"Pertsonala politikoa bada, psikologiak ere politikoa izan behar du"

  • Min batzuk kokatzen eta garenarekin askeago bizitzen lagundu digu askori terapiara joateak. Baina, jende politizatua izanda, zalantzak ere piztu dizkigu maiz, kontraesanak. Kezka horiek beste askorenak ere bazirela ohartu nintzen Ismael Cerónen Psicoterapia queer liburuaren berri izan nuenean: haren iritziz, beharrezkoa da egiturazko indarkeriak aintzat hartzea terapiako jardunean.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Ismael Cerón Plaza. Madril, 1981

Psikologoa eta psikoterapeuta. Psikologia ikasi zuen, eta, kontsulta pribatua izateaz gainera, arreta psikosozial publikoko hainbat zentrotan lan egin du azken hamabost urteetan. Psikoanalisiko eta familia-terapia sistemikoko ikasketak ere egin ditu, eta, azken urteetan, beste ezagutza-alor batzuetara jo du bere jarduna queer ikuspegitik eta intersekzionalitatetik jorratu nahian. Bere ikerketen fruitua liburu batean eman du berriki: Psicoterapia queer (Bellaterra ediciones).

Nolatan erabaki zenuen psikologo bihurtzea?
Batetik, bokazioagatik. Alderdi emozionalean ondo moldatzen naiz, eta uste dut badakidala jendea ikusten. Baina, psikologia ikasten dugun guztioi gertatzen zaigun moduan, historia pertsonal bat dago horren atzean. Zauriak sendatzera joan nintzen Psikologiako fakultatera. Eta liburu hau ere horregatik egin dut, bullying handia jasan nuelako nerabetan: haur queer bat izateagatik, bisexuala, lumarekin, sentibera… Huts egindako gizon bat izateagatik, funtsean. Hori asko zigortu zen nire nerabezaroan, eta sendatu nahian joan nintzen unibertsitatera. Baina, egia esan, beste gauza batzuk topatu nituen.

Zer?
Fakultatean eta ikasketa-planetan subjektu oso kanoniko bat agertzen da, emakumetasun- eta gizontasun-ideal normatiboarekin bat datorrena. Heterosexualitate presuntzioa da nagusi, LGTB kolektiboa ez da aipatu ere egiten, eta gizakia oso ikuspegi neurgarri eta objektibagarri batetik aurkezten da; bazterrean uzten dira gizakion beste alderdi batzuk, hala nola desira, inkontzientea, eta bestelako alderdi ez-normatiboak. Gainera, ez dago subjektuaren analisi politikorik.

Azken hori da liburuan kritikatzen duzun puntuetako bat.
Bai. Subjektuaren barne-egia bat topatu nahi da, eta asko jota familiako testuingurua eta harremanak hartzen dira aintzat, baina ez da inondik ere aztertzen nola osatzen gaituzten egiturazko indarkeriek —matxismoak, LGTBIQfobiak, misoginiak, klasismoak, arrazakeriak…—, hau da, ez da pentsatzen gure subjektibotasuna eta autoestimua baldintzatzen duten egitura horiei buruz. Gainera, psikologia oso kontu zientifikoa dela frogatu nahian edo, neutraltasun-irudi bat eman nahi da, baina hori ez da existitzen. Psikologia neutral bat saltzen dizute, baina horren atzean dauden baloreak ez dira neutralak, hegemonikoak baizik; ideologia konkretu bat bultzatzen dute, ideologia nagusia, eta ondorioz normaltzat hartzen dena. Baina pertsonala politikoa baldin bada, psikologiak ere politikoa izan behar du. Fakultateko psikologia oso neurgarria, kanonikoa, heteroa, zuria, kapazitista zen, oso normatiboa, eta oso zaila da inor halako psikologia batean identifikatua sentitzea.

Ikasketak amaitu ostean, lanean hasi zinen berehala.
Bai, fakultatetik atera eta gizarte-zerbitzuetan hasi nintzen lanean, eta, aldi berean, ikasten segitu nuen: psikoanalisia eta terapia familiar-sistemikoa.

"Psikoterapia pixka bat queerizatu nahi baduzu, eta eremu instituzionalean ari bazara, ahaztu ezazu”

Hor bestelako erantzunik aurkitu al zenuen?  
Psikoanalisiaren kasuan, ez da hain normatiboa: inkontzienteari buruz hitz egiten da, desiraz, desiraren opakutasunaz… Baina, beste behin ere, marko guztiz heterozuzen batean sartuta dago. Eta terapia familiarrean ere beste horrenbeste. Bi arloek tresnak eman zizkidaten psikoterapeuta gisa lan egiteko, baina beti sentitzen nuen arantza hura, oso subjektu kanonikoak aipatzen zirela, eta munduan aniztasun handia dagoela –generoari, sexu-orientazioari, arrazari, klase sozialari… lotuta–, eta hori guztia ez dela inon lantzen.

Are gehiago: psikologiak eta psikiatriak, aniztasun horri bide eman ordez, ustezko normaltasuna betikotzeko eta hortik kanpoko guztia estigmatizatzeko balio izan dute.
Psikologia eta psikiatria patologizazioaren estamentu nagusietako bat izan dira, eta arauaren inperioa ezartzen ere lagundu dute. Arauaren inperio hori ez dagokie soilik generoari, sexu-orientazioari edo arrazari, baizik eta beste maila guztiei ere bai: nolakoak izan behar dute laguntasun-harremanek, bikote-harremanek, sexu-erreprodukzioak… Hori dena modu jakin batean egin behar dela finkatzen da, eta arau horrek guztiok hertsatzen gaitu. Baina, halako arauak zenbat eta malguagoak izan, orduan eta askeagoak izango gara, eta orduan eta premia gutxiago izango dugu terapiara joateko. Psikologia leku bikaina da hori guztia lantzeko, baina kontrakoa egiten da. Nik hamabost urte pasa ditut gizarte-zerbitzuetan lanean, eta asko ikasi dut, baina psikoterapia pixka bat queerizatu nahi baduzu, eta eremu instituzionalean ari bazara, ahaztu ezazu.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Ez da posible?
Nik ez dut lortu, eta urte mordoxka bat egin ditut gizarte-zerbitzuetan lanean, Toledon eta Madrilen. Sarritan, ez dago estigmatizatzeko nahi berariazkorik; kontua da aniztasun hori ez dela existitu ere egiten. Genogramak oso binarioak dira beti, familia, berriz, biologikoa… Bestelako familia-sareak aipatzen dituzunean, odolkidetasunik gabeak adibidez, buruak eztanda egiten die.

Zuk utzi egin zenuen gizarte-zerbitzuetako lana.
Eszedentzia bat eskatu nuen. Batetik, gizarte-zerbitzuetan lan egiten nuen, eta gero kontsulta pribatua neukan. 2018an, ezin nuen gehiago, ezin nuen jarraitu nire psikologia-praktikarekin ez identifikatzen. Eta bueno, kontsulta pribatua neukanez, ba eszedentzia hartzeko aukera izan nuen, beste askok ziur aski ez daukate aukera hori.

Eta ikasten hasi zinen.
Bai, eszedentzia eskatu, kontsultan segitu, eta buru-belarri jarri nintzen ikasten. Psikologiara mugatu beharrean, filosofia ikasten hasi nintzen, feminismo beltzak, queer teoriak, crip teoriak… Eta ikusi nuen ezagutza-arlo horietan tresna mordo bat neuzkala nire psikoterapia-praktika lantzeko eta queerrago bihurtzeko.

Zergatik ez dira tresna horiek erabiltzen psikologiaren barruan?
Merkatu-nitxoen politika bat dago: hau psikologia da, beste hau filosofia; banaketa hori izugarria iruditzen zait, eta oso neoliberala. Dena sailkatzen da, eta kontua ez da ezagutza sailkatzea, ezpada eskura ditugun tresna guztiak erabiltzea jendearen osasun mentala hobetzeko.

Psikologiaren barruan badago korronte bat LGBTIQ+ komunitateari begiratzen diona berariaz. LGTBI psikologia baieztatzailea. Zer da hori eta nolatan sortu zen?
Psikologiaren barruko sektore minoritario bat nekatuta zegoen, LGTB komunitatekoa izanda ez baitzenekien zer aurreiritzi aurkituko zenituen kontsultan, zu araurantz bideratzen saiatuko ote ziren, zu “sendatzen” saiatuko ote ziren –bihurtze-terapiak esaten zaiona–. Orduan, sektore minoritario hori LGTB psikologia baieztatzailea bultzatzen hasi zen, eta horrek, lehenik eta behin, agerian utzi zuen psikologia arrunta ez zela premia bat asetzen ari, eta subjektibotasun horiek denak zaurgarriago egiten zituela.

Psikologia baieztatzaileak mugak dituela iruditzen zaizu, hala ere.
Erreparoa ematen zidan psikologia baieztatzaileari kritika egiteak liburuan, niri korronte baliagarria izan zaidalako, eta tresna batzuk eman dizkidalako nahiz eta gaya ez izan –eta hori da egiten diodan kritiketako bat, marko oso gay, zis, zuri batean kokatzen dela, alegia–. Baina hobetzeko asmoz egin dut, uste dut kritikoak eta autokritikoak izanez egiten dugula aurrera.

"Terapia indibidual on batek kolektibizatzera eramango zaitu terapiaren bidean berean"

Zer eragozpen ikusten diozu korronte horri?
Uste dut partzialki ona dela, sexu-orientazioaren estigmari buelta emateko balio baitu, eta hori oso garrantzitsua da: 20 milioi aldiz marikoi esan digutenok ondo baino hobeto dakigu. Baina, jakina, sexu-orientazioaz gainera, gauza gehiago gara. Eta iruditzen zait psikologia ikuspegi politiko batetik landu nahi badugu, interesgarria litzatekeela intersekzionalitatea aintzat hartzea, eta psikologia baieztatzailea askoz indartsuagoa litzatekeela baldin eta menderakuntza- edo pribilegio-ardatz bati bakarrik helduko ez balio. Tarte batez, baliagarria izan daiteke, baina behin hori gainditzen denean, uste dut pixka bat mugatuta geratzen zarela, eta azkenean identitate zehatz batean petrifikatuta geratzen zarela berriro ere.

Zuk, horrenbestez, queer psikoterapia proposatzen duzu. Nola ulertzen duzu?
Niretzat, queer ikuspegitik lan egiteak zera dakar, normaltasun-erregimen batean sartuta gaudela ohartzea, eta queer terminoak, hain zuzen ere, laukitxo horien zurruntasuna malgutzearekin du zerikusia: jolas gaitezen zurruntasun horrekin, ez gaitezen petrifikatuta geratu laukitxo batean, eta gure energia osoa, gure desira-indar osoa, ez dadila egokitu aldez aurretik ezarritako molde batzuetara –eta era askotako moldeak daude: zer den gizona, zer den ezkontza, zer den laguntasuna…–. Askatasun-praktika gehiago izan ditzagula gure buruarekin, normatibitatetik eta agindu sozialetatik ihes egiteko, ahal dugun neurrian, zeren arau horiek etengabe mugatzen gaituzte. Argi daukat jende asko horregatik etortzen dela terapiara, ez duelako arauekin bat egiten.

Identitateak, etiketek, laukitxoek… bi alderdi dituzte. Gure eskubideen alde borrokatzeko balio dezakete, baina kaiola ere bihur daitezke.
Niretzat ezinbestekoa da mugetan bizitzea —niri horrek balio dit, bakoitzak ikusi behar du berari zerk balio dion, jakina—. Uste dut etiketak erabilgarriak izan daitezkeela zure burua aurkezteko, aldarrikapenak egiteko eta abar, baina serioegi hartuz gero arriskutsuak izan daitezke. Gizakiok kontraesankorrak gara, anbibalenteak; ez dugu bat egiten arau zurrun batekin. Asko gustatzen zaigu mundua guztiz modu ordenatuan azaltzea, baina ez gara hori. Neurri bateraino ordenatu dezakegu, baina gero bat-batean gure inkontzientearen eraginez laugarren solairuko auzoa desio dugu, eta pikutara doa dena. Beraz, uste dut libreago izan gaitezkeela etiketa batekin fusionatu edo horretan petrifikatu gabe. Niretzat hori da mugetan bizitzea. Denak ez du balio, noski, nik badakit non egon nahi dudan, baina malgutasun pixka batekin.

"Sektore minoritario hori LGTB psikologia baieztatzailea bultzatzen hasi zen, eta horrek, lehenik eta behin, agerian utzi zuen psikologia arrunta ez zela premia bat asetzen ari, eta subjektibotasun horiek denak zaurgarriago egiten zituela"

Psikoterapia queerraren beste gakoetako bat: psikologoaren eta pazientearen arteko harremana.
Psikologian ez ezik uste dut medikuntzan ere gertatzen dela, maiz pazienteari ez zaiola inolaz ere parte hartzen uzten bere tratamenduan. Aldiz, psikoterapia queerra landu nahi badugu, bidea bestelakoa izango litzateke. Ados, psikologoak bere ezagutzak ditu, baina goazen kontakizun bat eraikitzera bion artean, ea zer ateratzen den, elkarrekin eraikiz, eta ez bertikaltasunetik; uste dut oso garrantzitsua dela hala jardutea, beste pertsona ez dadin zanpatuta eta baliogabetuta sentitu, eta aitortza senti dezan. Uste dut hor arazo bat izan dugula beti. Mediku eta terapeuta askok sentitzen dute beren lekua galtzen dutela posizio horizontalago batean jarriz gero, eta, nire iritziz, guztiz kontrakoa da. Uste dut pazientea askoz aseago sentituko dela, eta prozesua askoz eraikitzaileagoa eta positiboagoa izango dela.

Nire inguruan terapiari buruz entzun izan dudan kritiketako bat da egonezinak indibidualizatzen direla, eta alde batera uzten dela maila kolektiboa. Zer iruditzen zaizu kritika hori?
Ados nago, baina ez dut uste bi aldeek elkar baztertzen dutenik. Nire ustez, kontsulta indibidualak ahalmen mugatua izango du baldin eta ez baduzu kolektibotasuna uztartzen, zeren terapian landutakoak ez badu zure bizitza kutsatzen eta kapsula batean sartuta geratzen bada… Arazoak ikusten dizkiot horri. Bestalde, uste dut guztiz sendagarria dela zauriak eta ezagutzak kolektibizatzea. Liburua horregatik idatzi dut neurri batean, eta azkenaldian hainbat psikoterapeuta elkartzen hasi gara, bakar-bakarrik egon baikara, eta hortik dena da oso indibidualista eta neoliberala, eta gure aurrerapenak mugatuak dira. Hori esanda, egia da beti ez zaudela kolektibizatzeko unean, eta beharbada espazio indibidualago edo intimoago bat behar duzula. Eta alderantziz: beti ez zaude terapia indibiduala egiteko une egokian. Orduan, garrantzitsua iruditzen zait alderdi kolektiboa aintzat hartzea, baina ez zait iruditzen kolektiboa ez bada, ez dela izango. Pertsonaren araberakoa ere bada. Niretzat, terapia indibidual on batek kolektibizatzera eramango zaitu terapiaren bidean berean.

Badirudi azkenaldian osasun mentalari gehiago erreparatzen zaiola, nola ikusten duzu egoera?
Orain asko hitz egiten da osasun mentalari buruz, baina egoera oso larria izan da beti. Erkidego bakoitzaren araberakoa ere izango da, baina Madrilen osasun-sistema publikoa oso egoera txarrean dago, eta osasun mentalari dagokionez zer esanik ez. Orain talde politiko batzuek gaiari buruz hitz egiten dute, eta ederki dago, eta neurri batzuk ere hartuko dituzte, adibidez psikologo gehiago kontratatzea edo itxaropenaren telefono bat martxan jartzea. Baina, nire iritziz, hori apurrak baino ez dira.

Arazoa egiturazkoa da.
Nire ustez bai. Eskolan ez digute hezkuntza emozionalik erakusten. Niri oso ondo iruditzen zait psikologoak kontratatzea, baina horrekin ez da arazoa konponduko, psikologoak ez gara aztiak. Mirariak mirari-egileari eskatu. Egiturak aldatu behar dira, sozialak eta hezkuntzakoak, baina ez bakarrik fakultateetan, eskoletan baizik, hortxe garatzen dira baloreak, eta eskolan ez dugu hitz egiten eduki emozionalez, arrazakeriaz eta abarrez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Psikologia
Norena da sufrimendu psikologikoaren ardura?

Gehiago hitz egiten dugu orain buruko osasunaz, ongizate psikologikoaz, eta horrek gure bizitza-kalitatean duen eraginaz. Poztekoa da, gaia armairutik ateratzeko lagungarria delako, mina denok (eta ez bakar batzuek) dugula erakutsita ondoeza normalizatu egiten delako, eta buruko... [+]


Eskola nola bihurtu espazio psikologiko seguru

Haur eta gazteen egoera emozional eta psikologiko txarra dela-eta, irakasleak gaindituta daudela eta ikastetxe bakoitzean psikologo bat ezarri beharko litzatekeela aldarrikatzen du mugimendu batek. Hari horri tiraka, jakin nahi izan dugu zein den pandemiak eskoletan utzi duen... [+]


Neurotikoak gara, sentitzen dut

Iragan udan, neurosiaren prebentzioari buruzko ikastaroa eskaini nuen Hik Hasiko topaketa pedagogikoen baitan. Jende askok eman zuen izena, izenburua erakargarria egingo zitzaielako, seguruena, zuzenean ematen baitzuen aditzera buruko osasuna (edo osasun eza) ez dela zorizko... [+]


Suizidioaren inguruko uste okerrak

Zer egin norbaitek pentsamendu suizida adierazten duenean? galderari erantzun diote “Suizidioa: XXI. mendeko beste pandemia” jardunaldietan, eta horretarako, suizidioaz dauden hainbat mito gezurtatu dituzte lehenengo, suizidioaren inguruan galdetzeaz, arreta... [+]


Eguneraketa berriak daude