estreinatu dezaketela aipatu du, gaztetxearen bosgarren urteurrenerako, alegia. “Baina ez da urteurrena ospatzea dokumentalaren helburua, beraz, aurkezpenak ez du zertan data horrekin bat egin”, argitu du Apalategik. Lan honekin eztabaida kolektiboa piztu nahi dute; izan ere, azken urteotan ikus-entzunezkoen kontsumoak indibidualizaziora jo du, besteak beste Internetek ekarri dituen aldaketen eraginez; eta galdu egin da ikusitakoa gizartean eztabaidatzeak dakarren aberastasuna.

Gune autogestionatuak, ugari eta askotarikoak

Jakina da gure gizartean gune autogestionatuen egoerak onera eta txarrera egiten duela etengabe, errusiar mendiek bezala. Kortxoeneako kideak dioenez, ordea, “esan genezake gaur egun Euskal Herrian oso proiektu interesgarriak daudela eta, batez ere, askotarikoak: hasi Gasteizko Errekaleorretik eta Gernikako Astraraino. Donostiaren kasuan ere, Kortxoeneaz eta Letamanez gain (egun dagoen gaztetxerik iraunkorrena, Intxaurrondon), Txantxarreka (Udalak Antiguon utzitako espazioa) edota Itxasgain ditugu (Aldapetako etxe sozial okupatua). Uste dugu duela urte batzuk egon ezin zitekeen ugaritasuna dagoela”.

Argi dio Kortxoeneako lagunek karena.eu webgunean argitaratu duten testuak: “Gune autogestionatuak egitura urbanoaren parte ageriko bilakatu dira (…) espazioa beraren erresistentzia hutsetik, inguratzen duten gainontzeko eremuekin harremanean eta elkar-eraginean antzematen ditugu egun”. Gizartean gertatzen diren aldaketa azkarren ondorioz, “gune autogestionatu berri hauek laborategi (bio)politiko komun, ireki eta nomada gisa pentsatu eta ulertu” behar direla gehitu dute, eta Kortxoenea horren adibide bikaina da. Hori dokumental batean nola islatu, haien erronka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kortxoenea Bizirik
Kortxoenea gaztetxearen desalojoaren epaia
“Justizia espekulatzaileekin lerratu da beste behin”

Heldu da Kortxoeneak epaitegietan jarri zuen salaketaren epaia: Eraikuntza enpresa absolbituta. 2015eko azaroaren 3an Donostiako Gros auzoan zegoen Kortxoenea gaztetxea desalojatu zuten aurpegian estalita eta metalezko barrak zituzten hainbat pertsonak. Ondoren, eraikina eraitsi... [+]


Kortxoenea eraitsi zuen enpresaren aurkako epaiketa hasiko da astelehenean

Astelehenean hasiko da epaiketa Donostiako Kortxoenea gaztetxea eraitsi zuen enpresaren aurka: Groseko Etxebizitzak SL. 11:30 izango da epaiketa eta gaztetxeko kideek dei egin diote jendeari epaiketara bertara ager daitezen.


2017-06-22 | Xalba Ramirez
Adarra Saria 2017
Ez da inoiz hilko

Micaela Chalmeta Bartzelonako Sants auzoko kooperatibista feministaren izena daraman Big Bandak beste maila batera igo ditu Fermin Muguruzaren ibilbide osoko kantuak. Victoria Eugenia jendez eta emozioz lepo izan da bart.


2017-06-22 | ARGIA
Gaztetxeei eta Le Bukowski aretoari eskaini die Adarra saria Muguruzak

Asteazkenean jaso zuen Fermin Muguruza musikari eta zinegile irundarrak Donostiako Udalak eman dion Adarra saria.


Eguneraketa berriak daude