Egingo ote du jauzi Masek?

  • 2013ko abenduaren 12an CiU, ERC, ICV eta CUPek 2014ko azaroaren 9an kontsulta ez loteslea egitea erabaki zuten, herritarrei bi galdera luzatuz: “Nahi al duzu Katalunia estatua izatea? Eta estatu hau independentea izatea?” Bada, heldu da zezenari adarretatik heltzeko unea, legezko bidearen azken urratsak atondu eta piszinara jauzi egiteko tenorea.

Aurtengo Via Katalanak garaipenaren ikurra irudikatuko du Bartzelonan herritarrek osatutako senyera erraldoiarekin.
Aurtengo Via Katalanak garaipenaren ikurra irudikatuko du Bartzelonan herritarrek osatutako senyera erraldoiarekin.

Espainiako Gobernuak argi adierazi izan du azaroaren 9ko kontsulta legez kanpokoa dela eta ez duela baimenduko. Kataluniako soberanismoak apustuari tinko eutsi dio gaur arte eta orain heldu da heltzea sutan jartzeko ordua. Galdera ikur bat da nagusi: eutsiko al dio CDCk kontsulta gauzatzearen erronkari, Espainiako aginteek berau debekatzen dutenean?

Soberanismoaren ikuspegia argia da: azaroaren 9an kontsulta egiteko akordioa hitzartu zen eta hori da egin behar dena. Kito. Hemendik aurrerakoa dena da hipotesia, publikoki adierazi ez arren, denek dutelako B planaren hainbat aldaera. Kontsulta egingo ez balitz, mahai-gainera zer atera adostu beharko dute independentistek. Espainiako Gobernuak, kontrara, pentsatu beharko du erreferenduma eragozteko zer egin edo egin eta Bai-Bai ateraz gero nola erantzun.  Tartean, legezko azken pasarteak josi behar zaizkio kontsultari.

Herri kontsulta ez lotesleen legea

Kataluniako Estatutuak ez du legezko eskumenik erreferendum lotesleak bideratzeko, baina bai kontsulta ez lotesleak; eta eskumen honetan oinarritu da Kataluniako Legebiltzarra Herri kontsulta ez lotesleen legea prestatzeko. Estatutuaren Bermeen Kontseiluak bere baiezkoa eman zion legeari joan den astean, hori bai ozta-ozta: bederatzi kideetatik bost boto alde eta lau aurka. PSC, ICV eta PPk izendatutako lau kidek eman zioten ezetza, eta ez guztiek arrazoi berberengatik. Kontseiluak ez du aztertu azaroaren 9ko kasua, baina argi utzi du egin daitezkeela kontsulta ez lotesleak.

Egutegiaren arabera, Bermeen Kontseilua gainditu ondoren, orain Kataluniako Legebiltzarrak Legea onartuko du seguruenik irailaren  19an, urteko eztabaida orokorraren amaieran. Ondorengo egunetan, Generalitateak azaroaren 9ko kontsulta deialdi ofiziala egingo du.

Eztabaida juridikoaren mamia

Helburu politikoak bide juridikorik ez badu, hau eraiki egin behar da eta hori da kontsultaren aldekoek egin dutena. Zer egin? Zer ez? Erreferentzia gisa, besteak beste, hor izan dute 2008an Auzitegi Konstituzionalak Eusko Legebiltzarraren herri kontsulta bertan behera uzteko argitaratu zuen ebazpena.

Orduan, funtsean, zera argudiatu zuen Auzitegi Konstituzionalak, Ibarretxe lehendakariaren kontsulta saioa atzera botatzeko: bat, kontsulta ez loteslea izatea ez da garrantzitsuena, erreferendumak ere izan daitezke ez lotesleak, eta bere ezaugarriengatik, hau erreferendum bat da (adibidez, EAEko hauteskunde errolda erabiltzeagatik); bi, Eusko Legebiltzarrak ez du erreferendumerako eskumenik, hori gobernu zentralaren eskumena da; hiru, ez dago erabaki eskubiderik duen Euskal Herririk kontsulta honen atzean, EAE baizik, eta honek bakarrik dei ditzake erreferendumak bere autonomia estatutua erreformatzeko eta, beti ere, aurretik Madrilgo Gobernuaren baimena izanda. Lau, kontsultak Konstituzioaren oinarriari eragiten dio, hau da, Espainiako Nazioaren batasunari eta, beraz, ez dago batasun horren hausturaz bere kabuz erabaki dezakeen euskal subjekturik.

Ez dirudi samurra, beraz, Kataluniako kontsultaren izaera ez lotesleak Auzitegi Konstituzionalaren iritzia gainditzea. Hala ere, oraingo legeak baditu zirrikitu batzuk kontsultak bere izaera ez loteslea indartzeko. Batetik, ez du erabiliko hauteskunde autonomikoetako erroldarik, 16 urtetik gorakoei boto eskubidea ematen die eta Katalunian denbora bat daramaten atzerritarrei eta atzerrian bizi diren katalanei kontsultarako boto eskubidea emango die. Ikusiko da nola aldatu den Espainia 2008tik hona, baina ez dirudi honek guztiak Auzitegi Konstituzionalaren iritziaren gainetik jauzi egiteko balioko duenik, haren argudioen oinarria, azken finean, juridikoa baino politikoa delako eta Espainiako botere nagusienek argi utzi dutelako Kataluniak ezin dezakeela halako kontsultarik egin. PSC eta PPk Konstituzionalak Ibarretxeren kontsultan erabilitako argudio bertsuak erabiltzen dituzte eta hauen ordezkariek ere berdintsu egin dute Bermeen Kontseiluan. PSCren ordezkariek aipatu dute galderaren funtsa independentzia dela, horrek Espainia osoari eragiten diola eta, beraz, Madrilgo Gobernuaren baimena ezinbestekoa dela. PPko ordezkaria sinpleago mintzatu zen: independentzia ezinezkoa bada, nola izango da legezkoa hari buruz galdetzea? Bi alderdientzat, kontsulta hau erreferendum kamuflatua da.

B plana

Orain ez da hortaz hitz egin nahi, baina kontsulta debekatzen bada mugimendu soberanistak erabaki beharko du zer egin. ERCk eta CUPek argi dute, debekuaren gainetik kontsulta egin egin behar da. Prozesu Konstituziogilearen inguruko indarrek ere berdintsu uste dute eta Ada Colauk gidatzen duen Bartzelona Irabaz Dezagun mugimendu berriak ere bai. ICV oso zatikatua dago gai honetan, baina gaurkoz kontsulta egin behar dela dio, argitu gabe debekuaren aurrean zer egingo lukeen.

Eta galdera ikur nagusia CDC da, ERCk Europako hauteskundetan gainditu ondoren estu eta Jordi Pujol aferak zurrunbilo latzenean murgildu duena. Bi zatitan banatua dago –debekuaren gainetik jauzi egitearen ustekoak eta legalitatea errespetzearen aldekoak– eta zalantza handiak dira azkenean hartuko den jarreraz. Madrilgo hedabideek saldu dutenez, Artur Mas lehendakariak jadanik adierazia du ez duela legez kanpoko kontsultarik egingo.

Hauteskunde aurreratuak

“Bozkatu, bozkatuko da” diote Masen alderdikoek, kontsultan ez bada hauteskunde autonomiko aurreratuetan. Hori litzateke, agian, CDCren platerik gustukoena, kontsulta ez egitea eta Espainiak bere debekua luzatu ondoren, Legebiltzarra desegitea eta hauteskundeak aurreratzea, horietara ERCrekin zerrenda bateratua aurkeztuz. Baina gaitza dirudi Esquerrak halakorik onartzea oso baldintza argiak izan gabe eta horietako garrantzitsuena zera litzateke, hauteskunde programak argi adieraztea emaitzek hala ahalbidetuz gero Kataluniako Legebiltzarrak independentzia aldarrikatzea. Ausartuko litzateke CDC halakorik onartzen? Gaitza, baina posible; baina aurrerantzean dena izango da gaitza independentistentzat. CDCren arrisku larriena egun zera da, independentziaren alde irmo egin ezean, gizarte soberanistak bere gainetik jauzi egitea eta botere guneetatik guztiz kanpo geratzea.

A-9an ezer ez gertatzea

Hipotesi gehiago ere badira, gogorragoak eta bigunagoak, baina  ANCko lehendakari Carme Forcadellek gogorarazi berri duen moduan, lehenago edo geroago “Espainiako legalitatea apurtu beharko da, Espainiak ez duelako independentzia baimenduko”. Bi helburu nagusi ditu orain mugimendu soberanistak: bata batasunari eustea; bestea, nazioartera begira bere urrats guztiak erabat demokratikoak eta gizartean nagusi direla erakustea. Giltzarri da argi agertzea  Espainia dela Kataluniako herriaren borondatea era ez demokratikoan urratzen ari dena.

Arriskuak ugariak dira eta ez da txikiena ERCko lehendakari ohi Josep-Lluis Carod-Rovirak uztailaren amaieran Nació Digital agerkariko iritzi artikulu batean azpimarratzen zuena: “Gerta dakigukeen txarrena zera da, azaroaren 9an ezer ez gertatzea, horrek etsipen eta nahasmen handia ekarriko lukeelako eta, berez, galtzen hasteko modu bat litzatekeelako. Arazoaren 9an bozkatu eta irabazi nahi dugu. Bozkatuko eta irabaziko dugu. Gurea bi eratara bakarrik buka daiteke: edo oso ondo, edo oso txarto. Denon artean oso ondo amaitzea lortu behar dugu”.

Diada 2014, garaipenaren unea

Bide Katalana 2014. ANC (Kataluniako Batzar Nazionala) eta Ómnium Culturalek antolatu dute Orain da unea lelopean. Irailaren 11n 17:14ean (Bartzelonako erorketaren data) herritarrek V erraldoi bat osatuko dute Bartzelonako Gran Via eta Diagonal kaleak –11 kilometro– herritarrez betez.

Milioi bat pertsonako Senyera. Milioi bat pertsonarekin senyera erraldoi bat osatuko da, peto hori eta gorriz jantzita. Abuztuaren azken egunetan 250.000 bat pertsonek parte hartzeko izena emana zuten.

V, garaipena. Esanahi asko ditu V letrak munduan zehar, baina zabalduena garaipenarena da.  Azaroaren 9ko kontsultari Bai-Bai aukeraren garaipena erakutsi nahi zaio munduari.

Milioi erdi pertsona Bai-Baira erakarri. Irailaren 11tik eta azaroaren 9ra arte falta diren bi hilabete eskasetan, antolatzaileek 100.000 herritar mobilizatuko dituzte oraindik zalantzan diren 500.000 herritar Bai-Baira erakarri eta kontsulta irabazteko.

Blue State Digital. AEBetako komunikazio enpresa hau ari da bideratzen Orain da unea komunikazio kanpaina sarean. Sarean komunikazio politikoa egitea da bere bereizitasuna eta, esaterako, Barack Obama AEBetako lehendakaritzara eraman zuen kanpainaren alor digitalaz arduratu zen. Berak darama, halaber, Eskoziako erreferendumaren ezezkoaren kanpaina.


ASTEKARIA
2014ko irailaren 07a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude