Ebola ez da errentagarria


Juan Mari Arregi
2014ko urriaren 26a

Egungo ebola epidemia, 2013ko abenduan sortua, garai berrietako osasun publikoko larrialdi latzena da, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Mundua ez dago ondo prestatuta ebolaren moduko larrialdi latz eta jarraituari erantzuteko, zuzendari nagusiak esan zuenez. Hurbileko historian biosegurtasuneko 4. mailako birus batek –existitzen den gorena– ez du sekula hainbeste jende kutsatu, ezta hain azkar eta hainbesteko zabalkundearekin ere: oraingo ebola-agerraldian 8.399 kasu zeuden zenbatuta joan den astean eta 4.033 hildako eragin ditu. Birus honen kontra ez dago, ez txertorik ez tratamendurik.

Zergatik oraindik ez dago txertorik? Abandonatuta dagoen Afrika behartsua delako kutsatuena, eta ez Europa edo Amerika. Obama ez dago kutsatuta. Eta horrela, ebola ez da errentagarria. Finantzazio faltak eta kutsatuen kopuruak immunizazioa garatzeko aukerari balazta jarri diote. Kapitalismoaren oinarrietako bat den industria farmazeutikoak ez du urratsik eman, oraindik ez duelako nahikoa etekin ikusten. Halaxe esan du ebolaz gehien dakien adituetako batek, Christopher Baslerrek: “Industriak ez du interesik jarri merkatua txikiegia delako. Ekonomiaren ikuspuntutik ez da bateragarria farmazeutika handiek hori garatzen saiatzea”.

Ez da errentagarria gizakiek biziraun dezaten soluzioak bilatzea, ezta gaitz eta epidemien kontrako txertoak sortzea ere. Hiltzeko balio duten armak produzitzeko gastu militarra, ordea, bai omen da errentagarria. Munduak 1,5 bilioi dolar bideratzen du urtean arlo militarrera –munduko Barne Produktu Gordinaren %2,7–. AEBek aurten 527.000 milioi dolar gastatuko dute. Espainiako Estatuan urteko gastu militarra 367 eurokoa da pertsona bakoitzeko; farmazeutikoa berriz, 255 euro. Gobernuen, nazioarteko erakundeen eta farmazeutika multinazionalen politikek 180º egin beharko lukete bira, birusek eta goseak jota bizi diren milaka lagunen biziak salbatzeko. Bizitzak, heriotzak eta gerrak baino gehiago merezi du!

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Ebola

Ebola kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude