‘Hans txikia’, haur psikoanalisiaren hastapenak

Sigmund Freud, Hans txikia (Herbert Graf) altzoan duela, 1905 aldera.
Sigmund Freud, Hans txikia (Herbert Graf) altzoan duela, 1905 aldera.

Bost urteko Hans txikia –benetako izena Herbert Graf zuen– izan zen Sigmund Freudek artatutako lehenengo haurra, 1908an. Hansek ez zuen etxetik irten nahi, beldur zen kalean zegoen zaldiak koska egingo ote zion. Gurasoak, Freuden ingurukoak izanik, laguntza eske joan zitzaizkion.

Freudek ordurako idatzia zuen haurren sexualitateari buruzko Hiru saiakera. Gurasoei gomendatu zien galdetzeko semeari zertan pentsatzen zuen, zer sentitzen zuen aita eta amari buruz, baita jaio berria zen arrebatxoari buruz ere. Hansek egunero hitz egiten zuen aitarekin, eta hark ohar interesgarriak egiten zizkion, gutun bidez, Freudi.

Halaxe, poliki-poliki haurra lasaituz zihoan neurrian, egoera argituz joan zen. Psikoanalista austriarraren ustez, Hansek ama beretzat nahi zuen eta aita urrunarazi. Baina horrek aitaren gaitzespena ekar ziezaiokeen, eta beldurra sentiarazten zion, Hansek aita maite baitzuen. Desioaren eta debekuaren arteko borrokaren ondorioa sintoma fobikoa zen: zaldi bibotedunak koska egingo ote zion beldurra. Sintoma horrek onura ekartzen zion Hansi, bestalde: amaren ondoan geratu ahal izatea.

Haurren garapen afektiboaren garrantzia

Haurren garapen afektibo-sexuala eta horrek helduaren baitan duen garrantzia gure kulturaren ondarea da. XX. mendetik aurrera asko ikertu da haurren garapen psikikoaz: jaiotzen direnetik haurrek martxan jartzen dituzte harremanetarako baliabideak, eta inguruarekin eragin-trukea dute. Haurrek, nortasunaren garapenerako, beren gorputzaz eta adimen gaitasunez jabetu behar dute, hasierako harreman sinbiotikoak gaindituz.

Gaur egun ere, Hans bezala irudikatutakoaren beldur diren neskato eta mutikoak badira. Batzuetan beldurra zerbaiti diote, bestetan larridurak ez du arrazoi zehatz batekin loturarik. Larritasunak gurpil-zoro batera darama pentsatzeko gaitasuna. Besteekiko harremanak, kontrolatu ezin daitezkeenak, oso arriskutsuak bihurtzen dira, eta ondorioz interes gabekoak.

Ondoez hori sentitzen duten haurrak motibatuta joaten dira terapia saioetara: amodio eta haserreak,  debekatuak nahiz ezinezkoak, jostailu, paper zuri eta arkatzak erabiliz adierazi ahal izango dituzte. Haurrak jolasaren bidez adieraziko du zerk kezkatzen duen. Prozesu terapeutikoaren helburua da marraztututakoari zentzua ematea, ingurukoarekin artikulazioa bilatzea, eta ondoren sinbolizatu ahal izatea. Sinboloak iragana eta oraina biltzen ditu, eta maitatutako zerbait galtzeko esperientziaren ondoren sortzen da. Haren lekukoa da.

Hansek, izutzen zuenaz hitz egitearekin batera, beldur bat asmatu zuen. Horrek lagundu zion.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Psikologia
Ismael Cerón. Etiketak malgutu
"Pertsonala politikoa bada, psikologiak ere politikoa izan behar du"

Min batzuk kokatzen eta garenarekin askeago bizitzen lagundu digu askori terapiara joateak. Baina, jende politizatua izanda, zalantzak ere piztu dizkigu maiz, kontraesanak. Kezka horiek beste askorenak ere bazirela ohartu nintzen Ismael Cerónen Psicoterapia queer... [+]


Norena da sufrimendu psikologikoaren ardura?

Gehiago hitz egiten dugu orain buruko osasunaz, ongizate psikologikoaz, eta horrek gure bizitza-kalitatean duen eraginaz. Poztekoa da, gaia armairutik ateratzeko lagungarria delako, mina denok (eta ez bakar batzuek) dugula erakutsita ondoeza normalizatu egiten delako, eta buruko... [+]


Eskola nola bihurtu espazio psikologiko seguru

Haur eta gazteen egoera emozional eta psikologiko txarra dela-eta, irakasleak gaindituta daudela eta ikastetxe bakoitzean psikologo bat ezarri beharko litzatekeela aldarrikatzen du mugimendu batek. Hari horri tiraka, jakin nahi izan dugu zein den pandemiak eskoletan utzi duen... [+]


Neurotikoak gara, sentitzen dut

Iragan udan, neurosiaren prebentzioari buruzko ikastaroa eskaini nuen Hik Hasiko topaketa pedagogikoen baitan. Jende askok eman zuen izena, izenburua erakargarria egingo zitzaielako, seguruena, zuzenean ematen baitzuen aditzera buruko osasuna (edo osasun eza) ez dela zorizko... [+]


Eguneraketa berriak daude