ARGIA.eus

2020ko ekainaren 01a

Herri mugimenduak kultur enpresaren kudeatzaile

  • Sanagustin kulturgunea

Itsaso Zubiria Etxeberria @itsasozubiria
2015eko martxoaren 22a
Koordinaziorako taldetxo bat badago ere, erabakiak kultur-mahaian hartzen dira, asanbladan. Eragileek eurena sentitzen dute Sanagustin, eta tokia lortu du herrian.Sanagustin kulturgunea

Kooperatibako asanbladara doa Xabier Aranbarri, “enpresako” gerente izendatuta baitago. Hitz egingo dute urteko plangintzaz, bideragarritasun ekonomikoaz, sektorearen indargune eta gabeziez… baina kulturaren ikuspegitik. Xabier eta bere kideena ez baita kooperatiba arrunta, Azpeitiko kultur eragileek eta norbanakoek herrian euskal kultura sustatzeko helburuarekin sortutako kooperatiba baizik. Eta Sanagustin kulturgunea dute biltoki.

Normalean horrelako gune bat bideratzeko Udalari eskatuko litzaiokeenari alternatiba planteatuz, herriko kultur eragileek beren gain hartu dute Sanagustinen antolaketa. Koka zaitezen, irakurle: gaur Azpeitian ezagun den Uztarria proiektu komunikatiboa du sorleku aipatzen dudan kultur-mahaiak. Euskal kultura bultzatzeko eta haren transmisioari jarraipena emateko sortua, herriko plazan dagoen Sanagustin gunea bideratzeko aukera iritsi zitzaien. Urte luzez Elizarena izandakoa –eta eraikina bera ere eliza izana– berreskuratu eta berreraiki zuen Udalak XXI. mendeko lehen urteetan, eta beronen kudeaketa noren esku geratu lehiaketara atera zuen. Kultur-mahaiarentzat aukera paregabea, herritarrek eurek kudeatutako toki bat osatzeko. Proiektua prest, lehiaketan parte hartzeko osatu behar izan zuten kooperatiba, figura juridiko bat izatea baitzen oinarrietako bat; eta beraz, aukerarik onena iruditu zitzaien kooperatibaren formula.

Lehiaketa irabazita, 2011ko uztailean ekin zioten, Sanagustin Azpeitiko kulturgunea, kooperatiba elkartea izenarekin kulturgunea kudeatzeko lanari. Eta betiko eskemetan enpresak negozio moduan ikusten baditugu ere, honek izaera guztiz soziala eman dio herriko eragileak oinarri.

Finantzazioa

Egunean zehar taberna bezala funtzionatzen du, eta diru-iturri horrek babesa ematen die. Baina bideragarritasun ekonomikoaren gakoa, azpimarratzen dute, elkarlana da. Alegia, egitaraua ez da talde txiki baten edo kanpotik datorren eragile, administrazio edo enpresaren baten esku egoten; mahaiko eragileek beren beharren eta eskaeren arabera antolatzen dituzte beharrezko ikusten dituzten hitzaldi, kontzertu, eztabaidak… eta horretan datza arrakasta, antolatzen den orok babes soziala izaten baitu. Horrez gain, erakunde publikoen laguntza ekonomikoa jasotzen dute, baina ahalik eta buruaskien izaten ahalegintzen dira, administraziotik datozen diru-iturrien menpekotasunik ez baitute nahi.

Soreasu antzokia

Orain gutxi bigarren erronka zabaldu zaie: Soreasu antzokia. Azpeitiko erdigunean dagoen antzokiak mugimendu gutxi izan du orain arte, eta duela hilabete batzuk hartu du bere gain kultur-mahaiak. Zine emanaldiak eskaintzeko aproposa, euskal zinemaren eta film alternatiboen aldeko apustua eginez ekin diote lanari, eta egitarau zabala antolatzen ari dira.

Dena dela, esku artean daukaten guztia finkatu beharra daukate orain. Erronka asko dituzte aurretik, baina daukatenari oinarri sendoak jarri nahi dizkiote.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Txanponaren beste aldeak

Txanponaren beste aldeak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2015eko martxoaren 22a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude