Nola ulertu oraingo petrolio merkea: bi hipotesi

  • Petrolioaren prezio merkea da 2015eko gai nagusietakoa. Krisi ekonomikoari irteera erraztuko diola diote batzuek. Ekoizle batzuen amarrua izanik laster bukatuko dela besteek. Duela 12 hilabete 90 edo 100 dolarretan zegoen upela zer dela eta pagatzen da 50 dolarren azpitik asteotan? Hona bi azalpen desberdin agian elkarren osagarriak.

Errusiako lehendakari Vladimir Putin eta Saudi Arabiako printze Abdulaziz Al Saud  iaz Brisbanen (Australia) G20 herrialdek azaroaren 15ean burututako biltzarrean. 27an, berriro elkartu ziren Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (OPEC) Vienan egin
Errusiako lehendakari Vladimir Putin eta Saudi Arabiako printze Abdulaziz Al Saud iaz Brisbanen (Australia) G20 herrialdek azaroaren 15ean burututako biltzarrean. 27an, berriro elkartu ziren Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (OPEC) Vienan egindako biltzarrean. Bertan proposatu zion, antza, Saudi Arabiak Errusiari petrolio produkzioa murriztea, munduko ekonomiaren geldialdiagatik erregaien eskaria ere asko jaitsia zelako. Asko aipatu da Errusia, Iran eta Venezuela direla kaltetuenak gaurko prezio apalengatik, honek baldintzatu dizkielarik beren barne ekonomien orekak bezala kanpoko hautu geopolitikoak. Gutxiago aipatu da Saudi Arabia, Kuwait eta Arabiar Emirerri Batuak estuki daudela loturik AEBetako energia korporazio erraldoiekin eta baita gobernuarekin ere, prezioak finkatzean bezala Ekialde Hurbila eta Magreb hankaz gora jarri duten gatazketan.

Ez du luze iraungo hain merke, idatzi du Alexander Reid Rossek The Ecologist aldizkariaren gunean. “Petrolioaren prezioaren gainbeherak islatzen du Ekialde Hurbilean eremu ideologiko, politiko eta militarrean jokatzen den geruza askoko gatazka, eta ez du luze iraunen. Errusia, Iran eta Venezuelari mezu krudela jakinarazi ostean, Ipar Atlantikoko petrolio konpainiak itzuliko dira beren ohiko etekinetara eta proiektu ez-konbentzional arriskutsuetara”.

Reid Ross zuzendari ari da Earth First! webgunean eta plazaratu berri du Grabbing Back: Essays Against the Global Land Grab (Ostutakoa itzuli: Lur lapurreta globalaren kontrako saiakerak) liburua. The Ecologisten plazaratu “Petrolioaren prezioa eta deabruaren xantaia” artikuluan laburbildu ditu petrolioaren merkatzea geopolitikaren ikuspegitik aztertzen dutenen argudioak.

Hasteko –honetan ia denak datoz bat– prezio apalok erantzuten diote gehiegizko eskaintzari. 2008tik mundu osoan krisian itota dauden ekonomietan erregai eskaria gutxitu egin denez, eskaintza handiegia dago. Prezioak beheraka hasirik, ekoizleen artean estutasunak nabaritzen lehenak izan dira erregaia garestien sortzen dutenak, fracking teknologiarekin ari direnak.

Prezio apalon atzean dauden eta aipatu diren arrazoi geopolitikoen artetik hiru nabarmendu ditu Reid Rossek. Batzuek petrolioaren merkealdi bitxi hau ulertzen dute Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen (OPEC ingelesezko sigletan) barruan dauden tirabira geopolitikoen baitan.

Beste batzuek zehazki azpimarratu dute Errusiaren atzerri politikaren eragina. The Economistek aipatu duen Red Army signal fenomenoa: azken hamarkadotan petrolioa hain itxuragabe jaitsi izan dela Errusiak atzerrian militarki esku hartu duen aldi oro.

Eta gero daude uste dutenak AEBak daudela guztiaren atzean, Saudi Arabiak morroi lanak egiten dizkiola; horixe da Vijay Prashad indiarrak deitzen duen “dispossession by manipulation”, manipulazio bidezko desjabetzea.

Reid Rossek, aurrekoei arrazoia kendu barik, uste du benetako arazoa Irak eta Siriako gerran datzala. “Petrolioaren prezioa hondoratzeak Iraki egiten dio kalte: Iraki eragozten dio Estatu Islamiarraren (EI) kontra borrokatzea, eta EI eroso dago Irakeko hirugarren hiria den Mosulen, gutxieneko zerbitzuak eskainiz. AEBek EIren kontrako guduan kurduei lagunduz lortu dute arrakasta handiena Siria eta Irakeko Iparraldean, baina Turkia haserre bizian dago Irakeko kurduak elkarlanean ari direlako Siriako partean borrokatzen diren Herri Babesaren Unitateekin (YPG)”. Kobaneko gudua da adibide nagusia.

Turkiak edozer nahiagoko luke bere lurretan kurduen gobernu autonomo bat ikustea baino. Horregatik ari da hain eskuzabal EIrekin. Reid Rossen ustean, kurduek ez badute lortzen EIri bidea moztea, berriro igoko da petrolioaren prezioa, hala interesatzen zaielako ekoizle handiei.

Reid Ross ekologismotik ari baita idazten, mezu garbia dauka petrolio merkeak frackinga bezalako teknologia garestiak –jendearen borrokarik gabe– geldiaraziko dituen itxaropena daukatenentzako: laster igoko dira prezioak eta multinazionalek berean segituko dute.         

Etekinak 100 dolarretan

Petrolio konpainia handien aholkulari aritzen den Arthur E. Berman geologoak ez du gai honetan epe laburreko kalkulu ekonomikoa baizik ikusten, bazterturik geopolitikaren eta berak “konspiraziokeriak” (conspiracy theories) deitzen dituenak. Energyskeptic gunean leitu daiteke Bermanen elkarrizketa: “The Real Cause Of Low Oil Prices”.

Bermanek bi estatubururen arteko elkarrizketa laburrarekin irudikatu du mamia: “Saudi Arabia elkartu zen Errusiarekin OPECen azaroko bilkuraren aurretik eta proposatu zion Errusiak produkzioa gutxitzen baldin bazuen berdin egingo zutela Saudi Arabiak, Kuwaitek eta Emirerriek. Errusiak esan zuen ‘ez’ eta Saudi Arabiak esan zuen: ‘O.K., menturaz beste ez duzue berdin erantzungo sei hilabete barru’”.

Epe laburreko kalkuluen ondorioa besterik ez da Bermamentzako. “Saudiak onak dira dirutan eta aritmetikatan. Aukera mingarri baten aurrean zeuden, esan nahi baita, edo dirua galdu produkzioari eutsi eta upela 60 dolarretan salduz, edo bi milioi upel atera merkatutik are eta diru gehiago galduz. Bietan galtzekotan, kalterik gutxiena ematen duen bidetik abiatu dira. Gero bigarren mailako arrazoiak baldin badaude, AEBetan frackingezko petrolioa sortzen dutenei min egitea, edo Iran eta Errusiari min egitea, hori ere ondo zetorkien, baina funtsean diru afera izan da”.

Bermanen iritzirako petrolioa berriro garestitzen hasiko da aurten, ziurrenik OPECeko herrialdeak ekainean bildu eta produkzioa laburtzea erabakiko dutenean.

Inork uste izan badu prezioen apaltze honekin frackingean zentratutako konpainiek lagako dutela beren lana, oker dabiltza Bermanen ustez. Petrolioa igotzearekin hasiko da berriz frackingaren sukarra.

Berman kritikoa da frackingaren errentagarritasunaz harrotzen diren askorekin. Teknika horiekin zulatutako hobiek petrolioa 90 dolarretan egotea behar dute kapitala erakarri ahal izateko, nahiz eta beren propagandak zabaldu duen 60 dolarretan ere errentagarriak direla. “Prezio horiek aipatzen dituztenek kostuetan ez dituzte kontatzen zulaketa eta petrolioaren transformazioa besterik, gainerako zamak ahazten dituzte”. Eta ezkutatutako kostuetan Bermanek ez ditu kontutan hartzen ingurumenari edo giza osasunari egindako kalteak edo beste asko, zuzenean konpainien jarduerei dagozkienez ari da.

Zenbaitek azken hilabeteotan ikusi du Peak Oil famatua gezurtatzeko aukera. Bermanek, aldiz, zalantzarik ez dauka: “Askok uste dute AEBetan petrolio produkzioa handitu izanak erakusten duela Peak Oila oker zegoela. Baina petrolioaren gailurrak ez du esan nahi petroliorik gabe geratzea. Esan nahi du lehengo ohiko petrolio ezagunaren ekoiztea hasten denean urritzen, etorkizuneko hornidurak iritsiko direla zailtasun handiagoko iturrietatik edo garestiagoetatik”.

Aditu honen ustean petrolio konbentzionalaren produkzioak goia joa du 2005-2008 urteetan. AEBetan fracking gasak gailurra gaindituko du bost-zazpi urte barru. Eta ondorengo hamarkadetan funtsezkoa izango da gas naturala, Errusia, Iran, Qatar eta Turkmenistanek erruz daukatena. Tarte horretan, irakurle, adi petrolioa berriz 100 dolarretan noiz jarriko.


ASTEKARIA
2015eko otsailaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia krisia
GNL: Louisianako zingiretan jokoan dira munduko klima eta osasuna

Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko planta erraldoiak egin asmo ditu industriak, baina Joe Bidenen gobernuak... [+]


2024-03-25 | ARGIA
"Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde" manifestua sinatu dute hainbat alorretako 75 pertsonak

"Elite ekonomiko baten pribilegioak iraunarazten diren aldi berean, konponbide faltsuak eskaintzen dizkigute, egiazko konponbideek beharko luketena onartu gabe: oligarkia energetikoa erabat auzitan jartzea, hazkunde ekonomikoaren aginduarekin haustea, gure eredu produktibo... [+]


2024-03-20 | ARGIA
Jasangarritasunaren Euskal Azokak hamargarren edizioa egingo du asteburuan Durangon

Berdeago Azoka egingo dute martxoaren 22tik 24ra, Durangoko Landako Gunean. Energia-eraginkortasunaz eta kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko helburua du Jasangarritasunaren Euskal Azokak, ingurumena babesteko irtenbideak tarteko.


Adrián Almazán
"Gizartearen logika algoritmikoarekin, gizakiak esplotatzen jarraituko dugu"

Fisikan lizentziatua eta Filosofia doktore, Gasteizen du ohiko bizitokia Adrián Almazánek (Madril, 1990), baina egun Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ematen ditu klaseak. Digitalizazioak ingurumenean, energian eta gizartean sortzen dituen eraginak izan ditu... [+]


Eguneraketa berriak daude