Emakumeen ekarpenak ikusarazteko

Agustina Otaola erraketista izan zen 41 urterekin erretiratu zen arte. Berari buruzko lan bat saritu dute aurtengo edizioan.Javier Carballo
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Herriari zerbait ekarri dioten emakumeak ezagutarazteko asmoz jarri zituzten martxan duela bost urte Mariasun Landa Sariak Errenteria-Oreretan. Martxoaren 8aren bueltan banatu ohi dira. Eta, pixkanaka, erreferentzialtasuna hartzen ari da herriko idazle ezagunenetarikoaren izena daukan zita. Eredu interesgarri eta imitagarria beste herrientzat ere, urtero-urtero lortzen baitu historia nagusiak, ofizialak, gizonek idazten duten horrek hanka puntetan pasa dituen pertsonak lehen planora ekartzea.

Historia berreskuratzeko ariketa? Bai, baita gehiago ere. Zeresana duten emakumeen lana nabarmenduz, gaurko eta biharko emakumeek egiten dutenari ere merezi duen aitortza emateko aukerak biderkatzen baitira. Gertatutakoa berridaztea bezainbat da historia berria idazteko oinarriak jartzea.

Kalitatezko bederatzi lan aurkeztu dira aurten eta epaimahaiak bi sari eta bi aipamen berezi banatu ditu. Adineko emakumeen historiak izan dira protagonista 2015eko edizioan, Agustina Otaolarena esaterako. 1931n jaioa, 15 urterekin hasi zen erraketista profesional gisa jokatzen, familiako zenbait kideren pausoak jarraituz –lau osaba ere zeregin horretan aritzen ziren–. 1967an erretiratu zen frontoietatik, 41 urterekin eta garai hartako jokalari garrantzitsuenetarikoa bihurtuta. Non zegoen gordea nobela eder baterako ere emango lukeen historia hori? Ez, ez da kontu berria gizonezkoek egiten duten kirola argazki handitan argitaratzea, emakumeen balentriak albiste laburren tarterako utzita.

Kontatuak izatea merezi duten historiak dira. Formatu laburreko testuak (6.000 karaktere artekoak) saritu dituzte martxoan, baina aurtengo irabazleen artean badago arnas luzeagoko lanak idazteko aukera eman dezakeen lehengairik ere.


Errenteria kanalean gehiago
2026ko martxoaren 18
Betikoak

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.